Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan. Bazirudien République plazako kontzentrazioak bilduko zituela egonezin eta gurari horiek, mugimendu indartsu bati (edo batzuei!) bide emanez. Baina Nuit Deboutak ireki duen aukera handia izanik ere eta batere gutxietsi gabe, mugimenduak gizartean eta Frantziako politikan izan duen eragina txikiagoa izan da "plazako mugimenduek" beste aldi batzuetan izan dutena baino. Horretaz galdegin diot lagun bati, Républiqueko egunerokoan buru-belarri aritu dena, eta hauxe erantzun dit: "Agian kanpaleku bat falta izan zitzaigun".
Oharra: Nuit Debout hasi eta bukatu zen arte, poliziak ez zuen sekula kanpatzen utzi. Gauero husten zuen plaza eta goizero itzultzen zen jendea mugimenduaren azpiegitura ahulak altxatzera (jatekoa, irrati eta telebista, eta abar), ahalegin titanikoan (zehazki, Sisifo titanarenean). Baina inoiz ez zen kanpamenturik eraiki, bai egin zen bezala Cairoko Tahrir plazan, Madrilgo Sol-en edo New Yorkeko Zuccotti Parkean. Lagun honen erantzuna ez zen azalpen objektibo eta osoa, lagunarteko elkarrizketan atera zitzaion, eta gehiago zen zer pentsa emateko botatakoa. Zergatik izan zitekeen kanpamendurik eza ahuldade? Aurkakoa pentsatzea zatekeen arruntena: lur zati bati gogor lotuta ez egoteak, mugimendua malguago egiten zuen, arin eta dinamiko, eta mugitu zitekeen, beste leku batzuetara iritsi, eta abar.
Lagun honek Pablo du izena eta "neoliberalismoak erbesteratu" dituen horietakoa da, bizitzera eta lan egitera estatutik joan behar izan duena. Baina M15-aren garaian Madrilen zebilen eta elkarrekin bizi izan genuen Sol plazako esperientzia. Nuit Debouten kanpalekurik egon ez izanaren aipamena keinu moduko bat zen, beste azalpenik gabe ulertu behar nuen, esperientzia bera partekatu genuelako. Kanpamendu eza ez zen soilik (eta agian ez zen nagusiki) kanpatzeko denda multzo baten falta, edo biziraupenerako logistikarik ez izatea, kanpamendu ezak "bereiztea" esan nahi zuen. Hitza eta ekintza bereiztea, hitza eta mundu ukigarriak bereiztea. Nuit Debouteko asanbladetan, hitzak eta diskurtsoak partekatzen zituzten, giroa pil-pilean zela, baina egunak joan ahala asanbladaren dinamika gero eta errepikakorragoa egin zen, bere buruaz mintzo zen, eta makalduz joan zen, egiteko zerbaitekin lotura handirik izan gabe.
Zertaz ari garen hobe ulertzeko, proposatzen dizuet une batez M15ak hartutako Sol plazara jotzea (hori da lehen eskutik ezagutzen dudana, baina ez ninduke batere harrituko nire analisiek burura ekarriko balizkizute beste plaza batzuetan gertatutakoak). Bidaia hasiko dut baieztapen honekin: plaza hartan baziren ekintzen eta jardueren bi dimentsio (gutxienez), bata zen asanblada eta bestea kanpalekua. Has gaitezen asanbladatik.
Asanblada orokorrak oso momentu bereziak ziren Solen. Ezinezkoa da han gertatzen zena gogoratzea, emozioz gainezka ez bada. Gutxitan ikusi da elkar ezagutzen ez zuen hainbeste jende elkarri entzuten, hainbesteko arretaz eta trebeziaz. Milaka pertsonak hartzen zuten parte, batez ere, arratsaldeko edo gaueko asanbladan. Erabateko zeremonia ziren: erritual zehatz batek antolatzen zuen hitzaren eta denboren banaketa, ondorioak nola atera eta erabakiak nola hartu, kontsentsuaren dinamika eta keinuen sinbologia. Asanblada haietan bizipen erabakigarriak izan genituen: entzutea eta pentsamendu kolektiboa sortzea (Nuit Debouten aldiz, asanblada gehiago zen diskurtso-bakarrizketen kate bat); hitza edonori irekia izatea; berezko hiztegi partekatu bat sortu eta zabaltzea (inklusibotasuna, errespetua, eta abar); asko izan eta elkarrekin egoteak zekarren indarra sentitzea; eguneroko lanei ikusgarritasuna ematea eta lan horiek banatzea hainbat batzorde eta lan talderen bidez...
Baina, asanbladek balio al zuten berez balio behar luketen horretarako, alegia, plaza antolatzeko eta mugimendua bideratzeko? Ezetz esango nuke. Asanbladak bere buruari ematen zionean (gorputz baten) burmuin izateko funtzioa, blokeatu egiten zen eta baldar bihurtu. Hiru alor hauetan, gutxienez:
Asanbladek ez zutela plaza antolatzeko balio esango nuke: batetik, kontsentsurako zailtasunengatik, bigarrenik, hegemonia lortzeko borroka sustatzen zutelako eta hirugarrenik, hitza zeregin zehatzetatik hurruntzen zelako
Batetik, kontsentsurako zailtasuna: ezezko boto bakarrak (eskuekin egina) atzera botatzen zuen edozein proposamen. Planteamendu denak entzuten ziren, ñabardura denak idazten ziren, baina ortzi-muga nahiko ezinezkoa (eta segur aski ez desiragarria) zen: ahobatekotasuna. Gerturatu ezin diren oinarrizko ezberdintasunek existituko ez balute bezala; edo pazientziaren, entzutearen eta negoziazioaren bidez ezadostasun guztiak posizio bakarrean urtu balitezke bezala.
Bigarrenik, boterea zentralizatzeko gune nagusi bat egoteak sustatzen zuen (edo sortu, zuzenean) hegemonia lortzeko borroka, nahiz eta plazan bizi genuen ohiz kanpoko kooperazio giroak borroka baretzen zuen. Erabakitzeko ahalmena puntu bakarrean kontzentratzeak eszenategi txar bat sortzen zuen; lehia eszenategi bat hauen artekoa: erabaki bat inposatu nahi zutenak, beste erabaki bat inposatu nahi zutenak, prozesuaren gardentasuna bermatu nahi zutenak...
Hirugarrenik, hitzak joera zuen zeregin zehatzetatik urruntzeko. Adibidez, batek bozka eman zezakeen aukera baten alde, erabaki horrek zekartzan ondorioen kargu egin gabe. Hau arazo nabarmena izan zen amaierako asanbladetan, kanpamendua altxatzea (elkarbizitza arazo handiak zeuden ordurako) eta mugimendua auzoetara deszentralizatzea planteatu zenean. Bazen horren aurka bozka ematen zuenik, baina ez zen horren ondorioen arduradun egiten eta etxera joaten zen lotara. Hitza errazegi deslotzen zen zeregin zehatzetik.
Neure buruari galdetzen diot ez ote dugun politikaren irudi "greziarregia". Zer esan nahi dudan?
Hannah Arendt-ek bere gizakiaren izaerari buruzko liburu ezagunean azaltzen duenez, greziarrentzat, asanblada da "gizon libreek" ("gizon" hitza nabarmendu dezagun) erabakiak hartzen zituzten lekua. Zein dira gizon libreak? Beharretik libre daudenak, alegia, bizitza materiala bermatua dutenak: lurrak dituztenak, esklaboak edo emakumeak dituztenak, denbora librea dutenak.
Hor ezberdintzen ditu Arendt-ek "ekintza" eta "laborea". Laboreak dira biziraupenerako (jan, edan, lo egin) beharrezkoak diren aktibitate produktiboak (amaigabeak). Laborearen denbora ziklikoa da, errepikakorra, eta gizakiak espezie gisa dituen beharren denboren araberakoa. Bere espazioa eremu pribatua da (etxea, oikos), egunerokotasuna kudeatzen den eremua, politikatik baztertutako izakien eremua (emakumeak, esklaboak, eta abar).
Ekintza, aldiz, politikaren adierazpena da. Bere denbora gertaeraren denbora da, berritasunaren denbora, ez errepikapenarena. Bere espazioa espazio publikoa da, gizon libreek erabakiak hartzen dituzten hori. Asanblada "askatasunaren antzerkia" da, agertzen den tokia, "argi publikoa"-ren lekua, juxtu etxeko espazioaren alderantzira, non "ezerk ez duen erakustea merezi" (ez dagoelako ekintzarik, ez bereizgarritasunik, homogeneotasuna soilik, errepikapena, espeziea).
Asanblada "gizon libreen" espazioa da: libreak bere gorputzetik independenteak direlako eta bizitza ukigarriari eusten dioten gorputzetatik independenteak direlako. Politikari buruzko greziarren irudikapenak ezberdintzen ditu publikoa dena (ikustea merezi duena: ekintzak eta hitzak) eta pribatua dena (itzalean geratu behar duena: bizitzaren eguneroko kudeaketa). Askatasunaren halako ideia bat ere badakar, askatasuna bailitzan izateko behar diren baldintza materialetatik abstrakzioa egiteko boterea. Logos-a (hitza, hitz arrazionala) eta mundu ukigarria bereiztea, alegia.
Goazen berriz ere Solera. Plazaren beste dimentsioa kanpamendua da. Sol ez zen protesta eta aldarrikapen gune hutsa. Ez zen, ezta ere, hitza hartu eta trukatzeko gune hutsa. Bizitza partekatzen zen gunea ere bazen. Ezaugarri hori da M15-a Espainiako aurreko kaleko protesta mugimenduetatik bereizten duena: Irakeko esku-hartzearen aurkako mobilizazioak 2003an; Alderdi Popularraren Espainiako egoitza guztien aurrean biltzeko M13ren deialdia "egia" exijituz Atochako atentatuen egiletzaren inguruan; etxebizitzaren mugimendua 2006an espekulazioaren kontra edo "Sinde" gisa ezaguna den deskargen aurkako legearen kontrako mugimendua 2009an. M15eko kanpamenduek funtsezko "plus" bat gehitzen diote zerrenda horretako ekintzen errepertorioari: kalea hartzetik plaza sortzera igaro ginen.
M15ak (Espainiako plaza guztietan) hiri txikiak sortu zituen hiri handien bihotzean, beren komun, elikadura, erizaintza, liburutegi, baratze eta gainerakoekin. Tahrir plazaz genekiena nolabait imitatuz, bizitzeko eta inklusiboak diren espazioak ireki ziren, zeinetan edonor zegoen gonbidatua parte hartzera, kolaboratzera, pasatzera. Inklusibotasun hau, ardatza dena M15ean, zuzenki lotua dago kanpamenduaren dimentsioarekin: hor aktibatzen eta biltzen dira denen jakintzak eta gaitasunak (zer dakizu egiten, zer ekarpen egin dezakezu).
Solen loratu zen bizitzeko modu anitzekiko zaintza (adibidez, haurtzaindegia jarri zen martxan, jendea umeekin joan ahal izateko) eta bizitzaren modu anitzak (lo egin, jan, ikasi, elkartu, komunikatu, antolatu, edo besterik gabe, egon). Eskatzen den demokraziak ("demokrazia erreala orain" oihukatzean) plaza hauen antolaketaren antza du dagoeneko: parekidea, aktiboa, kooperatiboa, pertsonen neurrikoa. Hau da M15en "koska etikoa": gauzen egoerari erronka jotzen dio, bizitza hobe bat irudikatuz momentuan eta adibide praktikoekin. Kontua ez da "beste mundu bat posible da" aldarrikatzea soilik, baizik eta orain eta hemen eraikitzea.
Eta nola funtzionatzen du kanpamenduak? Egun batean, azpiegitura lantaldekoekin hizketan ari ginela, zera esan ziguten: "kalera egokitzen goaz beti, behar den horretara". Esaldi horrek ongi biltzen du kanpamenduaren funtzionatzeko modua.
Kanpamendua antolatzen da hiri txiki hori eratzen doan bitartean sortzen diren unean uneko beharretatik. Egiten den bitartean pentsatzen da egiten denaz, eta egiten den horretatik. Ez dago planik aurrez. Lekuan lekuko ahalegin mordo bat koordinatzen dira (azpiegituren lantaldea, haurtzaindegia, pentsamendu taldea, eta abar). Ez dago antolaketarako erdigunerik. Eta artikulatzen doaz hainbat jakintza, inplikazio modu, erreminta eta era guztietako baliabideak (mikro-asanbladak, lan taldeak, batzordeak, lantalde informalak, ahoz ahokoa, mugikorrak, Internet, harreman estuak, sartu eta atera egiten den jendearen arteko harreman ahulak...). Hitzak eta diskurtsoak soilik ez dute balio.
Funtsean, kanpamenduak asanbladaz oso bestelako logika eta sentsibilitatearekin funtzionatzen du. Beste egiteko modu bat proposatzen digu, beste iruditegi politiko bat. Hiru apunte baino ez, gai honi buruz:
Batetik, erabakiak ez dira momentu zehatz batean hartzen, etengabe, egunerokotasunean eta modu deszentralizatuan baizik. Ez du eskatzen aho-bateko kontsentsuetako homogeneotasunik posizioen artean, partekatzen dugun hori puntuz puntu josten doa (halako talde, halako komisio, halako behar, halako arazo). Bigarrenik, pentsamendua arazo zehatz eta ukigarriei lotzen zaie, sortzen doan mundua produzitu eta birproduzitzerakoan agertu diren arazoei.
Are gehiago: arazo zehatz eta ukigarri horiek dira gogoeta eta sormena bultzatzen eta elikatzen dituztenak. Ez dira baztertzen, ez doaz parentesi artean. Ez da bereizketarik jartzen publiko eta pribatuaren artean, edo ekintzaren eta laboreen artean, baizik, laborea politizatu egiten da. Azkenik, ez da soilik sustatzen hitza, baizik eta gorputzen zaintza, ohituren arreta, teknologiekiko kezka, logistiken garrantzia, eta abar ere bai. Eremu sinboliko-linguistikoan hain zentratua dagoen Mendebaldeko paradigmatik hainbestetan kanpo geratzen den hori guztia sustatzen da.
Itzul gaitezen hasierako elkarrizketara. Zer esan nahi du Nuit Debout ahuldu egin zuela kanpamendurik ez egoteak? Ez du esan nahi zehazki kanpatzeko dendak falta zirenik, edo haurreskola edo baratzeak, baizik eta falta izan zela esperientzia modu bat (Sol-en kanpamenduaren baitan egin zena). Guztionak diren gaien kargu egitearen esperientzia, "politikaren ikusmolde klasiko"tik kanpo: iruditegi greziar horretatik kanpo, zeinak bereizten dituen laborea eta politika, publikoa eta pribatua, logosak eta mundu ukigarriak.
Jakina, ikusmolde klasiko hau txertatua dago "politikako ordezkaritza" molde guztietan, zeintzuek erabakitzeko boterea konfiskatzen dieten bizitza soziala ezagutzen eta bizi duten pertsonei, eta erabakitzeko boterea jartzen duten espezialista profesionalez (politikaria, aditua, funtzionarioa) osatutako gorputz baten esku, errealitatea kanpotik kudeatu dezan. Baina ikusmolde klasiko hau maizegi txertatuta dago, baita ere, mundua eraldatu nahi duten praktika antagonikoetan. Ikusmolde klasiko hau txertatzen ari gara, ekintzak antolatzeko gune bakar eta zentralak sortzen ditugun bakoitzean, pertsonen gaitasun posible guztiak hitzaren eta diskurtsoaren menpe jartzen ditugunean, eta abar.
Politika eraldatzailearen indarra ez da, funtsean, protesta edo mobilizazioa, baizik, mundu biziagoak eta desiragarriagoak sortzea neoliberalismoak egunero eskaintzen dizkigunak baino. Neoliberalismoa ez da "goikoen politika" soilik (gu biktima hutsak garena), errealitatearen sortzaile ere bada, mundu, iruditegi eta bizimoduen sortzaile, eta hauetan guk ere parte hartzen dugu eta birproduzitzen ditugu. Kinka, beraz, horietan ere badago.
"Munduak sortzeko" dimentsio oinarrizko hau bistatik galtzen dugunean, politikak arriskua du "boterea hartzeko" kontutara mugatzeko (zer da gertatu dena Espainian, M15-etik "erakundeetara jauzi"-ra bira egin denean?). Munduak sortu beharrean (biziagoak eta desiragarriagoak neoliberalismoak egunero eskaintzen dizkigunak baino), pasatzen gara dagoeneko dugun mundua "kudeatzera", ordezkaritzako lekuetatik, leku bakar, zentroko eta zentralizatuetatik, bizitzatik bereizitakoetatik. Dudarik gabe, gauza interesgarri asko egin daitezke botere politikotik, batez ere loturak egiten direnean martxan diren beste mundu horiekin, baina bizitzeko modu berriak ezin dira "goitik" dekretatu, "behetik" sustatzen eta zabaltzen dira.
Bada ezberdintasun bat borroka eta protestaren artean. Protesta batez ere kritikoa da, borrokak aldiz, beste errealitate bat sortzen du. Borroka indartsuagoa da protesta baino, defendatzen duen hori sortzen duelako eta sortzen duena defendatzen duelako: bizi garen etxea. Mundua eta beste errealitate bat sortzen ez dugun bitartean, kritikatzen dugun horretan harrapatuta egongo gara: horren menpe gaude, "kontra". Bestelako munduetan dugun bizipenak bestelako bizitza bat izateko gogoa ekarri ahal digu, bestelako harreman batzuk eta bestelako mundua izateko gogoa. Eta bestelako mundu horiek dira artikulu honetan zehar "kanpamendu" deitu diegunak. Pentsatzeko eta egiteko modu berriak eskatzen dizkigute, baita politika ulertzeko eta ekiteko modu berriak ere.
Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.
Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]
Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.
EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.
Ari dira bazterrak mugitzen. Chrysallis Euskal Herria elkartea sortuta, ume transexualak lehen lerrora ekarri dituzte. 2016an ikastetxeetarako material didaktikoa prestatu dute. Nafarroako prozedurek transexuala patologizatzen segitzen dute, baina bestalde, haur transexualak... [+]
Elikagaien komertzializazio bide laburrak eta janari osasungarria joera bihurtu omen dira, baina baserritarrek zer diote horren inguruan?
Euskararen normalizazio prozesua ez da beti krisian egongo. Bukatzeko bidean doa, adibidez, Egian, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Norabidea markatzen ari diren herri-bideetako seinaleak dira. Autopistetako peajeek ilarak sortzen dituzte oraindik, ordea. Nor... [+]
Hezkuntza arloan, Hego Euskal Herrian LOMCE legeak markatu du azken urteetako dinamika eta epe laburrean behintzat hala izaten jarraituko du. Hala, ikasturte honetan ere, Jaurlaritzaren Heziberri planak eta bestelako adabakiek puntu batzuen eragina arindu arren, Madrilen... [+]
Euskal Herrian altzairua ekonomiaren motorretako bat izan da Trianoko mineralarekin egindako totxoak esportatzen zituzten garaitik. Egun, altzairugintzaren pisua ez da hainbestekoa, baina bai sinbolikoa. Arcelor Mittalek Zumarragan eta Sestaon dituen lantegien itxierak azken... [+]
Merkataritza eta inbertsio itun handiek, uneon, gero eta garrantzi handiagoa dute debate politiko eta sozialean. Baina makro-hitzarmen horiek izozmendi eskerga baten tontorra baino ez dira.
Errefuxiatuen aferak Bruselako agintarien benetako aurpegia estalgabetu du. Europako eskuina eta sozialdemokrazia hurbildu egin dira mugimendu ultranazionalisten diskurtsoetara. Inkesten presioa garondoan sentitu dute eta bozak ez galtzeko politika berrantolatzeari ekin diote... [+]
“Sortuko ahal da!”. Iparraldeko Herri Elkargoaren karietara iragarritako desioa izan zen iaz: urteko joan-jinean, solastoki eta gune politikoetan bermatutako egitasmoa abian da dagoeneko. Ez haatik, tirabira eta gorabeherarik gabe. V. Errepublikako lehenbiziko euskal... [+]
Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.
Kataluniako agenda politikoak elkarri tinko lotutako bi une goren izango ditu 2017an. Batetik, Generalitatearen aurrekontuen eztabaida eta onarpena –edo onarpen eza–, zeinaren tramitea otsailean amaituko den. Bestetik, katalan instituzioek bultzatutako... [+]