Aste honetan Bertsolari txapelketa nagusiko komunikazio arduradunak elkarrizketatu ditugu. Hein handi baten Izaskun Ellakuriaga eta Estibaliz Esteibar baitira txapelketa medioetara ailegatzeko ardura dutenak. Izaskun Txapelketa Nagusiko komunikazio arduraduna da, Estibalitz Bertsozale Elkarteko komunikazio eragilea.
Txapelketako komunikazio lanak fase ezberdinak ditu . Lehen fasean Txapelketaren komunikazio plana talde lanean diseinatu zuten Oihana Aranburuk, Unai Elizasuk, Jon Agirresarobek, Estibalitz Esteibarrek eta Izaskun Ellakuriagak; eta diseinua burutu ondoren, Estibalitz eta Izaskun arduratu dira diseinua garatzeaz.
Bertsoa lanbide duzue oraingoan baina lehenagotik datorkizue zaletasuna?
Esti: Bertsolaritzaz gozatzen Joanito Dorronsororekin ikasi nuen Zumaiako ikastolan. Astean behin ikasgelan bertso zaharrak irakasten zizkigun. Bertsoak zein testuingurutan eta nola abestutakoak ziren azaltzen zigun. Aste osoa bertso horiek kantatzen pasatzen nuela dut gogoan. Hamalau urte egin artean bertso eskolan ibili nintzen. Ordutik oso gertutik jarraitu dut bertso mundua.
Izaskun: Durangoko Kurutziaga Ikastolan Jon Lopategiren eskutik ezagutu nuen bertsolaritza. Garai haietan, eskolarteko txapelketetan, Durangoko bertso-eskolan eta Kanpantxun egiten ziren lehen barnetegietan ibilitakoa naiz. Herriko jaietan gai-jartzaile ere egin izan dut eta, azken urteetan, baita epaile lanak ere Durangaldeko bertso txapelketan. Orain urte asko Euskaldunon Egunkarian asteroko bertso orriaren ardura izan nuen, txapelketaren bat kazetari legez jarraitu nuen. Bertsolaritzarekin lotuta egindako azken lanak, ostera, iaz hasi nituen, Bizkaiko Txapelketan komunikazio taldean azken orduko laguntza emanez eta, bide batez, Bizkaia Irratiko esatari lez finaleko kontakizuna eginda.
Zein dira zuei tokatzen zaizkizuen betebeharrak?
Txapelketa hasi aurretik lan asko dira egin beharrekoak. Txapelketaren komunikazio planaren diseinua da lehen eginbeharra eta garrantzitsuena. Helburu komunikatiboak zehaztea, txapelketaren irudia lantzea, hedabideei txapelketa aurkeztu eta lan hitzarmenak adostea, parte hartzaileen informazioa prestatzea (biografiak, argazkiak…), komunikaziorako erremintak garatzea (webguneak, datu baseak…).
Txapelketa abiatu ondoren txapelketa nagusiaren berri gizarteratzea da batez ere egiteko nagusia. Hedabideetara iragarkiak bidaltzea, kronikak idaztea, hedabideak estimulatu eta elkarrizketak, erreportajeak eta abar probokatzea, Txapelketa jarraitzeko hedabideen beharrizanak zaintzea…
Saioan bertan, nolakoa izaten da lana?
Saioan bertan saioa hasi aurretik hedabideei harrera egin, akreditazioak banatu eta beraien beharrizan teknikoetan laguntza eskaintzea da gure egitekoa. Telebista kamerak non kokatu ditzaketen adostu, audio sarrerak eskuragarri jarri, behar duten informazioa eman…
Zelan egiten dira kontaktuak gainontzeko komunikabideekin?
Hedabidez hedabide erronda egin genuen uztailean txapelketa aurkeztu eta hedabide ezberdinekin elkarlana adosteko. Bilera horietan hedabideetako zuzendariekin eta kultura sailburuekin elkartu ginen. Ondoren, irailean, Txapelketa gizarteratzeko prentsaurrekoa eskaini genuen eta harrezkero posta elektronikoz eta telefonoz izaten dugu kazetariekin hartu emana. Horrez gain, Txapelketako webgunean hedabideentzat atal berezi bat dugu. Bertan hedabideetako profesionalek Txapelketa jarraitzeko behar duten materiala eskegitzen dugu: saioetako kronikak, argazkiak, aurretikoak…
Zein izaten da unerik estuena?
Tentsio gehien sortzen diguna saio amaierako lana izan ohi da, azkar egin nahi izaten baitugu. Saioa amaitu eta berehala www.txapelketanagusia.eu ataria elikatzea da gure egiteko nagusia. Atarian puntuazioa eta kronika eskegi eta ahalik azkarren posta elektronikoz hedabideetara kronika eta argazkiak helaraztea.
Oraindino hasi baino ez da egin txapelketa baina baduzue balorazioren bat?
Arrazoi duzu, goizegi da baloraziotan sartzeko. Abiatu baino ez da egin eta pozik gaude orain arteko hiru saioetan Txapelketak izan duen harrerarekin. Gure asmoa da bertsolariei bertsotan ahal duten hobekien egiteko parada eskaintzea eta publikoak txapelketaz bete betean gozatzea eta oraingoz bide onean goazela uste dugu. Hala bedi.
Hori bai, oso ona izan da hedabideetan jaso dugun harrera eta esker oneko gaude.
[Gaur jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren final laurdena, Ustaritzeko Kiroleta pilotalekuan, 17:30ean. Unai Muñoa, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Arkaitz Estiballes, Xabi Paia eta Erika Lagoma arituko dira bertsotan. Bosgarren final laurdena Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuak jasoko du bihar, ordu berean. Oihane Perea, Iker Zubeldia, Joxe Munduate, Xabier Silveira, Iratxe Ibarra eta Unai Agirre lehiatuko dira]