ARGIAk mendeurrena ospatuko du 2019an herritarren esku jarriz 100 urteko ondarea

  • Mendea beteko du ARGIAk datorren urtean eta data esanguratsu hori baliatuko du zenbaki guztiak eta argazki artxibo historikoa digitalizatzeko. Mendeurrenaren harira hurrengo urtean ekimen ugari egingo dituztela aurreratu dute Donostian emandako prentsaurrekoan.


2018ko azaroaren 14an - 11:00
ARGIAko lantaldea eta Jaurlaritzako ordezkaria mendeurreneko ekitaldien aurkezpenean (argazkia: Dani Blanco).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Euskal kazeta dekanoa da ARGIA, 100 urte bete ditu, eta mendeurren horren inguruan egin nahi diren ekimenak eta irudia aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Donostian ARGIAko kideek, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibalitz Alkortak lagunduta. “Mende bat ez da edonolako urteurrena eta gure lantaldea aspaldi ari da efemeridea behar den bezala ospatzeko ekimenak antolatzen”, azaldu du Bego Zuza ARGIAko lehendakariak.

1919an Zeruko Argia izenarekin aldizkari erlijioso gisa sortua eta ondoren Donostiako Argia-ren informazio orokorreko astekariaren izaera bereganaturik, ehun urteotan euskal kazetaritza modernoa garatzeko izan duen paper garrantzitsua nabarmendu dute prentsaurrean: “Lokarri bat izan da bere inguruan bildu izan diren euskal sortzaile, kulturgile eta kazetariontzat”, azaldu du Urko Apaolazak.

Denera 2.600 zenbakitik gora eta dozenaka mila orrialde argitaratu dira euskara hutsean denbora honetan. Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailarekin hasitako elkarlanari esker zenbaki horiek guztiak digitalizatzeko proiektuari ekin dio ARGIAk, webgunean kontsultagai jartzeko helburuz. “Aspaldiko nahi edo asmo bati eutsi diogu: ondare hori guztia herritarren eskuetan jarriko dugu”, jakinarazi du kazetariak.

Mendeurrena bere irakurleei eskainitako opari batekin hasiko du ARGIAk: 2019ko lehen zenbakia berezia izango da, edukiz, diseinuz eta baita luzeraz ere

Horrez gain, argazki artxibo historikoa ere digitalizatu eta denen eskura jartzeko prozesua martxan da. Azken mende erdiko gertaera sozial eta politikoak islatzen dituzten milaka argazki dira, asko euskalgintzari eta herri mugimenduei lotuak.

Mendeurrenari begira, hurrengo urtea bere irakurleei eskainitako “opari” batekin hasiko du ARGIAk: 2019ko lehen zenbakia berezia izango da, edukiz, diseinuz eta baita luzeraz ere. Bestalde, hilabetez hilabete ekitaldiak eta mahai-inguruak egingo dira lurralde guztietan.

Barne egituraketan, berriz, aurrerago jakinaraziko den “beste pauso esanguratsu bat” emango du ARGIAk, azken urteetako horizontalizatze bideari eutsiz.  

“Beste ehun urte bete nahi ditugu”

Ehun urte horietatik azken hiru hamarkadak Ametzagaiña taldean egin ditu ARGIAk, Antza inprimategiaren, Adur informatika enpresaren eta Iametza komunikazio enpresaren babesarekin.

“Ehun urte egin ditugu, baina beste ehun bete nahi ditugu”, adierazi du Estitxu Eizagirre ARGIAren zuzendariak. Horretarako ezinbestekoa da jendearen babesa eta erakunde publikoen konpromisoa.

Prentsaurrean nabarmendu dutenez, mendeurrena baliatu nahi dute euskal kazetaritzak bere osotasunean “zailtasun askoren gainetik” egindako ibilbidea ospatu eta dagokion aitortza egiteko: “ARGIAk mendea egin du, baina berarekin euskal prentsak ere bai”, azpimarratu du Eizagirrek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA
2025-03-10 | ARGIA
Badator Bizi Baratzea Orria, ARGIAren aldizkari berri eta berezia

Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]


Pedro Ignazio Barrutia
‘Gabonetako ikuskizuna’: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez)

Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII... [+]


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


Alternatibei zirrikitua irekitzeagatik

Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]


Eguneraketa berriak daude