“Instituzioak asko okertuko dira Martxoak 3 elkartearen eta Memoria Gararen gainetik pasatzen saiatzen badira”

  • Otsaila hilabete garrantzitsua izan da Gasteizko Martxoak 3aren Memoriaguneari begira. Hiru urteko prozesuaren ondoren, hilaren 14ean sinatu zuen Martxoak 3 elkarteak hitzarmena Gogora institutuarekin. Egun bat beranduago, Martxoak 3 Memoriagunea fundazioaren sorrera argazkia egin zuten Gasteizko Apezpikutzak, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Erakunde horiekin batera osatuko dute fundazioaren patronatua Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara herri ekimenak . Prozesu luzea eta oso korapilatsua ari da izaten, elkarteak hainbat aldiz salatu du instituzioen jarrera. Hemendik aurrerako bidea ere ez du ematen errazagoa izango denik, Martxoak 3 elkarteko kide Nerea Martínez Aranburuzabalaren hitzei erreparatuta. 1976Ko martxoak 3ko sarraskiaren 48. urteurrena heltzear dagoela hitz egin du ARGIAk Martínezekin.

Gogora institutuko eta Martxoak 3 elkarteko ordezkariak hitzarmena sinatzen, otsailaren 14an. Eskuinean Nerea Martinez Aranburuzabala. Argazkia: Irekia.

2024ko otsailaren 26an - 05:46

Sinatu duzue hitzarmena eta sortu da fundazioa, azkenik. Laburtuko al dizkiguzu azken hiru urtetan gertatutakoak?

2021ean, ustekabean, Apezpikutza, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza komunikabideetan agertu ziren 1976ko sarraskiaren eliza Memoriagunea bilakatuko zela iragarriz. Herri eragileek askoz aurretik aldarrikatutako proiektua zen hori; besteak beste, Memoria Gara ekimena 2018an jaio zen helburu horrekin, eta Martxoak 3 elkartetik bat egin genuen egitasmoarekin. Hasiera batean, erakundeek ezinezkoa zela zioten, eta gero, euren kabuz iragarri zuten.

Abiapuntu horrekin, oso urte zailak izan dira guretzat. Oso gaizki tratatuak sentitu gara. Baina proiektuaren garrantzia lehenetsi dugu, jakinik erakundeek ezinezkoa dutela proiektua gauzatzea ez badaude bermatuta gure aholkularitza, partaidetza eraginkorra eta oniritzia. Sinatu berri dugun lankidetza hitzarmena hori guztia bermatzeko tresna izan daitekeela uste dugu.

"Gasteizko sarraskiaren salaketa bizirik mantendu duten herri adierazpenen espazioa eraiki behar dugu"

Orain Memoriagunea bera eraikitzeko garaia hasten da. Zeintzuk epe dituzue aurreikusita? Hedabide batzuetan esan dute 2026ko Martxoaren 3an ireki ditzakeela ateak, 50 urtemugan.

Azken hiru urtetan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak (Beatriz Artolazabal eta Nerea Melgosa sailburuak, Rodriguez Ranz sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria) korapilatu dira 2026ko data hori komunikabideetan emanez eta gero euren artean zuzentzen. Guretzat irekiera data baino askoz garrantzitsuagoa da metodologia bat adostea, eta koordinazio argi bat egotea Martxoak 3 elkartearekin. Egutegi amankomun bat osatzea ez legoke gaizki, guk baditugu etxerako lanak eginda eta plangintza bat aurkeztuko diegu. Askotan alderantzizko munduan bizi garela ematen du: erakundeak presaka eta inprobisatzen, epe motzeko titularren bila; eta herri eragileak, aldiz, prozesua lan protokolo adostu batean oinarritu behar dela eskatzen.

Elkarteak eta Memoria Gara herri ekimenak lan handia egin duzue Memoriagunea zer izan beharko litzatekeen hausnartzen, besteak beste munduko beste herrialde batzuetako memoriaguneak aztertu dituzue. Zein da zuen proiektua?

Asko dira munduan zehar azken urtetan ezagutu eta aztertu ditugun proiektuak. Oso erreferentzia interesgarriak hartu ditugu Irlanda, Portugal, Txile, Argentina, Uruguai edota Hegoafrikan jadanik martxan dauden memoriaguneetatik. Atera dugun ondoriorik inportanteena honakoa da: memoria egungo erronkekin lotu behar da. Hau da, espazio dinamiko bat sortu behar dugu, gure memoria bizirik dagoelako hainbat borroketan, Gasteizko martxoaren 3ak askotariko problematikak barnebiltzen dituelako (langileon borroka, migrazioa, antifaxismoa, feminismoa…).

