Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen amaieran].
Hango eta hemengo jendea elkartu da hiri buruzagian goizean goizik. Hala sumatu da kalean eta hala adierazi dute iruindarrek. Askok probestu dute eguna han edo hemen mokadutxoren bat egin eta Iruñea bisitatzeko. Manifestazio nazionala zen deitua, eta hala konplitu da: antolatzaileen esanetan, 18.000 lagun batu dira. Autobus ugari heldu dira Euskal Herriko hainbat txokotatik; besteak beste, lau autobus gutxienez Lapurditik eta Nafarroa Beheretik. Autoak zientoka, orotara.
Norabide bakarra zuela zirudien Taconera parkea gurutzatzen duen pasealekuak. Gaiteroen konpainian, jende oldearen joanak amaigabea zirudien, eta manifestarien iritsierak ez dira amaitu gutxienez 16:15 izan arte. Danbor hotsek abisua emanda abiatu da manifestazioa, paso motelean eta eguzki printza apurren plazerean. Manifestazioaren ilara benetan izan da luzea: Armada etorbidea alderik alde hartu du jendetzak, halaxe ikusi ahal izan da Baluarte jauregian parean geldialditxoa egin duenean manifestazioak. Hor, Bakearen Plazan, Itoizko urtegiaren aurkako solidarioak hartu dituzte gogoan. Pankarta batean honela bistaratu da: Itoitzetik Aroztegirat, desobedientzia zibila.
Jendetsua eta zalapartatsua izan da manifestazioa, batik bat amaiera partera, Gaztelu Plazarako bidea hartuta. Besteak beste, "Aroztegia geldituko dugu", "ez dira zazpi, herri bat gara", "absoluzioa", "lurra, behin saldua, betiko galdua" edota "lurraren defentsa ez da delitua" aldarriak entzun dira, den-dena euskaraz. Afixa txikiagoak ere eraman dituzte norbanako ugarik; bat baino gehiago ikusi da Aroztegia. Pelotazoa leloduna –Baztango alkate ohiaren aurkako salaketa bat baino gehiago ipini zituen makroproiektuaren enpresa sustatzaileak, proiektua "pelotazoa" zela esateagatik, baina absolbituta geratu zen azkenean–.
Sarearen babesa
Euskal Herriko eragile ugarik adierazi dute era bateko edo besteko atxikimendua Baztango Aroztegiko auzian borrokan dabiltzanekiko. Tartean, lurraren defentsan, ingurumenaren alde eta zenbait makroproiekturen aurka ari diren makina bat taldek hartu dute parte manifestazioan, hala nola Erdiz Bizirik, Ostia!, Araba Bizirik, Guggenheimen Stop, Sustrai Erakuntza, AHT Gelditu eta Subflubialik Ez kolektiboek.
Horien aldarriak ere bistaratu dira manifestazioaren lekuren batean baino gehiagotan: esaterako, AHTaren nafar korridorea edota Arabako Miritxako zentral eolikoaren proiektua salatu dituzte.
Oroitarazi dutenez, gainera, laster izanen da Kanboko Marieniako borrokan atxilo harturiko hiru pertsonen aurkako auzia.
"Herri lurrak defendatzea eskatzen dugu"
Gaztelu Plazatik kurba hartu eta Sarasate pasealekuan amaitu da protesta jendetsua. Hasi bezalatsu, danborren eta txalapartaren erritmora. Nafarroako Parlamentuaren parean ipinitako oholtzara igo dira, lehen-lehenik, Olaia Inziarte abeslaria eta Tatxers taldea, Aroztegiko auzipetuentzat propio sorturiko abesti berria jotzera.
Manifestazioa deitu zen unean, berez datorren astean ziren epaitzekoak Baztango Aroztegiko auzian inplikaturiko zazpiak. Baina akusazioak eskatuta, maiatzera atzeratu dute epaiketa. Maiatzaren 19tik 23ra izango da, manifestazioaren amaieran jakinarazi dutenez.
"Talde kriminal" bateko partaide izatea leporatzen diete zazpi pertsonari, Aroztegian hondeamakinak sartu zirenean bertara joan eta kanpaldia egiteagatik, obra egitea galarazteagatik. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat. "Aurrekari arrunt larria ezarriko luke Euskal Herriko herri mugimenduentzat. Epaiketa honen bitartez, herri mugimendu osoa kriminalizatu nahi dute", adierazi dute manifestazioaren amaieran.
Irakurketa sakonago bat ere eskaini dute lurren desjabetze eta makroproiektu urbanistiko edo energetikoen ingurukoa: "Lurrak desjabetu, gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta gure bizitzak kapitalaren menpe jarri nahi dituzten proiektuei buru egiteko, gure kultura, hizkuntza eta herri lurrak defendatzea eta mundu guztiak bizitza bizigarriak edukitzea eskatzen dugu".
Artikuluan aipaturiko abestia, Tatxers talde iruindarrak eta Olaia Inziarte abeslari oronoztarrak eginiko abestia, Aroztegiaren aferaz. Kantuaren ostean letra.
Letra:
Zergatik daude hemen maitia
Ardiz betetako belai berdeak
Eta zergatik ez? Hotela
Ormigoiezko dunak mendi tartean
Txakurren zaunkak gara
Zuen atean
Nor bizi liteke hor baina
Soilik mamuak
Golf makilak hautsi
Lur guzti hau
Baztandarrena da
Ta betirako
Aroztegia
Bizirik egon dadila
Telleritik azpitik jauregira
Kabia
Telleri jauregi
Txabola izkutuak
Belaietako izerdi
tanta bakoitza
Ez dira sartzen
Zuen sakeletan
Ez zaituztegu nahi hemen!
Ez hemen eta inon ez!
Lehengo lepotikan
Buru ezberdinak
Zer bihurtu nahi dute harana
Haien Museoa
Pikutara hilton
Lur guzti hau
Landu dutenentzat
Telleri jauregi
Txabola izkutuak
Belaietako izerdi
tanta bakoitza
Ez dira sartzen
Zuen sakeletan
Ez zaituztegu nahi hemen!
Ez hemen eta inon ez!
“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.
Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]
Aroztegia proiektuaren kontrako protesta baketsuetan parte hartzeagatik ezarritako zigorrari aurre egiteko diru-bilketa abiaraziko dutela iragarri du herri kolektiboak.
“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.
Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.
Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu besta egunarekin.