Linton Kwesi Johnson –LKJ laburduraz ere ezaguna– artista eta ekintzaile jamaikarraren poesiak euskarara itzuli eta liburu batean bildu ditu Pantx Records kolektiboak. Askatasuna kontu serioa da (Pantx Liburuak, DDT Liburuak, 2021) du izenburu poesia antologiak, eta abenduan ikusi du argia. Poemak euskaratzen aritu den Beñat Gabiña Ñekorekin egon gara hizketan, liburuaz gehixeago jakin asmoz.
Urtebete igaro da Bilboko Martzana kaian Pantx Records kolektiboarekin bildu ginenetik, beren proiektua azaldu eta esku artean zeuzkaten hamaika egitasmoen berri eman ziezaguten. Jamaikar kulturatik eta zehazki reggae musikatik edaten duen kolektiboaren lan lerro nagusia musikarena izanik ere –badituzte musika zigilua, azpi-zigilua, grabaketa estudioa, backing-band-a eta disko jartzaile taldea–, proiektuak bestelako ardatzik ere baduela azaldu ziguten; kolektiboaren egitasmo orok oinarri politikoa duen arren, aldarri politikoak kalera eramateaz arduratzen den lan-lerro bat antzeman daiteke beren jardunean –hortxe kokatuko genuke Mundialito Mixto Antiarrazista futbol txapelketa–, eta horretaz gain bide berriak urratzen hasteko asmotan zirela ere aurreratu ziguten iaz izandako solasaldian: argitaletxearena, hain zuzen ere.
Esan eta egin, urtebeteren bueltan kalean da Pantx Liburuak-en lehen argitalpena: Askatasuna kontu serioa da, Linton Kwesi Johnson “LKJ” (Chapleton, Jamaika, 1952) idazle, musikari eta ekintzailearen poesia antologia –“ia bere poema guztiak daude itzulita, sei edo zazpi kenduta”–. Emaitza esku artean erabili dugu, eta bistan da su-motelean eta mimoz ondutako lanaren emaitza dela: 163 orriz osatutako liburuak baditu zenbait detaile –LKJren estiloa eta idazkera errespetatuz egindako itzulpena, testua osagarritzen duten ilustrazioak, edota liburua zabaltzeko eta ixteko tipula-paperaren gardentasuna baliatu izana–, eta horien emaitza da estetikoki zein eduki aldetik zaindua den lana. Orri artean barneratzen den irakurleak LKJren poeta ibilbidea jarraitu ahalko du zortzi ataletan –Lehenengo poemak, Ikara taupada eta odola, Garaipenaren armada, Bass culture, Historia idazten, Gauzak eta denborak, Denbora gehiago eta Poema hautatuak–.
"Orain dela bi urte hasi ginen LKJrekin harremanetan jartzeko saiakerak egiten, eta bi urte beranduago lortu dugu haren baietza. Pozik gaude azkenen lortu dugulako proiektua aurrera ateratzea"
LKJren poesia antologia euskaratuak argia ikustea lortu arte, ez dute izerdi gutxi bota Pantxeko kideek. Duela urtebete izandako solasaldian jakinarazi zigutenez, liburuaren edukia prest zeukaten dagoeneko, baina orri sorta tiraderan gordeta eduki beharrean ikusi dira, argitalpen eskubideak lortzeko zailtasunak medio. “Denbora asko eman dugu erantzunik jaso gabe. Orain dela bi urte hasi ginen LKJrekin harremanetan jartzeko saiakerak egiten, eta bi urte beranduago lortu dugu haren baietza. Pozik gaude azkenen lortu dugulako proiektua aurrera ateratzea”, azaldu digu liburua euskaratu duen Beñat Gabiña Ñekok. Zentzu horretan, LKJrekin kontaktua egiteko literatura arloko PEN (Poets, Essayists and Novelists) elkarteko Euskal Herriko eta Ingalaterrako kideek zein Fermin Muguruzak eskainitako laguntza eskertu nahi izan du. Azken horrek, liburuaren hitzaurrea ere idatzi du.
Lana argitara ematea lortu izanagatik kontent badaude ere, hori ez da kontua itxitzat emateko motibo. Pantxekoen joan-etorriak jarraitu dituena ohartuko zenez, proiektu bat beste batekin lotuz etengabe sortzen dihardu reggaezale koadrilak. Bada, LKJrekin berdin. Harekin komunikazio-bidea zabalduta, are egingarriagoa iruditzen zaie orain aspalditik buruan buelta dabilkien beste gurarietako bat: berarekin elkarlanean zerbait egitea. Adi, beraz, jende honen eskutik etorkizunean etor daitekeenari.
Artista jamaikarren artetik Linton Kwesi Johnson hautatu izanaren arrazoiez galdegitean, urte dezente egin du atzera Gabiñak, hamalau urte zitueneko Gabonetara. Gurasoek Negu Gorriak-en ibilbideari itxiera emango zion Salam Agur diskoa oparitu zioten, eta haren bitartez egingo zuen topo lehenbizikoz LKJren izenarekin, artista jamaikarraren Reggae Fi Peach abestiaren bertsioa baitzekarren: Reggae Peachentzat. Liburuaren hitzaurrean dioenez, “hori izan zen LKJrekin izan nuen lehen kontaktua eta esan dezaket liburu honen abiapuntu bihurtu zela”.
LKJren lehenbiziko erreferentzia hartatik denbora igaroko zen, ordea, berriz haren izenarekin eta lanarekin topo egin arte. Orain urte parea Bilbo Reggae Skins kolektiboak musika jamaikarrari buruzko fanzine ilustratua egin zuen eta zeinbat artista jamaikar bildu zituen bertan, horiek irlako soinuaren bilakaeran izandako eragina hizpide. Lan haren euskarazko bertsioaz ardura zedin eskatu zioten Gabiñari, eta horretan zebilela egin zuen topo ostera ere LKJrekin. Fanzineak zekarren informazioak ahalbidetu zion haren biziaz eta ibilbideaz gehiago jakitea; are eta gehiago ezagutu, orduan eta jakin-min handiagoa pizten zion jamaikarrak. “Musikari eta idazle gisa, eta bere hitz egiteko moduagatik, liluratu egin ninduen. Hortik sortu zitzaidan bere hitzek eta poemek zer esaten zuten jakiteko beharrizan pertsonala, eta gutxika-gutxika poemak itzultzen hasi nitzen”. Azaldu digunez, segidan ernatu zitzaion lan hori kolektibo bilakatzeko ideia, eta kideei proposatu zien LKJren poesia euskarara itzultzea. “Andorekin [Fernández Azkarai] hitz egin nuen aurrena; berak egin zituen aipatutako fanzineko ilustrazioak, eta asko gustatu zitzaizkidanez, LKJren poesia antologiarekin antzerako zerbait egitea proposatu nion. Berehala eman zidan baiezkoa, eta martxan jarri ginen”.
Kontzientzia politikodun pertsona izatea, eta kontzientzia hori poemen bidez adierazi izana ere izan da LKJ euskaratzeko arrazoi pisutsu. Hala dio Gabiñak: “Eguzkiarekin, palmondoekin, lotu ohi da reggae musika eta rastafari mugimendua, baina berez bada kultura errebelde bat ere: inperialismoaren kontrakoa, panafrikanismoaren defendatzailea, eta kapitalismoaren kontrakoa ere bai, azken finean badelako kritika bat bestelako mundu bat lortzeko saiakeran. Hala ere, badu halako kutsu erlijioso bat, baina LKJ hortik aldentzen da. Nahiz eta rastafarismoaren erreferentziak izan –bere poesian eta hiztegian antzeman daiteke hori–, bera sozialista da, bera ideia politikoak sozialistak dira”.
Linton Kwesi Johnson Jamaikan jaio zen, baina 1963an, hamaika urte zituela, Ingalaterrara lekualdatuko zen haren familia. Aurrerakoan, Londreseko Brixton auzoa izango zuen bizileku. Oso gazterik piztu zitzaion politikarekiko interesa, eskola garaian batu baitzen Ingalaterrako Pantera Beltzen mugimendura; ordurako hasia zen poesia politikarekin uztartzen, mugimenduaren baitan poesia tailerrak antolatzen aritu baitzen. Bere poemak eduki politikoz josiak daude, eta liburuaren hitzaurrean azaltzen denez sarri errepikatzen diren gaiak dira “arraza eta klase batasuna, faxismoaren mehatxua, poliziaren bortizkeria, klase zaurgarrien alienazioa, sozialismoa, injustizia, askatasuna…”. Poesiaren gainean zuen ulerkerari dagokio karga politiko hori, ziurrenik. Hark esana baita ondokoa: “Idaztea ekintza politikoa da eta poesia arma kulturala da”.
"Rastafarismoak badu halako kutsu erlijioso bat, baina LKJ hortik aldentzen da. Nahiz eta rastafarismoaren erreferentziak izan –bere poesian eta hiztegian antzeman daiteke hori–, bera sozialista da, bera ideia politikoak sozialistak dira"
Bere artista ibilbidean literatura eta musika, reggaea eta poesia, uztartzen hasi zen Dub Poetry-aren bidez, eta idatzitako poemak musikatzeari ekin zion. Hargatik, Askatasuna kontu serioa da antologia kronologikoki antolatu dute, diskoen argitalpen-daten arabera. Hori bai, Gabiñak aitortu duenez “presentzia gehiago dauka gaztea zeneko etapak, musikalki eta hitzei dagokienez, niri gehien gustatzen zaizkidan poemak etapa horretakoak baitira”.
2002. urtean Penguin Books argitaletxearen Penguin Modern Classics sailean argitaratu zuten lehen poeta beltza bilakatu zen. eta 2020an PEN Pinter saria eman zioten adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik.
“Zer esan nahi duzun garrantzitsua bada, nola esan nahi duzun askoz ere garrantzitsuagoa da”, dio Gabiñak LKJ-k zerabilen hizkuntzari erreferentzia eginez. Izan ere, ingeles estandarra ordez Jamaikako kreolera –jamaikera, jamaican english edota patois ere deitua–zerabilen olerkiak idazterakoan, “Afrikatik Jamaikara bahituta eramandako esklabuen erresistentziaren testigu dena”. Hizkuntzaren erabilera hori hautu politiko bati dagokiola ulertzen du Gabiñak, inperialismoari jarritako erresistentziaren adierazlea. Hori horrela, LKJren lana euskarara itzultzea esanguraz jositako ekintza begitantzen zaio. Antologiaren itzulpen zaharrak ba omen dira italieraz eta alemanieraz, baina ez gazteleraz eta frantsesez, adibidez. “Euskarara itzuliz, guk eman nahi genion zentzu bat bere poesiari”. “Antologia euskaraz publikatzea erresistentzia eta borroka keinu bat da”, irakur diezaiokegu hitzaurrean.
Askatasuna kontu serioa da jende askoren artean aurrera ateratako proiektua dela azpimarratu nahi izan du Gabiñak. “Orain ni ari naiz aurpegia ematen, baina proiektu honen atzean jende asko egon da, eta hainbat pertsonaren laguntza jaso dugu”. Ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan liburua argitaratzen lagundu duen DDT Banaketak banatzaile eta argitaletxe alternatiboa, Ando Fernández Azkarai ilustratzailea, edota Maria Traspaderne Vitoria maketatzailea. Izen horiek zerrenda luzearen hasiera besterik ez dira. Liburuaren bidez, Gabiñak ondoko esker hitzak eskaini dizkie guztiei: “Garai honetan, neoliberalismoak aldarrikatzen duen indibidualismoari aurre eginez, adiskidetasunaren, elkartasunaren eta maitasunaren balioa eta garrantzia berriro ere agerian utzi duzue”.
Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]
Neguko naretasun hotz eta lur etzearen ostean etor daitekeenaren promes izaten da udaberria, eta hainbatek eta hainbatetan idatzi izan diote lora dadin deika. Promesak promes, ordea: ez da inoiz udaberri ziurrik galbidean den lurrean. Ez behintzat aldaketaz edo, zehazki,... [+]
Maiatzaren 22an, Edu Zelaietak eszenaratze berezia eman dio Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela, 2024) bere azken poema liburuaren aurkezpenari. Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan izan da, Arabako hiriburuko Poetak Maiatzan poesia-jaialdiaren baitan.
Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.
Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]
Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.
Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]
Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]
1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]
Gidor Bilbao EHUko ikerlariak Grenobleko liburutegian Cobla Berriae liburuaren ale bat topatu du, eta Baionako liburutegikoak baino lau orri gehiago ditu. Bertan daude orain arte ezagutzen ez genituen ahapaldi eta poema berriak.
Ez dut gogoan nori entzun nion hilaren amaierara poesia idazten baino ezin dela iritsi, baldin eta poesia ez bada hilabete amaierara iristeko zure modua. Poesia, zorionez edo zoritxarrez, sistema literarioaren eta industria kulturalaren periferian egon da beti. Nolanahi ere,... [+]
Arkitektura eta poesia uztartu zituen Joan Margaritek. Zenbaitzuek bi diziplinen arteko loturaz galdetzen zioten, bi jardun horiek bateratzea ezohikoa zelakoan. Halakoetan, bi alorrek antzekotasun handiak zituztela erantzuten zuen berak; izan ere, Margariten ustez, egitura... [+]