Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
ElPeriodico-k argitara eman du: pisu gehien dituzten hamar anfitrioien artean, orotara, 996 pisu dituzte. Eta denak aldi berean alokatuta izanez gero, egunean ia 85 mila euro irabaziko lituzkete. Etxe gehien dituen anfitrioiak bestalde –204 guztira–, denak alokatuz gero, egunean 37 mila euro jasoko lituzke.
Datu hauek aztertzen eta publikatzen dituen proiektu kolaboratzailea da DataHippo. Alokairu turistikoak gestionatzen dituzten enpresak analizatzen dituzte, Airbnb eta Homeway bezalakoak, eta hauen webguneek erakusten ez dituzten datuak plazaratzeaz arduratzen dira. Hemen ikus daiteke Bartzelonan eginiko etxebizitza-turistikoen datu bilketa.
CiU eta PPk osatutako koalizioaren legealdian –2011tik 2015era, Xavier Trias zen alkate–, Francesc Xavier Mena conseller-ak turismoaren gaian esku hartu zuen. Zehatzago, pisu turistikoei heldu zien. Orduz geroztik, apartamentu bat turistei alokatu nahi zien edonork aski zuen 230€ko lizentzia ordaintzea; lehenago prozesu luzeago –eta garestiago– bat izaten zen arren. Oposizioak aurka egin zuen, baina indarrean jarri zen lege berria.
2014an irauli zuten legea, egoera eskuetatik joaten ari zela medio. Hala ere, tarte horretan jende askok eta askok aprobetxatu zuen eurentzat abagunea zena –66 anfitrioi dira bost pisu edo gehiago dituztenak–. Orduan ordaindutako lizentziak betirako balio die, iraungitze-datarik ez duen lizentzia gisa “saldu” baitzen. Ada Colauren legealdiak aldiz, pisu turistikoak erregulatzeko programa bat martxan jarri zuen orain bizpahiru urte, baina hau lizentziarik ez dutenen aurka doa, ez hiru urte horietan zehar lizentzia ordaindu zutenen aurka. Airbnb-koak ere berriki "erasotu" ditu.