Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko taldeak egindakoak ei dira.
Talde erasotzaileen jarduna iluna da, bistan denez, eta “informazio zehatza biltzea zaila bada ere, jakina da dozenatik gora eraso gauzatu dituela aipatu taldetxoak”. Irungo Bor-bor hausnarketa kolektiborako taldearen hitzak dira. Asteazken honetan zabaldu duen idazkian Behe Bidasoako eskualdean ustez Devenir Europeo talde neonaziak egindako erasoak aipatzen ditu: pintaketa naziak, pegatina itsasketa masiboak hainbat auzotan, eta mina eragin asmo zuten kristaldun kartelen itsasteak, besteak beste.
Gabonetan, aldiz, taldeak jauzi bat eman zuen eta lehergailu txikiekin eraso egin zien Lakaxita gaztetxeari eta Mosku plazan Mugimendu Sozialistak okupatua duen espazioari. Bor-borrek dioenez, “norbanakoak ere mehatxatu dituzte, haien etxebizitzetan pintaketak eginez” eta susmoa dute haiek egin dutela San Miguel auzoan frutategi baten aurka izandako eraso arrazista ere.
Erasoak ez dira Irunera mugatzen. Joan den abenduaren 20an jakin zen talde faxistaren batek eraso egin ziola Agiñako memorialari. Esklabo lanetan Lesaka eta Oiartzun lotzen dituen errepidea egiten aritu ziren “langile batailoietako” gatibuak oroitzen ditu oroigarriak.
Urtarrilaren hasieran, halaber, El Salto-k Gabonetan Arrigorriagan, Biarritzen eta Baionan egindako beste hainbat eraso faxistaren berri eman zuen.
Zer da Devenir Europeo?
Ramon Bau eskuin-muturreko idazle ezagunak gidatutako “kultur elkartea” da Devenir Europeo (DE) eta bere webgunean irakur daitekeenez, bere burua nazional-sozialistatzat du. Europa dekadentzia gorrian dagoela uste dute taldean, besteak beste immigrazioaren ondorioz, eta egoerari itzulia emateko nazismoaren itzulera aldarrikatzen dute ahobizarrik gabe. Lehenago, Bau CECADE talde falangistaren kide izan zen; taldea 1966an sortu zen Bartzelonan eta 1996an desagertu.
Bor-bor kolektibotik diotenez, “DE diskurtsoa egokitu, nazioarteko aliantza naziak josi eta tokian toki zelula berriak sortzen ari da. Txingudin jazotzen ari dena aintzat hartuz, arduraz aitortu behar dugu aurrerapausoak eman dituztela, eta itxuraz, hainbat gazte limurtzea ere lortzen ari direla”. Euskal Herriko sekzioa ere badu eta bertan zehazten denez, 30en bat ekitaldi egin izan zituen 2017ra arte. Gehienak hitzaldi pribatuak dira eta haietara joateko elkarteko zuzendaritzaren baimena behar da. Telegram sare sozialean ere badute euren kanala.
Atzerriko harremanak
Iragan abenduan Isabel Peralta DEko liderretakoa Suedian izan zen hango gisa bereko eskuin muturreko Erresistentzia Nordikoa taldearen biltzar batean. Peralta hainbatetan nabarmendu da ekitaldi publikoetan eta, bereziki, Ferraz kalean PSOEren aurka Espainiako eskuinak Proces-eko indultuen karietara egindako mobilizazioetan. Madrilen jaioa da eta guraso nafarrak ditu.
Público egunkariak biltzarraren berri eman zuen eta Peraltak biltzar hartan esandakoak bildu zituen: “Definitzen nauten hitzak leialtasuna eta fanatismoa dira. Dagoen kausarik nobleenaren soldadu bat besterik ez naiz: nire arrazaren biziraupena eta haren existentziarako borroka da kausa hori. (...) Askok uste du nazional-sozialismoa hilda dagoela, Berlingo hondakinen azpian geratu zela. Baina hori ez zen amaiera izan, munduak inoiz ikusiko duen sorkuntza handienaren hasiera baizik”.
Zer egin horien aurrean?
Bor-bor kolektiboak aitortzen du galdera gehiago dituela erantzunak baino: “Nahikoa ulertzen al ditugu borrokatu ahal izateko? Zeintzuk dira? Zergatik lortu dute gure artean ideologia nazia duen zelula iraunkorra osatzea? Nolatan dira horren aktibo eta oldarkorrak? Zer eta zein dute jo-mugan zehazki? Nola egin aurre haien diskurtso pozoigarri eta praktika biolentoari?”.
Erantzun argirik ez dute, baina erantzuna bilatzeko metodoa bai, “horregatik, datozen asteetan gaiari heldu eta Txingudin antifaxismoa elikatzeko formazio plazak irekitzeko konpromisoa hartu dugu”. Kolektiboak plazaratutako ohar osoaren berri irakur daiteke Angula Berria tokiko hedabidean. Eta otsailean eta martxoan eskuin muturrarekin lotutako hitzaldiak beheko argazkiak ikus daitezke.
96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko... [+]
Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.
Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]
Taldea ezagutzera ematea, gerrarako dirua biltzea eta soldaduak errekrutatzea da faxisten asmoa. Hainbat geldialdi egingo dituzte, hala nola Alemanian, Polonian, Txekian, Lituanian, Herbehereetan eta Belgikan.
Kapitalismoak sortutako krisi ekosoziala ondoez globala ari da eragiten planeta osoan. Baliabide material eta energetikoen "gailurrek", hazkunderako eta metaketarako mugak ezarriz, natura eta gizartearen arteko desorekak ekartzen dituzte. Estraktibismoaren gurpil... [+]
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]
Ekainaren 9an Europako hauteskundeak izango dira, herritarrei gutxien interesatzen zaizkigun bozketak, antza, nahiz eta jokoan asko dugun. Agertzen zaigun panorama, gainera, ez da batere baikorra, ultraeskuinaren aurreratze nabarmena aurreikusten baita. Faxismoari aurre egitera... [+]
Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]
ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.
Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]