“Aroztegiko proiektuan dauden 20 lursail inguru herritarrenak dira”

  • Lekarozko Aroztegiko proiektuak barnean hartzen dituen lau lursail ditu Astiz familiak Telleria auzoan. Enpresarekin bizitako esperientzia kontatu dio Nekane Astizek Ttipi-Ttapari.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko maiatzaren 14an - 12:27
Aroztegia Jauregia Lekarozko Telleria auzoan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lekarozen bizi izan zara beti?

Bai, bertan sortu nintzen, baita hazi eta hezi ere, hemengo txoko ederretan eta bertako komunitatean. Lotura ikaragarri estua dut, bai herritarrekin baita herriarekin ere. Telleriko ur freskotik edan dugu, herriko karrika eta auzoetan barrena galdu gara ezkutaketan, auzolana zer den erakutsi digute gure arbasoek, herriko zaharren ahotik izan genuen Lekaroz erre zutenekoaren berri… Hori da Lekaroz, eta hori da Baztan. Ttikitasunaren handitasuna.

Zein iritzi duzu Aroztegian egin nahi duten proiektuaren inguruan?

Alimaleko astakeria da inposatu diguten makroproiektu suntsitzaile hau. Ezin sinetsi gabiltza, interes pribatukoa den proiektu zentzugabe hau martxan dela oraindik, gestio irregularrak tarteko eta herritarron iritziaren eta lurren gainetik pasatuz, inongo gupidarik gabe eta inpunitate osoarekin. Beldurrezko pelikula bat dirudi. Proiektuak herrian, bailaran eta naturan kalte lazgarriak izanen lituzke: inondik ere jasangarria ez den eredua, inpaktu ekologikoa, linguistikoa, bailararekin bat ez datorren turismo modeloa eta abar luze bat.

Dena den, kalteak ez dira etorkizunekoak soilik, dagoeneko min handia egin du 15 urte inguruko ibilbidea duen amesgaizto honek; kezkak, tripako minak, buruhausteak, beldurra… herria hankaz goiti dago aspalditik. Guti batzuk sakelak bete ditzaten; berdin zaie zeren eta noren gainetik pasatu, nor zapaldu, euren irabazia bertzerik ez dute ikusten.

 

 

 

Nekane Astiz Goño, lekaroztarra

 

 

 

Proiektuaren lurren barnean sartu diren belaiak dituzue. Nolakoa izan da zuen esperientzia enpresarekin?

Gure familiak lau lursail ditu osotara proiektuaren barnean, 20.000 metro karratu inguru, inongo lotsarik gabe ebatsi nahi dizkigutenak. Ez dezagun atzendu interes pribatuko proiektu baterako dela. Prozesua biziki luzea eta nekagarria izaten ari da. Urte andana daramagu honekin bueltaka eta Aroztegia SL. enpresak bidean egin dituen gestio irregular guztien aitzinean, gero eta babes gutiagorekin gelditu gara herritar kaltetuak. Nola lortu zuten 45 hektarea nekazaritza lur birkalifikatzea? Nola lortu zuten interes pribatuko proiektu bat PSIS edo UGPS bihurtzea? Nafarroako Gobernuan UPN alderdiari agintaldia akitzeko bortz egun falta zitzaizkionean, denon harridurarako, gobernua bera izan zen proiektu hau UGPS gisa tramitatu zuena, Baztango Udalari eskumena kenduz eta herritarron hitza zapatuz.

"Kaltetuok ez dugu zentimo bakar bat ere ikusi"

Horrek izugarrizko kolpea suposatu zuen herritarrondako; momentu hartatik, gobernuaren babesarekin, promotoreak lasaitasun osoz hartu zituen proiektuaren baitan haren aurka zeuden herritarren lurrak. Ez lurrak bakarrik, baita herritarrak ere. Kaltetuak, gure borondatearen  kontra, konpentsazio batzorde batean sartu gintuzten, eta enpresaren asmoa da kaltetuek bertan parte hartzea, irabazi eta kostuak barne. Hau da, saneamendu-sarea egin nahi dutenean, guri erran nahi digute ordaintzeko.

Akaso jendeak ez du jakinen, baina, gaur egun, proiektuaren barnean dauden 20 lursail inguru herritarronak eta komunalak dira, ez dira beraienak. Hainbat dira bertan lurrak dituzten lekarozko familiak, eta ez dugu zentimo bakar bat ere ikusi. Are gehiago, enpresak bere garaian, kaltetuoi erran zigun lasai egoteko, ez gintuela proiektuarekin nahastuko eta denak ongi aterako ginela. Proiektuaren buru den familiak 2013an bere hitza eman zigun, haien ohore eta baloreak berme bezala goraipatuz.

Eta orain?

Denborak dena uzten du agerian. Gaur egun ondorengoa da egoera: zentimo bakar bat ere ez, kaltetuak borondatearen kontra konpentsazio batzorde batean sartuta, kostuak ordainarazteko mehatxuarekin eta lurrak ebatsita. Azken aste hauetan, obrak modu ilegalean hasi zituztenean, baimenik eta abisurik gabe, gure lurretan sartu ziren, gure terrenoetako zuhaitzak bota, ehunka urte dituzten losak kendu… Hori guti balitz, poliziaren presentzia itogarria bizi behar izan dugu azken asteotan, gure belaiak nola zeuden ikustera gindoazenean identifikatuak izanez. Lotsagarria eta beldurgarria da.

Zein da lekaroztarren iritzi orokorra proiektuaren inguruan?

Herri galdeketetan eta batzarretan argi eta garbi ikusi izan da Lekarozek ezetz erraten diola proiektuari. Badaude proiektuaren alde dauden guti batzuk, baina gehiengoaren iritzia argi dago. Hitz egin dugunean, ez digute aditu nahi izan. Badirudi herritar guztien ahotsak ez duela berdin balio.

Eta zenbait herritarrek eman duten erantzunaren inguruan?

Herriak bakarrik salba dezake herria. Argi dago eta argi dugu. Aroztegia SL enpresak gauza aunitz lortu ditu boterearekin; bere alde jarri zituen bere garaian udalean zeudenak, bere alde Nafarroako Gobernua. Baina herri duintasuna ez dago salgai, eta gu ez gaituzte engainatuko. Hori da gelditzen dena: herritarron borroka.

«Badirudi herritar guztien ahotsak ez duela berdin balio»

Nekane ASTIZ GOÑI, lekaroztarra

Horretarako, hainbat bide egon daitezke, eta martxan paratu direnak (plataformak, kanpaldia, mobilizazioak…) indar handiz etorri dira, baita azken aldian indartu ere. Dena da ongi etorria eta dena da beharrezkoa. Herritarrok esker onez eta itxaropentsu hartu ditugu halako ekimenak eta norberak erabaki du zertan parte hartu eta elkartasuna nola erakutsi. Kanpaldian egoteko, adibidez, indarra, ausardia, denbora eta koherentzia ezinbertzekoak dira eta izugarrizko erantzuna hartu duen ekimena izan da, barnean egon diren zein kanpotik lagundu dutenen aldetik.

Ildo horretatik, herritarrok behar bat identifikatu genuen: elkartasuna eta proiektuarekiko desadostasuna adierazteko bideak eskaintzea. Kontziente gara milaka herritar daudela proiektuaren kontra, baina akaso denok ez garela ausartzen makina baten aitzinean paratzera. Hortaz, lekaroztarrak hainbat ekitaldi kultural antolatzen hasi gara. Momentuz, arras positiboa eta hunkigarria izan da erantzuna. Helburua bera da: proiektua geldiaraztea, gure herria eta bailara hiltzen ez uztea, injustiziak salatzea eta kontzientzia zabaltzea. Borroka hau luzea da oraindik eta indar oro da ongi etorria eta beharrezkoa.

Zein ondorio izanen lituzke proiektuak aitzinera segitzeak?

Hasteko, ondorio emozional eta psikologikoak ukaezinak dira. Dagoeneko bizitutakoak eta datozenak: haserrea, kezka, inpotentzia, beldurra, tristura, amorrua, nazka… Pertsonalki, eta herri bezala, biziki nahastuta gabiltzala argi dago. Hortik aitzinera, proiektua egitearen ondorio kaltegarriak aipatu ditut dagoeneko: natura, bizimodu xumea, hizkuntza, kultura, lasaitasuna… denak aterako lirateke galtzen. 

Akitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?

Esker mila bihotzez gure lurren eta bizimoduaren defentsan lagundu duzuen guztioi. Lortzekotan, elkarrekin lortuko dugu. Hortaz, maiatzaren 15ean, 17:30ean Elizondoko plazara hurbiltzera animatzen dut mundu guztia. Aditu beharko digute, nahiz eta haiek ez nahi! Behinola, Mikel Laboak kantatu zuen: Baztango lurrean, Baztan baitan, Baztan izan nintzen. Arbasoen Baztan. Gurea. Nolakoa nahi dugu ondorengoentzat?

 

 

 

Lekaroztarrek egindako argazkia maiatzaren 15eko manifestaziora deitzeko.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
Elurre Iriarte: “Aroztegiaren kontrako kanpainak egiten segituko dugu”

Aroztegia proiektuaren kontrako protesta baketsuetan parte hartzeagatik ezarritako zigorrari aurre egiteko diru-bilketa abiaraziko dutela iragarri du herri kolektiboak.

 


2024-07-17 | ARGIA
Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi baztandarrentzat, Aroztegiaren aurkako kanpaldiagatik

“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.


2022-05-16 | ARGIA
Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.


Aroztegiako erresistentziaren lehen urteurrena ospatuko dute maiatzaren 14an Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu besta egunarekin.


2022-02-16 | ARGIA
Aroztegiko lanak legez kanpo hasi zirela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Herritarrek eta Baztango Udalak esandakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai batek. 2021eko maiatzean abiatutako Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituzten.

2022-01-27 | ARGIA
Aroztegiako proiektuaren aurka egiteagatik, sei herritarrek deklaratu behar izan dute Nafarroako Auzitegian

Elkartasunez, hamarnaka herritar elkartu dira Nafarroako Auzitegiaren aitzinean, "herri baten borondatea ezin da epaitu" banderola plazaratuz.


2022-01-05 | ARGIA
Sei pertsona deklaratzera deituak, ustez Aroztegiako makroproiektuaren aurkako desobedientzia ekintza gauzatzeagatik

Aroztak Herri Ekimenak jakinarazi du sei pertsona epailearen aurretik igaro beharko direla, Aroztegiako makroproiektuaren aurkako protesten harira. Ekimenak babesa helarazi die, eta mobilizazioak deituko dituela iragarri.


2021-09-22 | ARGIA
Mozal legeaz zigortu dituzte Ahotsa eta Ekinklikeko kazetari bana, Aroztegiko protestez informatzeagatik

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak seirehuna euroko isunarekin zigortu ditu Ahotsa.info eta Ekinklik-eko bi kazetari grafiko. Guardia Zibilak dago isunaren atzean; kazetariei leporatzen die agenteak identifikatzea errazten duten irudiak publikatu izana.


20.000 euroko isunak ezarri dizkiete Aroztegiaren aurkako kanpaldia egin zuten ekintzaileei

Hamar pertsona auzipetu dituzte egitasmoan parte hartzeagatik. "Herri oso baten kontrako erasoa" dela salatu dute, eta "herri gisa erantzungo" dutela ziurtatu.


2021-06-08 | Erran .eus
Diru-bilketa hasi dute Aroztegiko kanpaldian isundutakoak laguntzeko

10 isun hartu zituzten joan den astean Aroztegiko proiektuaren kontrako mobilizazioetan parte hartu zuten herritarrek.


2021-05-19 | ARGIA
Aroztak taldeko hamar ekintzaile deklaratzera deitu dituzte

Astelehenean helarazi zizkien Guardia Zibilak deklaratzeko zitazioak. Bi egun lehenago, larunbatean, ehunka pertsonak parte hartu zuten Aroztak taldeak Aroztegiaren aurka deitutako manifestazioan.


Ehunka lagunek Aroztegiko proiektua gelditzeko eskatu dute Baztanen

Aroztak Herri ekimenak deituta Elizondotik Lekarozera manifestazioa egin dute Aroztegiko makroproiektua gelditzea eskatzeko. Antolatzaileen arabera, 2.500 pertsona inguruk parte hartu dute.


2021-05-13 | Jon Torner Zabala
Aroztegian lanean aritu diren hondeamakinek egindako “txikizioa” salatu du Lekarozko alkatetza taldeak

"Hondeamakinek hamarnaka arbola bota dituzte, ehunka urte zituzten haritzak moztu, eta pista berriak ireki nekazal lurrak xehatuz", salatu du Lekarozko Alkatetza taldeak.


2021-05-12 | Jon Alonso
Aroztegia

Euskadin bada lege bat (2016koa, uste dut) EAEko udal guztiei Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko betebeharra ezartzen diena, proiektu berri bati ekitean. Lege hori garatzen duen dekretu batek, bere aldetik, zera esaten du hitzez hitz: “Udalerriek ondoren... [+]


Eguneraketa berriak daude