argia.eus
INPRIMATU
Baso Biziak
Bertako baso jasangarrien alde sinadura bilketa abian
  • Egungo basogintza ereduarekin eta kudeaketarekin kezkatuta, hainbat talde sortu dira azken urteotan Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Pasa den martxoan, talde horietako hamaikak batzea eta plataforma batean antolatzea erabaki dute. “Pinuaren gaixotasuna dela-eta, eukaliptoa geroz eta gehiago ari dira sartzen gure inguruan, eta dinamika horri aurre egiteko indarrak batzea eta elkartzea erabaki dugu”, azaldu du Edu Zabala Garagartza plataformako kideak. Sinadura bilketa jarri dute martxan administrazioari basogintza industrialaren kalteak kontuan izan ditzan eta beste basogintza eredu bat bultzatzea eskatzeko.

Garazi Zabaleta 2021eko ekainaren 03a

Herri askotan zeuden martxan bertako basoaren alde eta pinuen eta eukaliptoen monolaborantzen aurka egiteko taldeak, eta horietako hamaika batu dira Baso Biziak plataformara: Eibar, Soraluze, Bergara, Amurrio, Mutriku, Berriatua, Arratia, Donostia, Goierri, Ataun eta Irun daude plataforman ordezkatuak. Gaur egun, EAEko lur gehienak jabe pribatuen esku daude, eta errentagarritasunagatik, pinadiak izan dira nagusi gaur arte. Banda marroia gaixotasunagatik, ordea, horietako asko bertan behera gelditzen ari dira, baina momentua baso eredu jasangarriago baten alde egiteko aprobetxatu beharrean, eukaliptoa geroz eta gehiago sartzen ari direla salatu dute plataformatik.

“Monolaborantzek flora eta fauna uxatzen dituzte, eta hogei bat urtero matarrasa egiten denean lurra babesik gabe gelditzen da”, dio Zabalak. Pinu eta eukaliptoek lurreko ura eta ongarriak erabat xurgatzen dituzte eta horregatik hazten dira hain azkar. Baina, aldi berean, lurra ahul uzten dute eta bertako landare eta zuhaitzek gaixotasunak harrapatzeko arrisku handiagoa izaten dute. “Bioaniztasunaren alde eginen duen baso erresilientea behar dugu, hostozabalez osatutakoa”. Hainbat udaletan mozioak aurkezten ari da plataforma, haien lurretan eukaliptorik ez landatzeko eta lur publiko gehiago eros ditzaten eskatuz.

Ekainaren 12an prentsaurrekoa eta ekintza Diman

“Baso bizien alde, eukaliptorik ez” kanpaina abian du plataformak, eta norbanako eta taldeen atxikimendu bila ari dira orain. Ekainaren 12an prentsaurrekoa eginen dute Dimako baserri batean, plataforma eta kanpaina aurkezteko. “Prentsaurrekoa eta gero, baserritar horren lurretan dauden eukaliptoak aterako ditugu Lurgaia fundazioarekin elkarlanean”, azaldu du kideak. Bertako basoa landatuko dute lur horietan aurrerago.

Herritarrek gaiarekin geroz eta kezka handiagoa dutela sumatzen dute plataformako taldeek, eta momentuz erantzun ona jasotzen ari direla diote. “Klima larrialdi betean, ezinbestekoa da bestelako basogintza eredu baterantz pausoak ematea. Ezin gara orain arte bezala epe motzera begira egon eta dirua irabazteko helburuz soilik jardun”, gehitu du. Oso urruti joan gabe, badaude esperientzia eredugarriak Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Horiei gehixeago begiratu eta bidea irekitzen joatea da plataformaren asmoa.