Aiaraldea hedabidearentzat da prentsa ataleko aurtengo Argia Saria, Laudioko eta Amurrioko Tubacex-eko langileen greba, erresistentzia eta bizipenak hurretik kontatzeagatik. Bertako kazetariek jaso dute saria.
Hedabide independenteon sustrai nagusia komunitatea da. Kazetaritza komunitarioa deitzen zaio jendearen ekarpenak bizigai duten hedabideen jardunari. Kazetari lantalde profesionala txikia izanik ere, informatzeko gogoak bultzatuta musu-truk aritzen den kolaboratzaile sare oparoaren informazioak handitu egiten du eragiteko gaitasuna. Ingurunean errotuta egoteak bermatzen du baliabide faltagatik bestela ezinezkoa litzatekeen kazetaritza jarduna. Hedabidea komunitateari zor zaionez, herritarren patua hedabidearena ere bada.
Beraz, multinazional batek errentagarritasunaren izenean eskualdeko 129 familia kale gorrian utzi nahi dituenean, eta langileak grebara doazenean, eta lanuztea 236 egunez luzatzen denean, eta langileek garaipena ospatzen dutenean... Horren guztiaren aurrean, “Zer, nola egin?” galderak erantzun erraza du: herrikideen bizi baldintza duinen aldeko greban barneratzea. Hasieratik amaierara arte, egunez egun, lagun, auzokide eta senideen piketetik.
Herriko historian mugarri diren gertaerak txikitik ere kontatzen dira. Aiaraldea.eus-eko lagunek horixe egin dute, eta ondo egin ere. Eskura dituzten kazetaritza tresna guztiak erabiliz (papera, webgunea, ikus-entzunezkoak, sare sozialak...) Laudioko eta Amurrioko Tubacex-eko langileen greba, erresistentzia eta bizipenak hurretik kontatu, hedatu eta galdera berriak sortu dituzte.
Eta horrek saria merezi du.
Esker ona adierazi nahi diegu 2022. urteko argia sariak babestu dituzten eragileei:
Globalera ohitu gaituzte. Zirraragarria da munduko edozein txokotako informaziora iritsi ahal izateko gaur egungo aukera. Zoratzerainokoa, hainbeste leiho ireki zaizkigunean. Klik bakar batean. Baina munstro handi bat ere bada, irensten gaituena bere seduzitzeko gaitasunarekin... [+]
Izan duten ibilbide aitzindaria omentzeko, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza irratientzat da aurtengo Merezimenduzko Argia Saria. 40 urtetik gora daramate Euskal Herriari eta euskaraz emititzen, ezinbesteko ekarpena eginez.
Streaming plataformetan euskarak duen presentzia urriari aurre egiteko martxan jarritako Pantailak Euskaraz ekimenari eman diogu aurtengo kanpaina onenaren Argia Saria, denbora gutxian herritarren nahiari ahotsa eman eta ardura dutenak mugiaraztea lortu dutelako.
Ulu Mediak eta EITBpodkastek ekoitzitako Artxipelagoa fikzio podcast seriearentzat da aurtengo irrati ataleko Argia Saria. Ulu Mediako kideek jaso dute saria.
Badok.eus atariarentzat da aurtengo Interneteko Argia Saria, Internetek gure bizitzetan duen gero eta presentzia duen garian euskal musikarentzat eta haren zaleentzat ezinbesteko itsasargi izateagatik. Jon Eskisabelek jaso du saria.
Azpeitiko Kulturaz Kooperatibaren ekimeneko DAPA ikus-entzunezko narrazioak dira aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea. Kulturaz Kooperatibako kideek jaso dute saria.
Badatoz urteko euskarazko komunikazioko lanik txukunenak saritu asmo dituzten Argia Sariak. Aurten ere sarean emango dugu haien berri, urtarrilaren 31tik otsailaren 5era, egunero 10:00etan webgune honetan bertan.
Oraindik hilabeteak falta dira Argia Sarietarako, urtarrilaren amaieran izaten baitira, baina hauen prestaketarako makineria abian da jada. Prozesuaren kate-begi garrantzitsuenetakoa da hautagaien bilketarena.
Atzo esan dit lagun batek: “Iraila joan zaigu, berehala ordu aldaketa, eta horrekin batera jada Gabonetan sartzen gara”. Ez ditut denbora salto azkarregi horiek atsegin. Etzikoan ere pixka bat pentsatzen duten horietakoa naiz, baina unean unekoa eta tokian tokikoa... [+]