Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen elkarlanetik jaiotako ekimenak iraganeko kontu ziren, iaz, Laudioko gazteek topaketak antolatu zituzten arte. Ohiturari eutsi diote asanbladek; Oñati izango dute topaleku, otsailak 19 eta 21 bitartean. Guztiei baliagarri izan dakiekeen egitaraua sortu dute astebururako, hitzaldi, eztabaida, proiekzio eta kontzertuez osaturikoa. Xabier Etxebarriak (Oñati, 1989) eskaini dizkigu topaketen nondik norakoak.
Nolatan da Oñati Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen aurtengo topaleku?
Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladak elkartzeko ohitura aurreko urtean berreskuratu zen, Laudioko gazteen ekimenez. Bertaraturikoek modu positiboan baloratu genuen asteburua, eta topaketak errepikatzea aberasgarria litzatekeela ondorioztatu genuen; baina inork ez zuen aurtengo ekimena antolatzeko ardura hartu. Egoeraz jabeturik, zenbaitek, aurtengo topaketak Oñatin antolatzea proposatu genuen herriko asanbladan; ideiak aurrera egin eta Euskal Herriko gazte asanbladei aurkeztu genien proposamena. Baiezkoa jaso genuen.
Laudiokoa errepikatzea aberasgarria litzatekeela esaten duzu. Zergatik?
Duela urte batzuk, Euskal Herri mailako gaztetxe koordinaziorako talde bat zegoen, zenbait ekimen komun antolatzeaz arduratzen zena: gaztetxe martxak, gaztetxe egunak... Denborarekin, baina, gaztetxeen arteko elkarlanerako ohitura hori galdu egin da. Aurreko urteko topaketekin eman zen elkarren arteko harremana berreraikitzeko lehen urratsa. Horri eustea garrantzitsua dela uste dugu.
Topaketek zein ekarpen egingo diete gaztetxe eta gazte asanbladei?
Elkar ezagutzeko parada izango dute gaztetxe eta gazte asanbladek. Hortik abiatuta, harremanak sortu edo indartzeaz gain, motibazioa piztu nahi dugu jendearengan. Orain artekoa ondo doa: topaketek oihartzuna izan dute eta jendea gogotsu dago. Baikor gara. Eztabaidetan ere guztiontzat aberasgarri izango diren ideiak entzun ahal izatea espero dugu.
Zein da topaketen helburua?
Ilusioz eta motibazioz elikatu nahi dugu bertaraturikoa. Bere herrira itzultzen denean, bertako gaztetxe edo gazte asanblada indartu dezan. Topaketetan, gainera, bestelako gaztetxe ereduak ezagutuko ditugu eta harremana sortuko dugu gainerakoekin. Hori aberasgarria izango da guretzat. Eta, nola ez, hitzaldi eta eztabaidetan ideia anitz entzun ahal izango dira; horrek hausnarketarako bide eman dezake. Hausnarketa tresna paregabea da asanblada indartzeko.
Zer aurkituko du bertaratzen denak?
Informazio gunea jarriko dugu Oñatiko Gaztetxean; topaketetara doanak bertan jasoko ditu argibideak. Egitarau aberasgarria antolatu dugu, gaztetxe ezberdinen eskaerak erantzuteko asmoz antolaturiko hitzaldi, eztabaida eta gisakoez osatua. Aisialdirako aukera ere izango du bertaraturikoak.
Lan asko egin behar izan duzue orduan.
Ia ikasturte osoa daramagu plangintzarekin; Oñatiko gaztetxea kudeatzearekin batera antolatu behar izan dugu ekimena, modu paraleloan. Dena den, gaztetxe eta gazte asanblada ezberdinen laguntza izan dugu. Beren alea jartzeko aukera eman diegu, eta ondo erantzun dute. Euskal Herri mailako bi bilera egin ditugu; asanblada askotako kideak batu dituzten hitzorduak izan dira. Asteburuko ardurak herri ezberdinetako asanbladen artean daude banatuta.
Erresistentzia tailerrak antolatu dituzue. Zergatik?
Aurten, zoritxarrez, bi dira Euskal Herrian hutsarazi dituzten gaztetxeak: Kortxoenea eta Ezpala. Beste batzuk hutsarazte arriskuan daude; tartean OihuK (Bilbo), Elebeltz (Lasarte-Oria)... Horrelako egoeretarako prestatu beharra dugu, badaezpada. Okupatzeak arazo hori dakar.
Asanbladen funtzionamenduaz ere hausnartuko duzue. Gaiak hausnarketa behar al du?
Asanblada bat kudeatzea ez da lan erraza. Kideen antolaketa horizontala edo asanbladaren bilakaera ziklikoak arazoak sor ditzake. Horrelako egoerei aurre egiten jakin behar dugu. Horrelakoez hausnartzea garrantzitsua dela uste dugu. Bestalde, asanbladek ghetto izaera dute sarritan; hori ez da onuragarria. Modu berean, beharrezko ikusten dugu gaztetxe eta gazte asanbladek duten zereginaz hausnartzea. Hau da, kanpora begira, askotan aisialdirako espazio besterik ez dira gaztetxeak; baina asanbladok harago joan nahi dugu, autogestioaren eredua herriko beste espazioetara zabaldu, esaterako.
Eta aurrera begira, zer?
Aurrera begirakoa ez dago zehaztuta; topaketetan diseinatuko dugu etorkizuneko bidea. Ondo legoke Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen koordinaziorako eredu bat ezartzea. Aberasgarria litzateke, modu berean, guztion artean ekimen komunak antolatzea. Topaketek jarraipena behar dute izan.
Honako kartela hedatu dute topaketen egitaraua iragartzeko: