Bertan bertan... erlesemeari

  • Maiatzak 4 zituen, larunbatarekin. Ez zen giro bereziki beroa, baina bai, hotzik ez behintzat. Halako batean burrunda, burrunda galanta, aspaldi entzun gabekoa. Hor azaltzen da etxeko atarian erle pila, milaka erle hegan, hegada sinkronizatu dotorean, dunbots batean. Erlesemea.


2024ko maiatzaren 27an - 04:00

Gure etxetik bertan ez, baina urrutira gabe dute erlategia edo erle-establia Matteo eta Amaiur ilobek. Hango eultzeren batetik aterako zen erlesemea. Erlea edo erle-herria edo erle-mulkoa edo erle-taboa indarrean dago eultzean edo kofoinean edo erletxean edo erle-habian eta udaberriaren onenean erlama edo erlaita gazte berri baten hanketan eta hortzetan utzi hagintea eta ordura arteko erlama “zaharra” alde egiteko prestatzen da, milaka laguneko erle-tropa hartu eta beste toki bat kolonizatzera abiatzen da. “Erlama” eta “erlaita”, biak esaten zaizkio inguruko kulturetan “erregina” esaten diotenari. Hortik ote badoanari “erlesemea” esatea? Aita edo amatik, semea. Erlamari “erlegida” ere esaten zaio, egunen batean erle-herria gidatu beharko baitu, eta ondoren erlesemea.

Ahotsak.eus izugarrian, Urnietako Goiburu auzoko Legarralde baserriko Miel Arrieta Bideburuk ederki asko azaltzen du: baserrian maiorazgoa geratzen da eta gainontzeko ahizpa-anaiek nora-hara hanka egin behar dute. Ba erleak ere bai; baina erleetan ez da zaharrena geratzen, gaztea baizik eta zaharrak eultze-zuloko bidea hartu eta alde, milaka jarraitzailerekin batera.

Erlesemea esateko era asko dugu: erle-ume, erlekume, erle-tropa, erlebatza, erladi, erledi, erletze, erle-talde eta erle-pilo behinik bai. Bere burrundek lagun askoren maiatza asko aztoratu dituzten adierazle, erleak gurean izan duen alimaleko garrantziaren seinale. Garai batean erleak etxekoak ziren, etxean bizi ziren, etxepean zen erletegia eta eultzeak ganbaran, hormetan eta abarretan izaten ziren. Erlea isurialde atlantikoko ekonomian nahitaezko azienda zen, garrantzitsuena: bera gabe sagardorik ez; mendiaren ondotik nekazaritzaren mozkin kontuzkoena eta handiena. Ezaguna da: etxekoren bat hilez gero erleak jakinaren gainean jartzen dira –hiletarako-eta argizaria behar, izan ere–. Urdaia ere beharko da senideak berdintzeko, baina txerriarengana ez da horrelako kontuekin joaten. Erlearengana bai, eta soilik berarengana; “lutoa jantzi” esaten zitzaion.  

Erle batek ematen duen erlesemea etxean ez geratzea galera handia da. Erlezaina edo erlezalea maiatzeko egun bero aproposetan azti dabil. Gurean iazko erleseme bat erle-txortan biltzen-biltzen eta sasiakazia batean geratu zen. Horrelakoetan erlezainak lastozko erle-potor konikoa edo zurezko erle-zorroa erabiltzen ditu, erlesemea bertara bildu eta eultze berri batean ezartzeko. Horrelakoetan ere erleari hitz egin behar zaiola dio aipatutako Miel Arrieta Bideburuk, biltzeko potorra edo zorroa hurbildu eta esan: “Bertan, bertan…”. Saldiasko Juanketengo Mariterexak, aldiz, dio legarra boteaz “behera Maria, behera Maria…”, esaten zitzaiola. Hitz bitan.

Aurten Matteok eta Amaiurrek ez dute lanik izan, etxepera etorri da erlesemea. Etxearen eguterako horma gainean, teilatu-erlaxean bada aspaldi erlategi basa izandako toki bat eta hauei ere horixe gustatu, eultze zuloa topatu dute, arakatu eta milaka erle barrura. Hau idazten ari naizen tokian, horma gainean, hemen dabiltza aurrera eta atzera etengabeko joan-etorrian; musika eta ikuskizuna.

Inguruko landare loredunak ere gustura izango dira, honezkero jabetu dira eultze berri bat osatzeko lan handitzarra hartu duen erle pila bat dabilela. Bejondeigula!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erlea
Erle beltza mehatxupean

Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea.

Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik ere, auskalo zer erosiko nuen bakarren batek "erle beltza izango da, ezta?" galdetu zidan... [+]


Behar adina egin

Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…


Garbitasuna

Erleek jaiotzetik hil arte duten joera bat da garbitzeko gaitasuna. Jaio bezain laster hasten da bera jaio den abaraska garbitzen, puskatu dituen argizari zatiak erlauntzatik kaleratzen.


Erleetan nork du agintea?

Erlauntza batean erregina bakarra dagoenez eta denen ama denez, bera dela agintari esaten da, baina ez da erabat zuzena. Erregina oso garrantzitsua da, baina erabaki garrantzitsuenak erle langileek hartzen dituzte.


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-02-15 | Estitxu Eizagirre
Mikaela Untsain, erlezaina
“Erlezainik gabe, erleak jada ez dira gai beraien kabuz aurrera egiteko”

Azkainen izan da Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezlea eta erlezaina, mundu horretan erreferentea den Mikaela Untsainen etxean. Erleak iraun dezan gaur egun erlezainen beharra dagoela azaldu dio, erlezainik gabe galdu egingo dela. Zein oinarriren gainean lan egiten duen... [+]


2024-01-29 | Jakoba Errekondo
Emanarazteko tratu txarrak

Neguko inausketa sasoia gainean dugu, hemen dator epaitzeko, epaiak egiteko garaia: epaila. Aspaldi dugu epaila martxotua eta inausketa lanak noiznahi eta nolanahi egiten dira, tartean krimen izugarriak.


Hiru izaera erle bilakatzeko

Erlauntzaren jaiotza erregina estali baten errutearekin hasten da. Hemen ere betikoa, arrautza ala erregina ote zen lehena…


Nekazaritza saileko teknikari maiteari...

Lehen sektorean arazoak gorantz doazela nabari da: klima krisia, kutsadura, lehengaien prezio altuak edo lursailak eskuratzeko zailtasunak…

Bertatik bizi nahi dugunok badakigu zer dagoen, badakigu zailtzen doala sektorea, baina jarraitu edo hasi nahi duen jendea ere bada... [+]


Erlakumeak han hemenka

Fenomeno berezia da erlakumeena, erleen biziraupena bermatzen duen prozesu naturala. Eguraldi epelak loraldi oparoak dakarzki eta loraldien oparotasunak erleen “emantzipazioa”.


Propoliz ondutako izokina egiten ikasi nahi?

Erlezaintza dastatzeko hona errezeta: propoliz ondutako izokina pipermin eztiaz eta limoi erre kremaz.


Erregina

Langileek aukeratuko duten arrautza batetik jaioko da belaunaldi berrien erregina. Erregina-jelez beterik izango du abaraska, goserik pasa ez dezan 15 egunez eta ederra eta galanta egin dadin.


Ofizioan profesional?

Ardiak dituen edonor ahal da artzain? Edo ardiak gustuko dituen afizionatu bat besterik ez? Ez dakit non kokatu neure burua, erlezain izan nahi dut eta agian batzuentzat banaiz, baina noiz da bat erlezain?


Erleen galeraren parte eta ez aparte

Erleak, polinizazioa… Behin eta berriz zein garrantzitsua den erlearen lana, landareen ernalketa. Lan horretan eragozten diona gizakia da, gizakiak jartzen dizkio zailtasunak eta gizakiak akabatzen du erlea: erlearen lana zuzenki ikusten ez dugun bezala egiten ditugu... [+]


Eguneraketa berriak daude