Bakea ostiaka irabazten da

  • Euskal preso politikoen alorrean lan egiteagatik 48 pertsonaren aurka egindako eskaera fiskalen berri izan dugu, haietako batzuk 20 urte baino gehiagokoak. Egungo desadostasun politikoen gainetik, nire elkartasuna errepresioaren aurrean eta astakeria berri honen kontrako salaketa.


2017ko urriaren 25ean - 11:10

Egoeraren dramatikotasunagatik ez balitz komikoak irudituko litzaizkigukeen mugetaraino sartu da pazifismo burgesa herriaren subkontzientean. Estatuak herriari biolentziarik umiliagarriena ezartzea ere, herriak baketsua izateari uzteko inoiz ez dela aitzakia dioen pazifismo horixe da. Katekesiko pazifismo hura da, boteretsuaren aurrean errebelatzen denarentzat zigorra eskatzeko orduan “begia begi truk” defendatzen duena, baina zapalduari beste masaila jartzea eskatzen diona otzan jarrai dezan.

Euskal Herrian hamarkadak daramatzate alamena ematen Biolentoak versus Demokraten kontu horrekin eta azkenean ziria barruraino sartzen da, noraino, dagoneko nahiago dugula ostiaka hil gaitzatela biolentoak garela esan dezatela baino. Eta demokraten gure etiketa berriaz gozatzen dugun bitartean, borrokaren garra itzaltzen da preso gaixoen bizitza itzaltzen den erritmo berean, eta manifestazio jendetsuak edota txikiak egiten ditugu hurrengo funeralaren ibileran, igandetan pipak jatearen ibileran, gure zainetatik dabilen hortxatak markatzen duen ibileran. Gero bagoaz etxera eta albiste batek suminez bete ondoren beste paseo bat emateko beharra sentitzen dugun arte ez gara berriz aterako.

Azken hilabetean zehar Katalunian ere ikusten ari gara esaten dudanaren adibide garbia. Urriaren 1ean independentziaren erreferendumean egoteko plazera izan nuen eta, bertan, seguruenik ordura arte inoiz mobilizatu ez zen jendea ikusi ahal izan nuen oldarraldi polizialei eusten, irrikatzen duen hori duintasunez eta harrotasunez defendatzen. Estatuaren erantzun gisa, gehiegikeria poliziala, komunikabideetan sartzea, legez kanporatzeak, atxiloketak, kartzelaratzeak… Tira, gure biolentziak demokraziari eraso egiten zionaren aitzakiapean Euskal Herrian hain aspalditik gertatzen ari dena, orain Katalunian hautestontziak jartzea euren legediari (geroago hitz egingo dut honi buruz) eraso egiten dionaren aitzakiapean. 

Eta Estatuaren etengabeko indarkeriaren testuinguru horretan, alderdi politiko independentisten ordezkarien ahotatik ezin konta ahala aldiz entzun dugu ez dela probokazioetan erori behar, Nazioarteko Komunitatea delakoa ohartuko dela biolentoak besteak direla eta katalanen eskubide demokratikoak defendatuko dituela. Ororen gainetik “gent de pau’” izatearen irudia mantendu. Eta bitartean, buruak irekitzen dizkiguten armak finantzatzen dituzten banku horiek, milioika interes kobratzen dizkigutenak aldez aurretik ingresatu diegun dirua mailegatzeagatik, badoaz Katalunia miserian hondoratzeko xantaia egiten. Eta beste batzuen lanaren plusbalioarekin edo haien arbaso frankisten herentziei esker aberastu ziren enpresariek, langileriak beraiek nahi duena ez badu egiten, badoazela diote, horrelakoa delako haien demokrazia, era guztietako biolentzian oinarritutakoa, delarik fisikoa, psikikoa ala aurreko biak barnebiltzen dituen ekonomikoa.

Eta bake jendea garenez, errepublika sozialista batean produkzio baliabideak langileriaren eskuetan geldituko zirela eta hortaz mehatxu horiek hitzontzikerian geldituko liratekeela defendatu beharrean, argudio ergelak eta Europar Batasunak hau ala bestea egingo lukeela esaten tematzen gara. Errepublika sozialistari buruz hitz egiteak kapitalismoarekiko gerra egoera batean kokatzen gaitu ezinbestean, gerraren bitartez konpondu delako historikoki kontraesan hori, eta horrek bertigoa sortzen digu badakigulako Espainiako Estatuak Donbassen antzera bonbardatutako Katalunia bat nahiago duela Katalunia independente eta sozialista bat baino. Guk, bake jendea garen hauek, ez daukagu argi kasu horretan ez ote den hobea izango azpiratuta jarraitzea, agian askatasunak ere ez duela horrenbeste balio.

Horretaz ari garela, oraindik Europar Batasunaren (EB) parte den Katalunia horretan lo egiteko lekurik ere ez zuten etxegabe pilo ikusi nuen, eta txiro elbarri bat ikusi nuen zeinek hain usain txarra jariotzen zuen euliak zeramatzala etengabe inguruan bueltaka, eta ez kaka delako, Katalunia kapitalista eta espainiarrak kaka bezala tratatzen duelako baizik. Hau ere bortizkeria da, eta txarrenetakoa. Ez dago inongo independentziari itxaron beharrik miseria ikusteko.

Ezbairik ez dago biolentzia azken aukera izan behar duela beti, lehenago gainontzeko bideak aztertu behar direla, eta Kataluniako herriak ezin hobeto egin du hori espainiar Estatuaren izaera faxista agerian utziz. Bere jarrera baketsuari esker lortu du, eta ondorioz ez naiz ni izango katalanei zer egin behar duten esango diena, soberan erakutsi baitute ez dutela inoren aholkurik behar bidea jorratzen jarraitzeko. Eskatzen diedan gauza bakarra da ez dezatela onartu errepresioa normalizatu dadila eta ez dezatela ahaztu euren burua defendatzea haien eskubidea dela, beste bat hainbesteren artean, eternalki kriminalizatutako beste eskubide bat.

Arestian esan dut Espainiako Estatuaren legeei buruz hitz egingo nuela, nahiz eta gehiegi ez naizen luzatuko guztiok dakigulako frankismoaren zein militarren bolboraren babespean jaiotako Konstituzio batean dutela sorburua. Legeak gelako matoiak egiten ditu, beste behin ere indartsuenak egiten ditu eta, gainera, haien bitartez bermatzen du besteengandik abusatzen jarraitu ahal izango duela nahi duen bakoitzean, horretarako asmatu baitituzte espainiar Konstituzioaren 2., 8. eta 155. artikuluak, eta beste batzuk ere. Labur esanda, estatu kapitalistek haien legeak ostiaka inposatzen dizkigutenez, gure inguruan pentsaera iraultzailea sortu nahi dugunoi tokatzen zaigu defendatzea justiziari lekua ken diezaiokeen legerik ez dagoela, eta justiziarik gabe ez dela bakerik egongo. Eta bakerik ez dagoenetan justizia irabazten dela gure etsaiei, gutxienez, beraiek guri ematen diguten kolpeen kopuru berbera emanez. Eskubideak irabazteko legeren bat hautsi beharra dago beti.

Ezin ditut aipatu gabe utzi ere sistema faxista baten aurrean gaudela edo frankismoaren antza duela esatea aurpegiratzen diguten sasi-bakezale horiek. Diotenaren arabera, hori esatea dagoeneko bizi izan zenari larritasuna kentzea da, eta dagoena demokrazia gabezi bat dela. Antza, faxismoa salatzeko gure gorpuak hobi komunera botatzen dituzten arte itxoin behar dugu. Gogorarazi besterik ez diet egin nahi faxismoa testuinguru bakoitzera moldatzen dela bere interes propioen arabera, eta gaur egungo kazikeak frankismo garaiko kazikeen seme-alabak direla. Egiaztatu nahi duenak egungo aberatsen leinua pixka bat ikertzea besterik ez du eta kasu gehienetan frankisten dinastia bat topatuko du. Edozein kasutan, estatu bat faxista den zehazten duena ez da bere oraingo errepresio maila, baizik eta erabiltzeko prest dagoen biolentzia mailak eta helburuek.

Argipen bat egin nahi dizuet Espainiako Estatuan preso politikoak existitzen direla jakin berri duzuenoi, izan ere badira 80 urte baino gehiago etenaldirik gabe existitzen direla: badaude anarkistak, komunistak eta independentistak

Argipen bat egin nahi dizuet Espainiako Estatuan preso politikoak existitzen direla jakin berri duzuenoi, izan ere badira 80 urte baino gehiago etenaldirik gabe existitzen direla: badaude anarkistak, komunistak eta independentistak. Batzuek indarkeria erabili zuten euren ibilbide militantean zehar (beti defentsiboa estatu indarkeriaren aurrean), beste batzuek ez, baina guztiek daramate faxismo instituzionalari aurre egin izanaren ohorea eta beraiekiko amnistiaren merezimendua. Amnistia bezalako konponbide global baten ezean, bere zentzurik zabalenean, hau da, errepresaliatuen existentziaren sustraian dauden arrazoiak konpondu gabe, historia hau behin eta berriz errepikatuko da.

Bukatzeko, Euskal Herriko egoera ekarri nahiko nuke berriro gurera. Euskal preso politikoen alorrean lan egiteagatik 48 pertsonaren aurka egindako eskaera fiskalen berri izan dugu azken egunotan, haietako batzuk 20 urte baino gehiagokoak. Egungo desadostasun politikoen gainetik, nire elkartasuna errepresioaren aurrean eta astakeria berri honen kontrako salaketa. Jarraian, akusatuak agian bat etorriko ez diren baieztapen bat (ala bai, nik ez dudalako haien ahotan jarriko esan ez duten hitzik): errepresioa moldatzen da, baina testuinguruen gainetik errukirik gabe aplikatzen da, eta hori dela-eta kartzelak husteko modu bakarrak etsitzea ala irabaztea dira. Inork ez daukala etsitzeko intentziorik ulertzen dut (niri ere ez zait gustatzen inork leporatu diezadala esan ez dudana esan izana), eta horregatik mundu guztiari irabazi arte borroka egiten jarraitzeko gonbitea luzatu nahi diot. Aspaldi sartu ginen istilu honetan eta dagoeneko ez du atzera bueltarik.

Agian egunen batean, goiz espero dezagun, konturatuko gara zapaltzen gaituztenek ez dutela egiten mina egiten digutela konturatzen ez direlako. Agian enteratuko gara erreprimitzen bagaituzte haien pribilegioak mantentzeko orduan emaitza ona ematen dielako dela, eta soilik guk errebelatzeko sentitzen dugun bezainbesteko beldurra sentitzen dutenean, soilik orduan, negoziatu nahi izango dutela dena ez galtzen saiatzeko eta hasierako puntura itzultzeko. Hain guratsua delako bakea ostiaka irabazi behar dela.

 

Sendoa Jurado García – Bakezalea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Asko gara, etorri gurekin euskal eskola publikora

Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]


Kuotak, ikastoletan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]


2025-02-20 | Manex Gurrutxaga
EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]


Teknologia
Hezkuntza sistemaren ahots bateratua

Boterea eskuratzeko modu asko dago; denak ez dira politak. Bada boterea eta horrek berarekin dakarren erantzukizuna banatu nahi duenik, agintea bilatzen duenik. Beste batzuek errespetu lar diote eta pauso bakoitza hainbeste neurtuta ez dira gai erabakirik hartzeko. Boterea zer... [+]


2025-02-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Arkitekto aktorea

Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Pantailen erabileraren inguruko hausnarketak

Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.

Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]


Izena duenak badu izena

Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori... [+]


2025-02-19 | Castillo Suárez
Porcelana Irabia

Baneukan lagun bat Porcelana Irabian lan egin zuena itxi zuten arte, eta jatetxe edo taberna batera joaten ginen aldiro kikara eta plateraren ipurdia begiratzen zituena pieza non egina zegoen jakiteko. Gauza bera egiten dut nik gauza zaharren azoketara joaten naizenetan:... [+]


Zer erosi?

Azken boladan gero eta gehiago entzuten dugu gazte askok etxebizitza erosteko ahalmenik ez dugula. Batzuetan, badirudi ez dagoela beste gairik; egia da gai serioa dela. Niri neuri ere, 31 gertu izan arren, oraindik pixka bat falta zait neurea izango den etxebizitza lortzeko... [+]


2025-02-19 | Sonia González
‘Shop like a billionaire’

Iragarki batek mugikorrean salto egiten dit aspaldion. Nire mundua koloreztatuko duela egiten dit promes. Aplikazio horrekin milioidunek bezala erosi ahal izango omen dut. Produktu merkeak, oso merkeak, baita doakoak ere. Momentu historiko soziologikoak eskatzen duen... [+]


Nazioartekotzearen iruzurra

Badira kontzeptuak bolada batzuetan edonon agertzen direnak, mantra ere bilakatzen direnak. Berez positibo eta beharrezko moduan agertzen zaizkigu, eztabaida gehiegirik gabe eta haiei buruz ia pentsatu gabe. Iruditzen zait mantra horietako bat nazioartekotzea dela, jatorria... [+]


Eguneraketa berriak daude