Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago eskaini diote elkarrizketa ARGIAri. Ekimenaren planteamendua, arriskuak eta aukerak eta ontzidira batzeko zergatiak aletu dizkigute. Ekimenak irauten duen bitartean ARGIAn irakurri ahal izango dituzue haien kronikak egunez egun.
Asteartean egiten ari gara elkarrizketa, Bilbotik Istanbulera bidaiatu baina bi egun lehenago. Behin Istanbulen, zein da plana?
Mikelon: Istanbulen bertan bi egun emango ditugu. Erresistentzia ez-biolentoari buruzko tailer batzuk egingo ditugu, itsasontzian bertan sortu daitezkeen egoerak aurreikusi eta horietan nola jokatu praktikatzeko: hizkuntza berbala, gorputzarena... Hori dena oso ondo landu behar da, tentsio egoeren aurrean denok autokontentzioari eusteko gai izan gaitezen, israeldarrak oso probokatzaileak direlako, eta kakoa azkar sakatzekoak. Izapide administratiboetarako ere erabili beharko ditugu bi egun horiek.
Horren ostean, igandean bertan Gazara irtetea da asmoa?
Pili Revilla: Bai, guk dakigula ez dago geldialdirik aurreikusita. Nik imajinatzen dut uneren batean israeldarrak saiatuko direla gu geldiarazten, eta horren aurrean estrategiaren bat izango dutela pentsatuta gure antolakuntzatik, baina jakina guk ez dugu informazio guztia, eta horrela izan behar du. Trabarik ezean bizpahiru egunetan egiteko bidaia da, distantziari begiratuta.
Askatasunaren Ontziditik iragarri da oinarrizko beharrak asetzeko laguntza humanitariorako 5.500 tona material garraiatuko duzuela, hori asko da. Zenbat barkuk osatuko dute ontzidia?
M: Lau dira: bat merkantzia-ontzia, handia, materiala garraiatuko duena, eta beste hiruetan egongo dira nazioarteko aktibistak, behatzaileak, politikariak edo bestelako jende entzutetsua, eta kazetariak.
Askatasunaren Ontzidiak 2022an iragarri zuen 2023an beste bidaia bat antolatuko zuela. Hortaz, ekintza Gazaren aurkako azken sarraskiaren aurretik hasi zen prestatzen?
M: Ez dakit noiztik ari diren turkiarrak prestaketa lanetan, baina hau ez da sortu 2023an hasitako erasoaldiarengatik. Itsasontzi handiez ari gara, ehunka pertsonaz. Askatasunaren Ontzidia nazioarteko koordinakunde bat da, hainbat herritako mugimendu eta kolektiboak biltzen dituena. Kanadan, Turkian, eta oro har herri arabiarretan eta Europa Iparraldean indar dezente du, esaterako, Espainiako Estatuan gutxiago.
Lehenbiziko Askatasunaren Ontzidia 2010ean irten zen, armada israeldarrak ontzia abordatu, hamaika pertsona hil eta beste hainbat zauritu zituen. Ordutik beste bidaia asko antolatu dira, aurrenekoaren tamainako erasorik ez da gertatu, baina arazoak izan dira arau: itsasontziak bahitzea, Greziako portuan blokeatzea, aktibisten atxiloketak... Bestetik, Israelek ehunka kooperante eta boluntario zibil hil ditu hilabeteotan, baita mendebaldarrak ere. Zer gorputzaldirekin zoazte?
P. R: Ni banago pixka bat urduri, batetik, ontzidian noan lehen aldia delako, bestetik, egunotako albisteengatik, aipatu dituzunak edo Iran-Israel gatazka, esaterako. Horrek eragiten dit buruari bueltaka aritzea, pentsatzea ziurrenik egoera oso arriskutsua biziko dugula. Baina talde handia goaz, talde arduratsua, inork ez du behar ez den arriskurik hartuko. Eta, edozein modutan, badira hartzea merezi duten arriskuak, asko dago jokoan, genozidioa gelditu behar dugu.
Agus Gorbea: Nik Piliren antzeko sentsazioak ditut. Bada gauza bat ez dudana atsegin. Jendea etortzen ari zait, "Aizu, benetan egin behar duzula?", edo, "Agurtu beharko gara joan aurretik"... Urduritasuna elikatzen didate. Edozer gerta daitekeela? Hori oso argi dago. Gauzarik muturrekoenak ere? Ez dut uste, pentsatzen dudalako ez zaiela interesatzen.
M: Erdian jarri behar dena helburuak dira, eta iruditzen zait erresistentzia ez-biolentoko ekintza bat egiteko unea dela. Beti daude arriskuak, baina ez goaz sakrifizio bat egitera, baizik eta ekintza burutzera: helburua Gazan sartzea da. Hau da unea.
"Hau emergentzia misioa da, bi milioi pertsona gosez hil beharrean dituzte, erdia adingabeak"
Antolakuntzatik azpimarratu dute ez dela inongo koordinaziorik edo lankidetzarik saiatuko Israelekin. Zergatik?
Mikelon: Lehenik eta behin, hau emergentzia misioa da, bi milioi pertsona gosez hil beharrean dituzte, erdia adingabeak. Bestalde, ontzidiak ukatu egiten du Israelek inongo eskubiderik duenik Gazan sartu daitekeen laguntzaz erabakiak hartzeko. Ez dugu baimenik eskatuko, ez dugu baimenduko gure kargaren inspekziorik Israelen aldetik, Gazako kideekin ari gara elkarlanean.
Zergatik erabaki du zuetako bakoitzak Askatasunaren Ontzidiarekin itsasoratzera? Zein da kausa palestinarrarekiko zuen pertzepzioa edo harremana?
A.G: Urriaren 7aren aurretik, bi urte direla, Zisjordanian egon nintzen, Nablusen, Jeninen... Urriaz geroztik egiten ari diren genozidioaren beharrik ez daukat ni mugitzeko, han egiten ari direna genozidio geldoa delako aspalditik, maiatzaren 15ean 76 urte beteko dira genozidioa hasi zela [1948ko Nakba edo Hondamendia]. Gazan egoera are larriagoa da, bereziki urriaz geroztik, baina Palestina osoan ari dira berdina egiten. Mendebaldeko gobernu guztien konplizitatearekin, AEB buru, jakina. Herritarrak mobilizatu dira horren aurka, baina ez nahikoa, uste dut egoerak Europa mailako greba orokorra eskatzen zuela, astebetekoa, horrek mugituko luke ezer agian.
P.R: Ni aspalditik ari naiz mugitzen Palestinaren alde. Urteak dira, esaterako, Maccabi saskibaloi taldea Gasteizera etortzen den aldiro ekimenak antolatzen direla. Palestinara bidaiatzeak ez ninduen gehiegi erakartzen pixka bat beldurtia naizelako, baina begira non nagoen orain. Zergatik? Gertatzen ari dena oso injustua, dramatikoa, gordina delako. Bada sentimendu bat, egiten ari garena ez dela nahikoa, ez duela ezer aldatzen. Nik uste dut baietz, denak duela eragina, mobilizatu ez bagina Palestina agian jada existitu ere ez litzateke egingo. Baina badut zer edo zer gehiago egiteko beharra, horregatik erabaki dut joatea.
M: Ikusten duzunean gobernuak ez direla gai Israelen genozidioa gerarazteko, tamaina horretako genozidioa... Ekintza ez-biolentoan sinesten dugunontzat tankera honetako ekimenak egiteko unea da.
"Zuzenean ikusten ari garen basakeriara ohitzeko arriskua dugu"
Askatasunaren Ontzidiaren helburua ez da soilik bere karga Gazara eramatea. Ekintza politikoa eta komunikatiboa ere bada, munduko herritarrak interpelatu nahi dituena. Egin al daiteke ezer ekimenari lotuta Euskal Herritik?
A.G: Nik Palestinarekiko Erantzukizuna plataforman hartzen dut parte. Udaletan mozio bat aurkezten ari gara, instituzioak publikoki Israelekin harremanak apurtuko dituela dioena. Batetik, gauza gutxi da, are gehiago kontutan izanik udaletako askok ez dutela inongo harremanik Israelekin, baina adierazpen formal hutsak ere badu garrantzia. Mozioari gehitu dakioke ontzidiari utzi egin behar zaiola Gazara sartzen, elikagaiak sartu daitezen eta blokeoa amaitzeko.
M: Sortzen diren proposamen guztiak babestu behar dira, ez gaitezen atomizatu beste batzuetan gertatzen zaigun moduan. Ingurune hurbileko jendea mobilizatuta dago, baina beste batzuk ez, eta ez nahikoa irmotasunarekin gauzak mugitzeko.
P.R: Irakeko gerraren garaian mobilizazio asko eta handiak egin ziren, baina orain Palestinarekin ez behar beste. Atxikimendua sortzen duen borroka da, baita ingurune militanteetatik harago ere, gizatasunagatik soilik bada ere. Bestelako kontua da gaurko gizarte kapitalistan nagusi direla jarrera erosoak: "Lotsagarria da, baina ez dugu ezer lortuko, beraz zertarako saiatu", diotenak.
A.G: Arriskua dugu: zuzenean ikusten ari garen basakeriara ohitzea. Hori gertatzekotan, Israelen moduko beste edozein gobernu nazik nahi duen edozer gauza egiteko aukera izango du, ikasiko duelako herritarrak bai, mobilizatzen direla, baina ez nahikoa. Pilik azaldu duen "zertarako mugituko naiz ez badugu ezer lortuko" horri aurka egin behar diogu, ez delako egia, beti lortzen da zer edo zer, beti eragiten dugu.
Gazara doan Adkeniz itsasontziaren irteera eragozteko Israelen ahaleginek beste traba bat jarri dute. Gazako itsas-blokeoa hautsi nahi duen misioaren paturako behin betikoa izan liteke.
Istanbul. Apirilak 25, osteguna.
Zazpigarren eguna Istanbulen. Arazoak bata bestearen atzetik jaso ditugu egun hauetan, eta esan behar dugu ostiralean ezingo dela abiatu Askatasunaren Ontzidia. Irtengo gara, baina ez orain. Presio izugarriak jasaten ari gara. AEBetatik,... [+]
Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.
“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]
Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.