Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan

  • Ustelkeriak eta batzuen pribilegioak mantentzeak jendarte venezuelarra ahultzen dute barrutik eta sektore iraultzaileen etsipena areagotzen dute. Venezuelan ustelkeria endemikoa da. Hedabideetan erakusten diguten kaleko inseguritatea bezala (benetakoa dena), ustelkeria ez zen Chávezekin heldu. Are gehiago, komandantearekin ustelkeria jaitsi zen asko gobernu mailan, nahiz eta guztiz ez desagertu. Kontu honetan ere, astuna zen IV Errepublikaren herentzia, Estatu aparatu erraldoiaren bazter guztietan, baita harreman sozialetan ere, hedatuta zegoena.

Arto‐irina paketatzea, Barinas estatuko kooperatiba batean. Produktu hau oinarrizkoa da venezuelarren dietan.

2020ko urtarrilaren 15ean - 10:37

Egoera okertzen denean, benetako beharra dagoenean, pikarokeria naturaltasun gehiagorekin azaleratzen da, gehiengoaren onespenarekin edo, behintzat, gaitsezpenik gabe. Alemaniar ideologia idazkian, Marx-ek eta Engels-ek adierazi zuten sozialismoak ekoizpen-indarraren garapen handia behar duela, garapen hori gabe gabezia orokortuko zelako eta, pobreziarekin, ezinbestekoagatiko borroka hasiko zen berriz, aurreko zikinkeriara bueltatuz.

Besteak beste, petrolioaren prezioaren jaitsierak, estrategia ekonomiko argi baten faltak, barne akatsak eta, bereziki, inperialismoaren gerra hibridoak ekonomia venezuelarra egoera larri batera eraman dute, venezuelar gehienen eguneroko bizitza kolpatzen duena. Testuinguru horretan, praktika batzuk areagotu dira. Hala ere, ezberdindu behar da oinarrizko produktuak lortzeko pertsona askok, haien ideologiatik haratago, praktika irregular batzuk erabiltzea (resolver) eta negozioa egiteko besteen beharrez aprobetxatzea. Eta azken mota honetan kokatu behar da bachaqueo-a, populaziora bideratutako produktuak bereganatzea, bidean atzematea, hartzaile berari edo kanpoko populazio bati askoz prezio handiagotan saltzeko. Bachaqueo-a ez da berria baina azken urteetako krisi ekonomikoarekin hazi da asko eta benetako minbizi bilakatu da.

Bachaqueo-a, auzokideei produktuak lapurtzeaz gain, Estatuari lapurreta da ere. Izan ere, sektore guztiek eskuratu ahal izateko Estatuak diruz lagundutako produktu horiek askoz garestiago saltzen dituzte bachaquero-ek, etekin handi bat lortuz Estatuaren kontura eta populazioa horniduraz gabetzearen kontura.

Bachaqueo-ren adibide argienak CLAP-en (Comités Locales de Abastecimiento y Producción) kutxak dira, non auzoetaraino heltzen den banaketa-katearen puntu ilunetan produktuak desagertzen diren. Produktu horiek ager daitezke gero kaleetako postuetan salmenta librean edo Kolonbiako herrietan (beti askoz prezio handiagotan). Disfuntzio hau latza da, sabela begiraz gain, populazio orokorraren eta, bereziki, prozesu eraldatzailearekin lerrokatuta daudenen adorean. Gogorra egiten da ikustea 23 de enero auzora CLAPen bidez esne-hautsa ez dela heltzen eta, handik kale gutxietara, Catia auzoan, CLAP-eko esne-hautsa kalean prezio librean saltzen dela. CLAPeko produktuez gain, dendetan saltzen diren elikagaien eta beste oinarrizko produktuen (higieneari lotutakoak adibidez) prezioak oso altuak dira. Batzuek badakite nola probestu eskaintza-eskarien legeaz, herriaren pairamenaren kontura bada ere.

Herriaren oinarrizko beharretan oinarrituta, farmakoak ezin ziren libratu praktika honetaz. Izan ere, bachaqueo-aren beste lehentasunezko jomuga dira. Kasu honetan, gainera, farmaziek ere erantzukizun handia izan dute, askok produktuekin espekulatu baitute, urritasuna egon ala ez egon. Farmako eta beste produktu batzuk farmaziako biltegietan gorde eta apaletara gutxika atera, urritasuna irudikatuz eta prezioak igoz, praktika ohikoa izan da. Eta apal huts horien irudiez gainezkatu gaituzte hedabide masiboetatik Venezuelan zein gaizki dauden azaltzeko...

Baina, janari eta sendagaiz gain, praktika maltzur honetan diru gehien mugitzen duen produktua erregaia da. Gasolina Venezuelan ia dohainik da baina Kolonbian dolar batean edo gehiagotan saltzen da litroa, negozio biribila bihurtuz. Muga zeharkatzeko bideak anitzak dira, mendian zeharreko bideak (trochas), errepide asfaltatu arruntak (gaur egun batzuk itxita eta gainontzekoak askoz kontrolatuago) baita kostaldeko itsasbideak ere, motordun txalupen bidez. Mafia-egiturak aberasteaz gain, badaude familia asko kontrabando praktika hauetaz bizi direnak. Batzuek “kontrabando langileak” terminoa erabiltzen dute, praktika hori normaltzat hartuz.

Elikagaien ekoizpena handitzea gakoa da bachaqueoren efektuak ahultzeko. Hazitegia El maizal komunan (Lara‐Portuguesa estatuak).

Gobernuak eta Estatuaren egiturak ezagutzen dituzte ondo bachaqueo praktikak, baina arazoari aurre egitea ez da batere erraza. Gobernuak inspektoreak dauzka elikagaien edota farmakoen prezioak aztertzeko saltokietara doazenak, edo garraio publikoan bidaiariei biletea zenbat kostatu zaien galdetzeko igotzen direnak. Honek espekulazioa oztopatu du, baina ez du inolaz ere arazoa konpondu. Erregaien kasuan, Kolonbiatik gertu dauden zonaldeetan, eros daitekeen bolumena mugatua dago auto bakoitzerako, kotxea muga zeharkatu, tanga ustu eta betetzera bueltatzea ekiditeko. Neurri honen irudi grafikoena Barinas eta Apure estatuetako gasolindegietako kotxe ilarak dira.

Prezioak eta kontsumo-ondasunen kantitateak kontrolatzea baino zailagoa da bachaqueo katean eroskeriak jasotzen dituztenak kontrolatzen saiatzea. Izan ere, hainbat poliziak eta militarrek (eta ez bakarrik errepideko kontrol ugarietan daudenek) onartzen dute dirua salgaia pasatzen uzteagatik. Kasu batzuetan, trafiko-talde kriminal antolatuak tartean daudenean, diru eskaintza hutsetik mehatxu zuzenetara hel daiteke, agentearen kontra edo bere senitartekoen kontra. Diru eskaintzak lortzen ez duena heriotz-mehatxuak lor dezake. Herri sektoreetatik, praktika hauek prozesua nabari ahultzen dutela kontziente izanda, praktika mafioso hauekin guztiekin bukatzeko jarrera irmoa izatea eskatzen zaio gobernuari. Ez da erraza, hala ere, Venezuelako herria eta ekonomia kolpatzen dituen izurri honekin bukatzea. Ez da erraza jakitea ere zein puntutaraino Gobernua bera ezindua dagoen Estatuaren egitura polizial eta militarretan piezak mugitzeko.

Edozein kasutan, eta beste Estatuekiko mugetatik urrun, Caracasen bertan adibidez, ez litzateke hain zaila izan behar kontrolatzea zer ateratzen den,  katearen puntu bakoitzetik zer pasatzen den eta auzo, kale eta familia bakoitzera zer heltzen den. Teorian behintzat, zeren eta praktikan, ustelkeria kulturarekin batera, kaosaren kultura nahiko erratua dago Venezuelan (Latinoamerikan venezuelarrena soilik ez bada ere). Venezuelarrek bideratzen dakiten kaos zertxobait surrealista, hain zuzen ere.

Praktika hauek guztiak era hain irekian irauteak urritasun-arazoak areagotzen dituzte, baina agian efektu kaltegarriena prozesuaren eta gobernuaren beraren sinesgarritasunean dago. Izan ere, chavista asko ari dira prozesua defendatzen, lan egiten, eskasiari eusten eta, aldi berean, ikusten ari dira nola beste batzuk aberasten diren halako praktikekin eta inpunitate osoz. Diskurtso iraultzaileen artean, chavismoaren izenean eraso inperialistari aurre egiteko eta ez errenditzeko mezuak entzuten direnean, gobernutik kontrol- eta zigor-neurri eraginkorragoak ez hartzeak higadura sozial handia ekartzen dio prozesuari. Kide iraultzaile batek esaten zuenez, “gure akatsen gainean zamalkatzen ari dira”, kapitalistek eta inperioak barne ahulezi eta akats hauetaz aprobetxatzen ari direla irudikatuz. Batzuek negozioa egiteaz gain, bachaqueo-ak beste funtzio horiek dauzka: herriaren sufrimendua eta desmoralizazioa areagotu, eta prozesuarekiko atxikimendua ahuldu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


2024-09-16 | ARGIA
Bi euskal herritar atxilo Venezuelan, Maduroren aurkako “ekintza terroristak” egotzita

Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du Espainiako Inteligentzia Zerbitzuekin zerikusirik zutenik. Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugan atxiki zituzten, baita atzerritar gehiago ere. Haien familiek esan dute turismoa egiten ari zirela.


EAJk PP, Vox eta UPNrekin bozkatu du Espainiak Edmundo González Venezuelako presidentetzat onartu dezan

PP, Vox, EAJ, UPN eta Coalición Canariako ordezkarien 177 aldeko botorekin onartu du ebazpena Espainiako Kongresuak, gobernuari eskatzen diona oposizioko buru Edmundo González presidente gisa onartu dezala. EAJk gobernua sustengatzen duen gehiengoarekin apurtu du... [+]


Espainiara ihes egin du Venezuelako oposizioko buru Gonzálezek, eta gobernuak asiloa emango dio

Igandean heldu da Edmundo González Urrutia Madrilera, Espainiako Armadako hegazkin batean. Venezuelako Gobernuak adierazi du gertatua “bi gobernuen arteko akordioaren” ondorioa dela. Espainiako Gobernuak azpimarratu du Gonzálezek egin duela asilo... [+]


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Nicolás Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak

Maduroren hautagaitzak botoen %51,2 eskuratu du, eta %44,2 oposizioko hautagai nagusi Edmundo Gonzálezek, Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako datuen arabera. Oposizioak iruzurra salatu du, eta chavismoak emaitzak errespetatzera deitu du. Madurok jarraian... [+]


Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
“Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean”

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
“Ez dugu irla bat izan nahi”

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


2022-05-05 | Gedar
Gose greba bertan behera utzi behar izan du Asier Guridi iheslari politikoak

Asteazkena zuen baraualdiaren 36. eguna, baina azaldu duenez, erietxean artatu behar izan dute. Gose greba eten arren, bere nortasun juridikoa lortzeko borrokan jarraituko duela dio.


2022-04-20 | ARGIA
Asier Guridik 22 egun daramatza gose greban, nortasun juridikoa eskatzeko

Martxoaren 29an abiatu zuen gose greba Asier Guridi Zaloña errefuxiatu politikoak Caracaseko (Venezuela) Espainiako Kontsulatuaren aurrean, nortasun juridikoa eskatzeko. Espainiako Estatuak ez dio nortasuna aitortu eta oinarrizko eskubideetara sarbidea murriztua dauka... [+]


Eguneraketa berriak daude