“Autonomiaren aldeko apustua egiteagatik gaude Daniel Ortegaren jomugan”

  • Ignacio Ellacuría saria jasotzeak Estatu-errepresioaren aurkako borrokari eusteko indarra eta egungo eskubide urraketen berri emateko aukera eman dio Nikaraguako Artikulazio Feministari. 155 preso politikok tortura-baldintzak bizi dituztela salatu dute, baita erbesteratutako militanteen egoera latza ere.

Geni Gómez eta Allison Belli. June Fernandez.

2021eko azaroaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 2024-07-17 16:54

2018ko apirilean, Daniel Ortegaren gobernuak errepresio bortitza agindu zuen mugimendu sozialen protestak geldiarazteko. Hiru hilabete iraun zuen matxinadan, 326 lagunen erailketa dokumentatu zuen Giza Eskubideen Nikaraguako Zentroak. Baina Estatuaren bortxa ez zen 2018an hasi, ezta bukatu ere. Mugimendu feminista autonomoa izan da, Ortega boterera itzuli zenetik, haren autoritarismoa, politika neoliberala, diskurtso kontserbadorea, zein eskubide urraketak irmoen salatu dituena. Kaleetan zalaparta egitera, eta plazera zein umorea militantziaren erdigunean jartzera ohituta zeuden elkarteek klandestinitatean funtzionatu behar dute egun. Kide asko eta asko atzerrian bizi dira. Allison Belli eta Geni Gómez ezin dira Nikaraguara itzuli, militantzia politikoa kartzelarekin zigortua jarraitzen duen bitartean.

Zer ekarpen egin dio sari honek zuen borrokari?

Allison Belli: Emakumeen eskubideen defentsan hamarkadetako borrokaren aitortza da. Aukera ematen digu, halaber, Nikaraguan gaur egun gertatzen ari diren giza eskubideen urraketaz eta preso politikoen egoeraz hitz egiteko. Salaketan aktiboki parte hartzera gonbidatu nahi dugu euskal jendartea.

Geni Gómez: Babes morala eman digu. Azken etapa hau oso frustragarria izaten ari da, izan ere, une batzuetan irteera gertu zegoela zirudielako, baina errepresioari etengabeko buelta berriak eman dizkio Gobernuak. Gero eta kide gutxiago geratzen zaizkigu Nikaraguan. Horregatik, “zuekin gaude” mezua bidaltzen duen keinu orok, itxaropenari eusten laguntzen du. Gainera, saria jasotzeak errebeldia puntu bat dauka, Rosario Murillo presidenteordeak dekretu bidez agindu duelako Gobernuari baimena eskatu behar zaiola sari oro jasotzeko. Amorrua eman die Sergio Ramirezek [idazlea] nazioarteko sariak jaso dituenean, ikasleen erailketak salatu dituela diskurtsoan. Noski ez dugula baimenik eskatuko.

Ignacio Ellacuría saria urriaren 26an jaso zenuten. Data esanguratsua dela nabarmendu duzue.

Gómez: 2006ko urriaren 26an abortu terapeutikoaren figura indargabetu zuten, Zigor Kodean XIX. mendearen amaieratik existitzen zena. Parlamentuan ordezkaritza zuten alderdi guztien arteko akordioa izan zen, baina Fronte Sandinistak gidatu zuen, zazpi egun geroago hauteskundeak irabaztea ahalbidetu zion itunaren giltzarria izan zelako. Horren truke, PLCak [Alderdi Liberal Kontserbadorea, orduan boterean zegoena] bigarren itzulirik gabe irabazteko eskatzen zen botoen ehunekoa jaitsi zuen, eta eliza ebanjelikoek zein katolikoak FSLNri betoa kendu zioten. Emakumeen bizitza eta eskubideak trukerako txanpon izan ziren. Estrategia bat baino ez zela argudiatu zuten, baina hurrengo urtean Zigor Kodearen erreformaren bidez abortua erabat debekatu zuten, salbuespenik gabe.

Belli: Emakumeen eskubideen kontrako atzerapauso ziklo baten hasiera izan zen. 2008an, Murillok mugimendu feminista difamatzeko kanpaina sustatu zuen eta Rositaren kasuan (abortatzeko premia zuen ume haurdun bat) lagundu zuten bederatzi feminista kriminalizatu zituen. Orduan hasi zen feministok CIAko agenteak garela esaten, baita familia suntsitu nahi dugula eta Nikaraguako emakumearen irudia kaltetzen dugula. Halaber, mugimendu feministak jasotzen duen garapenerako lankidetzaren finantziazioa kontrolatzen saiatu zen, eta emakumeen mugimendu paralelo bat sortzen, baina ez zuen lortu.

Mugimendu feminista izan da Ortega eta Murilloren autoritarismoa salatzen lehena.

Gómez: Mugimendu sozial guztiak kontrolatzen saiatu da Frontea, emakumeen mugimendua izan ezik, Iraultzaren amaieran bere autonomia eraikitzearen aldeko apustua egin zuelako. 1998an, Zoilamerikak (Narvaez, Rosario Murilloren alaba) Daniel Ortega sexu-abusuengatik salatu zuenean, gure babesa jaso zuen. Geroztik gaude Ortega eta Murilloren jomugan. Azken urteotan, mugimendu autonomo gehiago agertu dira: nekazariena (Gobernuak Txinako enpresa ezezagun bati ozeano arteko kanal bat eraikitzeko lizentzia eman ziolako); ikasleen babesa izan duten pentsiodunena, eta ingurumenaren defentsan dabiltzan gazteena. 2018ko apirilean sektore horien protestetan, Frontearen aldeko talde armatu eta motorizatuak hasi ziren manifestariak tirokatzen. Lehenengo hildakoen berri izatean, herrialde osoa altxatu zen.

EH Feministak antolatutako solasaldi feminista Bilbon urriaren 27an. Argazkia: Nika elkartea.

Estatuaren errepresioaren kontrako lelo batek zera dio, Ortega eta Somoza gauza bera direla. CIAren agenteak izatea leporatu die erregimenak Iraultza sandinistan parte hartu zuten feministei.

Gómez: Nikaraguako jendea beti matxinatu da diktaduren kontra. Gaurko feminismoak Iraultzan ditu sustraiak, herrialdea goitik behera aldatzeko aukera eman zuelako, eta sektore guztietako emakumeen antolakuntza ahalbidetu zuelako. Gogorra da gure borroka Estatu Batuek finantzatzen dutela entzutea.

Belli: Ezin dugu ezkertiartzat jo ustelkeria sustatzen duen gobernua, emakumeen gorputzarekin negoziatzen duena, lurraldea atzerriko enpresei eman diona, indigenak hiltzen ari dena. Halaber, Ortegaren neurri neoliberalak, enpresa-sektorearekin akordioak eta borroka sindikalaren desaktibazioa salatu ditugu. Antolatutako mugimenduez gain, 2018an mugimendu espontaneo bat atera zen kalera, gazteak hiltzen ari zirela gaitzesteko, askok hor marra gorria antzeman zutelako.

Badago Estatu Batuen esku-hartzea eskatzen duen sektorerik, Kubako auzian bezala?

Belli: Ez dut uste. Nazioarteko presioa eskatzen dugu, nikaraguarrok krisia modu baketsuan konpon dezagun eta gizateriaren aurkako krimenetan parte hartzen duten funtzionarioak zigortuak izan daitezen. Hauteskunde prozesu gardena bermatzea eskatu genion gobernuari 2018ko elkarrizketa mahai nazionalean, eta ez du bete. Estatu Batuek Nikaraguan begiak jarrita dituztela? Ez dut zalantzarik. Baina, gerra eta gatazka armatuez jositako gure historiagatik, hain zuzen ere, inork ez du eskatzen kasko urdinak sartzea.

[Hauteskundeak baino lehen egindako elkarrizketa da] Azaroaren 7an hauteskundeak egingo dira, baina oposizioko hautagaitza bateratuaren buruak preso daude.

Gómez: Garrantzitsua da hauteskunde hauen emaitza inork ez onartzea, Gobernua legitimitaterik gabe gera dadin. Lankidetza-funtsetarako sarbidea ixtea presio-neurri itzela izango litzateke. Aurreko hauteskundeak zalantzagarriak izan ziren, Hauteskunde Batzordea kontrolpean duelako Fronteak eta alderdi politikoak legez kanpo utzi dituelako. Ortega eta Murillok botere osoa duten arren, beldur dira, badakitelako egun herritarren gehiengoak gorroto dituela. Ondorioz, pasa den maiatzean, lidergo politiko, ekonomiko edo soziala duten berrogei pertsona atxilotu zituzten, tartean zazpi hautagai (beste bi erbesteratu ziren). Hala, mezu bat bidali digute: itzal handiko pertsonak espetxean badaude, edonori gerta dakioke.

Belli: Iraultzako pertsona ospetsuak ere espetxeratu dituzte, Dora María Téllez kasu.

Gómez: Baita Hugo Torres ere. Bera izan zen Somozako diktaduran Daniel Ortega askatzea lortu zuen komandoaren burua!

Tortura-baldintzak salatu dituzue.

Gómez: Legez kanpo atxilotu dituzte, gauean etxetik atera eta arpilatzeak egin dituzte. Inork ez du jakin laurogeita hamar egunez non zeuden; hortaz, teknikoki, behartutako desagertze egoeran egon dira. Oraindik ezin izan dute abokatuekin elkarrizketa pribaturik izan. Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren adierazpen batek senideen lehen bisita-baimena bultzatu zuen, eta bertan egiaztatu zuten asko argaldu direla, ezin dutela lorik egin (batzuk argia piztuta lo egin behar dute eta beste batzuk ilunpean ematen dute eguna), ez dutela irakurtzeko edo idazteko materialik, ezta beroki eta oheko arroparik ere. Hori guztia tortura da, xedea haien osasun fisiko eta emozionala haustea delako.

Belli: Artikulazio Feministako kide den Tamara Dávila isolamendu ziegan sartu dute, osasuna kaltetua dauka eta psikologikoki hausteko etengabeko galdetegiak egin dizkiote; horietan errepikatu diote ama gaiztoa dela eta familiak bizkarra eman diola.

Zein da mugimendu feministaren egungo egoera?

Gómez: Adierazpen askatasunera, mobilizatzera eta topaketak antolatzera ohituta geunden; orain klandestinitatean ibili behar dugu. 2018ko amaieran Gobernuak hainbat erakunderen nortasun juridikoa indargabetu zuen. Azkenak [pasa den abuztuan] Matagalpako eta Jalapako emakumeen elkarteak izan dira. Gainera, Gobernuak atzerriko agenteen lege bat asmatu du: nazioarteko lankidetzaren funtsak jasotzen dituenak erregistro batean izena eman behar du, eta parte-hartze politikorako eskubidea galduko du. Erakunde feministok ez dugu halakorik egingo. Edonola ere, ez dugu martiriak izan nahi; horregatik, babes- eta autozaintza-estrategiak lehenetsi ditugu.

Eta komunikabideen egoera?

Gómez: Prentsaren aurkako erasoa izugarria da. Komunikabide kritikoenen instalazioak hartu zituzten, haien ekipoak lapurtu eta kazetariak espetxeratu. La Prensa egunkaria itxi zuenetik, ez dago paperezko hedabiderik; guztiek online funtzionatzen dute orain. Kazetari gazteek martxan jarritako hedabide digital berriak ere agertu dira: batzuek erbestetik egiten dute lan, eta beste batzuek han jarraitzen dute, izugarrizko ausardia eta zailtasunekin.

Ellacuría saria baliatu duzue berriro ere Euskal Herriko alderdi politikoei babesa eskatzeko. Zer erantzun jaso duzue?

Gómez: Frustrazio handiz bizi dugu askoz errazagoa dugula eskuineko alderdien babesa lortzea, ezkerrekoena baino. Oso gogorra izan da Iraultza sandinista idealizatua duen eta egungo errealitatea ezagutzen ez duen jendearekin topo egitea. Ez omen dakite FLSN ezkerreko politikarik gabeko kofradia familiarra bihurtu dela, erretorika antiinperialista diskurtso familiarista, kontserbadore eta sasi-erlijiosoarekin nahasten duena. Joera hori oso kaltegarria da gurean; izan ere, matxinadaren protagonista izan diren gazteek errepresioarekin lotzen dute ezkerra, eta kanpoko babesarekin eskuma. Uste horrek oposizioan pentsamendu kontserbadorea indartu du. Erronka da guretzat, feministok etengabe kuestionatuak izan garelako oposizioaren baitan. Edonola ere, kontraesanak kontraesan, giza eskubideen aldeko batasuna lehenetsi behar dugu. Feministontzat “demokrazia” ez da soilik bozkatzea, baina horren esangura kalean borrokatu nahi dugu, bizitza arriskuan jarri gabe.

Belli: Nikaraguako auzia babesten duten euskal feministek saiakera asko egin dituzte EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesa lortzeko, baina isiltasuna izan da nagusi. EH Bilduren barruan bloke indartsu bat dago, gaiari buruz hitz egiteari ere uko egiten diona eta adierazpen instituzionalak blokeatu dituena. Pribatuan Nikaraguakoa astakeria dela esan digutenok ez dira ausartu jendaurrean hitz egitera. Unidas Podemosen kasuan, Ezker Batuak presioa egiten du diktadura publikoki babesten duelako.

Zein da erbesteratuen egoera Euskal Herrian?

Gómez: Benetan latza. Nazioarteko babesa eskatu dutenetatik, oso gutxiri eman diete asiloa, oztopoz eta tratu txarrez jositako sistema igaro ondoren. Horiek lan-baimena dute, baina zaila dute kalitatezko enplegua aurkitzea, haien lan-esperientzia ez baita aitortzen. Estatus hori lortu ez duen gehiengoak, bestalde, egoitza-baimenik gabe bizi behar du, pandemiak are gehiago larritu duen egoera prekarioan. Eskerrak aurretik iritsi den Nikaraguako komunitatearen elkartasuna aurkitu duten.

Belli: Atzerritartasun Legearen erruz, emakume gehienak etxeko eta zaintza lanetan dabiltza, esplotazio-baldintzetan, ordutegi jasangaitzekin eta arrazakeria pairatzen. Erbesteratutako emakume batek esaten zigun ez duela aktibismoa egiteko astirik, akituta ateratzen delako lanetik.

Bertoko mugimendu feministaren babesa jaso al duzue?

Belli: Nikaraguarekin harremana duten feministena orobat bat; gehienak adinekoak. Aldiz, feminista gazte gehienek ez dute inolako loturarik gure herriarekin eta, hortaz, ez gaude haien lehentasunen artean. Espainian mugimendu feministaren barruan aurrez aurreko erasoak pairatu ditugu, Alderdi Komunistako militanteen aldetik.

Gómez: Laurogeiko hamarkadan, Nikaraguako feminismoa erreferentea zen Espainian. Ni Madrilen sortua naiz eta 1989an joan nintzen Nikaraguara Landa Langileen Elkarteko emakume brigada batekin; bi urte geroago han geratu nintzen bizitzen. Orain mugimendu feminista izugarri hazi da Espainian, eta askoz gehiago kostatzen da konektatzea. Pozten gaitu Argentinan abortua despenalizatzeko borrokak hemen lortu duen atxikimendua, baina horrek gure borroka babestera ere animatu beharko luke, Nikaraguan abortua erabat zigortuta baitago. Baina ez dugu atxikimendu hori lortu.

Nikaraguako feminismotik zer botatzen duzue faltan?

Gómez: Kalera irtetea, oihu egitea. Matagalpako batukada feminista. Orain isilik daudela jakitea oso gogorra egiten zait.

Belli: Baita kabaret antzerki feminista ere. Sormen handikoa da gure feminismoa, plazer handia, algarak eta lagun zoragarriak eman dizkigu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nikaragua
2021-11-08 | Leire Artola Arin
Daniel Ortegak bozken %75 lortu du Nikaraguan lehen emaitzen arabera

Nikaraguako egungo presidenteak bosgarren agintaldia izango du, FSLN bere alderdiak lortu baitu babes handiena momentuz. Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera, %64eko parte hartzea egon da. Hedabide batzuek zabaldu dute hauteslekuak hutsik egon direla.


2021-10-27 | ARGIA
2021eko Ignacio Ellacuría saria, Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Apirileko Amen Elkartearentzat

Nikaraguan emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan egiten duten jardunagatik saritu dituzte.


Sei buruzagi indigena hil eta hamar bahitu dituzte Nikaraguan

Nikaragua iparraldeko Mayagna Sauni As komunitateak sei buruzagi indigenen hilketa eta hamarren bahiketa salatu zuen urtarrilaren amaileran. Komunitateko gainontzeko biztanleek alde egin behar izan dute, erasotzaileek –80 pertsona armatutik gora, komunitateak azaldu... [+]


2019-08-07 | Z. Oleaga
Hego eta Ertamerika disputan

Aurreko mendeko ziklo neoliberala atzean utzita, Abya Yalako edo Hego eta Ertamerikako politikaren grabitate zentroa ezkerrean egon da 2000. urtetik. Mugimendu eta protesta herritar eraginkorrak, kontinente mailako aliantza berriak, gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak herrialde... [+]


Geni Gómez López, Nikaraguako ekintzaile feminista
“Gure borrokan sinisten dutenek babesa eskaini beharko ligukete, ez garaile aterako garenaren bermea eskatu”

Madrilen jaioa da Geni Gómez López, baina 90eko hamarkadan Nikaraguara jo eta han eman ditu 27 urte. Ekintzaile feminista, Articulación Feminista de Nicaragua (Nikaraguako Artikulazio Feminista) eta Red de Mujeres de Matagalpa (Matagalpako Emakumeen Sarea)... [+]


“Nikaraguako borrokaren lidertzan emakume asko daude”

Tantaka eta lerroburuka heltzen dira, Euskal Herrira, Nikaraguan azken hilabeteotan gertatzen ari direnak. Herri-matxinada baketsua defendatzen dute batzuek, eta estatu kolpea egotzi, besteek, eta gatazkaren hiru bertsio daude gutxienez, mahai gainean: Daniel Ortegaren eta... [+]


2018-05-16 | June Fernández
Iraultza

Poztu ninduen Madrilen Nikaraguarekiko elkartasun ekitaldi bat antolatu zutela jakiteak. Bilbon egindako lehenengo elkarretaratzean, nire neskalaguna eta biok izan ezik, Moyua plazara hurbildutako guztiak Nikaraguako etorkinak ziren. Ekitaldi horretan abestu behar zuen musikari... [+]


2018-04-24 | Miren Osa Galdona
Nikaraguako Gobernuak atzera bota du gizarte segurantzaren erreforma, protestetan 30 hildako egon ostean

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak elkarrizketarako deia egin dio oposizioari gizarte segurantzaren erreforma bertan behera utzi berritan. Joan den asteazkenetik 30 manifestari hil ditu poliziak eta ugariak izan dira denden arpilatzeak. Manifestariek kalean jarraitu dute.


Askapena
30 urte mugaz gaindi eragiten

Askapena erakunde internazionalistak hiru hamarkada daroatza Euskal Herriaren eta munduko herrien artean elkartasun zubiak eraikitzen. Ezin uka, aldaketa ugari dakartela 30 udaberrik; are gehiago, borrokan murgildurik dauden lurraldeez edo herri zapalduez mintzo bagara. Horretaz... [+]


2016-11-07 | Ainhoa Bretos
Ortega izango da berriz ere Nikaraguako presidente, zenbatutako lehen botoen arabera

Bozken %71,3 eskuratu du Daniel Ortegak, mahaien %66,3 zenbatuta. Maximino Rodríguez izan da bigarrena, eta José del Carmen Alvarado hirugarren. Presidenteordea, Asanblea Nazionala eta Erdialdeko Amerikako Parlamentuko ordezkariak ere hautatu dituzte herritarrek.


Nikaraguako kanal berriaren aurka milaka pertsona atera dira kalera

10.000 lagunetik gora atera dira kalera larunbatean Nikaraguako Juigalpa hirian, gobernuak egin nahi duen kanalaren aurka protesta egiteko. 44 mila milioi euroko kostua izango duen makro proiektuak beren lurretatik bota nahi dituela salatu dute.


Ozeanoarteko kanala egiteko obrak hasi dira Nikaraguan

Atlantikoa eta Ozeano Barea lotuko dituen kanala egiteko obrak hasi dira Nikaraguan. Kritikak eta zalantzak sortu ditu proiektuak, kanala fenomeno meteorologikoek kaltetutako gune batean egin nahi dutelako.


Eguneraketa berriak daude