Astearte eguerdian jakinarazi dutenez, Dejabu antzerki taldearen Arrastoak obrak irabazi du aurtengo Donostia Antzerki Saria.
Errenteria-Oreretako taldeak lehenago ere jaso zuen errekonozimendu hau, 2011n Errautsak obrarengatik (Le Petit Théâtre de Pain eta Artedramarekin batera) eta 2012an, Trantsizioan girotutako Gure bide galduak antzezlanari esker.
Azken horrekin abiatutako ildoan sakontzen duen Arrastoaken kasuan, amak abandonatu zuen Lur gaztearen istorioa eraman dute taula gainera. Gutxien espero zuenean hilda agertuko da ama eta horrek bidea zabalik utziko dio iraganean bila hasteko.
Agertoki hutsa, edukiz betea
Baliabide gutxi erabili arren, planteamendu eszeniko ikusgarria lortu dute Urko Redondo, Miren Alkala, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga aktoreek.
"Saiatzen gara ahalik eta espazio hutsena bilatzen, horrek mesede egiten digu. Ikusleak ere, bere begiez eta irudimenaz hustasun hori bete dezan", adierazi zioten ARGIAri iazko azaroan, obra estreinatu berritan.
Eta publikoa ere ondo erantzuten ari da estreinatu zenetik, horren erakusle antzezlanaren webguneko agenda, apirileraino hitzartutako saioekin. Azkoitian, Bermeon, Miarritzen eta Iruñean dituzte hurrengo emanaldiak. Martxoaren 27an ere bai, antzerkiaren nazioarteko egunarekin bat eginez Victoria Eugenian jasoko baitute gaur irabazi duten saria; eta ondoren obra irabazlea ikusteko aukera izango da.
Apirilean Aulestin, Bidarten eta Arrigorriagan eskaini ondoren, azarora arte itxaron beharko dute ikusi nahi dutenek.
10.000 euroko saria
Donostia Antzerki Sariak, errekonozimenduaz gain, badauka ordain ekonomikoa ere. 10.000 euro jasoko ditu Dejabu taldeak, bi zatitan. 8.000 orain eta gainontzeko 2.000 euroak 2017. urtea bukatu aurretik. Bigarren parte hori jaso ahal izateko taldeak beste antzezlan bat aurkeztu beharko du Donostian epe horretan.
Lan berri hori prestatzeko Luhuson dagoen Harri Xuri espazioan bi astez lan egiteko gastu guztiak ordainduta izango dituzte taldekideek.
Euskarazko antzerkiaren emaitza ona Donostian
Sariaren berri ematearekin bat, Donostia Kulturak 2014ko zenbait datu plazaratu ditu. Helduentzako 15 antzerki lan eta 40 emanaldi eskaini dira euskaraz Gipuzkoako hiriburuan iaz. 5.854 ikuslek erantzun diote eskaintza horri.
Udaleko euskara zerbitzuak eta kultur bulegoak daukaten hitzarmenari esker, euskarazko programazioa egonkortu eta sendotu dela adierazi du Donostia Kulturak.
Informazio gehiago:
- Arrastoak antzezlanaren bideo-trailerra:
- "Dejabu estiloa": antzezlanari buruz, Boligrafo Gorria blogean.
Xake Produkzioak taldearen Mami Lebrun antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki saria, urtero Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak euskarazko antzezlan bati egiten dioten aitortza.
Francoren bilobari gutuna antzezlanari eman diote Donostia antzerki saria.
Ados antzerki konpainiaren Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlanak irabazi du 2016ko Donostia Antzerki saria.
Txalo konpainiaren 100 metro karratu antzezlana ostegunetik igandera bitartean izango da ikusgai Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.
Nazioarteko Antzerki Eguna da gaur eta ez efemeridearekin bat eginez Dario Fok prestatu duen testua euskaratu du Iñaki Iñurrietak. Bestalde, aurten Donostia Antzerki Saria irabazi duen Publikoari gorroto eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian. Biak gomendatzen... [+]
Publikoari gorroto antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Sariaren 13. edizioa. 1985. urtean Xabier Mendiguren Elizegik idatzitako obra Huts Teatroa antzerki taldeak antzeztu du azken hilabeteetan.