Balleta, zehaztasuna eta ulermena

Argazkia: Olivier Houeix

2024ko urtarrilaren 26an - 09:40

Malandain Biarritz Balleta
Non: Bilboko Arriaga Antzokian
Noiz: Urtarrilaren 20an

-----------------------------------------------------------

Bilbon arte eszenikoen epizentrorik bada, hori Arriaga Antzokia da. Astean hiruzpalau egunetan dago emanaldi bat ikusteko aukera. Antzerkiaren moldeetatik ateratzen diren proposamenak ez dira ohikoak izaten; baina, gabonen bueltan, ballet emanaldiak programatzen dituzte.

Gabonetan ofizialki ez, baina gabonen ondorengo aje garaian programatu dute dantzaldi hau. Ostiral eta larunbat iluntzean Malandain Biarritz Balletak Urtaroak proposamena eskaini du. Negu giroa aspaldiko partez Bilbon, larunbat iluntzea eta dantza. Bigarren egunez jarraian bete du Malandain-ek arte eszenikoen epizentroa.

Teloia altxatu eta berehala hasi da espektakulua. 22 dantzari oholtzan. Harmoniotsua da koreografia, zehatzak dira mugimenduak, landuak formak eta estetikoak irudiak. Beharbada ez da oso zuzena hau esatea, baina perfekzioa eta edertasuna dira emanaldiak iraun artean buruan iltzatuta izan ditudan hitzak. Dantzariek ez daramatzate ballet klasikoan ezinbesteko diren oin punta zurrunak, tutu zuriak eta kortse estuak. Baina, egiari zor, nabari da ezer ez dela ausaz egina. Inprobisaziorako paradarik ez dago, ezta akatserako tarterik ere. Hori du klasikoak: mugimendua ondo egiteko modu bakarra dago. Antonio Vivaldiren Lau urtaroak eta Giovanni Antonio Guidoren Urteko lau urtaroek osatu dute Thierry Malandain koreografoaren soinu banda.

Mugimenduen joan etorrietan zeharo murgilduta egon arren, nire burua zerbait gehiagoren bila nabari dut. Baina, zer? Hitzen eta ekintzen bila nabil, antzerki emanaldi bat bailitzan. Antzezlanetan testuak gidatzen du ikuslea askotan (ez beti); eta, hala ez bada, eszena sekuentzien narrazioak. Antzerkiaren kodeak eta narrazio moldeak exijitu dizkiot dantzari. Ez du zentzurik.

Ez gaude ohituta gorputzaren eta musika klasikoaren doinu soilez jantzitako emanaldiak ikustera. Hitzek eta akzioek kontakizunari laguntzen diotela iruditzen zaigu askotan, gure ulermen egarria horrela aseko balitz bezala. Askotan entzun ditut ingurukoak esaten ez dituztela dantza emanaldiak ikusten, ez dutelako dantza ulertzen. Are, ulermen ezaren aitzakian dantza ez dutela gustuko baieztatzen dute askok. Baina, zer da ulertu behar dena? Zer ez da ulertzen? Gorputzaren lengoaiari erreparatzeak zergatik uzten gaitu jokoz kanpo?

Gaurkoan, inori galdetu gabe ere, ziur naiz ikusleek Malandainen proposamena ulertu dutela. Arriagan sekula entzun dudan txalo zaparrada luzeena jaso dute 22 dantzariek. Agian, finean, ulermena ez da hitzetan neurtzen. Gorputz mugimenduek asko dute esateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Balleta
2022-05-11 | dantzan.eus
Alicia Amatriainek oholtza utziko duela iragarri du

Dantzari ibilbide luze eta oparoari agur esango dio Alicia Amatriainek, azken bi hamarkadetan Alemaniako Stuttgart balleteko lehen dantzari gisa aritu ostean. Agurrerako Onegin balletaren errepresentazioa prestatzen ari dira.


Eztitasun garaia

Bizi ditugun garai arraro eta nahasietan, eta are gehiago Eguberrietan, beti da atsegina klasikoei eustea, gozotasunez eta amets xarmagarriz beterikoak. Ballet klasikoko gaualdi batez gozatzea une goxoa da beti, errealitatetik deskonektatu eta fantasiazko mundu ideal batean... [+]


Kabaret giroa Arriagan

Arriaga Antzokiak, batzuetan, antzoki handietan tokirik ez duten ikuskizunak eskaintzen dizkigu, oso bereziak direlako, espazio intimoagoa eskatzen dutelako, edo beste mila arrazoirengatik. Horrek ez du esan nahi ez direnik hain interesgarriak. Askotan justu kontrakoa gertatzen... [+]


Aita da balleta egin nahi duen mutikoaren traba nagusia

Balleta egitea aukeratzen duten mutilek dituzten zailtasunez dokumentala prestatzen ari da Scott Gormley (gertukoa du gaia, bere semea balletean dabil): gehien-gehienek erasoak jasan dituzte, ahozkoak edota fisikoak, baina arreta deitu dio deskubritzeak gaitzespen handiena sarri... [+]


Eguneraketa berriak daude