Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari elizaren parean.
Hartzea ematea delako, azokara joateko deia egin zuen Durangoko Azokako antolakuntzak urriaren 16an, aurtengo edizioa aurkezteko ekitaldian. Horixe leloa: Hartzea ematea DA!. Hau da, kultura jasotzea gizarteari “bueltan emateko bide bat” dela. Horixe zioen Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak: euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen laguntzen duela.
Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 59. edizioa. Urteroko moduan, han izango da ARGIA.
NON?
Azken urteotako leku berean, Artekale 18-23an egongo dira ARGIAren eta Bizi Baratzearen postutxoak. Landako gunearen erdigunean, alegia. Edonondik erraz ikusiko dira Bizi Baratzearen banbuak. Sei postu horietan egongo dira ARGIAk aurten kaleratu dituen produktu guztien egileak, baita ARGIAko lantaldea ere, Komunitatea alorrarekin ere ordezkatua.
Horrez gain, Durangoko Azokaren bueltan sortzen den giroaren ingurumarian, beste urtetan bezalaxe, Andra Mari elizaren atarian ipiniko da postutxoa, egunero-egunero, kalean. Inor ez da ilegala-ren espazioa printzipala izango da horixe.
Baina aurten bada beste nobedade bat, eta ez nolanahikoa. Presentzia are handiagoa izango du ARGIAk Durangon, hirugarren gune bat ere izango baitu. Izan ere, merkatal-denda fisikoa irekiko du Andra Mari elizaren parean, ARGIAren produktu guztiak erakutsi eta saltzeko, bereziki Inor ez da ilegala leloarenak.
ZER?
ARGIAren hiru guneak honela bereiziko dira oro har: Landako barruan, arropa ez beste produktu guztiak egongo dira; elizaren atarian Inor ez da ilegala-ko jantziak; eta ARGIAren dendan produktu guztiak, tartean lurraren defentsaren aldeko arropak.
Liburuak.
Udazkenean ikusi dute argia Bizi Baratzearen urteko bi argitalpen esanguratsuek. Haziei buruzkoa izan zen lehena, Haziak. Zergatik eta nola egin zureak, Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal-ek idatzia. 60 espezieren haziak gure baratzetan ereiteko instrukzioak eman dituzte, eta ikuspegi politikoz aztertu hazien auzia; Estitxu Eizagirre kazetariak erreportaje honetan kontatzen zuen moduan, "hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean".
Geroago erein dute Bizi Baratzearen lantaldeak eta Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua, Ibai Arrietaren argazki eder eta Maitane Gartziandiaren ilustrazio dotoreez jantzia. 67 formula azaldu ditu Larreak, urteetan eman dituen ikastaroetan garatu eta frogan jarri dituenak. Ezer baino lehen oharra: liburua ez da gorputz batzuentzat soilik; bizarduna izan edo ez, pinpirina izan edo ez... Dutxatzen bazara, zuretzat ere bada.
Azaroaren hasieran aurkeztu zen, bestalde, haur ugari –onerako– aztoratu dituen ipuin-liburua: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. Adur Larreak egin ditu ilustrazioak, eta Gorka Bereziartuak kontakizuna. Alajaineta herriko jaiak badatoz, baina aurten ezin ditu inork erraldoiak kalean dantzatu... ene bada! Zer egin?! Ba horri konponbidea ematen ahaleginduko dira fikziozko herri horretako haurrak. Istorio dibertigarri hori osatu dute, Bereziartuak zioenez gero, haurrak irakurtzera bultzatzea delako asmoa, irakurketak batez ere plazera izan behar duelako.
Nobedadeetan azkena, azaroaren hondarretan inprentatik bero-bero irten den liburu irakurterraz bat, gogoeta eragiten duena: Superbotereak. 10 urrats eskola eraldatze bidean. Koldo Rabadan maisuak idatzia, bigarren saiakera-liburua du, Bidean-en ondorena. Lehen haren ondotik, hainbat mintegi eman ditu ikastetxe ugaritan, eta klaustroak nekaturik eta ezkor ikusi dituelarik, irakasleentzat bizigarri izan daitekeen liburua idatzi du, idazkera fresko eta umoretsuan –zenbaitetan–. Haurrei begira jarri da liburuan: “Zorionez haurrek ez dute heldurik euren barnean, errealitatera jaitsita leudeke bestela”.
Eta jakina, ARGIAren liburu berri horiez gain, salgai egongo dira datorren urteko egutegi eta agendak: Ilargia eta Landareak agenda, ilargiaren egutegia, eta efemerideen egutegiaren takoa eta haren euskarria, pago-egurrez egina. Aurreko urtean kaleratutako Hausnarrean liburua eta haren egile Josebe Blanco ere Durangon izango dira, Zaldi bat ihes garrezko zelaian, Planeta prekarioan, Txori urdinak, Ño!, Gure heroiak... Baita haur-jolasen alorra ere: Hizki-pizti, Jarioka, OTU eta Xapoketan.
Arropa.
Inor ez da ilegala leloak presentzia handia du Durangoko Azokan. Andra Mari elizaren atarian zein pareko ARGIAren dendan aurkitu ahalko dira aldarri hori duten kamisetak, poltsak eta jertseak. Horietakoren bat erosita, ohi moduan, ekarpena egingo zaio Bilboko Mbolo Moye Doole elkarteari; jatorri senegaldarreko kale-saltzaileen elkartea da. Bada nobedade bat aurten jertseetan: curry horia kolorea txertatu da.
Horrez gain, Lurra herriari deika aldarridun kamisetak ere eskuragai egongo dira Durangon. Bi modelo horietakoren bat erosita ere ekarpena egingo zaio Euskal Herriko agroekologia mugimenduari.
ETA NOIZ?
Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea egunero egongo dira Landako guneko stand-etan, goiz eta arratsalde. Gainontzekoak, egun konkretu batzuetan: hazien liburuaren egileak ostiralean eta larunbatean; erraldoien liburuarenak ostegunetik larunbatera; haur-jokoenak ostiralean eta larunbatean; eta hezkuntzako liburua atera duen Koldo Rabadan, larunbatean. Mbolo Moye Doole elkartekoak, berriz, egunero egongo dira elizapeko gunean.
Liburuen aurkezpen-ordutegiak hauexek izango dira:
Abenduak 5, osteguna.
15:15ean, Saguganbaran: Abentura erraldoia, Adur Larrea eta Gorka Bereziartua egileekin.
Abenduak 6, ostirala.
17:00etan, Durangoko Museoan: Ilargia eta Landareak agenda 2025, Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarekin.
17:30ean, Durangoko Museoan: Haziak, Miguel Arribas Kelo eta Marc Badalekin.
Abenduaren 7an, larunbatean.
17:00etan, Talaia areto nagusian: Kosmetikoak sendabelarrekin, Garbiñe Larrearekin.
17:30ean, Talaia areto nagusian: Ilargiaren egutegia 2025, Jakoba Errekondorekin.
18:00etan, Talaia areto nagusian: Superbotereak, Koldo Rabadanekin.
Hona hemen Durangoko Azokaren planoa eta egitarau osoa.
Salmenta guneak ipintzeaz harago, ARGIAk egunean eguneko jarraipena egingo dio Durangoko 59. Azokari. Han izango da Gorka Peñagarikano kazetaria. Egunean eguneko kronikak egin beharrean, aurten, fikziozko ipuin bat sortu eta azokaren ingurumarian kokatuko du. Lau atal izango ditu, eguneko bat, azoka ixterako argitaratuko dena.
Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]