Horra Libération egunkariak berriki argitaratu duen idazkia:
“Bayonne” bukatu da, Libérationek “Baiona” idatziko du
Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen ohiturak bestelakoak badira ere, helburu politikoek aldaketa behartzen dute. Libérationentzat, frantsesetik etorritako “Bayonne”-ek ez du gehiago izaiterik eta hemendik goiti “Baiona” idatziko da.
“Gauzak gaizki izendatzea, munduaren zorigaitza handitzea da” aipamena, guttitan hain zuzena izan da. Nola Ipar Euskal Herriko hiriburuaz hitz egin bere zorigaitza handitu gabe? Nola izendatu? Gaur arte hiriburua izendatzeko erabili ohi den hitza “Bayonne” da, baina hitz hori zein errealitateren izena da? “Bayonne”: zazpi hizki hauek, euskal toponimiaren frantsestearen sinbolo bilakatu dira, hizkuntza bat eta kultura bat erregetiarren eta ondotik Jakobinoen baitan urtarazi dituenak. Beraz, duda izpirik ez baldin bada, izendapen honen gibelean den nahikari inperialista hain argia baldin bada, zergatik “Baiona”-ra pasatzea hain zaila da?
Libérationen, 2023ko apirilaren 22an, oraindik “Défense du basque: à Bayonne, une manifestation «pour la survie de la langue»”, izenburua idazten ginuen, ohar frango eragin duena. Egunkari batean bi logika aurka doazelako: logika tipografikoa eta irakurgarritasun logika. Baina bi logika hauek, garrantzitsuagoa den beste batengatik baztertzen ahal dira, logika politikoarengatik. Zeren egunkari bat hor baita ere aintzindari izaiteko, bere hautu tipografiko xumeetaraino. Libérationen jada hori egin ginuen, Biélarussie izena ukatuz Bélarus sistematikoki erabiltzeko. Horregatik, gaur, Libérationen zutabeetan eta gure internet gunean, aldatzen dugu. Hemendik goiti Bayonne Baiona da.
Libération-ek zoritxarrez ez du oraindik horrelakorik idatzi, salbu 2023ko apirileko izenburua. Ametsa da. Hau da 2022ko martxoaren 1ean egiazki idatzi zuena:
“Kiev” bukatu da, Libérationek “Kyiv” idatziko du
Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen ohiturak bestelakoak badira ere, helburu politikoek aldaketa behartzen dute. Libérationentzat, errusiarretik etorritako “Kiev”-ek ez du gehiago izaiterik eta hemendik goiti “Kyiv” idatziko da.
“Gauzak gaizki izendatzea, munduaren zorigaitza handitzea da” aipamena, guttitan hain zuzena izan da. Nola Ukrainako hiriburuaz hitz egin bere zorigaitza handitu gabe? Nola izendatu? Gaur arte hiriburua izendatzeko erabili ohi den hitza “Kiev” da, baina hitz hori zein errealitateren izena da? “Kiev”: lau hizki hauek, ukrainar toponimiaren errusifikazioaren sinbolo bilakatu dira, hizkuntza bat eta kultura bat tsartiarren eta ondotik sobietarren baitan urtarazi dituenak. Beraz, duda izpirik ez baldin bada, izendapen honen gibelean den nahikari inperialista hain argia baldin bada, zergatik “Kyiv”-ra pasatzea hain zaila da?
Libérationen, martxoaren 1ean oraindik “Kiev haragi bizitan” izenburua idazten ginuen, ohar frango eragin duena. Egunkari batean bi logika aurka doazelako: logika tipografikoa eta irakurgarritasun logika. Baina bi logika hauek, garrantzitsuagoa den beste batengatik baztertzen ahal dira, logika politikoarengatik. Zeren egunkari bat hor baita ere aintzindari izaiteko, bere hautu tipografiko xumeetaraino. Libérationen jada hori egin ginuen, Biélarussie izena ukatuz Bélarus sistematikoki erabiltzeko. Horregatik, gaur, Libérationen zutabeetan eta gure internet gunean, aldatzen dugu. Hemendik goiti Kiev Kyiv da.
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak berriki hau gogoratu du: ez da dudarik Xiberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herri abantxu guzien izenen jatorria euskalduna dela. Alta, frantsestuak dira. Inperialista da.
Herrien euskarazko eta frantsesezko izenak erabiltzen dira, baina izen ofizial bakarrak frantsesezkoak dira, eta biak erabiltzen direlarik, bide seinaleetan adibidez, lehentasuna frantsesezkoei emaiten zaie. Zapaltzailea da.
Euskal ortografiarekin idatzitako izen batzu frantsesez ahozkatzean, ahozkeran ez da ezberdintasunik eragiten, baina hala ere frantses ortografiarekin idatziak dira, adibidez Banka / Banca. Irrigarria da.
Izenen frantsestearen ondorioz, euskarazko eta frantsesezko ahozkerak gehienetan ezberdinak dira, adibidez Bustintze / Bustince. Kaltegarria da.
"Toki izenek euskaraz erran nahia badute, aldiz frantsestuak direlarik ez dute erran nahirik. Adibidez “Larresoro”, “larre” eta “soro”-tik dator, aldiz “Larressore”-ek ez du erran nahirik. Zentzugabea da"
Izen ainitzen jatorria, tokiaren izaerari lotua da eta ondorioz izen horiek euskaraz erran nahia badute, aldiz frantsestuak direlarik ez dute erran nahirik. Adibidez “Larresoro”, “larre” eta “soro”-tik dator, aldiz “Larressore”-ek ez du erran nahirik. Zentzugabea da.
Horiek hola, herrien izen euskaldunak frantsestea, euskara eta euskaldunak gutxiestea da. Begirune eskas hori Ipar Euskal Herriko bide bazter guzietan da, herrien frantsestutako izenak seinale tauletan idatziak direlako eta izen hauen ondoan edo azpian doazelako izen euskaldunak. Adeigabea da.
Euskarari eta euskaldunei zor zaien begiruneagatik, eta euskararen erabilpenaren egoera larriagatik, Xiberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea eskatzen dugu. Beharrezkoa da.
Horrela, euskara ez dakitenek euskal ortografia eta ahozkera ikasten ahalko dituzte, eta Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzaren ikasketan lehen urratsak egiten ahalko dituzte. Ongi etorri euskararen mundura. Ederra da.
Baionako epaileek 2024ko irailaren 10ean epaitu ninduzuen eta 1.000 €-tik gora ordaintzera zigortu ninduzuen, euskal toponimia frantsestearen aurka egin ginituen ekintzengatik. Hain zuzen, euskal herrien frantsestutako izenak dituzten bide seinaleak kendu eta Getxoko Bizkaia Zubiaren ondoan ezarri ginituen, 2024ko agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean azaldu nizkizuen arrazoiengatik.
2024ko azaroaren 11n igorri nizuen bigarren gutunean, isun hori ez ginuela ordainduko adierazi nizuen. Gure aurka eragiten duzuen errepresioak ez gaitu geldituko. Aterabide bakarra, euskal herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea da.
Joan den abenduaren 3an Baionako epaitegiaren horman “Justizia euskararentzat” idazteagatik, apirilaren 11n berriz epaituko nauzue, Intza Gurrutxaga Loidirekin batera. Epaiketa horretan ere euskaraz deklaratu nahi dugu.
Gutun honen kopia bat Libération-eko kazetariei igortzen diet, gure ametsak egi bilaka ditzaten laguntasunez eskatzeko.
Epaile andere-jaunak, har itzazue nire agur adeitsuak.
Gorka Roca Torre, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]
Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.
Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]