Arbonako lur batzuen okupatzen hasi ziren ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideak ekainaren 23an. Espekulazioa dela eta, hamabost hektarea lur eta horiei loturiko etxea salgai dira 3,2 milioi eurotan. Atzo gauean egindako biltzarrean, okupazioarekin segitzeko hautua egin dute. ELBko laborari eta Lurzaindiako kide den Dominique Amestoyi egin dio ARGIAk elkarrizketa.
Zortzi egun okupatzen ari zaretela. Zertan zarete?
Barda bildu gara ELBko Lur taldea eta Lurzaindia, 25 bat ginen. Zortzi egun pasa ditugu bertan, inportantea da horrela aste bat okupatzen pasa izana eta bilana egin dugu. Balorapen arras baikorra dugu. Batetik, jendea ibili da, ez alimaleko jendeketa, baina beti ter-ter-ter jendea jin da. Bestetik, hautetsiei buruz ere entseatu gara lan bat eramaten, laguntza biltzeko eta hor ere erantzun ona ukan dugu. Adibidez 36 oren barne Ipar Euskal Herriko auzapezen erdiak gure ekintza sostengatu du. Horrek ere pozten gaitu, pentsatzen dut saltzaileari eta erosleari buruz nonbait presioa egiten duela.
Oroitarazten ahal dizkiguzu dituzuen aldarrikapenak?
Bata da hamabi hektarea laborantzarako salbatzea eta erostunari uztea etxea eta hiru hektarea. SAFERak [laborantza lurren kudeaketaren ardura duen egiturak] hamabi hektarea horiek laborantzako prezioan erostea nahi dugu. Eta beste aldarrikapena euskal hirigune elkargoari begira dugu, laborantza lurren antolaketari buruz lan bat abiatzea nahi dugu. Horri dagokionez, ez da deus egiten, eta aspertzen hasiak ginen. Jean-René Etxegarai [elkargoko presidentea] eta Isabelle Pargade [elkargoan laborantzaren ardura duen hautetsia] jin zaizkigu haien ikusmoldea ematera, eta haien sostengua ekartzera. Buruilean hasiko dute lurrei buruzko lan hori. Hori horrela, bi aldarrikapenetatik bat badugu. Geroari buruz inportantea da, lurraz arduratzen diren egitura guztiak bilduko dira –Lurzaindia, EPFL, Laborantza Ganbera, laborantza sindikatuak, ...–. Baikorra da, baina erran diegu hala ere ez dugula meza handirik nahi eta gero deus ez; biziki fite doaz gauzak, anitz lur galtzen ditu laborantzak. Lurrak hor dira, baina pausagailu toki bilakatzen dira guhaur ohartu gabe. Hori aztertu behar dugu eta mugak ezarri behar dituztela ohartarazi diegu hautetsiei. Gure proposamenak Frantziako Legebiltzarrera helarazteko eskaera ere bideratu diegu, lehentasunez lurrak erosteko SAFERak duen ahala hobetzeko. SAFERaren boterea ahultzen ari da, geroz eta lur gutiago salbatzen ditu eta hori ere ez da on, berez SAFERaren presentzia inportantea delako.
Arbonako kasu konkretuari buruz, bitartekaritza lanetan aritzeko proposamena luzatu dizue Etxegaraik.
Eroslearekin eta saltzailearekin harremanetan sartzea proposatu digu, gure aldarria helarazten entseatuko zela erranez. Lan horren egiteko baimena eman diogu. Uzten diogu hala ere librantza pixka bat, bere moldean egiteko eta zerbait aitzinatzen delarik guri helaraztea galdetuz. Jakin behar da hala ere beha garela, eta ez garela sobera beha egoten ahal: ez dugu dosiera usteltzen utzi behar, hortik ez bada zerbait erdiesten beste manera batzuk atzeman beharko ditugu.
Okupazioarekin segitzea erabaki duzue.
Okupazioarekin segitzea erabaki dugu, arrapostuen beha egotea, hurbiletik segitzea dosierra eta erne egotea.
Kontaktu anitz baditugu diputatuekin ere. Legebiltzarrean lurrari buruzko legea presentatu duen Jean-Bernard Sempastous Goi-Pirinioetako diputatua ere jitekoa zaigu bihar [uztailaren 2a] kasu horretaz eta orokorkiago arazoaz mintzatzeko. Hori ere inportantea da. Hau heldu denez, lekuko beste parlamentari batzuk ere jinen dira harekin. Hautetsiek badute teknika hau, haien burua erakusteko baliatzen dituzte momentuak… Hor aski urrun joan gara, presioa atxiki behar dugu, ez daitezen komunikazioan bakarrik geldi, lan serios bat abiatu behar dute bai ala bai. Legebiltzarreko hauteskundeen kari gure arrangurak eman genizkien eta ez dute deus egin. Gauzak gaizkitu dira Euskal Herrian eta gaizkituz doaz. Behar dute absolutuki zerbait egin.
Ongi ulertzen badut, Arbonako salmenta ezeztatzeko presioa izateaz gain, laborantza lurrak babesteko erabaki politikoak lortzeko bidea ere duzue okupazioa.
Hori da. Errealitate itsusi baten erakusleihoa da Arbonakoa. Gisa horretako lur galtze anitz badira, beti badira prezio handitan bideratu saltzeak. Bi hektarea hor, zazpi hektarea han, hamar hektarea hemen, Senperen, Urruñan, Donibane Lohizunen… etxe batekin salgai diren laborantza lurrak badira egunero, eta ezin dugu deus egin legea ez delako egokitua. Arbonako kasuan adibidez, laborantza lurren prezioan lehentasunez erosteko eskaera pausatua du SAFERak, baina maleruski legeak hori ahalbidetzen baldin badu ere, gertakizunetan erosleak eta saltzaileak dute azken hitza: “erosi baina erosi guztia” da irekitzen den bidea. Baina hori ezin da, batetik sos anitz baita, eta gainera, espekulazioaren alde egitea litzatekeelako. