ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak kaleratu duen Ilargia eta Landareak 2023ko agendaren aurkezpen oso berezia gozatu zuten publikoan ziren 50 lagunek Alegiako Kultur Etxean, urriaren 13an: Jakoba Errekondo, Antton Olariaga, Iñaki Sanz Azkue eta Unai eta Eñaut Agirre anaiak ilargiaren eraginaz, landareez eta bioaniztasunaz aritu ziren bai hitz bidez, marrazkitan eta bertso zaharrak kantatuz. Emanaldi berezi hau osorik bideoan goza dezakegu.
Dagoeneko eskuragai dago Ilargia eta Landareak 2023ko agenda. Laneko eta etxeko gauzak idazteko guztiz erabilgarria den agenda izateaz gain, ilargiaren gorabeherak azaltzen ditu, eta baita ilargiaren arabera garai zehatz bakoitzean landareekin egin beharreko lanak ere, bai baratzean, basoan, fruitu-arbolatan eta lore baratzean. Beraz, gure herriko lurraren kulturan janzteko edukiak ematen dizkigu, plazerezko dosi txikietan. Esaterako, esaera zaharren bidez, ilustrazio moduan, azalpen zehatz eta laburretan...
2023ko agendak animaliak ditu ardatz: baratzean aurki ditzakegun intsektu, anfibio, narrasti, ugaztun eta hegaztiak. Baratzeko animalien lorratzei jarraika, emanaldi oso berezia eskaini zuten Alegian urriaren 13an agendaren egile Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak, Iñaki Sanz-Azkue biologoaren eta Eñaut eta Unai Agirre bertsolarien laguntzarekin. Bideo honetan ikusentzun daiteke osorik:
Jakoba Errekondo, "hesi berdeen" garrantziaz
Jakoba Errekondok idatziak dira agendako testuak, eta Alegiako aurkezpenean agendaren edukiak aurkeztu zituen, herritarrak erraminta honi ahalik etekinik handiena atera diezaion. Elikadura burujabetza ere sustatzen du agendak, Errekondok adierazi zuenez: "orri bakoitzean agertzen da garai horretan zer den Euskal Herrian eginda jan dezakeguna, marrazki bidez. Etxera hor agertzen ez den barazki bat ekarri badugu jateko, esan nahi du kilometro asko eginda etorri dela". Jarraian, bioaniztasunak baratzean duen garrantzia azaldu zuen, eta alderantziz ere bai, baratzeek bizilekua eta bazkalekua eskaintzen baitie polinizatzaile, hegazti eta abarri. Zizareen garrantziaz ere mintzo zen, lurra liseritzen eta ontzen baitute, eta azaldu zuen antzina lur bat erosteri aurretik zizare kopuruari erreparatzen zitzaiola, lur horren emankortasunaren seinale baitzen zizare kopurua. Publikotik egin zioten galderari jarraika, azaldu zuen hesiak oso onuragarri direla bioaniztasunarentzat, batez ere landare eta sastrakek osatzen dituzten "hesi berdeak", eta gizakiontzat baratzea mugatutako lur puska bat bada ere, animalientzat lurra dena dela osotasun bat, horiek ez dituztela mugak eta pusketak bereizten.
Antton Olariaga, animalien berezko nortasuna irudikatzen
Antton Olariagak umore handiko hitzartzea egin zuen, eta publikoa irrika eduki zuen bere hitzei eta marrazkiei adi. Azaldu zuen erronka izan zela beretzat Jakobaren deia jaso eta aurtengo gaia "zomorroak" izango zirela jakin zuenean. Orri denak zomorroz beteta ikustea, inolako mezurik gabe, aspergarri zitzaiola eta lehen baldintza sortzaileak berak ongi pasatzea dela, ondoren irakurleak gozatuko badu. Horri aurre egiteko, animalia bakoitza ingurune batean kokatzea deliberatu zuen, eta animalia bakoitzaren izaerak eskatzen zuen eszena edo istorioa sortu du, animali bakoitzari orri osoko "biñeta" edo "piztiarioa" osatuz. Adibidez, enarak eta sorbeltzak azafata lanean jarri ditu, eta sagarzale amorratua den trikua, jatetxe batean menua hautatzen.
Baratzea eta bioaniztasuna, elkarren indargarri
Iñaki Sanz Azkue biologoak ikerketa zientifikoak eta herri jakintza uztartu zituen bere hitzaldian. Azaldu zuen zenbat eta bioaniztasun handiagoa izan, izurriteei aurre egiteko baratze osasuntsuagoa izango dugula, esaterako, txori klase bakoitzak era bateko mokoa duenez, batzuek intseku batzuk eta besteek besteak jaten baitituzte. Baratzeak hirietan natura behatzeko txoko bakanak direla nabarmendu zuen, eta hainbat espezieren biziraupena baratzeen esku dagoela ere bai: esaterako, apo lasterkaria Txingudiko dunetan bizi zen, eta hirigintzaren erruz bere bizilekua asfalto bihurtuz joan den heinean, baratzeetan hartu du babes eta galzorian da egun.
Txepetxaren bertsoak... eta beste piztienak
Unai eta Eñaut Agirre anaiek bertso zaharren bidez borobildu zuten emanaldia. Pedro Mari Otañok txepetxari jarritako bertso sortak eman zion hasiera hitzaldiari, eta bi ahotsetan kantatu zuten publikoaren gozamenerako. Hitzaldiaren erdian, bigarren sorta bat kantatu zuen Eñautek, hain justu txepetxaren sortari erantzunez Zubietako (Gipuzkoa) Motza-k jarri zuena, adieraziz txepetxa irakasle ona dela pertsonarentzat baina beste animalia askok ere ematen digutela zer ikasia beren ekintzekin. Eta saioa ixteko, Iñaki Muruak sagarrondoez jarritako hiru bertso kantatu zituzten bi anaiek, zeina mintzo baiten sagarrondoaren loratzeaz eta ugaltzeaz.
Jakoba Errekondok hitzaldia ixteko eskerrak eman zizkion Alegiako Udalari emanaldia antolatzeko jarritako erraztasunengatik, eta herri baratzeen proiektua baloratu zuen. Bideoan jasotako hitzaldi berezi honek jarraitu dezala elikatzen naturzaleen, baratzezainen eta bertsozaleen gogoa.
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.