Arrisku jolasen garrantzia

  • “Kontuz”, “Ez igo horra”, “Erori egingo zara”… Askotan helarazten dizkiegu halako mezuak umeei, baina arriskua bizitzea oso garrantzitsua da euren garapen egokirako. Gorputzaren mugak ezagutzen dituzte eta beldurra gaindituta erronka berriak lortzea pozgarria da haientzat.


2023ko uztailaren 12an - 11:55

Ume gehienek dute gustuko kulunkatzea edo altuera handietatik salto egitea. Eta horiek ez badira, beste jolasen bat egingo dute, baina etengabe bilatzen dituzte beldurrarekin lotutako egoerak, arriskuek emozio atseginak sortzen dizkietelako.

Umeek jolasaren bidez ezagutzen dute inguratzen dituen mundua eta arriskuaren bidez, segurua zer den eta segurua zer ez den bereizten dute. Arrisku jolasen bidez, euren burua arrisku errealei aurre egiteko prestatzen dute, arriskuak kudeatzeko esperientziatik abiatuz.

Oihana Imaz Larrun eskolako irakaslea da, eta arrisku jolasetan aditua. Bere esanetan behar-beharrezkoak dira arrisku jolasak haurrak modu egokian gara daitezen: “Jolasaren bidez erronka puntua bilatzen dute. Haurrek beti bilatuko dute moduren bat sentsazio berriak bizitzeko, euren gorputza eta euren mugak ezagutzeko, eta arrisku jolasek aukera hori ematen diete. Beharrezkoak dira, guztiz”. Arriskuaren eta beldurraren arteko lotura azpimarratu du Itziar Arregik. Huheziko irakaslea, ikerlaria eta jolasaren gaia aztertutakoa da Arregi: “Umeak beldurra oso berea du. Beldurrarekin esperimentatu behar du eta beldurraren aurrean erabakiak hartu behar ditu, noiz egin aurrera, eta noiz atzera. Arrisku jolasek erregulatzeko gaitasuna ematen diete. Arriskua dagoen bakoitzean helduak esku hartzen badu, umeak ez du esperimentatzeko eta erregulatzeko gaitasun hori garatuko”.

Erregulatzeko eta segurtasuna lortzeko aukera ematen die arriskuak umeei, Imazek dioenez: “Noraino irits naiteke jolas honekin? Noiz lortzen dut segurtasuna? Horrelako galderak etengabeak dira eta erabakiak hartzen dituzten heinean, ikasten doaz”.

Modu horretan ez dute helduaren babesaren beharrik eta haien segurtasuna bermatzeko erabakiak hartzeko gai direla ikusten dute. Izan ere, zaintza zorrotz batek eta arrisku jolasak mugatzeak plazera, alaitasuna, eszitazioa, emozio fuerteak, harrotasuna, arrakasta eta autoestimua bezalako esperientzia positiboak bizitzeko oztopo izango litzateke.

“Kontuz! Erori egingo zara!”

Helduok, hala ere, arrisku jolasak eteteko joera izaten dugu. Askotan esaten diegu kontuz ibiltzeko, eroriko direla, nonbaitera ez igotzeko, hortik salto ez egiteko… Modu horretan, ez diegu autonomoak izaten uzten eta konturatu gabe, haien izaera mugatzen ari gara. Horren atzean helduen beldurra egoten dela dio Imazek: “Haurrei gure beldurra transmititzen diegu eta ez diegu uzten modu autonomoan jolasten. Agian umearentzat zuhaitz batera igotzea oso dibertigarria da eta oso gustuko dituen sentipenak sortzen dizkio, baina amak ez dio igotzen uzten”. Zuhaitzetara igotzeari buruzko ikerketa aipatu du Arregik: “Zuhaitzera igotzeko debekua helduaren adinaren araberakoa da: 20 urteko irakasle gazte batek zuhaitzera igotzeko aukera ematen die, 40 urteko ama batek gutxiago eta 60 urteko amona batek, normalean, ez die uzten. Hori gertatzen da helduak inkontzienteki bere gaitasuna umearengan proiektatzen duelako eta erabakia horren arabera hartzen duelako. Helduaren beldurra da irizpidea, oharkabean”.

Gurasoen jokabideak oinarri sendoa duela dio Arregik: “Gure haurrak babestu behar ditugu eta horretarako ditugu gure instintuak eta gure emozioak”. Irakasleek are beldur handiagoa izaten dutela dio Imazek, zerbait gertatuz gero gurasoei azalpena eman behar dietelako.

Arrisku jolasek euren mugak ezagutzeko aukera ematen diete umeei eta zerbait egiten dutenean, seguru sentitzen direlako izaten da. Baina helduaren begirada presente izatearen garrantzia nabarmendu du Imazek: “Pasa daiteke ume bat zuhaitz batera igotzea eta goian dagoenean, beldurra sentitzea. Oso garrantzitsua da helduaren begirada izatea eta aurrera egingo ez duela ikusten badugu, laguntzea. Nik uste dut segurtasun maila baten barruan, nahi duten guztia egiten utzi behar diegula. Jakina, ez diegu utziko amildegi batera hurbiltzen, baina jolastoki baten barruan egon litezkeen arrisku horietan libre utzi beharko genituzke, euren gorputza noraino joan daitekeen ikus dezaten”.

Nolanahi ere, haur bakoitzak beldurraren pertzepzio propioa du. Batzuek arrisku maila altuak behar dituzte eta beste batzuk erosoago daude arrisku maila txikiagoarekin. “Konfiantza baldin badugu, salbuespenak salbuespen, erregulatzeko gaitasuna dute”, dio Arregik.

Arriskurik ez denean, arrisku bila

Arriskuaren prebentzioak arriskuak areagotu ditzake, garapenerako onuragarriak diren hainbat alderdi landu gabe gera daitezkeelako. Arriskutsua den guztia haien ingurutik kentzeko joera izaten da, normalean, arriskutsuak diren tresnak nola erabili behar diren erakutsi beharrean. Debekatu beharrean, nahi duten hori, guri beldurra ematen digun hori nola egin dezaketen planteatzea garrantzitsua dela dio Arregik. Eta ezezkoa ematen diegunean hori arrazoitzearen garrantzia azpimarratu du Imazek: “Haurrak ulertu behar du zergatik esaten diogun hori ezin duela egin. Ulertzen baldin badute, errazagoa izaten da ez egitea”.

Umeei espazio seguruak eskaintzen saiatzen gara, baina haiek arriskuak bilatzeko joera dute: “Parkeetan txirrista eta zabuen azpian lurrazal bigunak jartzen dira eta ikerketek erakutsi dute haurrek leku hori segurua dela pentsatuz, lurrazala bestelakoa izango balitz baino arrisku handiagoak hartzen dituztela”, dio Imazek.

Izan ere, arriskutsuak ez diren tokietan ere arriskuen bila joateko joera dute umeek, sentsazio jakin batzuen bila: “Zerbait egiten duzun lehen aldian sentitzen duzun zirrara berezia da eta haurrek beti bilatuko dute sentsazio hori”. “Espazioa seguruegia baldin bada eta agortuta baldin badago, ezkutuan jarriko dira edo bistatik ihes egiten hasiko dira. Txikitan, 2 urterekin, erreferentzia den heldua beti bistan egoten da, baina umeak gero aldentzen, esperimentatzen eta bueltatzen jakin beharko du, agian. Bakarka esploratzeko beharra sentituko du”, gaineratu du Arregik.  

Arriskuak hartzeko aukera ematen dieten espazioak eskaintzea garrantzitsua da eta eskolako jolastokiak eta parkeak egiterakoan, arriskuak eskaintzen dituzten espazioak diseinatu beharko liratekeela uste du Imazek: “Gero eta gehiago egiten da. Eskalatzeko paretak, esaterako, gero eta gehiago ikusten dira. Eskoletan ere kanpoko espazioen erabilera birplanteatu beharko genuke. Kasu askotan ordu erdi pasatzen dugu gelatik kanpora eta euria egiten baldin badu, ez gara kanpora ateratzen. Euriak arrisku puntu bat ere ematen digu: irristatzeko arriskua, adibidez. Haurrak ingurunea bere osotasunean esploratu beharko luke”.

Arrisku jolasek umeen garapenerako oinarri sendoak ezartzen dituzte eta arriskuak eta beldurra gainditzen dituztenean, ongi sentitzen dira. “Zerbait arriskutsua egiten dutenean eta gainditzen dutenean, duten abenturazale sentipen hori eta lorpen sentsazio hori, ateratzen zaien irribarre horrek, ez du preziorik". 'Mundua konkistatzeko gai naiz', pentsatzen ari dira. Eta horrek konfiantza eta autoestimua lantzen laguntzen die”, adierazi du Arregik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


Haurtzaroaren denbora

Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]


“Umeak ez dira ongi etorriak Debako udal liburutegian”

2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur liburutegian egotea, eta 2-6 urtekoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute egon. Hogei urtez horrela funtzionatu duen ageriko diskriminazioa buka dadila eskatzeko ama talde bat elkartu denean, ezetz erantzun die udal gobernuak... [+]


Guraso elkarteek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ezin dituzten ikasleak

Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei:... [+]


0 urtetik 12rako haurrak ikastetxe berean: Nafarroako Gobernuaren proiektu pilotu polemikoa

Haurreskolara beharrean, 0-3 urte bitarteko umea zuzenean ikastetxera bidaltzea, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa (12 urtera arte) hartzen dituen zentro berera. Hori da Nafarroako Hezkuntza Sailak Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean martxan jarriko duen proiektu pilotua eta... [+]


Garikoitz Torregrosa
“Eredu mistoak ez du elkarbizitza sustatzen eta azkenean haur eskola horietan gaztelera nagusitzen da”

Iruñeko haur eskoletako zuzendariek, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNren arteko akordioa kritikatu dute. “Murgiltze ereduaren alde egin dugu beti, baina inoiz ez da gure iritzia kontutan hartzen” salatu du Euskalerria Irratian, Garikoitz Torregrosa... [+]


Seme-alabak berandu izatearen ajeak

Batez beste, adinez gero eta nagusiago bilakatzen gara ama eta aita, hala diote datuek. Biologiari aurre hartu diote ugalketa teknikek, baina guraso zahar ugariko gizartea izatearen inguruan gogoetatzea falta dela iritzi dionik bada.


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


Kontziliatzeko, haur-eskolak arratsalde eta gauez irekitzea: Espainiako ministroaren proposamenak hautsak harrotu ditu

Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren... [+]


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-14 | UEU
Naiara Martin Gomez
“Haurrak komunitateko parte direla aitortzeko helduak atzerapauso bat eman behar du”

"Nola sustatu haurren parte-hartzea ekintza komunitarioen bitartez" ikastaroa emango du otsailean Iruñean Naiara Martin Gomezek (Elgoibar, 1982). Pedagogian graduatua da eta Atxutxiamaika Saileko arduraduna. Izen-ematea irekita dago UEUren webgunean. Ikastaroaz... [+]


Eguneraketa berriak daude