Madrilen plantan ematen ari diren Artista Estatusari gabezi handi eta larria sumatzen diogu. Nola liteke artistak beraiek kontuan hartzen ez dituen Artista Estatus bat? Ez baita ‘artista’ beste izenik arte plastiko-bisualetan gabiltzan artistentzat, ez bada nahi bezainbeste izen-laguntzaile gehitzea praktika definitzeko. Artistok oholtzako arteetako antzezle, dantzari eta musikariengatik, baita beste arloetakoengandik bereizten gaituzten ezaugarri oso propioak ditugu.
Nagusiki lan indibidualean gabiltza. Bakoitzaren ekoizpena intimista da, norberaren gogoen, kezken eta bizipenen inguruan garatua. Manaketa edo deialdiei erantzun badiezaieke ere, gehienetan auto-ekoizpen librea da.
Bere lana aurkezteko artista batek erakustoki bat behar du, eta denbora batez okupatzen du. Hortaz, artiston praktikek eta beharrek beste denbora-espazio neurriak dituzte. Ez gara hilabete batez leku askotan eskaini daitekeen ordu eta erdiko ikuskizun batez ari.
Horretaz gain, artelanak bat eta bakarrak izaten dira edota lanari “obra” estatusa mantenduko dion kopuru mugatuan ekoiztuak dira (gehienezko 30 ale adibidez, kasuan kasu).
Hortaz, artistok daramagun lana ezin da ez beste produkzio kulturalekin alderatu, ez eta, are gutxiago, artisau edota bestelako autonomoen lanarekin, azken horiek zerbitzu bat eskaintzen baitute. Gurea ez da komertziala, eta ezin da ikuspegi utilitario-merkantiletik eta salmenta irizpidetik ulertu.
"Artea, artistek jendarteari gogoetarako, harridurarako, gozamenerako egiten dioten eskaintza da. Jendarte sano baterako baitezpadako osagaia da"
Artea, artistek jendarteari gogoetarako, harridurarako, gozamenerako egiten dioten eskaintza da. Jendarte sano baterako baitezpadako osagaia da. Alta, jarduera idilikoak ifrentzu beltza dauka. Deialdi, egonaldi eta laguntza ezberdinak izan arren, horiek ezin diete artista gehienen beharrei erantzuten ahal. Denbora berean, artista asko gure produkzio propioan gabiltza, era erabat autonomoan. Berez derrigorrez saltzekoak ez diren artelanak sortzen gabiltzala gastuak ditugu: materiala erosteko, lantokia ordaintzeko… Sorkuntza prozesu osoan, gogoeta intelektualetik bertatik hasita, inork eskatu eta ordaindu gabeko lana egiten dugu, hau da, erakusketa gehienetan ikus ditzakegun lanengatik ordainsaririk jasotzen ez duen langilea da artista.
Hori gutxi balitz, erakusketa antolatzerakoan gastu gehiago eransten zaizkigu: antolaketa denbora (planifikazioa, mezuak eta deiak, testuen idazketa), garraioa, diseinu eta inprimaketa lanak (karteltxoak, kartelak/afixak…), aurkezpen publikoaren prestaketa, instalazioa, desinstalazioa…
Borobiltzeko, lan egiteagatik gehien-gehienetan pagatzen duen sektore bakarrenetakoa izanen gara artistok. Eta besteen enplegua bermatzen laguntzen duen sektorea da: kultur teknikariak, inprimategiak, material saltzaileak…
Zer litzateke, bada, kultur programazioa artista profesionalon erakusketarik gabe? Artiston existentzia bera baita zalantzan jartzen dena kotizazioen kalkulurako sarrerak zehazki kontuan hartzen ez direlarik. Gure izatea bera da arriskuan jartzen dena baita ordainketatzat “paretak eskaintzea” nahikotzat jotzen denean ere.
"Madrilen Parisek plantan duen 'intermitente' eredua hartu omen dute erreferentziatzat Artisten Estatusa sortzeko unean. Alta, Parisek ez gaitu artistok, artista plastiko-bisualok, eredu horretan sartzen. Aparteko estatusa eskaintzen du"
Madrilen Parisek plantan duen “intermitente” eredua hartu omen dute erreferentziatzat Artisten Estatusa sortzeko unean. Alta, Parisek ez gaitu artistok, artista plastiko-bisualok, “intermitente” eredu horretan sartzen. Aparteko estatusa eskaintzen du, estatus ofiziala ematen duena, ogasun neurri propio eta egokituagoak dituena. BEZaren aplikazioaz libre geratzen gara fakturazio maila baten barruan… Horretaz gain, azken urteetan artisten ordainketarako tarifa eredua onartu du, ZAPARTek erreferentziatzat hartu duena (Kalkulagailua) eta Euskal Hirigune Elkargoak aplikatzea onartu duena plantan jarri duen artiston laguntzarako dispositiboan.
Ez gara hemen xehetasun gehiagoetan sartuko baina argi da Artiston Estatusak aipatutako gure sektoreko berezitasun horiek kontuan hartu behar lituzkeela. Eta horrek denak estatus propioaren beharra eskatzen du.
ZAPARTek Euskal Herrian du bere burua, Euskal Herri osoko artista profesionalen sarea delako. Hortaz, bertan ditugun erakundeekin kontatzen dugu Madrilen eta Parisen zirriborratzen dituzten dokumentuetatik baino harago, euskal artiston lan eta bizi baldintza duinen alde neurri ausartagoak hartzeko. Gu elkarlanerako prest gaude.
ZAPART euskal artista profesionalen sarea
2020an antolatzen hasi ginen sarearen filosofia hartuz, sektorearen ikuspegitik lan egiteko asmoz. Gure kezka nagusia eskubideen, ikusgarritasunaren eta ezagupenaren inguruan kristalizatu zen, Euskal Herria eremu naturaltzat hartuz, artiston jarduerak mugarik ez badu ere.
Ez gara denbora-pasa batez ari, artistak gara, sorkuntza prozesu batean murgilduak: gure lanbidea da. Hori horrela, estatusaren aldeko lana eta eskubideen aldeko sentsibilizazioa zeregin nagusietan dugu, bai instituzioei begira, baita eragile eta oro har jendarteari begira ere.
Ildo horretan osagarri, kalkulagailuaren tresna plantan jarri dugu. Tresna oso praktikoa eta erabilgarria da. Gure lanaren balioztatze orientagarria proposatu eta negoziatzeko oinarria ematen digu, bai erakusketetarako, baita bestelako jarduera osagarrietarako ere.
"Espero dugu sektorearen babes geroz eta handiagoa bilduz ekimen geroz eta eraginkorragoak garatu ahal izatea"
Ikusgarritasuna laguntzeko asmoz Artekaria.eus artearen webgunea sortu berri dugu. Arte munduko profesionalei eta artezale orori eskaini nahi diegun tresna horren bidez lurralde ezberdinetan dauden erakusketak, jarduerak eta arte lekuen mapa bildu ditugu. Horrekin batera arteari buruzko aktualitatea, iritziak eta analisiak daude. Profesionalentzako atal bereziak deialdiak jaso eta zabaltzeko aukera eskaintzen du.
Azkenik, Elkartasun Kutxa sortzen ari gara. Zapartek ezingo du sekulan administrazio publikoen hutsunea konpentsatu. Hori horrela bada ere, gure ekosisteman ekarpentxoa egiten saiatzeko, sorkuntza eta ikusgarritasuna laguntzeko beka moduko eskaintza sortzeko helburua du Elkartasun Kutxak.
Horiek hasiera besterik ez dira, eta espero dugu sektorearen babes geroz eta handiagoa bilduz ekimen geroz eta eraginkorragoak garatu ahal izatea.
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]
Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela.