“Bada garaia migrazioaren kezka lehen lerrora ekartzeko”

  • Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu behar zuen aste honetan 'Miñan' liburua Amets Arzallusek, koronabirusak dena estali aurretik; aurkezpenerako data berri baten zain, ALEA-rekin hitz egin du.


2020ko martxoaren 30an - 09:51
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus, 'Miñan' liburuaren aurkezpenean. / Andoni Canellada
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

2018an egin zuten topo Ibrahima Baldek (Konakry, Ginea, 1994) eta Amets Arzallusek (Hendaia, 1983). Anaia txikiaren bila egindako bidaiak ekarri zuen Balde Euskal Herrira, eta Irungo Harrera Sarean boluntario zebilen Arzallus ezagutu zuen. Asilo prozesuan laguntzeko izan zituzten solasaldietatik abiatuta, bien arteko harremanetik sortu dute Miñan, Balderen bizipena oinarri duen liburua.

Zergatik aukeratu zenuen Ibrahima Balderen istorioa? Zerk egiten zuen berezi?

Hasi zitzaidan esaten berak ez zuela Europara etorri nahi, eta horrek logika hautsi zidan, korapilo berezi bat bazuela ohartu nintzen. Baina istorio berezia izateaz gain, nahiz eta denek duten istorio berezia eta zaila dudarik gabe, honek beste ezaugarri bat ere bazuen; ahozko kontakizun berezi bat zuen, logika propio batekin eta halako edertasun arraro batekin. Istorioa eta istorioa kontatzeko modua ere bazituela ikusi nuen.

Nolakoak izan ziren elkarrizketa saio haiek?

Hainbat egin genituen, frantsesez. Gero berrikuspenak, beste detaile batzuk jaso, nik idatzitakoa irakurri berak zuzendu zezan... Joan-etorri eta mugimendu asko ibili genituen elkarrekin.

Paperera bere ahotsa eramatea zen helburua, ezta?

Bai, nik ez nuen filtro lana egin nahi, ez tutore lana; ez nuen erdian azaldu nahi. Eta nahiz eta idazten duenaren eskua gelditzen den, maskara transparente bat jarri nahi nion bera ahalik eta gardenen ikus zedin eta batez ere entzun zedin. Hitz egiteko modu berezia duelako, eta ahozkotasunaren artea ere baduelako; ni ere, bestalde, ahozkotasunak motibatzen nau, nire jardunbidea gehiago delako ahozkotasunaren inguruan, eta ahozko horri leku berezi bat eman nahi nion. Eta, nola ez, Ibrahimak hain jario berezia izanda, paperean entzungo zen ahots bat utzi nahi nuen.

Lanketa handia izan du horrek?

Ordu eta denbora asko izan da. Hasieran transkripzio prozesu bat izan da, horrekin bere ahotsean barneratu eta bere osagai guztiekin idazten hasteko. Eta gero, batez ere, ezabatze lan luze bat izan da. Idazten bezainbat denbora pasatu dut gauzak kentzen, arintzen eta sinplifikatzen. Eta ez da batere erraza, buelta asko eman dizkiozun esaldi bat kentzea kasik behatz bat moztea bezala da, baina ikasi behar izan dut hortan ere.

Zer irizpide edo intuizioren arabera ezabatu duzu?

Intuizioa, batez ere. Eta etxean prozesu osoa segitu eta irakurri duen pertsona bat izan dut, begirada bat izan dut oso ondo zuzendu nauena kentzen edo zerbait luzatzen. Azkenean ia zure haur bat bezalakoa da, eta oso zaila da horri nondik zer moztu aurkitzea.

Ahozkotasun horren adibide, kontakizunean iltzatuta geratzen diren 'taf taf' tiroen moduko onomatopeiak izan daitezke?

