Argirik ez tunelaren bestaldean

  • Lezo-Errenteria eta Irun arteko trenek urteak daramate etenda dauden obra batzuen ondorioak jasaten. Renfe eta Adifeko langileek bat egin dute bidaiarien kezkekin: «Geltokiak hiltzen uzten ari gara».


2022ko urtarrilaren 12an - 14:17
Azken eguneraketa: 15:22
Europatik datozen abiadura handiko trenak Donostiara sar daitezen burdinbideen zabalera egokitu behar da.

Amaierarik gabeko tunel baten historia da lerrootakoa. Lurpeko pasabide hau, ordea, metrotan baizik, hilabeteetan neurtu behar da, eta bost urte luzeko metroa beharko litzateke hartarako.

2017ko apirilak bigarren hamabostaldia bete berri zuela harrapatu zituen bide ilun horrek Gipuzkoako aldiriko trenen erabiltzaileak, Adif eta Renfe enpresetako langileekin batera; bertan diraute ordutik, ihes egin ezinik, eta ez dute argirik igartzen tunelaren bestaldean.

Trena atzerapenarekin dator, edota, txarrenetan, zerbitzua bertan behera gelditu da esaldiak ez dira berri ez arrotz egunerokoan Oarso Bidasoko aldiriko trenen erabiltzaile direnentzat. Eguneroko ogi bihurtu dira halako egoerak 2017an Irun eta Donostia artean hirugarren erreia ezartzeko lanak abiatu zirenetik; konkretuki, 2017ko apirilean Gaintxurizketako tunelean obrak hasi zirenetik.

Lanen xedea Irun eta Donostia arteko trenbideek gaur arte izan dituzten bi erreiei hirugarren bat gehitzea da, hala, Europatik datozen trenak hiriburura heldu ahal izateko eta hortik, gero, AHTarekin lotzeko.

Erdian, hirugarren erreia.

Iberiar penintsulako trenen zabalera eta Europako abiadura handikoena ezberdina da; hortaz, eta egun Gasteiz, Bilbo eta Donostian bukatzea aurreikusita dagoen AHTaren trazadurari jarraipena emateko, ezinbestekoa da burdinbideen neurriak egokitzea. Horra hor hirugarren erreia ezartzeko arrazoia.

Moldaketa hori gauzatzeko, burdinbideak ez ezik, trenen trazaduretako beste hainbat azpiegitura ere egokitu behar dira; kasurako, tunelak. Orain dela bost urte ekin zioten horri Gaintxurizketako tunelean, hori baita eragindako bidean dagoen luzeena (535 metro).

Lanak gauzatzeko esleipendun zen Construcciones y Promociones Coprosa SA enpresak Europan bakarra zen tunelagailu bat sartu zuen orduan lurpeko pasabidean. Makina horrek lanak egin artean trenek zirkulatzen jarraitzea ahalbidetzen zuen, eskeleto antzeko egitura batek babesten baitzuen burdinbidea, zuloaren diametroa zabaldu bitartean hondakinik ez jausteko.

Jose Antonio Bayo. HEKEko bozeramailea: «Mugikortasun kolektibotik indibidualera pasa dira asko obren erruz»

Lanak eta trafikoa bateragarri egiteko, segurtasun arrazoiengatik, Adifek hainbat murrizketa ezarri zituen pasabide horretan; artean, noranzko bi zituen trenbidea aldebakarreko bihurtzea. Hori horrela, obrak hasi aurretik Irungo geltokira egunero heltzen ziren trenen kopurua erdira murriztu behar izan zen.

2018ko martxoan Coprosak porrot egin eta lanak geldiarazi behar izan zituzten, eta 6 hilabetez luzatzea aurreikusitako obrek 56 hil daramatzate dagoeneko tunelagailua oraindik ere bertan, ez aurrera ez atzera, dagoelarik.

Aldiriko trenei ez ezik, distantzia erdi eta luzekoei ere eragin zieten Adifen murrizketek, Oarso Bidasoko nahiz nazioarteko erabiltzaileen bidaiak zuzenean kaltetuz.

Gaintxurizketako tunela.

 

Egoeraren larritasunak kezkatuta, Renfeko zenbait trenbide langilek bat egin eta, Irungo Bizilagunen Ekartearen babesarekin, Hirugarren Erraiak Kaltetutako Erabiltzaileak plataforma (aurrerantzean HEKE) sortu zuten.

Elkargoaren bozeramailetza hartu du Jose Antonio Bayo irundarrak, egoeraren berri emateko: «Hasiera batean deserosotasuna zena, 56 hilabeteko ezinegon bilakatu da trenaren erabiltzaileen artean. Mugikortasun kolektibotik indibidualera pasa dira asko obren erruz».

Geroz eta gehiago dira plataformarekin bat egin duten herri eragile, politikari eta orotariko kolektiboak. Adifi eskatzen diotena garbia da: trenen maiztasuna handitzea; «eta, ezin den kasuetan», puntualizatu du Bayok, «aukerako beste medio publiko bat ahalbidetzea, zerbitzua bertan behera gelditu den geltokitik horri jarraipena emango dion beste geltokira lekualdatzeko».

Aurpegia ematera derrigortuta

Bayo, plataformako eledun izateaz gain, Adifen trenbideetako langilea ere bada. Ezinegona nagusi da horien artean ere bai, hala azaldu du Luis Alkortak; Bayo bezala Adifeko langilea da, eta enpresa batzordeko presidentea.

Gipuzkoan trenarekin izaten ari diren arazoak bi oinarri dituela dio: aipatutako lanek sortutako eragozpenak, eta Adifek herrialdean duen pertsonal falta. Zenbaki bat ere eman du: 2017an dagoeneko 58 langileren falta zuten.

«Areagotzen joan da gabezia hori langileak jubilatu ahala, erreleborik ez dagoelako. Hamar joan eta hiru berri sartzen dira». Pertsonal falta hori, gainera, azpikontratekin osatzen saiatzen ari dela enpresa gaineratu du.

Luis Alkorta. Adifeko langilea: «Baldintza hauetan lan egiteak tentsio ikaragarria eragiten die langileei»

Lanei eta pertsonal faltari, software eguneraketak sortu dituen arazoak gehitu dizkio: «Irun eta Lezo-Errenteria geltokietan ematen ari da arazo gehien». Ez da nolanahiko kontua, orratz aldaketa eta seinaleak bertatik kontrolatzen dira eta huts egiten badu, atzerapenak, eta trenak bertan behera utzi behar izatea ere eragin du aldiriko zerbitzuan. Merkantzia trenei ere eragiten die funtzionamendu oker horrek.

Ingurumari horretan, hurbiletik bizi dute tren zerbitzuaren erabiltzaileen haserrea. «Ezer gutxi egin dezakegu guk egoera hobetzeko, baina ulergarria den erabiltzaileen haserrea gu jasotzen ari gara». Erasoak ere jasan dituzte, hitzezkoak oro har, baina bestelakorik ere izan da, «jendeak ikastera, lanera heldu behar du, eta lana galdu duela esan digu erabiltzaile batek».

Lan baldintza eskasei, tentsio giroa gehitu behar diote langileek, eta horrek «faktura» pasa diela dio. Epe laburrean ez dio konponbiderik ikusten auziari, areago, korapiloa potoloagoa bilakatuko den zalantzarik ez du: «Tamaina handiko lan asko dituzte aurretik egiteko.

Horietako bat, Kaputxinoetako tunelean da, eta lan horiek, Buenavistako zubia eraisteko aprobetxatuko dituzte. Horrek trenak bertan behera uztea ekarriko du gutxienez sei aste eta lau hilabete artean». Donostia eta Irun arteko zerbitzurik, beraz, ez da izango.

Erabiltzaileak kaltetuko ditu, baina baita langileak ere. Renfeko tailerrekoak aipatu ditu zehazki: «Irunen dira mantenurako eta konponketarako tailerrak, trenak ezin badute bertara iritsi beste tailerretara edota Miranda Ebrora (Burgos, Espainia) joan beharko dute lanera epe horretan».

Merkantzietako trenekin ere antzeko egoera errepikatuko da: «Frantzia eta Alemaniatik Madril bidean datorren guztia ezingo da pasa, edo Irundik Algeposaren merkantziarik atera».

Informazio falta salatu du langileak enpresaren aldetik, eta irtenbidea, egiten ari diren lanek erabiltzaile eta langileen gain ahalik eta kostu txikiena izatea dela uste du. «Beldurra ez dut esango, baina baldintza hauetan lan egiteak, tentsio ikaragarria eragiten digu».

Agustin Gonzalez. Renfeko langilea: «Azken lau urteetako gertaerak direla eta, jende asko botatzen ari gara trenetik »

Renfeko langilea da Agustin Gonzalez. Hark zuzeneko harremana du bezeroekin, ibilbide luzeko trenetako ikuskatzaile baita; enpresa batzordeko ordezkaria ere bada. Gaintxurizketako tunelean jarri du begirada. «Konprimitu» egin dituela esan du, «aspaldian bukatuta behar zuen, eta orain, beste lan handi batzuekin egingo du bat korapilo gero eta handiagoa sortuz».

Etorkizun iluna

Herritarrei eman beharreko zerbitzua ez direla betetzen ari kontziente da Renfeko langilea, «egoera okertzen ari da, eta uste dut ez direla nahikoa saiatu neurriak hartzen konponbidea bilatzeko».

Zaila ikusten du irtenbidea Gonzalezek: «Zurrunbilo honetan pertsonal falta ikaragarria delako. Ez dago jende nahikorik trenen mantenua egiteko, ezta begiratzailerik ere, eta segurtasun langileak erdira murriztu dituzte».

Obrek eragindako kaosari eta pertsonal faltari, material falta ere gehitu dio langileak. «Ez dugu kudeaketa zentrorik Irunen, Bilbon dago. Zerbitzu hori hemendik eramatea eskatzen ari gara etengabe».

Agertoki iluna iragarri du, «Irungo geltokia hiltzen uzten ari gara». Geltokietan erabiltzaileei informaziorik ez zaiela ematen salatu du hark ere bai, eta Adif jarri du jomugan: «Haiena da ardura, ematen duten informazioa aurreikusitakoa da, intzidentziak badaude ez dute eguneratzen. Trenak bakarrik doaz, metroa bailiran, baina hau ez da metroa».

Tren segurua, erregularra eta jasangarria eskaini behar dutela uste du: «Azken lau urteetako gertaerekin jende asko ari gara botatzen trenetik, atzerapenak ditugulako, ez direlako bidaiatzen seguru sentitzen, ez dutelako informazioa jasotzen, eta ez delako zer edo zer puntuala egoera hori».

Soka asko tenkatzen ari da. «Erabiltzaileak ez dira kontziente, beraiek pairatzen dituzten ondorioak ikusten dituzte, baina akats txiki bat nahikoa da dena lehertzeko».

Langile gehiago, bitarteko gehiago eta aldiriko trenen kontrola egingo duen zentroa Irunen kokatzea eskatzen du Gonzalezek irtenbide gisa. «Ez dago material onik, ez dago pertsonal nahikorik, ez dago teknologiarik, eta gainera, burdinbideen baldintza kaskarra da. Erabiltzaileak jakin nahi du trena nondik eta zein ordutan aterako den, noiz helduko den helmugara, eta intzidentziaren bat badago informazioa garaiz jaso, alternatibak bilatzeko».

Lanak amaitutakoan zerbitzua gorenera iritsiko dela uste badu ere, horiek bukatu arteko bidea ilun aurreikusi du Gonzalezek, «planifikazioa behar dugu arlo guztietan, hau kaos bat da». Oraingoz, argirik ez tunel luzeaz haraindi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


AHT: Nafarroa-‘Euskal Y’ loturarako “hirugarren” alternatiba bat aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Espainiako Garraio Jasangarrirako estatu idazkari José Antonio Santanok adierazi du Eusko Jaurlaritzaren helegite bat onartu dutela Ezkio-Itsasoko konexioari buruz, Aralarri "hainbeste" kalte egingo ez liokeena.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Zundaketa lanak egiten hasi dira Otsobi kontzejuaren lurretan, baimenik eskatu gabe

Informaziorik helarazi gabe eta baimen eskaerarik gabe hasi dituzte Abiadura Handiko Trena eraikitzeko asmoz lehenago egin beharrak diren zundaketa lanak Otsobi kontzejuaren lurretan. Stop Zundaketak plataformak jakinarazi du egoera: "Izako Udalari edo Otsobiko kontzejuari... [+]


Lapurdi zeharkatzekoa duen AHT proiektuaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute

Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda eskualdean Lurraren Altxamenduak sareak antolaturiko protestari sostengua erakutsiz.


AHTren Ezkio-Itsasoko loturak “arazoak” dituela dio Espainiako Gobernuak eta Gasteizkoaren alde egin du

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Nafarroarekin lotura egiteko aukerarik "onargarriena" Gasteizkoa da, Ezkio-Itsasoko ibilbideak "konplexutasun teknikoak" dituelako.


AHTren obrak eta Renfe: murrizketak eta buruhausteak Gipuzkoako tren zerbitzuan, zazpi urtez

2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: “Trena benetako garraiobide bihurtu dadin”

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude