Belaunaldi aldaketa, zer da hori?


2024ko irailaren 27an - 06:00
Azken eguneraketa: 09:41
'Hard Truths' (Egia gogorrak) filmeko lantaldea. Mike Leigh zuzendaria, argazkian. / Zinemaldia - Jorge Fuembuena

Asteazkenean Costa-Gavras greziarra egon zen Donostian, bere 91 urteekin, obra berria aurkezten eta maila ematen Le dernier souffle pelikularekin; eta ostegunean Mike Leigh britaniarra, bastoi beltz elegante batekin eta 81 urteko bagajearekin.

Zaharrak berri? Ez. Eta ez naiz esaten ari zuzendari gazterik ez dela egon Sail Ofizialean. Txalotzekoa da nola ari diren lanean 30-40 urteren bueltako zuzendariak, nola ari diren diskurtso berriagoak zabaltzen. Aldiz, esan nahi dudana zera da, Donostian inkilino izan ditugun bi agureak ez direla batere zaharkituta geratu. Patxadatsu agertu dira osasun mentalaz eta, zeharka bada ere, patriarkatuaz hizketan.

Beno, amaitzen ari da Zinemaldia. Sail Ofizialeko hamasei film daude Urrezko Maskorraren lehian ipinita, eta ostegun goizean ikusi ditugu zerrendako azken biak: Hard Truhs (Egia gogorrak, euskarara literalki itzulita; gaztelaniaz, zineetan Mi única familia gisa) eta The Last Showgirl (Azken kabaret dantzaria). Britainiarra lehena, estatubatuarra bigarrena. Biak ingelesez, eta biek dute emakumea protagonista. Hortik aurrera, ezin konparaketarik egin, aski ezberdinak baitira.

Hard Truhs

81 urterekin, istorio bortitza eta interesgarria zuzendu du Mike Leigh britaniarrak. Londresko langile klaseko familia baten eguneroko gordina kontatzen du pelikulak. Etxeko ama du protagonista, Pansy, pipermina baino pipertuago, petralduta eta nazkatuta dagoena bizitzarekin oro har. Zakar tratatzen ditu bai etxekoak eta bai kalean gurutzatzen duen edonor. Barrea eragiteko moduko eszenak topatuko ditugu horrela, dentistarenera joaten denean esaterako, edota supermerkatuko langilearekin eta ilarakoekin izaten duen ika-mika.

Baina zakartasun horrek mina ezkutatzen du, eta ez nolanahikoa. Erre-erreta dago, nazkatuta errutina berberaz, garbiketari hainbeste ordu dedikatu beharraz, eta penak erabat hartuta ere bai, ikusten duelako 22 urteko semeak lagunik ez duela eta orduak eta orduak ematen dituela mugikorrari itsatsita, etxean sartuta, jan-edanean... Senarrak ahaleginak egingo ditu egoera apaltzeko, baina ezintasuna nagusituko da. Pansyk ahizparenean topatuko du babesa, filmaren erdialdetik aurrera.

On Falling-en tankera hartu diot filmari, horrelaxe esanda, ez baita ezer askorik gertatzen ia ehun minutuko zintan. Egungo langile klasearen bi erretratu dira bi pelikulak. Emakumea da bietan protagonista, ez gutxiagorako, bada-eta adierazle; eta nabarmena egiten da bai On Falling-en eta bai Hard Truhts-en zer nolako ikusgarritasuna duten mugikorrek, pertsonaren itzaltze/distraitze tresna moduan adierazten baitira. On Falling-en, protagonistak bazkaritan erabiltzen du asko mugikorra, pisukideen artean ez baitute kointziditzen otordutan, eta kalean ere ateratzen du poltsikotik, Instagram-eko argazkiak ikusteko, denbora pasa... Hard Truhts-en, berriz, argi ikusten da semeak ez dakiela mugikorrik eta kasko-entzungailurik gabe egoten, ez duela batere garaturik harremanak egiteko gaitasun soziala, edota blokatuta dagoela ere, noraezean.

Pansy protagonistarena egiten du Mariane Jean-Baptiste aktore britaniarrak, eta sekulako papera jokatu. Pelikularen kalitatearen gako esanguratsuetako bat bere lana izan da, eta Leigh zuzendariak, prentsaren aurrean, bere ahots apal eta zaharkituan, izugarri eskertu du aktorearen lana: "asko-asko-asko" entseatu ondoren, “zehaztasun kirurjikoz” lortu duela pertsonaia perfekzioan sortzea.