Ezin dugu ahaztu 1976ko gertakariak azaltzeaz gain, ia 50 urtetako herri ibilbide bat ere azaldu beharra dagoela: espainiar inpunitate ereduaren aurkakoa eta garai ezberdinetako aldarrikapenak lagundutakoa. Gure proiektua ardatz horietan oinarritzen da, Gasteizko sarraskiaren salaketa bizirik mantendu duten herri adierazpenen espazioa eraiki behar dugu. Memoriaren bidez atzera begiratu ordez, etorkizun hobe bat eraikitzeko kontzientziazio faktoria izan beharko litzateke Memoriagunea.

"Baztertu gaituzte hainbat erabakietan, errespetu falta ugari egon dira. Hala eta guztiz ere, prozesuan jarraitzea erabaki dugu"

Fundazioaren patronatuan ordezkatuta egongo zarete Gasteizko Apezpikutza, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Martxoak 3 elkartea eta Memoria Gara. Ez du ematen erraza instituzio horiek guztiek bat etortzea elkarteak eta Memoria Garak nahi duzuenarekin, eta urteotako ibilbidea ez da egokiena izan aldeen arteko konfiantza sendotzeko. Baina fundazioa errealitate bat da jada: nola irudikatzen duzue hemendik aurrerako bidea?

Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Fundazio baten bidez kudeatuko zela Memoriagunea eta horren osaketan Apezpikutzaren presentzia inposatu ziguten. Baztertu gaituzte hainbat erabakietan, errespetu falta ugari egon dira. Hala eta guztiz ere, prozesuan jarraitzea erabaki dugu. Erakundeek hartutako erabaki horien gainetik, Martxoak 3 elkartea ezinbestekoa da proiektua bideragarria izateko. Aholkularitza eraginkorra egiteko prest gaude, baina prozesuaren oinarria herri memoria izan behar da. Ezin dena egin da, azkena etorri, eta beti hor egon denari eragiteko ahalmena ukatu. Zer eta nola kontatu adostu beharko dugu, marra gorririk gabe. Baina momentuz inportanteagoa iruditzen zaigu lan metodologia amankomun bat izatea. Hori ez dagoen bitartean desadostasunak leuntzea oso zaila da.

"Martxoak 3 elkartearen kezketako bat elizan dauden sarraskiaren aztarnak babestea"

Nola hartuko dira erabakiak patronatuan?

Hamasei ordezkari ditu patronatuak (Eusko Jaurlaritzak 3, Arabako Foru Aldundiak 3, Gasteizko Udalak 3, Apezpikutzak 3, Martxoak 3 elkarteak 2 eta Memoria Garak 2). Hau da, egungo egoera instituzionalaren arabera PNV-PSOEko 9 kargu publiko daude eta apezpikutzak biktimen elkarteak baino ordezkari gehiago ditu. Indar korrelazio horrek ez du bat egiten, inondik inora, azken hamarkadetan martxoaren 3ko memoria bizirik mantendu duen errealitatearekin. Aritmetika horrekin erakundeen gehiengoak kudeaketa eredua, diseinua eta edukiak inposatzeko aukera du. Baina asko okertuko lirateke Martxoak 3 elkartearen eta Memoria Gararen gainetik arrabola pasatzen saiatuko balira, gu gabe proiektua ez baita bideragarria.

Gasteizko Apezpikutza, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udalaren ordezkariak, tartean ahaldun nagusia eta Gasteizko alkatea, Martxoak 3 Memoriagunea fundazioaren eskriturak sinatzen. Argazkia: Irekia.

Komunikabideen bidez jakin berri dugu Gogora Institutuak eskatutako txosten baten arabera elizak egiturazko arazo larriak dituela, eraikinaren “kolapsoa” eragin dezaketenak. Konponketak 1,2 miliotan neurtu dituzte. Arriskuan jarri dezake proiektua edo bere epeak?

Gogorak txosten hori 2021ean eskatu zuen, horren berri eman ziguten bere momentuan. Hala ere, ordutik ez da interbentziorik egin egiturazko kontu horiek konpontzeko, nahiz eta Gogorak aurrekontuetan proiektuan gastatzeko 250.000 eurotako partida izan, 2022an zein 2023an. Iaz, EH Bilduk finantzazio gehiago lortu zuen Madrilen, 600.000 euro, baina Eusko Jaurlaritzak ez du diru hori erabili. Egiturazko arazoak konpontzea beharrezko da, baina horretaz gain, Martxoak 3 elkartearen kezketako bat elizan dauden sarraskiaren aztarnak babestea da. Eraikina inguratzen duen arbelezko teilatuan dauden bala markak, baita beirateetan daudenak ere, katalogatu, babestu eta mantendu behar dira, estatu krimenaren frogak direlako. Elizan egingo den birmoldaketan, kontuan hartu beharreko aztarnak dira.

Marka horiek identifikatzen eta zaintzen dituen azterketa topografikoaz gain, garrantzitsua da 1976an zegoen lubakian esku-hartze arkeologiko bat egitea. Lubakiak eraikina inguratzen zuen eta metro erdiko sakonera zuen. Gerora estali zen espazio horretan, baliteke hilketaren egunean eroritako kristalak, bala-zorroak eta era guztietako objektuak lurperatuta geratu izana. Epeak baino, askoz garrantzitsuagoa da gure ekarpen horiek jasotzen dituen plangintza bat egotea.

"Gure omenaldirik onena gaur eta hemen justizia sozialaren alde borrokatzen jarraitzea da"

Martxoaren 3a ate joka dugu berriro ere, aurtengoa 48. urteurrena izango da. Zeintzuk ideia edo aldarrikapen izango dira aurten nagusiak elkartearen aldetik?

Aurten 25 urte betetzen ditu gure elkarteak. 1999an antolatu ginen egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak aldarrikatzeko. Horrek ez du esan nahi sarraskiaren salaketa gurekin hasi zenik. Lehenengo egunetik Gasteizko herriak 1976ko martxoaren 3ko estatu krimena salatu du. Errepresio, kriminalizazio, ahaztura ofizial eta zailtasun guztien gainetik, azken hamarkadetan beti hor egon direnak omendu nahi ditugu aurten. Bestalde, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuen deialdira batuko da elkartea. Guretzat memoria egitea egungo langileon borrokekin bat egitea delako. Beti esaten dugun bezala, gure omenaldirik onena gaur eta hemen justizia sozialaren alde borrokatzen jarraitzea delako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Martxoaren 3ko Memoriaren Gunerako lorturiko 600.000 euroak erabili gabe gera litezke

Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza birmoldatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hitzartutako diru-partida ez du erabiliko Eusko Jaurlaritzak, ez delako eraikinaren "jabe ezta onuradun ere". Hala, Martxoaren 3ko Memoriaren Gunearen proiektuak aurten ere... [+]


“Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten, eta min egiten zidatela esaterakoan are gehiago estutu zituzten”

Unai Isasi Azkarraga (Amurrio, 1998) gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostiralean Gasteizen; 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioaren testuinguruan. Atxiloketaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.


Milaka manifestari eta bi atxilotu Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrenean

Urtero legez milaka lagun batu zen ostiralean Gasteizko kaleetan, 1976ko Martxoaren 3an hildako langileak oroitu, bizi-baldintzen okertzea salatu eta langile borroka aldarrikatzeko. Kalez jantzitako polizia ugariek tentsioak sortu zituzten, eta bi gazte atxilotu.


Martxoak 3 elkarteak ohartarazi du adi egongo dela, erakundeek oroimen zentrorako hitzartutakoa bete dezaten

Martxoak 3 Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren bermea lortu du, erakunde publikoek biktimekin duela bi urte adostutako hitzarmena betetzeko. “Ustekabeko aldaketak” eta “seriotasun falta” salatu ditu hala ere, eta hemendik aurrera adi egongo dela ohartarazi du... [+]


2023-01-18 | ARGIA
Martxoaren 3ko Memorialean 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmena bete dadila eskatu dute

Erakundeek aurkeztu duten Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren estatutu proposamenari lau zuzenketa aurkeztu dizkiote Memoria Gara egitasmoak eta Martxoak 3 Elkarteak.


Martxoaren 3ko Memoria Zentroa: murrizketak, atzerapenak eta “bete gabeko promesak”

Memoria Gara elkarteak kezka adierazi du, 1976ko Martxoaren 3ko biktimak gogoratu eta memoria zentro bat sortzeko egitasmoa "izoztuta" duelako Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak, bere esanetan.


Martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko batzorde baten eraketa atzera bota dute PSOE, PP, Vox eta Ciudadanosek

ERC eta EH Bilduk egindako proposamena atzera bota du Bozeramaileen Batzordeak. PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos ikerketa batzorde bat sortzearen aurka agertu dira. Martxoak 3 elkarteak hipokrita izatea leporatu dio PSOEri, sarraskiaren 76. urteurreneko ekitaldietan hildakoen... [+]


2022-03-16 | ARGIA
Martxoaren 3ko gertakariak ikertuko dituen batzordea sortzeko aukera, Espainiako Kongresuko mahai gainean

EH Bildu eta ERC alderdiek Espainiako Kongresura eraman dute 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ikerketuko dituen ikerketa batzordea sortzeko eskakizuna, eta onartu egin da. Bozeramaileen Batzordeari dagokio orain erabakia eztabaidatzea eta bozkatzea.


Eguneraketa berriak daude