Ukrainako gerrak garestitu omen du gure etxeetako argindarra, hedabideetako marmarraren arabera. Baina Leire Astigarraga eta Jokin Castaños Goienerreko langileek azaldu digute betidanik prezioen espekulazioa dela nagusi argindarraren “merkatu marjinal” edo bitxian, eta iragan ekainean 180 eurotik 3.000raino igo dela argindarraren gehienezko prezioaren sabaia. Ukrainako gerraren gaia herritarrok despistatzeko erabili al dute, argindarrarekin nabarmen espekulatzen jarraitzeko? Argindarraren prezioa igotzea bera izan ote daiteke geoestrategiaren komunikazio kanpaina baten zati? Goienerreko bi langileek azaldu digute honek guztiak nola eragiten dion Goiener merkaturatzaile txikiari. Eta zer motibo indartzen dizkigun herritarroi, energia burujabetzaren bidean pausoak ematen jarrai dezagun.
“Enkante batean finkatzen da argindarraren prezioa” azaldu du Jokin Castañosek, “baina merkatu arrunt baten guztiz kontrakoa gertatzen da argindarraren merkatuan: tomaterik eskasenak dira merkeenak azoka arruntean, baina argindarraren kasuan edo eskaintzarik garestiena ordaintzen duzu edo bestela argi estaldurarik gabe geratzen zara”. Argindarrarena “merkatu marginalista” izateak egiten du “anormal”, Leire Astigarragak azaldu duenez: “Argindarraren merkatuan eskaria eta ekoizpena unoeoro bat etorri behar dira, hau da, orduro dagoen eskaria asetzeko ekoizleek beren eskaintzak egingo dituzte. Baina dagoen eskaintzarik garestienak markatuko du azken prezioa. Enkantean, eskaintzak merkeenetik hasten dira: energia nuklearra eta energia berriztagarri ez kudeagarriek egiten dute lehen eskaintza. Energia nuklearrak bere eskaintza oso merke egingo du, batetik, euren produkzio kostuak baxuak direlako eta bestetik, zentral nuklearrak ezin direlako abiatu eta geratu momentuoro, beraz, interesatzen zaie euren energia guztia saltzea, eskaintza merkeak eginez.
Hortik aurrerako teknologiak joango dira ekoizpen eskaintzaren prezioak igotzen eta azkena sartuko dena da garestiena. Baina azkena sartu den teknologiaren prezio hori da denentzat ezartzen dena, beraz, eskaintzarik merkeena egin duten horiek ere, garestienaren prezioan salduko dute. Horri deitzen zaie ‘zerutik etorritako irabaziak’”.
Gasaren gaira etorrita, Goienerreko kideek azaldu dute gas ziklo konbinatua dela argindarraren merkatuan prezio altuena markatu ohi duen teknologia, “eta beraz, gasaren prezioa gora doan heinean, ziklo konbinatuko elektrizitatearen prezioa gora doa”. Gas ziklo konbinatukoak omen dira, besteak beste, erraustegiak: “Gasarekin pizten delako zaramak erretzeko labea eta zarama ez denez oso erragai ona, gasa eta zarama erretzen dutelako” (hortik “ziklo konbinatu” hitza), Castañosek oroitarazi duenez.
Astigarragak argindarraren merkatuko espekulazioaren datu hau eman du: “Enkantea kudeatzen duen OMIEk (Operador del Mercado Iberico Español) hilero ateratzen du txosten bat, agertzen duena eguneko ordu bakoitzean zein teknologia izan den prezioa markatu duena. Prezioak oso altuak izan diren azken hilabete hauetan, bitxia da ikustea ordu gehienetan teknologia hidraulikoa izan dela prezioa markatu duena. Beraz, hor espekulazio handia dago. Izan ere, hidraulika handiek eta gas ziklo konbinatukoek jabe berberak dituzte, beraz, badakite noiz izango den teknologia hidraulikoarekin aski eskaria asetzeko, eta beraz, prezioak ez jaistea lortzen dute, berez, gaitasuna dutenean prezioa jaisteko eguneko ordu askotan”.
Castañosek salatu duenez, “horregatik hustu zituzten urtegiak udan, energia garesti zegoelako, eta urarekin energia ekoizteko baliatu zuten. Horrek ez dauka ez hanka ez buru, baina hala egin zuten. Eguerdiko 12:00etan ixten da enkantean hurrengo eguneko argindarraren prezioa. Baldin badakizu hurrengo egunean 500 euroan egongo dela megawattioa, pantanoak zabaltzen dituzu eta prezio horretan ekoizten duzu. Horrela, ez duzu gasik erretzen, zure eskariari kobertura emango diolako urak, eta bistan denez, askoz irabazi gehiago izango dituzu. Azken ekoizleak jartzen dio argindarrari prezioa, eta hidraulikoa izan bada atera kontuak: urak zer balio du? Ura denona da eta uraren lehenbiziko funtzioa pertsonek kontsumitu ahal izatea da. Baina inoizko negurik lehorrena izan dugun honetan, ura gastatu dute energia ekoizten”.
Argindarraren prezioaren igoeran eragin handiagoa du espekulazioak gasaren prezio igoerak baino?
JOKIN CASTAÑOS: Ekainean argindarraren enkante horretako prezioaren sabaia igo egin zuten. Lehen ezin zen prezioa 180,6 euro/wattio baino garestiagoa izan, eta egun 3.000 euroan dago sabai hori. Atea zabalik utzi dute merkatua erabat desitxuratzeko. Horregatik ikusi dugu, irailetik hona gehien bat, lehen 200 eurokoa zen muga hori sobera gaindituta, 700 euroraino iritsi gara duela bi aste, ordu batzuetan.
Hau eginda, Goiener bezalako merkaturatzaile txikiak merkatutik botatzeko aukera dute. Izan ere, bost enpresa handi horiek, merkaturatzaileak izateaz gain, ekoizleak ere badira, beraz, eurentzako behar duten energia guztia sortzen dute eta adibidez 160 euroko prezioa jartzen diote beraientzako den energiari; aldiz, beren soberakin guztia merkatuan 700 euroan jartzen dute salgai. Horrela, sorkuntza gutxi daukagun merkaturatzaile txikiok behartuta gaude 700 euroan erostera. Horrela ezin dugu konpetitu, merkaturatzaile handiek beren bezeroei 160 euroan saltzen baitiete argindarra eta beraz, merkatua guztiz bereganatzea lortzen dute.
Baina etxeko argindarra enpresa handi batekin kontratatuta duen herritarrari ere asko garestitu zaio tarifa...
J. CASTAÑOS: Bai, bost enpresa handi horiek euren kontsumitzaile handiei, alegia industriari, bermatzen diete argindarra prezio merkeagoan. Kontsumitzaile txikia berdin zaie. Erabat prezio desberdinak dituzte industriarentzat eta herritarrentzat.
Ukrainako gerra dela-eta gasa garestitu dela errepikatzen digute. Zer datorkizue burura?
J. CASTAÑOS: Egon seguru 50 euroan erosi zuten gas hori bera 700 euroan saldu dutela. Egun, gasa 200 euro inguruan dago eta egun erretzen ari diren gasa bere garaian 50 euroan erosi eta depositoetan zutena da. Hor bai dagoela gehiegizko irabazia: prezioa on-line eguneratzen dute baina gasa ez dute on-line erretzen.
Nire ustea adieraziko dut, Goienerren ez baitugu gai hau adostu. Oso tranposoa izaten ari da gaia, guda hotzaren garaietara itzuli nahian, Errusia maltzurtzat hartzeko. Baina benetan hirugarren gerra mundiala teknologikoa eta digitala izaten ari da. 2021-eko ekainan merkatuaren prezioaren sabaia 180 eurotik 3.000 eurora igo zutenean, bazekiten zerbait batzuek. Ukrainako gerrarekin despistatu gaituzte baina inor ez da gogoratzen ekaineko neurri horretaz. 180ko gehienezko prezioan bageunde, nahiko ondo geundeke. Baina atera kontu, gehien ordaindu dugun 700 euro horietatik 3.000 eurora zenbateko tartea dagoen oraindik ere!
Aldiz, prentsan irakurtzen dugu: “%43 jaitsi da argindarra”. Duela urtebeteko prezioarekin alderatuta, %70 igo da. Duela urtebete 80 euroren bueltan zegoen, eta gaur 240ren inguruan. Duela bi aste 700ean egon zenez, %43 jaitsi da, noski.
Herritarrok eros ahalmena asko galtzen ari gara. Zer interes egon daitezke horretarako?
J. CASTAÑOS: Argi dago erregai fosilen azkenetan gaudela. Eta botere kontua da: nork bereganatzen duen erregai fosilen ekoizpen handiena. Hau geoestrategian eta geopolitikan kokatzen da. Errusia zigortzea bezalako interesak daude atzean, baina bitartean zigortuak gu gara, dena garestitzen zaigulako. Uste dut estrategia komunikatibo baten parte ere izan daitekeela. Prezio igoeren atzean dagoena estrategia geopolitiko bat da.
Gobernuak iragarri dituen neurriak eraginkorrak iruditzen zaizkizue?
J. CASTAÑOS: Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko ministroa den Teresa Riberak esan du “apiriletik aurrera gasa desakoplatuko dugu merkatu elektrikotik”. Baina horrek zertarako balio du? Otsailean ibili gara-eta 700 euro ordaintzen hidraulikoarekin? Jaitsi dezatela gehienezko prezioaren sabaia berriz! Egia da bai Europako eta bai Espainiako politikariek esan izanak gasa desakoplatuko dutela argindarraren merkatutik, horrek ekarri duela prezioa jaistea. Izan ere, lehen aipatu ditugun “zerutik etorritako irabaziek” isun batzuk ekar ditzakete, abusuagatik, prezio altuegia eduki duzulako zure teknologiak hori behar ez duenean: baina isunak gehienez 60.000 eurokoak dira, barregarriak, argindarraren prezioa gehiegi igota dituzten irabaziekin alderatuta. Aipatu dugun moduan, prezioen abusu hori etengabe egiten da, baina 180ko sabaia zegoenean oharkabeago pasatzen zen, baina orain oso nabarmena da.
L. ASTIGARRAGA: Urrian argindarraren prezioa asko igo zenean, Espainiako Gobernuak esan zuen “zerutik etorritako irabazien” gaia erregulatuko zuela, eta elektrika handiek erantzun zioten eskua sartzen bazuten zentral nuklearrak gelditu egingo zituztela. Beraz, ez dakit Gobernuak noraino duen gaitasuna gauzak egiteko, kate motzean lotuta daude.
J. CASTAÑOS: Beste gai bat da, CO2aren karguak zer eragiten duen: iaz arte CO2ak ez zuen ia eraginik argindarraren prezioan, baina orain bai.
L. ASTIGARRAGA: CO2 isurtzen duen zentral orok du isun moduko bat isurtzen duen CO2 tonako. Duela urtebete 20 euro inguru zen CO2 tonako eta egun ia 80 euro dira. Beraz, ziklo konbinatuak (gasa errez energia sortzen duenak) CO2 isurketen kargua ordaindu behar du eta horrek dakar haien eskaintza garestiagoa izatea.
J. CASTAÑOS: CO2a isurtzea “zigortzen” da, baina kostu hori energiaren prezioan sartzen digute, beraz, nork pagatzen du CO2 isurketa? Sortzaileak edo erabiltzaileak? Berez sortzaileak ordaindu beharko luke, irabazi gutxiago izanaz. Baina kontrakoa gertatzen da.
Honek denak nola eragiten dio Goienerri?
L. ASTIGARRAGA: Guri eskatzen digute merkatuan erosten dugun energiaren bermeak jasatea, hamaika egunez. Beraz, merkatuan argindarra erosteko prezioak zenbat eta handiagoak izan, hamaika egunez eutsi behar ditugun bermeak ere handiagoak dira.
J. CASTAÑOS: Argindarraren merkatuan beti aurreratu behar dugu dirua: gaur esan behar dugu hurrengo astean zenbat argindar beharko dugun, eta momentuko prezioaren arabera, %100eko bermea ordaindu behar dugu. Beraz, zazpi egunean kontsumituko dugun energiaren dirua aurreratu behar dugu, eta hamaikagarren egunean itzultzen digute erositakoa baino gutxiago kontsumitu badugu.
180 euroko prezio sabaia zegoenean tesoreria edo altxortegian oso ongi gindoazen. Orain ere Goienerren emaitzetan ongi goaz, par egiten dugu eta irabazi asmorik gabekoak garenez, ongi. Baina eguneroko altxortegia oso estresatuta dugu. Horregatik egin genuen urrian kapital sozialera borondatezko ekarpen bat egiteko deia. Eta gaurko (martxoak 22) batzar nagusi berezi bat deitu dugu, altxortegia malgutzeko erabili ditzakegun beste erramintak adosteko.
Tesoreria edo altxortegi arazoak gainditzeko zer aukera dituzue buruan?
J. CASTAÑOS: Adibidez, erraminta bat da Koop57n bazkide egitea, horrela tresna finantzieroak eskainiko lizkiguketelako. Orain arte bestelako banketxeekin egin izan dugu, baina Koop57 gure baloreekiko gertu sentitzen dugun kooperatiba finantzieroa da. Fiare banku etikoan ere bagara bazkide.
Bestelako neurri batzuk ere aztertuko dira batzarrean. Adibidez, esku artean dauden aukeretako batzuk dira fakturak aurreratzea; edo aurreko urrian kapital sozialera ekarpena borondatez egin zen moduan, oraingoan derrigorrezkoa izatea, batzarrak hala erabakitzen badu.
Egoera honek beste motibo bat gehiago ematen digu herritarroi energia burujabetza eta autokontsumoa bultzatzeko?
J. CASTAÑOS: Uste dugu horrelako momentuetan Goienerren ereduak indarra irabazten duela. Energia berriztagarrien komunitateetan lanean ari gara: adibidez Hernanin (erreportaje honetan azaldua dugu gaia), eta beste hainbat udaletan dagoeneko 14 proiektu ditugu. Energia berriztagarrien komunitate hauek kooperatiba txiki gisa sortzen dira, eta herrietan energia sortu eta zerbitzua eman dezakete: energia hori izan daiteke elektrikoa, edo termikoa, etxebizitzen isolamenduak landu ditzakete... herri bakoitzaren ezaugarrien arabera. Hau da, herrietan Goiener eredua erreplikatzea da gakoa.
L. ASTIGARRAGA: Herritarrok zer egin behar dugun? Energia burujabetzarantz ematen den pauso bakoitza izango da herritarron alde. Argindarraren merkatutik geroz eta dependentzia gutxiago izanda, guk gure argindarra kudeatzeko gaitasuna izango dugu, eta hobe izango da. Eta nola ez, argindarraren kontsumoa murriztu behar dugu, bai ala bai.
Goienerrek energia gehiago ekoizteko akuilu izan daiteke egoera?
J. CASTAÑOS: Gure plan estrategikoan hori ageri da, eta pixkanaka bagoaz gure instalazioak martxan jartzen. Aurrera begira bi estrategia markatu ditugu: bata da gure ekoizpen unitateak handitzea, horretarako sorkuntza proiektu berriak martxan jarriz edo lehendik existitzen diren zentral hidroelektrikoak (Hernaniko Fagollaga bezalakoak) eskuratuta. Eta beste ildoa da ekoizleekin aldebiko akordioak lortzea.
Azaldu ekoizleekin aldebiko akordioak egitearen hori...
J. CASTAÑOS: Goiener merkatuko agentea da erabat. Hau da, lizentzia dugu energia erosi eta saltzeko. Batetik, gure bazkideentzako energia erosten dugu, gure bazkideen etxeetara argia eramateko; eta bestetik, energia ekoizle diren Goienerreko bazkideei, sortzen duten energia merkatuan saltzen diegu. Tratanteak gara. Argindarraren sektorean, “errepresentante” figura da gurea. Izan ere, ekoizle batek ezin du zuzenean argindarraren merkatuan energia saldu, beti behar du bitartekari bat, eta Goienerrek bitartekaritza hori egin dezake.
Helburu nagusia gure energia ekoiztea da eta ekoizteko aukerarik ez badugu, ekoizlearen energia Goienerrentzako propio erostea, merkatutik pasatu gabe: zuzenean ekoizlearengana jo, eta bitariko akordioa eginda. Hau da, ekoizlearen eta Goienerren artean adosten dugu prezio bat adibidez urte osorako, merkatutik geroz eta dependentzia gutxiago izateko. Horretan ari gara.
Momentuz ez dugunez gaitasun ekonomikorik eskaera guztiari Goienerrek sortutako energiarekin erantzuteko, sortzaileekiko aldebiko akordioak lortzea da egungo estrategia.
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]
GES-Global Energy Services enpresak eguzki bidezko energia sortzeko proiektua hasi du Erriberrin, Euskal Herriko handienetakoa. 50 MWp-ko potentzia izango du, eta 74.000 eguzki panel izango ditu guztira, instalazioak datorren urtea amaitu baino lehen martxan jartzea aurreikusten... [+]
Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko lituzkete eta horrek Errezilgo lurrak ere hartuko lituzke. Beizama eta... [+]
Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan... [+]
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]
Arabako hamazazpi talde, elkarte eta herri mugimenduk deituta, milaka lagun elkartu dira larunbat arratsaldean Gasteizen, euripean. Bilbo plazatik abiatutako manifestazioak Foru plaza bete du ibilbidearen amaieran. Arabako landa eremua mehatxatzen duten makroproiektu guztien... [+]
Hamasei plataformak baino gehiagok bat egin dute "Araba ez dago salgai" eta "Makroproiekturik ez!" mezuekin eta manifestazioa antolatu dute elkarrekin: urriaren 26an izango da, 18:00etan Gasteizko Bilbo plazan hasita. Jarraian, manifestazioa deituz plazaratu... [+]
Makroproiektuen aurkako manifestazioa izango da, larunbat honetan, urriaren 26an, arratsaldeko 18:00retan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.