Leighek publikoa nahieran maneiatu du filmean. Barre egin dugula esan dut paragrafo batzuk gorago, eta horrelaxe izan da, baina filma amaitzean jabetzen da bat horixe zela Leighek propio bilatzen zuena, hasieran barre eragiteko eszenak, eszena paretsuak, gerora isiluneak izatea. Pansy ezagutzen goazen heinean, gertuago sentituko ditugu bere minak. Errealitatean izaten den bezalatsu, paretsu.

Ikusiko dugu ea Sail Ofizialeko epaimahaiak nola baloratzen duen filma. Ez harritu Jean-Baptistek hortxe edukiko balu aktore onenaren saria –aktore printzipal on asko ikusi ditugu edizio honetan–. Erresuma Batuan, urtarrilaren 31n estreinatuko dute pelikula; ea noiz ailegatzen den Euskal Herrira. Bada gomendatzeko modukoa, patxadaz ikustekoa.

The Last Showgirl

Oro har, gutxiago gustatu da Sail Ofizialeko lehian aurkeztu den azkeneko filma: The Last Showgirl (Azken kabaret dantzaria). Hirugarren film luzea du Gia Coppolak, Francis Ford Coppola ezagunaren bilobak, eta badirudi, AEBetako prentsan irakur daitekeenez, ari dela gero eta trebezia gehiago hartzen, kontuan hartuta 23 urterekin zuzendu zuela bere lehen film luzea. 37 ditu orain, eta Pamela Anderson fitxatu du protagonista gisa.

Ez du antzezpen txarra egin Andersonek, eta istorioa berez ez da eskasa, baina ez da erabat mamitu. Kabaret areto batean egiten du lan protagonistak, baina ixtera doa lokala. Emakumeak 57 urte ditu, 30 daramatza bertan lanean, eta galduta aurkituko du bere burua, gainontzeko antzerki konpainietan ez baitute kontratatuko, talenturik ez duelako eta "zaharra" delako. Ezer gabe geratuko da, beraz. Aspalditxotik ez da alabarekin bizi; bizitzatik alderatu zuen, gauero kabaretera lanera joan behar izaten zuelako. Orain, bizitza birplanteatu eta lanpostu berri bat bilatzearekin batera, alaba berreskuratzen ahaleginduko da.

Zer den lanpostu baten inguruan antolatzea bizimodua... Uste dut gai hori zeharka lantzen duela Coppolak, baina labur geratu zaiola iruditzen zait. Edo ez zen bere asmoa, ez da bere estiloa, ezta akaso bere errealitatea ere. Diot, eta barka On Falling-era berriz itzultzea, baina pelikula hori egin duen Laura Carreira zuzendari portugaldarrak prentsaurrean aitortu zuen langile prekario protagonistari gertatzen zaizkion hainbat eszena lehen pertsonan gertatuak direla. Aldea sumatzen da horrelakoetan.

Eta bigarren apunte bat: kabareta ixteko arrazoiak soilik ekonomikoak direla adierazi da, baina agian harago ere joan behar zen. Izan ere, alabak bere amaren show-a ikusten duenean jartzen duen aurpegia ikusita, ulertzera ematen da, edo gutxienez alabak iradoki duena zera da, halako kabaret –ia striptease– antzokiek geroz eta leku gutxiago dutela gizartean, edo gutxiago eduki beharko luketela behintzat. Bi segundoko eszenan garbitzen da paragrafo honetan esan dudana; agian zerbait gehiago espero nuen diskurtso horretan.

Horren guztiaren partez, Gia Coppola gehiago ahalegindu da dantzari protagonistaren eta bikotekide ohiaren –kabareteko enkargatua da– arteko harremana berreskuratze fasean ipintzen. Eskas samarra iruditu zaizkit elkarrizketak, ordea. Sinesteko zailak eta zentzu gutxikoak. Dave Bautistari –bikotekide ohia– protagonismo gehiegi ematen zaio, eta ez du horretarako balio; hobeto dago arlote rolak jokatzen eta gutxiago hitz egiten, Dune-n bezalaxe.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude