Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar mas guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren eduki aipagarrienetakoa da, baina ez bakarra. Europan eta euskal jendartean armagintzak eta militarismoak izaten ari diren gorakada handia aztertu du taldeak. Horri guztiari aurre egiteko armagintza sektore osoaren “moldaketa eraldatzailea” proposatu du, sektoreko langile eta sindikatuekin zein herritar eta herri mugimenduekin elkarlanean burututa egingarri ikusten dutena.
Liburuaren lehenbiziko aurkezpena iragan asteazkenean egin zuten Gasteizkoak talde antimilitaristako kideek, ‘etxean’ eta lagun artean, Zapateneo kulturgunean, bertan egiten baitituzte bilerak eta Zapateneok berak argitaratu baitu liburua. Aurkezpen ofiziala, aldiz, Donostian egin zuten larunbatean, Euskal Herriko hainbat talde antimilitaristak antolatuta. Aurkezpen berria dute Iruñeko Plazara! Zentro komunitarioan, abenduaren 17ko asteartean.
Liburu mardula da, orri kopuruan zein edukian, ironia lagun idatzita egonik ere. Sarreran azaltzen denez, liburuaren jatorrizko helburua ez zen izan 2008an burutu zuten armagintza sektorearen ikerketa berritzea, baizik eta, izenburuak iradokitzen duen moduan, arloko industriaren moldaketarako proposamena egitea.
Liburuak “ezarri nahi diguten ideia faltsu batekin” apurtu nahi du: “Armagintzaren moldaketa ezinezkoa da, ez da inoiz lortu eta ez da inoiz lortuko”
“Moldaketa eraldatzailea”, gerrak hemen hasi ez daitezen
Liburuak “ezarri nahi diguten ideia faltsu bat” apurtu nahi du: “Armagintzaren moldaketa ezinezkoa da, ez da inoiz lortu eta ez da inoiz lortuko”. Horretarako, besteak beste, mundu osoan eta hainbat garai historikotan izan diren moldaketa esperientziak jasotzen ditu lanak, munduan erreferentziazkoa dena sakonkiago aztertuta: 1970-80 hamarkadetan Erresuma Batuko Lucas Aerospace armagintza enpresarena, “zeinean langileak [milaka] gai izan ziren 150 produktu zibil garatzeko, produkzio militarra alboratuz gero eraikin horietan ekoiztu zitezkeenak”. Produktu berri horiek erabilgarritasun soziala izango zuten, inguruko herritarrek berek zehaztutako behar eta nahiak aseko lituzkete, eta lan prozesua bestela antolatuta eraikiko litzateke, “sistema produktiboa bera auzitan jarrita”.
Ia mende erdia joan da azkenean gauzatu ez zen proiektu hartatik, baina azken urteetan armagintzaren moldaketarako ekimenak ugaldu dira, eta Lucaseko langileen borroka mundu mailako erreferentzia izaten jarraitzen du.
Liburuaren bosgarren eta azken atalean Euskal Herriari eta armagintzaren moldaketari begira jartzen gaitu Gasteizkoakek. Ildo horretan izan diren ekimen eta diskurtsoen errepasoa egin ostean, proposamen orokorra baina aldi berean zehaztasun dezentekoa luzatzen du talde antimilitaristak, “auzolan erraldoia”: moldaketa sustatu sindikatuak eta langileak (horietako kopuru esanguratsua behintzat) aliatu bilakatuta; industriak kokatuta dauden herrien parte hartzearekin; baita herri mugimenduen protagonismoarekin ere. Hori guztia, jakina, “gerrak hemen hasi ez daitezen”, baina baita bestelako ataka larriei erantzuteko ere, hala nola energia krisia, lehengaien agortzea edo klima larrialdia.
Helburua lortzen zaila dela onartzen du talde antimilitaristak, baina azpimarratzen du uste baino gauzagarriagoa ere badela, eta horretarako, besteak beste, ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek gaiaren bueltan egin dituzten adierazpenak jasotzen ditu liburuak. Are esanguratsuagoa: iturri antimilitaristek ARGIAri azaldu diotenez, talde antimilitaristen eta sindikatu horien arteko lehen bilera batzuk izan dira azken urtean armagintzaren moldaketaz hitz egiten hasteko. ARGIAk urtarrileko LARRUN monografikoa eskainiko dio gaiari.
Dokumentazio lan sakon baten eskutik, azken urteotan armagintzak eta militarismoak Europan bizi duten gorakada aztertzen du, hainbat elementuren arteko loturak ikusarazita
Gerra hotsak Europan, diruaren hotsa armagintza sektorean
Badatorrela gerra! du izenburu liburuaren lehen atalak. Dokumentazio lan sakon baten eskutik, azken urteotan armagintzak eta militarismoak Europan bizi duten gorakada aztertzen du, hainbat elementuren arteko loturak ikusarazita: armagintza industriaren lobby lana AEBetan eta Europan; Europaren sumisioa AEBen interesekiko; Borrell edo Von der Layenen beldur-mezuak; edo Europako araudien eta gerrarako aurrekontuen eraldaketak. Auzolan militarista horren azken lorpena da, adibidez, 2024ko martxoan onartu berri den Europako Defentsa Estrategia Industriala, zeinaren arabera 2025-2027 urteetan Europar Batasuneko aurrekontutik 1.500 milioi euro bideratuko diren armagintza industriaren "lehiakortasuna" hobetzera. Europako eta Euskal Herriko armagintzak hazten jarraituko du, hortaz, itxura guztien arabera.
Hori guztia eta aurrekari historikoak aintzat hartuta, etorkizun hurbilaz aurreikuspen batere lasaigarriak egiten ditu Gasteizkoak taldeak, kapitalismoak Europako lurretan dimentsio handiko gerra bat sustatu dezakeela iradokitzen baitu.
Heriotzaren euskal merkatariak, aparretan
Liburuaren bigarren, hirugarren eta laugarren atalek Hego Euskal Herriko (ezinezko egin baitzaie Ipar Euskal Herriko daturik lortzea), armagintza sektorea aztertzen dute. “Heriotzaren merkatarien” jarreran aldaketa esanguratsu bat azpimarratzen dute: 2007ko ikerketa garaian beren negozioak ezkutatzeko ahalegina egiten bazuten, egun konplexurik gabe aitortzen dute, batzuek harrotasunez egin ere. Antimilitaristen irudiko, euskal jendartean oro har izan den “mentalitate aldaketa indartsuaren” isla da, militarismoaren diskurtsoak eta baloreak gero eta onartuago dituena.
Euskal jendartean “mentalitate aldaketa indartsua” eman da Gasteizkoak taldearen arabera, eta militarismoaren diskurtsoak eta baloreak gero eta onartuago ditu
Bigarren kapituluak euskal armagintza sektorearen (“xahuketarako eta gerrarako produkzioa”, liburuan) egungo ezaugarriak eta gertatzen ari diren “eraldaketa sakonen” zergatiak aletzen ditu, besteak beste, laguntza publikoen biderkatzea, ikerketa zibilaren “kooptazioa” industria militarrarengatik, hezkuntza sektorearen “inplikazioa”, edo babes politikoa.
Hirugarren atalak armagintzari loturiko zortzi erakunde edo enpresa aztertzen ditu, bakoitza egungo euskal armagintzaren ezaugarri nagusien eredu gisa hartuta: ITP Aero enpresa erraldoia, Sener enpresa “tradizionalista”, Tecnalia ikerketa eta garapen zentroa; Satlantis startup-a; Ega Master esku-erreminta enpresa; kontrolik gabe jarduten duen Ecia Xemein enpresa; Nafarroako Unibertsitate Publikoa; eta BBVA banketxea.
Laugarren kapituluak, azkenik, 200dik gora enpresa zerrendatzen ditu banan-banan eta herrialdeka, armagintzaren sektorearekin duten lotura labur aipatuta.
Izua, auzo-lotsa, esperantza
Finean, liburu mardul eta sakona ondu du Gasteizkoak talde antimilitaristak beste behin, Corsino Velaren hitzaurreak irekitzen duena. Bere irakurketak hasierako izu-ikaratik auzo-lotsara, eta auzo-lotsatik esperantza printza batera eraman gaitzake: izu-ikara Mendebaldean, Europan eta Euskal Herrian militarismoak bizi duen gorakada eta bizi dugun gerra (gehiagoren) arriskua aletzen duenean; auzo-lotsa Euskal Herriak armagintzarekin eta beraz munduko gerrekin duen lotura gero eta sendoagoa aztertzen duenean; eta esperantza izpitxoa, horri guztia zalantzan jarri nahi duen “moldaketa eraldatzailerako” proposamena irakurtzean. Denon eskuetan dago hurrengo urteotan ze sentimendu gailenduko den erabakitzea.
Poligonoaren Aurkako Asanbladak deituta, igandean egin duten martxan 300 pertsona inguru izan dira. Tiro praktika eremua kentzeko eskaera izan da aldarri nagusia, baina beste bi gairi lekua egin nahi izan diete beren protestan. Batetik, Palestina eta munduan gerra jasaten ari... [+]
Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]
1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.
Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]
Yurii Sheliazhenko Ukrainako Mugimendu Bakezaleko Idazkari Exekutiboa da, eta abuztuaren 15az geroztik preso dute bere etxean. Asteazkenean egin zuten bere aurkako lehen epaiketa eta intsumisioaren aldeko Europako mugimendua bere askatasunaren aldeko kanpaina egiten ari da.
Asteartean hasi dira gerra finantzatzeko onartzen den gastu neurrigabea salatzeko ekintzak, ‘Gastu militarrik ez’ lemapean.
"NATOtik eta gerratik ateratzeko modu bakarra euskal errepublika da", aldarrikatu du Ehun mugimenduak larunbatean Bardeetako tiro poligonoan egindako ekintzan.
Bilboko Iralako kuartel militarra eraisteko parodia egiteagatik, fiskaltzak 36 hilabeteko espetxe-zigorra eta 9.000 euroko isuna eskatu bazituen ere, Bilboko Epaitegiak bakoitzari 360 euroko isuna ezartzea ebatzi du, espetxe zigorrik gabe. Bilboko KEM talde antimilitaristak... [+]
Gerra gordina hasi zenetik urtebete bete denean, Ukrainako gatazkaren inguruko hausnarketa antimilitarista antolatu dute Donostian ostegunean Bake-Ekintza Antimilitaristak eta Centre Delàs d’Estudis per la Pauk. Gerra horri emandako erantzunetan gabezia asko ikusi... [+]