Berezko hiztunik gabeko arnasgunerik ez dago. Berezko hiztunak dira arnasguneen euskarri, orakarri, zutarri eta zimentarri.
Baina has gaitezen hasieratik: zer dira arnasguneak? Arnasgune hitza Mikel Zalbide euskaltzainak euskarara ekarritako hitza da, Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarrak 1991n erditu zuen kontzeptua adierazteko: physical breathing space (Arnasa hartzeko tokia).
Arnasgunea zer den honela azaldu zuen Estatu Batuetako Joshua Fishman euskaltzain ohorezkoak Reversing Language Shift (Hizkuntza Indarberritzea) liburuan: "Demografikoki kontzentratutako espazioa, non Xish [mehatxupean dagoen hizkuntza gutxitua: gurean euskara] bere eremuan egon baitaiteke, nagusi eta jazarpenik gabe".
Mikel Zalbide euskaltzainak honela azaldu zuen kontzeptua bere hitzekin:
"Zer da arnasgunea? (...) Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik euskara 'bere kabian' sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe 'etxeko jaun' sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsean, Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea. Euskaldunak euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan, hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezirik (zenbaitentzat 'xelebre'rik) gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena. Hori da euskal arnasgune petoa, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa bere betean (beste leku gehienetan baino askoz nabarmenago) segurtatzen duena. Aparteko antolamendurik gabe ikasten dute horietan haur txikiek bertako hizkuntzan. Hala ikasten dute hitz egiten. Lehenik hitz egiten eta gero, eskola eta abar lagun, irakurtzen, idazten eta bertan ahoz aho dabilen hizkuntza horren erregistro eta aldaera jaso, landu, formalizatuagoak erabiltzean. Hori da osasun oneko hizkuntzen belaunez belauneko jarraipen-bide normala, prototipikoa. (...) Lehentasuna dute, horregatik, hizkuntzari bizirik eutsi nahi bazaio eta indarberritu egin nahi bada. Horiek dira, Fishman-en eta beste zenbaiten ustean, hizkuntza indarberritzeko saioaren abiaburu natural eta baliagarrienak. Hori gabeko normalkuntza ez da normalkuntza. Ingurumen horien zaintza-ardura bigarren edo hirugarren lehentasun-mailara daramana ere ez".
Beraz, arestian adierazitakoak adierazita, arnasgunearen ekuazioan bada ezinbestean sartu beharreko elementu bat: berezko hiztuna. Horrela, arnasguneek ondorengo ezaugarriak dituzte: euskararen ezagutza eta erabilera zabaleko guneak dira, berezko hiztunen kontzentrazio demografiko handiko elkargune naturalak dira eta gune horiek berezko hiztunen sorburu eta harrobi dira, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa indartu, segurtatu eta mantentzen dutelako.
Goazen orain berezko hiztunak zer diren azaltzera:
Gizartean ditugun arnasgunerik funtsezkoenak berezko hiztunez osatutako familiak ditugu. Horrelako familiak ditugu euskararen gotorleku, batez ere, arnasgune horiek —askotan isolatuta— erdal eremuetan bizi badira
Berezko hiztunak hizkuntza ororen hiztun naturalak dira, sorburuko hiztunak, jatorrizko hiztunak edo berbadun natiboak. Belaunez belauneko katean gurasoengandik jaso eta modu naturalean hizkuntza, gurean euskara, bere-berea eta berezkoa duten hiztunak dira. Hizkuntza horretan bizi eta pentsatzen duten hiztunak. Dakizkiten gainontzeko hizkuntza guztiekin alderatuta, berezkoa duten hizkuntza hori dute erraztasunik handieneko adierazpide. Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak arrazoitzeko mintzabide, izan ere, bere-berea duten hizkuntza hori dute beren kolkorako barne-mintzo eta gogoetarako tresna.
Hizkuntza dugu eta hizkuntzak gaitu. Hizkuntza orok bizirik eta osasuntsu iraungo badu, berezko hiztunak behar ditu, hizkuntza bizi duten eta hizkuntzak berak bizi dituen hiztunak. Berezkoa duten hizkuntza hori barne mintzo eta barre mintzo duten hiztunak; azken batean, etengabeko elkarrekintzan, berezko eta betezko duten mintzoa biziz biziarazten duten hiztunak.
Berezko hiztuna da hizkuntzaren funtsezko bizigaia, izan ere, berezko hiztunek hizkuntzaren zuhaitza erro-errotik izerdi berritzen, kimu berritzen, hosto berritzen eta arnas berritzen dute, giza komunikaziorako lanabes zorrotz eta zehatz izan dadin. Berezko hiztunek sorberritzen dute hizkuntza, mendiko iturri zaharretik etengabe berritzen den ura bezalaxe edota sutatik txingarra eta txingarretatik sua gar-berritzen den bezalaxe. Berezko hiztunak baldin badira, hizkuntza izango da.
Berezko hiztunen arteko gizarte harremanak edo harreman-sareak sortzen direnean, berezko hizkuntza ardatz duten gune, espazio, leku edo giza egiturak sortzen dira. Hain zuzen ere, berezko hiztunen hizkuntza ardatz duten gune horiek hizkuntzaren arnasguneak dira, hots, hizkuntzaren nagusitasun-guneak.
Gizartean ditugun arnasgunerik funtsezkoenak berezko hiztunez osatutako familiak ditugu. Horrelako familiak ditugu euskararen gotorleku, batez ere, arnasgune horiek —askotan isolatuta— erdal eremuetan bizi badira. Berezko hiztunez osatutako giza egitura eta harreman-sareak —familiak, lagunak, ikaskideak, lankideak, auzokideak, herrikideak— elkar lotu, saretu, ehundu eta trinkotzen direnean, orduan sortzen dituzte arnasgune geografikoak (baserri-etxe, baserri-auzo, herribildu, kale-auzo, herrigune, herrixka, herri eta herriburu).
Gaur egun, ordea, euskaraz egiteko aukera ematen duten gune guztiei arnasgune esateko joera nagusitzen ari da, baina dena, jakina, ez da arnasgune.
"Euskararen arnasgida ez-perfektua" osatu berri dute joan deneko otsailaren 25ean Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. Bertan euskararen babesguneak eta arnasguneak izan zituzten aztergai.
Babesguneak euskaraz egitea ziurtatzen duten guneak dira. Euskararen babesguneak, estres linguistikorik gabe, euskaraz eroso hitz egitea ahalbidetzen duten guneak dira. Giza komunikaziorako euskara erdigunean duten guneak dira baina —gune erdaldunetan, batik bat— euskara ez dakitenek bertan erdaraz egitea ere ohikoa izaten da. Babesguneak konszienteki sortzen dira, pentsatuak eta planifikatuak dira, sorburuan berariaz hartutako erabaki bat dute, erabaki adostua, Euskaraldiko ariguneak bezalaxe. Babesguneak esplizituak dira eta ikusgarritasuna daukaten aldetik, erreferentziazko gune izan ohi dira, batez ere, euskaradun hiztunen artean.
Babesguneen aldean arnasguneak —bereziki arnasgune geografikoak— natural sortutakoak ditugu, planifikatu gabeak, pentsatu gabe sortutakoak, nahiz eta, gaur egun, azken horietan ere, hizkuntza planifikazioa ezari-ezarian ari den bidea egiten. Arnasguneetan euskara erabiltzeko hizkuntza jokabidea edo arau soziala nagusitzen da eta harreman-sare horietan murgilduta daudenek, baita euskara ondo ez baldin badakite ere, ahalegina egingo dute euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeko, izan ere, araua urratzeak estres linguistikoa eta gatazka ekarriko bailuke. Arnasguneetan arraroa, ez ohikoa da norbait erdaraz entzutea, izan ere, harreman-sare horietan berezko hiztunen kontzentrazio demografikoa erabat nagusi izaten baita.
Babesguneak hizkuntzaren oasiak dira, batik bat euskaldunak gutxiengo diren gune soziolinguistikoetan. Baina arnasgune geografikoetan ere babesguneak behar-beharrezkoak ditugu euskarazko gizarte bizitza gehiago ehuntzeko, saretzeko eta trinkotzeko. Besteak beste, arnasgune geografikoetan ere premia gorria dago lantegi-fabrikak eta lan-bizitza oro har euskararen babesgune bihurtzeko euskarazko bizierari hauspo handiagoa eta sendoagoa emateko.
Urepelgo Xalbador handiak esan zigun: "Herria da gorputza, hizkuntza bihotza". Eta bihotza tauparazteko, behar-beharrezkoak ditugu zainetatik gorputz osora odol berria eta bizi-indarra daramaten berezko hiztunak, izan ere, horiek gabe, euskararentzat eta herriarentzat ez baitago arnasgunerik, ezta etorkizunik ere.
Patxi Saez Beloki, soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]