Zorionez edo tamalez, Natura irizpide politiko, etiko eta moralen gainetik dago eta ez zaizkio axola alderdi politikoen ezadostasunak, ideologien eztabaidak eta gure utzikeria, izan ere gogotik ordaintzen ari da guk sortutako kalteak, baina orain guri tokatzen zaigu klima larrialdiaren ondorioak pairatzea. Berandu gabiltza, berandu zabiltza Jaurlaritza.
Ez gara gu katastrofismo zaleak, bide egingarriak, ekosozialak eta positiboak hartzearen aldekoak baizik. Gu baino askoz lehenago, ekologisten eta naturazaleen kolektiboek, zientziaren laguntzarekin, egoera hau aurreikusita zuten baina, zoritxarrez, ez diete jaramonik egin; kapitalak agindu du, baita basoan ere, eta ustiaketa basati horrek kalte larriak sortu dizkio lurrari, urari eta bioaniztasunari, hainbat hamarkadaren ostean.
Proposamenak egiteko eta gauzatzeko garaia da, eta Jaurlaritzak berea egin du lehorteak, uholdeak eta ur eskasia ate joka dituenean, hankamotz geratu dena geure iritziz.
Gure Plataforma Baso Bizien aldarrikapenaren inguruan sortu zenez duela urte bete, basora ekarri nahi dugu gogoeta, izan ere, aurkeztu berria den Plan honetan ez da BASOA hitza inondik inora agertzen, funtsezko ardatzetako bat bera denean; plan hauek hiriburuetako ikuspegitik eta hiriburuen mesederako diseinatu dira.
Bertan aipatzen direnak, besteak beste, honako hauek dira: Lehorteen Planean, urak leku batetik bestera aldatzea, erabilerak murriztea, ura moztea; Plan Hidrologikoan, uraren kalitatea bermatzea, uraren segurtasuna eta hornidura bermatzea, uraren saneamendua hobetzea; eta, bukatzeko, Uholde Planean, iragarpen eta alerta sistemak hobetzea. Eta kitto, Basoak ez dira existitzen.
FAOren txosten batek dio urak garrantzi handia izan beharko lukeela basoen kudeaketan, jarraipenean eta balorazioan, biodibertsitaterako bizi-zerbitzu hidrikoak ematen baitituzte, eta funtsezkoak baitira nekazaritzarako, industriarako, ingurumenerako eta etxerako.
Hala ere, askotan alde batera uzten den alderdi bat basoek uraren hornikuntza eta kontserbazio egokirako duten garrantzia da: baso arro hidrografikoek gure ur geza eskuragarriaren horniduraren % 75 inguru ematen dute, eta, beraz, gure segurtasun hidrikoaren zati integrala dira.
Onartu behar dugu basoek funtsezko zeregina betetzen dutela segurtasun hidrikoan, eta ura lehenetsi behar dugu basoen kudeaketaren eta gobernantzaren arloko erabakietan. Ura baso-kudeaketaren erdigunean jartzeak abantaila handiak izango lituzke erresilientzia-mailan.
Hauek guztiak esanda, gogora ekarri nahi dugu Jaurlaritzak berak egindako "Euskadiko Baso Plangintza 1994-2030" non beste proposamen askoren artean honelakoak esaten zituen:
- Komenigarri gertatzen da natura arriskuetarako gestio-unitate gisa ibai-arroak hartzea.
- Baso Babesleak zeintzuk diren zehaztu eta izendatzea premiazkoa behar litzateke izan arrisku handiko lurretan(urtegietara jotzen duten erreka eta ibaiak, uholdeak sor ditzaketen erreka-aldapak, eta abar.)
- EAEn herri-basoak 38.590 daude eta baso pribatuak 73.561; denera: 112.151. EAEn Baso pribatuetako 77.000 hektarea izendatuko dira "Baso babesle".
- Lurralde osoan berezko landarezko tarte-sarea ezartzea erreketan oinarrituta.
Plan horretan jasotako hainbat neurrirekin bat gatoz, baina duela 28 urte martxan jarrita egon behar ziren eta 2030era iristeko zortzi urte falta direnean badakizue zenbat hektarea baso babesle sortu, berreskuratu diren? Zero.
Zergatik ez da inbertitzen Plan horretan bertako baso babesleetan, zergatik ez dira basoak kontuan hartzen? Baso babesleek, gainera, landaketa pirofitoekin alderatuta suteen aurrean bestelako babesa eskeintzen digute. Basoak diogu –ez landaketak– zeren azken hauen monolaborantzak sortzen duen defizit hidrikoa askoz nabarmenagoa da bertako basoena baino. Horren inguruan Busturi eginez orrian Erroxeli Ojinagak plazaratutako Una reflexion sobre el llamado 'deficit hidrico' de Busturia, Mundaka y Sukarrieta artikulutik entresaka bat egingo dugu:
"Hala ere, biztanleriari ematen zaion informazioan ez dira ageri bi elementu garrantzitsu: eukalipto generoko espezieak dituzten egur-enpresen landaketek lehorte hori larriagotzean eta gure hiru udalerrietarako eskuragarri dauden baliabide hidrikoak nabarmen murriztean duen eragina, alegia. Landaketa horien errendimendua ur-kontsumo handi batean oinarritzen da. Nabarmentzekoa da udalerriko ibaiak eta errekak Urdaibaiko Ibai Sareko parte direla. Basoen kudeaketa intentsiboak, hazkunde azkarreko espezieekin txandaka egiten direnak eta matarrasaz mozten direnak, inpaktu garrantzitsuak eragiten ditu udalerriko sare hidriko babestuan".
Badakigu basoek bakarrik ezin diotela aurre egin klima larrialdiari baina bai izan daitezke bidelagun eraginkorrak lehorteen, suteen eta uholdeen aurrean; horregatik zera eskatzen diogu Jaurlaritzari eta Tapia andereari: Euskadiko baso plangintza 1994-2030 martxan jar dezala oraintxe bertan, ahalik eta partaidetza sozial zabalenarekin, hau da, kontuan hartuta erakundeez gain arlo horretan gizarte mailan gabiltzan gainontzeko eragileok. Era berean eskatzen diogu ez ditzala baztertu ur hornidura duin eta seguru batetik hainbat eskualde, Busturialdea kasu, gainontzeko guztiei “ur hornidura bermatuta dagoela datozen asteetarako” esanez. Datozen asteetarako? Klima larrialdia geratzeko etorri da, ez aste batzuetarako. Ausartagoak izan behar zarete, hau bai dela herri honek behar duen funtsezko azpiegitura eta erronka baldin eta herri gisa biziraun nahi badugu.
"Baso babesleak" deitzen diegu larrialdi honetan eta datozenetan gu babestuko gaituztelako, ziur egon.
Naturak ez gaitu behar, guk Natura eta basoak behar ditugu –ez landaketa, monolaborantza zurrupatzaileak–.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]