“Zer moduzko saioa izan da?”, galdetu nien ingurukoei. “Deserosoa”, askoren erantzuna. “Eskerrik asko, egiatan pila pozten naizela”, nik bueltan.
Ez da kasualitatea generoaren inguruan antolatutako Bertso Egun baten harira entzuleetako asko patxadaz ez egotea. Nago gaiak berak nerbiostu egiten gaituela. Arrazoia: genero eraikuntzak barne-barnetik ukitzen gaitu eta ez gaude ohituta tabladuan ikustera.
Horregatik jotzen dut garrantzitsutzat larunbatean gertatu zena, “klak” asko eraginen zituelako.
Era sinplean azaltzeko: zergatik entzun izan ditugu falo bedeinkatuaren inguruko makina bat bertso eta ez aluaren inguruan? Zer dela eta da alopezia umorearen hit nazionaletako bat? Zergatik deitzen gaituzte saio askotan neska bat behar dutelako soilik? Bat!?
Kursaaleko ekitaldia ez zen “emakumetasunaren inguruko saioa” izan, zenbait hedabideetan irakurri dudan bezala. Baizik eta rolen inguruko hausnarketa, sexu eta generoaren inguruko galderak plazaratzeko unea, binarismoa ezbaian jartzeko aukera eta nork beretik kantatzeko tartea. Alegia, elkarren artean gauzak beste forma batean egiteko saiakera. Ez sexuen arteko gerra, ez emakumeen laudorio esentzialista. Ez.
Performancetik bertsoetara
Alferrik hasiko naiz bertsoaldiak banan banan aztertzen Bertso Egunaren aje mediatikoaren ostean. Alferrik ere, zaila zaidalako kantukideen lanaz aritzea. Eta egia esanda, aitortu behar dudalako oholtzan deskontzentratu eta bertsoaldi gehiegitan deskonektatu nuela…
Dena den, baditut iltzatuta geratu zitzaizkidan zenbait puntu. Bat, Gaztelumendi Lujanbiorekin ofizioka hartu-emanean. Emakume edo gizon izatearen inguruan ari ziren, eta hor bota zuen añorgarrak: “Ez naiz zabala, ez naiz lerdena. / Ni ez naiz gizona esandakoan / burura etortzen dena”. Maskulinitate hegomonikoaz egiten zuen solas, eta eredu berrietaz. Gizon izateko aniztasunaz.
Umorea nagusi
Elortzak, Alberdik eta Elustok mozorroen inguruan jositakoa ere polita izan zen. Egoera ezberdinetan zein mozorro janzten zituzten galdetu zien aurkezleak. Lehenik eta behin, familiarekin; gero, erakargarri zitzaien pertsonarekin; bukatzeko, etxean zein mozorro kentzen zituzten galdetu zien. Elustondok bota zituen perla handienak: "Bazkarien bezperan parranda bortitza/ edaten dut ardoa, edota anisa/ ta tarteka erretzen baitut kanabisa/ nahiz resakosa egon, hala da bizitza/ esaten dut dudala gastroenteritisa". Umorez dena.
Horretaz gain, nerbioak medio, nik arreta handiz segitu ahal ezin izan nituen bertsoak izan ziren. Aitatasuna, lehenagoko bertsolariak, bertsolaritza bera, lehia, egoeraren aldaketa… Galdu nituen, baina Bertsoa.comen ikus ditzakezue. Bertsoaldi latzak joan zirela aditu dut.
Lehen pertsonan solasean hasiz gero, Enbeitarekin eta Lazkanorekin batera sexualitatearen gaia lantzea tokatu zitzaidan. Ni Lazkanorekin harritu nintzen gehien. Ez da eguneroko ogia bere adineko emakume bat entzutea sexuaz, are gutxiago horren punky, hain benetazko eta aldi berean lotsarik gabe: “Beraz ez naiz hasiko saltoka, armairu gora igota/ eztarritik ta beste hortatik nahiko sekoa nago ta”.
Bukatzeko: Txoperena eta Alberdi. Kopla bidez. Alberdik bota zuen saioa ongi laburbil dezakeen bertsoa: “Hala bazan edo ez bazan/ Ea ipuin hau aldatu dala/ sartzen zaigun Kalabazan”.
Bitartean, etxera buelta barrenak nahastuta. Kalabazatik baino, gorputzetik kantatu ostean.
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.