Taf taf adibidez berak hala ekarri zuen, bere memorian zegoen hots hori. Iruditzen zitzaidan bazuela indarra, aldi berean beste genero batzuetako puntu bat ematen ziola, eta entzungarri egiten zuela istorioa. Askotan, gauzak esaldi luze batean korapilatu gabe, hizki gutxirekin esanak uzten zituen. Irakurtzen duen pertsonak berak eraikiko du informazio gutxi horien gainean; Ibrahimak hala kontatzen du, oso modu onomatopeikoan eta hotsak entzunez.

Zer irakaspen atera duzu liburua idazteko prozesu guztitik?

Irakaspen bat baino gehiago. Azkenean liburu baten prozesua harreman baten prozesua da, eta nik harreman horretan pila bat ikasi dut. Oso erraza da esaten "nik harreman  orekatu bat nahi dut", baina abiapuntua oso desberdina da; gure egoera, gure ziurtasuna eta migrante baten ziurgabetasuna eta prekarietate totala... Oso abiapuntu desorekatua da, eta hortik berdinetik berdinera parez pare jartzea ez da batere erraza, baina intentzio horrekin abiatu naiz eta ohartu naiz nahi gabe zenbat baldarkeri egiten ditugun harreman horretan: gauza bat galdetzerakoan, baita eskaintzerakoan ere, zenbat kontu eduki behar den ematen diozun lehenengo hitzetik eta azkeneko xentimora arte. Harreman hori oso delikatua da, eta pertsona bat bere duintasunean zaintzeko dena ez da ematea, eskeintzea eta zu babesten jartzea. Pila bat ikasi dut eta erakutsi dit zenbat daukadan ikasteko; baldarkeria asko eginez bidean, ahaleginduz biak begirada altuera berean izan dezagun. Oso prozesu zaila da, baina bide horretan aurrera egiten pila bat erakutsi dit.      

Migranteekiko enpatia faltaren kritika izan daiteke Ousmane mutikoaren inguruan esandakoak: "Denek esaten dute erotuta dagoela. Baina nik ulertzen dut".

Nik mutiko hori ezagutu dut, Irunen gure ondoan zegoen liburuarekin ari ginenean. Ez zen batere erraza pertsona horrenganako hurbilpena, hor zegoen, pixkat bat fosilizatzen ari zen komunikazioa zaila zelako, eta Ibrahimak esplikatu zidanean bera pertsona horrekin nola ahalegintzen ari zen, guretzat ere boluntario bezala eta Irungo Harrera Sarean daudenentzat ikasgai bat ematen zuela pentsatu nuen; eromenaren ertzean dagoen pertsona bat oso zaila da ulertzen gure posiziotik, baina minimoki ahalegina zor dugu eta Ibrahimak bere esperientzia pertsonaletik guk baino askoz gehiago ulertzen zuen, eta guri ere ulertzen zigun. Gure begirada eta posizioarekiko kritika bat edo minimoki lekzio bat zen, eta horregatik jaso nahi izan dut.

Irakurri dio norbaitek liburua Ibrahimari?

Banuen kezka handia berak sinatu behar zuen zerbait zelako, eta jabe izan zedin nahi nuelako. Ibrahimari nik irakurri nion bertsio osoa amaitu nuenean, frantsesez, lerroz lerro. Hainbat egunetan egin genuen, zatika, eta erdiraino iritsi ginenean ikusi nuen berak ez zuela gogorik segitzeko, sufritzen zuela eta gelditzeko esan zidan; nik ere pentsatu nuen liburuaren barne koherentzia ehuneko ehun zaintzea baino kasi inportanteagoa zela momentu hartan bere osasuna eta bere egoera animikoa zaintzea. Erditik aurrera ezin izan genuen ariketa hori egin.

Bada asmorik bere ama hizkuntzan –pularra– argitaratzeko?

Orain liburua eskutan izanda, nire ametsa hori litzateke, egun batean liburu hau pularrez eskutan edukitzea. Ez dakit zenbat bide izango duen, baina aitortuko dizut nire ametsa dela eta espero dut gauzagarria izango dela egun batean.

Zein da Ibrahimaren egoera orain?

Noizbait Euskal Herrira etorri nahi badu ere, Madrilen dago orain. Asiloa ukatu zioten eta egoera irregularrean geratu zen justu liburua atera bezperan. Egoera konplikatuan, aterperik gabe geratu eta bestelako aterpe sare baten beharra izan du. Eta, nahiz eta asiloa ukatu, formakuntza hasia zegoen; mekanikari zegoen eta segitzen du zorionez formakuntza hortan, tailer batean. Ohe bat badu, eta konkretuki orain pixkat izorratua Madrileko egoeragatik. Zoramena da oraintxe koronabirusarekin, Gurutze Gorritik ezin atera, dena blokeatua eta Ibrahima ere izorratua, egia esan.

Itxialdi luzeak ere aipatzen ditu liburuak. Bizi dugun etxealdia erlatibizatzeko...

Beste egoera batzuk ezagutuz eta munduko beste leku batzuetan egoera hau bera zer arrisku mailan bizitzen ari diren ikusita, gurea luxuzko konfinamendu bat izan liteke; ez du kentzen ez denik erraza eta bakoitzak bere egunerokotasuna aurrera ateratzeko komeriak sortzen dituenik. Baina bai, koronabirusa hemen guk edo migrante batek izan Madrilen, Irunen, edo izan Marokon nola eragin diezaiokeen... gu baino askoz ere gehiago izorratuko du honek eta askoz ere gehiago konplikatuko dizkio eguneroko gauzak.

Bada migranteen inguruko istorioak entzuteko behar bat, ezta? Mikel Garcia kazetariak ere duela gutxi argitaratu zuen 'Hasiera berri bat'...

2018tik bereziki. Italiako bidea itxi zuten, eta ia migrazio osoa Andaluziatik sartu eta Euskal Herria zeharkatu zuen; Irunen sarea horrela osatu zen. Kalean gure begien aurrean ikusten hasi ginen lehen ziurrenik bazena baina ikusten ez genuena. Sentsibilitatea eta kontzientzia ere pixka bat begien aurrean azaltzen zaizunean, beste era batera ikusten duzu zure ondoan eseria dagoen hori. Orain, koronabirusak ez baldin baditu beste kezka guztiak airean eramaten, nik uste dut kezka hau lehen lerroan jartzeko momentua dela, aski krisi larria delako, iraunkorra; Mediterraneoan zehar gertatzen dena ezin da jasan.

Literatura da hori gerturatzeko modu aproposa?

Literaturak hori azaltzeko modu bat ematen du. Bere arriskuak ditu eta bere aukerak. Nik oso modu errealistan kontatzeko erabakia eta ahalegina egin dut, bere kontakizuna oinarri, baina fikzioa ere izan daiteke beste baten begien atzetik jartzeko aukera. Literatura eta beste euskarri guztien beharra izango da migrazioak duen korapiloa eta guk dugun ardura hori bistaratzeko.

Hasieratik izan zenuen buruan liburu formatua?

Komiki bat izan zitekeela pentsatu nuen hasieran, eta marrazkilari bila ere ibili nintzen. Azkenean erabaki nuen nik neuk egin nezakeen zerbait egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Desertuan hil arren, ez ziren zenbakiak, izena zuten: Fati eta Marie

Zalaparta sortu du Libia eta Tunisiako mugako basamortuan hilik ikus zitezkeen ama alaba batzuen argazkiak. Migratzaileak zenbaki gisa tratatu arren, Fati eta Marie izena zuten pertsonak ziren.


2023-07-18 | Gedar
Frontexen aurrekontua %12.000 baino gehiago igo da azken hamazazpi urteetan

2005. urtean 6,5 milioi euroko aurrekontua zuen Mugen eta Kosten Europako agentziak. 2022. urtean, berriz, 750 milioi eurotik gora jaso zituen erakunde publikoetatik. Migratzaileen kanporaketak gauzatzera bideratutako diru-partidak %480 handitu dira azken bi urteetan.


Eguneraketa berriak daude