Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?
Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan Maddi Nazabal filosofo eta irakaslearekin solastatu da Iñigo Martinez. Gako bat, hasteko: haurrak heriotzara gehiago hurbiltzen dira kuriositatetik, penatik baino.
Tabua da heriotza, ez da... Norberak galdegin diezaiola bere buruari zenbatetan hitz egin duen heriotzaz lagunekin, familiarekin, lankideekin, eta hortxe topatuko du erantzuna. Ziur asko nahi –edo behar– baino isilagotik eraman izan da gaia, nahi baino aho zarratuagoarekin hitz egin dugu askotan, hitzak tamainan jartzen eta abar. Normala zaigu kulturalki. Bizkarra ematen diogu heriotzari, halaxe dio Maddi Nazabalek, “nahiz eta Hannah Arendtek gogoratzen digun heriotza dela gizaki guztiok partekatzen dugun ezaugarri bakarra”. Lehen presenteago zegoen etxeetan heriotza, gaubelak egiten zituen gizarteak. Gaur, ospitalean geratzen da.
Galdera Basatiak podcastean haur filosofiari begiratzen zaionez, haurrengan ipini dute fokua Maddi Nazabalek eta Iñigo Martinezek. Izan ere, ezaguna da oso haurrak heriotzatik babesteko tendentzia. “Amona joan egin da”. Nora joan da?
Haur filosofia tailerretan beste era bateko esperientziak izan ditu Nazabalek. Modu naturalean atera izan da “zer gertatzen da hil ondoren?” galdera; haurren artean ez dago helduon tabu hori. Tailer horietan, haurrak heriotzara gehiago gerturatu dira kuriositatetik penatik baino. Eta, heriotzaz ez ezik, “zer gertatzen da jaio aurretik?” ere galdetu izan dute askotan. Haur filosofia tailerretan saioaren gidariek ez dute erantzunik ematen –ea nor den gai bi galdera horiei erantzuteko–, eta, askotan, gidariak eurak ere etxera galdera gehiagorekin heldu izan dira. Hori da filosofatzearen edertasuna.
Gisa horretako galderak modu interesgarrian jasotzen dituen liburu bat gomendatu dute: Hili, Uxue Alberdik idatzia eta Araiz Mesanzaren ilustrazioak dituena. Funtsean, bizirik gaudelako pentsatzen baitugu hiltzeaz. Haurrekin heriotza lantzeko ez ezik, helduentzako ere baliagarri izan daitekeen liburua da.
Eta helduok, zer harreman dugu heriotzarekin?
Badakigu, berez, “edozein unetan” gerta daitekeela gure heriotza, gaixotasun bat izan dezakegula, istripu bat... Baina, Nazabalek adierazi moduan, “kuriosoa da: aurreikuspenak egiten gabiltza etengabe, bizitzako erritmoari segika”. Oporrak antolatzen hilabeteetako marjinarekin, bankuaren prebisio planak egiten, epe luzerako gauzak, ametsak, ilusioak... Baina adinean aurrera egin ahala, ezin ziurtasunez esan oso ondo zein unetatik aurrera, hasi ohi da gizakia aurreikuspenak apaltzen, egutegia hainbeste ez irekitzen... badaezpada. Hurbiltzen joaten da-eta itsasoa.
Autozaintzarako eta osasuna bereziki zaintzeko lelo, nahi edota pretentsio horiek, berriz, zenbat dute heriotzarekiko gizakiok dugun beldurretik, edo heriotza ahalik eta gehien luzatzearekin? Edota Nazabalek mahai gainean ipini moduan: heriotzari beldur garelako zaintzen gara hainbeste, edo itxura fisikoaren eta norbere irudia “ondo” mantentzeagatik?
Soka luzea du galdetzeak ea kulturalki nola aldatu garen, zer harreman dugun orain heriotzarekin, eta, batik bat, doluarekin. Baina Galdera Basatiak podcastaren hirugarren atala ordu erdi pasatxoan errendituta gelditu da, erantzunak bilatzeko baino, entzulearentzat pizgarri izateko asmoa duelako.
Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]
Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]
Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA... [+]