Batzuen aberastasuna sortzea da kapitalismoaren helburu nagusia, eta horretarako ez dago mugarik. Gainera, gizartean beharrak sortu ahala –sarri errealak ez direnak–, gurpil horrek bere abiadura handitu egiten du. Izan ere, badirudi etengabeko “aurrerapenek” soilik islatzen dutela gizartearen garapena; aurrerapenek, eta etengabeko hazkundeak. Guztia, giza populazioaren kontsumo-gosea asetzeko. Mundu aurreratu eta zibilizatu omen den honetan ordea, gose honek ez dio sabelari soilik erantzuten.
"Duela mende erditik, industrializazioak garapen teknologikoa azkartu zuenetik hain zuzen, munduko espezie guztien bi heren eta basoen hiru laurden desagertu dira"
Nolakoa izan da aberastasun horren bilakaera, gizakiaren zilborretik harago neurtuz gero? Duela mende erditik, industrializazioak garapen teknologikoa azkartu zuenetik hain zuzen, munduko espezie guztien bi heren eta basoen hiru laurden desagertu dira. Klima aldaketa asmakizuna bada, eta kontuan izanik ekosistemek perturbazioak jasateko ahalmen handia dutela (erresilientzia deiturikoa), orduan lasai. Agian pinu nahiz eukaliptoen monokultiboen espezieren baten banaketa aldatuko genuen, baina tira, horren ondorioz sortutako izurriteak gainditzeko negozioren bat ere elikatuko dugu. Berdin lurraren esplotazioarekin, gizakion eskubideak munduko gainontzeko bizidunen gainetik baitaude, nola ez. Argindarra behar dugu, eta burujabetza energetikoaren bidean, gure herriak behar duena eta pixka bat gehiago sortzerik bada, hobe. Eta korridore ekologikoetan jarri nahi ditugun parke eolikoei esker energia berriztagarria sortuko badugu, hegaztiengan sortuko dugun eragina albo-kalte berdea izango da bederen. Beharbada ez zaigu hain interesgarria irudituko ordea, Iberdrola dorrea baina garaiera handiagoa izango duten haizagailuak gure etxe parean jartzen badituzte, eskegitako arropa lehortzeko moduan; baina gure inguruan tokatzen ez bada, ez dago arazorik. "Zer nolako zorte txarra izan duten kaltetuak direnek", errauskailuaren kasuan bezala. "Horrelakoa da bizitza" eta "zer egingo diogu" modukoak aipatuz onartuko dugu "guztiok nahi dugula etxean argindarra eta internet".
Sarritan herritarron bizkar gainean jartzen da ardura: gizartearen kontsumo eskakizunari erantzuteko, lehengai mordoa behar baita. Eta bide batez horretarako negozioa egiten bada, lanpostuak sortuko dira, beraz, primeran. Zein da arazoa? Sistemak ezin diola bereari eutsi, gizarteak halako eskakizunei eutsi ezean; eta martxa honetan, naturak, sistemarengandik jasandako perturbazio horiek guztiak nekez gainditu ahal izango dituela. Kutsadura jaisteko, plastikoaren kontsumoa jaisteko, ahal beste birziklatzeko edo ur eta energia kontsumoa aurrezteko planteamenduak beharrezkoak dira, noski; baina administrazioek ere haien ardurak asumitu behar dituzte. Eta kontsumo eredua aldatzeko bidean gizartea benetan kontzientziatzeko apustua egingo duen eragile instituzionalik egotekotan, hasi dadila benetan lanean. Eskala ezberdinez ari garelako. Herritarrok gure egunerokotasunean erabaki txikiekin lagundu dezakegun arren, benetako erronka enpresa indartsuenen irabaziak kolokan jarriko dituzten erabaki politiko sendoak hartzean datza. Eta honetarako lana desberdin egin behar da, aberastasun materiala lortu gabe, gainera.
"Kontsumo ereduan aldaketa bultzatzea garrantzitsua da, eta baita energia berriztagarriak sortzea ere; baina herriaren beharretara egokituta, eta dagokion eskalan"
Elikadura burujabetza eta energia burujabetza bezalako kontzeptuak sistema kapitalistarentzat hain erakargarriak ez badira ere, herriarentzat bai, badira; baina kontuz, ez negozioa egiteko! Kontsumo ereduan aldaketa bultzatzea garrantzitsua da, eta baita energia berriztagarriak sortzea ere; baina herriaren beharretara egokituta, eta dagokion eskalan, ez inguru bat guztiz eraldatuta, herritarren oniritzirik gabe. Eta ez du balio herritarrak engainatzea, makroproiektuen balizko inpaktu ekologikoen inguruko txosten zientifikoek diotenarekin, edo propaganda berdearekin; emaitza zientifikoak oso zientifiko eta fidagarritzat hartzen direlako, baina proiektuen sustatzaileen interesekoak direnean soilik. Zientziari kasu egin behar zaio, baita egungo dinamika politikoak hankaz gora jartzea suposatu dezakeenean ere.
Ikusteke dago, zeintzuk izango diren naturaren kontserbazioa bermatzeko hartuko diren erabaki edo neurriak, hartzen badira. Eztabaida ugari pizteko moduko gaiak ukitu daitezke hemen ere, izan arestian aipatu makroproiektuak, izan ehizaren kudeaketa jasangarria –ongi kudeatuz gero soilik lortuko dena–, izan arrantzarena –kontuan izanik egun munduko espezieen heren bat dagoela gain-ustiatuta–, edo makroetxaldeena –elikadura burujabetzarako beharrezkoak al dira?–. Halakoetan ere, sarri lehen sektorean lanean dabiltzanak jartzen dira jo-puntuan, eta ez hainbeste haien jarduna baldintzatuko duen erabaki eta neurriak hartzen dituztenak.
"Neurriak eta erabaki sendoak hartzeko garaia da. Naturari (eta beraz guztioi) egindako kalteak gutxitzeko, gure administrazioek zerbait galtzeko prest egon beharko dute, edo behintzat, ez dirutan irabazteko, guztion mesedetan baizik"
Normaltzat joko dugu makroproiektuen eraginpean geratuko diren biztanleak haserretzea, eragina etxeko leihotik sartuko zaielako. Baina kosta egiten zaigu proiektuok gu guztiongan izango duten eraginaz ohartzea. Zaintza erdigunean jartzea ongi ikusia badago ere, badirudi ez garela gai gizakion zaintza eta naturaren babesa eskutik helduta ulertzeko. Ekologismoa propaganda eta aurpegi-zuritzea baino harago doan zerbait da, eta guztion intereserako dena gainera. Beste modu batera esanda, egun aldarrikapenak isiltzeko neurri prebentiboak ez dira nahikoa. Zientzialariek jada esan dute, berandu goaz. Neurriak eta erabaki sendoak hartzeko garaia da: ondorio politikoak eta enpresentzako galerak ekarriko dituztenak, gogoratu. Eta horiek ez dira herritarren esku geratzen, gehienetan. Naturari (eta beraz guztioi) egindako kalteak gutxitzeko, gure administrazioek zerbait galtzeko prest egon beharko dute, edo behintzat, ez dirutan irabazteko, guztion mesedetan baizik. Eta agintariek herriaren mesederako lan egiten badute, aztertu dezatela herritarrekin batera guztion garapenerako zer sortu, nola sortu, eta zertarako. Tokian tokiko errealitateak entzunda, erabakiak haien arabera hartuta eta gauzatuta, eta garapena herri perspektiban ulertuta. Kontserbazio eta errestaurazio planak gauzatu beharko dira, eta bestelako hazkunde (edo des-hazkunde?) politikak mahaigaineratu. Argazki eta itxurakeriaz harago, administrazioak benetako neurriak hartzera behartu behar ditugu; onurak guztiontzat izango direlako, eta merezi dugulako baino, jasangarriak izateko ez dugulako beste irtenbiderik izango. Eta natura ez dagoelako inoren zerbitzura, ez delako ustiatzeko baliabide modura ulertu behar, guztiona den eta guztion artean zaindu beharreko zerbaiten modura baizik, gure biziraupenerako ezinbestekoa delako.
Azpeitin egon ginenok argi dugu. Eta beste hainbat eta hainbat herritarrek ere bai. Orain, ahal beste estutu eta gero eta gehiago konbentzitzea falta da. Tokian tokiko auzolana indartuta, haize-errotak parean izan edo ez, eta guztioi eragingo diguna guztion arduratzat hartuta. Azkenaldian ohikoak diren beroaldi, uholde, lehorte nahiz espezie inbaditzaileen aurrean, ea naturaren erresilientzian laguntzeko neurririk bultzatzerik dugun.
Hemen ikusentzun daiteke Iker Apraizek eman zuen hitzaldia:
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta! Eta halaxe da, bai.
Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea.
Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik ere, auskalo zer erosiko nuen bakarren batek "erle beltza izango da, ezta?" galdetu zidan... [+]
"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.
Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]
Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]
Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.
Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]
Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]
Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu dabilenean “miru-itzala” edo “miru-kerizpea” dagoela esatea, Felipe... [+]
Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta emea oso antzekoak dira, ia berdinak sexu-organoak alde batera utzita.
Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko.