Baigorriko parrokian Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrea

  • Jean Batiste Bidart Kuxkurrio, 2020ko ekainaren 8an zendu zen Baigorrin, 93 urte zituelarik. Ekainaren 11n, Baigorriko parrokian, Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrearekin amaitu zen ekitaldia.


2020ko ekainaren 15ean - 12:25
Jamattit Bidart.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

15:30ean tanko heldu da parrokiako atarira Jean Batiste Bidarten gorpua, senitartekoen inguruan. Egun euritsua da Baxenabarren. Baigorriko eliza nagusia jendeak inguratuta dago.

Filipe, Betti, Jojo semeak buruan heldu da segizioa. Jende andana beha. Mende bat betetzeko zorian dagoen Filipe Oihanburu agurtu dute bidartarrek. Baita lagun-parrasta ere, hileta elizkizuna aitzinetik eta ondotik: Jamattit-en lagunak eta Filiperen burkideak.

Politikariak hala nola jendarteko eragile anitz ikusi ditugu: Jakes Abeberri, Mixel Berhokoirigoin, Mertxe Colina, Juliette Bergouignan, Aña-Mari Grenie, Grazi Etxebehere, Mixel Aire, Erramun Martikorena, Joxemari Esparza…  

Sei apaizek eman dute oren bateko liturgia. Liturgia ondoren eta artean, hainbat lagunek hartu dute hitza, Jamattit oroit. Bi orduko agerraldi ederra. Bertsoak, kantak eta gaiteroak entzun ditugu, baita dantzariaren agurra entzun eta ikusi ere.

Filipe Bidartek aitarekiko izaniko gorazarrea entzun dugu finitzeko, baita biziki preziatu ere. Usaiako ez diren esku zarta ozenek bete dute eliza.

Ekainaren 11n, Baigorriko parrokian, Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrea duzu jarraian. Irulegiko Irratian entzungai duzu kontaketa.

Aita...

Ba, ikusten dut zure soa... senditzen dut zure soa... galdezka ari zira ea zer kondatuko ote dudan hemendik jende guzien aitzinean... Zaude goxoan... ez dut deus kondatuko gure arteko sekreturik... gure arteko harremanik... aita semeen arteko harremanik edo aitatxi alabatxi ala semeatxi harremanik... Horiek guretzat eta gure artekoak dira, gure baitan eta gure artean atxikiko ditugu... eta ez da komeni agertzea... salatzea... Ba, hortako gizon ixila zinen, barneko sendimenduak ez dira etxetik kanpo erakutsi behar... Gainerateko guziaz mintza daiteke... ba...bainan sobera hedatu gabe halere... hitz alferrik ez... erran behar dena erran eta hortan bego... Funtsean hitzez edo elez baino nahiago zinuen kantuz...

Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi...

Denek preziatzen zuten zure umore ona eta alaitasuna... noiz nahi, nunnahi kantu baten hasteko prest... eta kantu andana bat ezagutzen zinituen, kantu berriak bezala kantu zaharrak, batzutan nehork sekulan ihundaino entzunak... eta kopla guziekilan bixtan da... Orroitzen niz nola kantiak hasten zinituen (zeren beti zu baitzinen kantuz hasten), bainan gora, zure tenor bozarekin... eta ni ezin segituz hain gora... apaletik segitu behar... Orroitzen ere Marcelin Goonetx-ekin emaiten zenituzten kantuak, zoinek kopla gehiago... Etxeko apairuetan, Bestetako bazkarietan ala Kermezakoetan... Ibaigorri koralean Pierre Erramuzpe gidari, zeait zeait sofritu du gaixoak ziekin... Korala aipatzean nork ez du ezagutzen orai (Irratian hainbat aldiz pasarazirik) 1960ko hamarkadan atera zinuten diska eta bereziki Atzo atzo kantuan bota zenituen bi irrintzinak, biak berdin luze, ezin finitiak, kantari lagunak eta zuzendaria harriturik utzi baitzenituen... (Gu orroitzen gira haur denboran nola galdeiten ginauzun irrintzina botatzea autoan ibiltzen ginelarik famili osoa... beharriak tutatzeraino... nola ez? Barne hetsi horietan..).

«Kantuz...

Etzinuen bakarrik lagunak alaitzea maite.... bidezkoa eta beharrezkoa zitzauzun ingurukoak, ezagunak ala ezezagunak laguntzea... Partehartzen zinuen aktiboki Baigorriko suhiltzaile brigadan, zure zurgintza ofizioko jakitatea ederki baliatzen zinuela interbentzionetan, bereziki zurubietarik goiti joan behar zelarik ... Partehartzen ere kartsuki brankardierretan, herriko eta auzo herrietako eri ta xaharren laguntzeko Lurdeko beilarat... han ere sekulako giroa pizten zinuelarik kantuz gehienentzat urteko ateraldi bakarra izaiten zen hortan... laguntzaile eta erientzat sekulako orroitzapenak sortuz...

«Kantuz... beti kantuz...

Kantua gustukoa bazinuen, etzinuen dantza gutiago maite... Ezaguna da Baigorriko lehen dantza taldearen sortzean hartu duzun partea, bigarren gerla denboran... eta baita ere Arrola dantza taldearen berpiztean geroxago... Nik atxiki ditudan orroitzapenetan, hainbeste badira... bereziki orroitzen niz 1970eko hamarkada hastapenean Baigorrin muntatua izan zen Kabalkada erraldoiaz... lehengo maneran, erran nahi baita Baigorriko auzo guzietako etxe guziek parte hartzen zutela... Zuk zinuen antolaketa hori kudeatzen... amak auzoko emazteekin dantzari guzien jauntziak josten zituztelarik... eta nik jauntziak eramaiten etxeetarat... Hola egin baitut Baigorriko auzo eta etxeen ezagutza, zuk erakutsirik... etxe guziak ezagutzen baitzinituen... zurgintza lanetan ibilia edo beste gisan... zurgintza izanez ezteietako sotozain bezala ere ibiltzen baitzinen etxeetan... Eta orroitzen niz, etxe guzietan ukan nuen harrera ona, Kuzkurrio seme bezala...

«Kantuz…

Zurgina baitzinen eta zurgina ere lehengo maneran, erran nahi baita zurezko lan guzietan aditua, ez bakarrik teilatu eta leihoak muntatzen bainan baita ere altzari edo mubleak egiten eta baita ere hil kutxak egiten eta etxeetarat eramaiten hilak kutxaren barnean ezartzera, otoitzean lagunduz famili guzia... Bainan ere zurezkoa zen edozoin ekoizpenak egiteko gai, izan barrikak edo dupak, izan ere armadarat joaiten zirenentzat maletak... Orroitzen niz nola egin zinakon zurezko maleta pollit bat Algeriarat zoan auzoko gazte bati... ikusten dut oraino Izpegiko errekatik goiti gure etxerat jiten... Orroitzen niz ere nola bi jestuz zur puska batetik zurezko jostailu bat egiten zinaukun... Zurlana gain gainetik gustukoa zinuen eta zura maite, egurra maite, arbolak maite... zeren zure ofizioa arbola botatzetik hasten baitzinuen...

Eta zure ofizioak etxe bateko edozoin muntadura hunkitzen baitzuen, zonbat jende lagundu duzun edozoin brikolarentzat... Bardako otoitzean entzun dugun lekukoak zion bezala, Zerbaiten beharra zutenek bazakiten norat jo... beti bazinuen esku kolpe bat edo aterabide bat beren arazoarentzat...

eta Beti kantuz...

Hola zinituen Baigorriko etxe guziak ezagutzen eta baita ere etxe bakotxeko familiak eta familien arteko loturak... Sekulako memorioa zinuen, kantuetako kopla guzietaz bezala, etxe bakotxeko biztanleetaz orroitzeko... eta ez bakarrik Baigorri herrikoak bainan ere auzo herrietakoak berdin... Azkaratetik hasi eta Urepeleraino... Erran behar da famili ainitzekin ahaide girela Baigorriko Ibar guzian, garai batez Baztanetik jin zirenen ondokoen bidez... Lotura guziak ezagutzen zinituen eta gurekin ahaide ziren etxe guzien izenak... Egiazko artxibategi bat...

Bainan zure ezagutza eta atxikimendua etzen gure Ibarrean mugatzen, auzo Ibarrekoak ere ezagutzen zinituen... Garazi edo Ortzaizekoak bezala, Baztangoak ere bai... eta haratago ere Euskal Herri guzian bazinituen ezagunak, dantza edo kantuaren bidez... Bainan ez bakarrik... euskal kulturari atxikia baitzinen... Indar jokoak antolatzen zirelarik Baigorrin, izan aizkolari ala harri altxatzaile, zuk zinituen errezebitzen eta laguntzen... Uste dut oraino orroitzen diren hegoaldeko harri altxatzaileak eman zinien laguntzaz... eta zure hatzaparren artean nola karreatzen zinituen heien harri kozkorrak, kamiunetik plazarat eta plazatik kamiunerat, batere akitu gabe... edo bederen akidurarik batere erakutsi gabe...

Bainan ez bakarrik indar jokoak, euskal kantiak bezala gustukoa zinuen ere bertsularitza... Untsa ezagutzen zinuen Xalbador eta haren betiko laguna Mattin, laguntzen ere batzutan autoz... Xalbador bezala euskaldun fededun kartsua... Xalbadorrek bezala, zure egiten zinituen bertsu famatu horiek:

«Herria da gorputza, hizkuntza bihotza»
«Hizkuntza ta herria berex ez doatzi
bata bertzea gabe ez daizkela bizi»...

Zeren Euskal Herriari errotik atxikia baitzinen, euskaldun izaiteari, euskarari, euskal nortasunaz harro... eta jakin izan duzu atxikimendu hori zure semeen baitan hazten... Ez da harritzekorik euskal izaitearen eta nortasunaren alde lan eta borrokan engaiatu bagira... Alta etzinen borrokan eta kalapitan aritzekoa, beti izan zira jendekilakoa, parekoa ez ados izanikan ere, edo kontrakoa izanikan ere, beti errespetua atxikitzen... Halere, guk gure engaiamendua bururaino eraman dugularik Euskal Herriaren ukapena eta desagertzearen irriskua baztertzeko eta Euskal Herria berpizteko... sustengatu gaituzu..., aita bezala lehenik... eta euskaldun bezala ere bixtan da...

Etsaien herra eta basakeria jasan behar izan dituzularik... lehen lerroan baitzinen... Eskuak loturik Baigorriko karriketan eraman zaituztelarik... Bazakiten ba zertan ari ziren eta noren kontra mendekatzen... Bainan zuk ez duzu amor eman... zure semeak ez dituzu ukatu... zure euskal nortasuna ez duzu sekulan ukatu... Etzira sekulan damutu... Etsaiaren aitzinean beti xut eta harro egon zira, etsaiaren errespetua bortxatzen zinuela... Orroitzen niz nola Pariseko juje haundi horietarik baten aitzinean nintzelarik, ene durduzarazteko aita aipatu zautan... Garai hartan Parisen hiru anai baiginen preso... juje haundi horrek erran zautan:

«Je crois que je devrais inculper et incarcérer votre père... en fait, c'est lui le plus dangereux…».

Nihauren baitan ari nintzen... «entsea hadi ba... ».

Aitaren beldurra eta errespetua zuten denbora berean... Orroitzen niz ere laugarren anaiari buruz zituzten dudak... Ari ziren pentsatzen hau zela abilena... sekulan ez harrapatua... eta beti hor anaien sustengatzen, laguntzen, irrisku guzien gainetik... harro bera ere, aitaren urratsetan...

Zazpi urtez sasian nintzelarik aita hor zen, hor izan zira, familiaren sustengatzen, laguntzen... dudarik gabe eta maitasun osoz... zurkaitza izan zira semeentzat, semeen familientzat, haur ttipientzat... Beharrik hor zinen... Hemeretzi urtez preso nintzenean sustengatu nuzu... Clairvauxraino 13 urtez... han zakurraren ipurdian... treinik ez autobusik ez den basamortu hartaraino...

Bisitetan beti kantuz ari baiginen... eta gorderik arno xorta bat ekartzen ere... behin atxemana izan artio... eta auzitan emana ere hortarako... bainan kantuz segitu duzu ondoko bisitetan ere arno xorta bat ekartzen... Bainan etzira hortan mugatu, engaiatu zira presoen sustenguan, eta bereziki presoen familien sustenguan... hortan ere zure umore onaz, zure nortasunaz, zure sineste eta konbentzimenduetaz sosegatzen eta indartzen zenituela... kantuz... beti kantuz... Bost urtez gero, segitu nuzu Biterriraino... Eni esker egin duzu Frantziako itzulia, aita... Haraino heldu zinen zure autoan, beti untsa kargaturik, eta zure tresna guziekilan... muble bat muntatzeko edo etorkinen aterbetxean lan batzu egiteko... denek preziatzen zutela zure laguntza... Haatik, ez dakit nola heltzen zinen haraino zure autoan... zeren uste dut ez duzula sekulan atxeman bosgarren fitezia hura... bainan autoa azkarra zen dohaike... sekulan ez baitu huts egin... Biterrin ere entzun dituzte zure kantuak... gure kantuak...

Beti kantuz...

Bai, Baigorrin ere, nola ez ? Ezagutzen zuten zure auto urdin hori, beti segitzen baitzinuen ezker eskuin brikolatzen, eta laguntza ekartzen batzu ta besteei... zure salopeta urdinarekin... nahiz eta erretretan izan... Halere, erretretan izanki eta denbora bazinuen zure baratzeaz okupatzeko... eta nola... ta baita ere sukaldaritzan aritzeko eta bereziki bixkotx egiten... katalanbroxa eta beste... Bainan famatuena gelditu da zure bixkotxa berezia, rhum xorta edo zorta batez osatua... astero egiten zinuena... bederatzi alabatxi eta semeatxien plazerrarendako eta baita ere zortzi haur ttipiendako... Errezeta ikasia dugu... eta segituko dugu aitatxi xaharraren bixkotxa egiten... Aita, zure bizia ez da Un long fleuve tranquille izan... bainan bizi ederra eta betea izan duzu... kantuz... kantuz igortzen ditut nik penak ihesi... Ama Martxelin-en heriotza, gazte zelarik oraino, bihotza urratu baitzizauzun... Babi anaiarena, oraino gazteago zelarik... Katiren galbarioa gero... bururaino segitu ta lagundu duzuna...

Bizi luze eta aberats baten ondotik, azkenean pausatzen ahal zira... Maitatu gaituzun bezala, maite zaitugu aita, aitatxi, aitatxi xaharra... Segur niz gain horietan Martxelinek eta Babik ongi etorri beroa egin dautzutela... eta berdin Marcelin Goonetxe eta Ibaigorriko beste kantari ta ahaide ta lagunekin kantuz ari ziztela gogotik...

Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi,
kantuz igortzen ditut nik penak ihesi
Kantuz izan dudano zerbait irabazi
kantuz gostura ditut guziak iretsi
Kantuz ez duta beraz hiltzea merezi?

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baigorri
Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-10-31 | Euskal Irratiak
Baigorri-Tafalla egunak ospatuko dituzte asteburuan Baigorrin

Baigorri eta Tafalla herrien arteko senidetzea ospatuko dute asteburuan Baigorrin. 1978an hasi ziren lehen harremanak, baina hautetsien aldaketarekin pixka bat galdu zen ondotik. Haatik, duela hiru urte Tafallakoak berriz Baigorrira hurbildu ziren.


2024-07-15 | Garazi Zabaleta
Langileak ordezkatzeko zerbitzua
Laborariek ere oporretarako eskubidea izan dezaten

Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz askotan entzuten da lanbide "oso lotua" dela, jai egunik edo oporrik ez dela existitzen. Ipar Euskal Herriko Onetik eta Etxaldia gasnategiek, Berria eta Aldudeko Esne Kooperatibekin elkarlanean, laborariei bakantzak bermatzeko egitasmoa... [+]


Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Apirilaren 28an ospatuko da Nafarroaren Eguna

Egun handiaz gain, kultur egitarau zabala antolatu du Basaizea Elkarteak hilabete osorako.


2023-12-12 | Irulegiko Irratia
Baigorri ibarrean arbol landatze bat eginen dute

Mendi sindikataren lurretan, Anauzen Munhoako mazelan, hiru hektareetan 300 bat arbol, mota desberdinetakoak ezarriko dira. Ihizi batasunaren biltzar nagusian aho batez bozkatua izan den proiektua da.


2023-10-11 | Bea Salaberri
Ez adiorik, ‘Mixu’

Aitzineko hil amaieran joan zen gure artetik Mixel Oronoz apaiz-langile eta euskaltzalea.Berak nahi bezala joan zen oin puntetan, diskretuki, ez zuen dohaike goraipamenik nahi izan, alta ontsa merezituak zituzkeelarik.

Batzuek gogoan izanen dugu, euskararen alde zuen... [+]


Mixel Oronoz euskaltzale baigorriarra zendu da

Urte luzeetan Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izandakoa da. Apaiza izanik ere, Eliza katolikoaren jokamoldeak kritikatzeagatik ere ezaguna da Oronoz. 88 urte zituela hil da, eritasun baten ondorioz.


Sasitik Sasira

Beraz, Eltzegor taldeko lagunek “Ebiotz” lehen diskoaren ondoren “Sasitik Sasira” plazaratu zuten. Ari gara 1987-88ko kontuez, guretzako gaztetan 36ko gerrakoak ziren bezain aspaldikoak oraingo gazteontzako. Tokitan daude Aljerreko negoziaketak, egia.


2023-06-26 | Euskal Irratiak
Eltzegor taldea omenduko du Urmuga festibalak

Tologorri menditik Auñamendira, berriz heldu da Urmuga festibala. Uztailaren 13tik 30era hamarnaka kontzertu eta emanaldi eskainiko dituzte Euskal Herriko mendi kaskoetan, eskualdez eskualde musika eta natura uztartuz.


Betti, Filipe eta Jojo
Bidart anaiak: Etxe baten istorioa, herri baten kontzientzia hartzea

Emile Larre zenak Baigorriri jarri bertsoetatik dira, Erramun Martikorenak kantatuak: “Baigorriko herriak hegalak urrun tu / Denak ere malkarra, erroitz eta bortu / Bainan, zer inporta du, ni han nintzan sortu / Eta hantxet nahi dut engoitik zahartu… Germieta Belexik... [+]


2023-04-28
Igandean festa giroan egingo da berriz ere Nafarroaren eguna Baigorrin

Nafarroa osoko herritarren arteko harremanak estutzeko egunak ohiko tradizioarekin jarraituko du aurten ere Basaizeako kideek azaldu dutenez. Apirilaren 13tik hasita hainbat kultur ekitaldi egin dira dagoeneko Nafarroan Beherean zehar.


2023-03-23 | ARGIA
Nafarroaren Eguna apirilaren 30ean izango da eta Kulturaldia 13tik 29ra

Nafarroa osoko herritarren arteko harremanak estutzeko egunak ohiko tradizioarekin jarraituko du aurten ere, eta giroa berotzeko aurreko asteetan osatzen den egitarauan, kultur ekitaldi ugari antolatu dira.


Baigorri eta Baztango gazteen topaketak egingo dituzte, ibarren arteko harremana sendotzeko

Bi Herriko Etxeek antolatu dute ekimena, eta apirilaren 14tik 16ra izango da Baztanen. 11 eta 15 urteko 40 gazte elkartzea da helburua.


Eguneraketa berriak daude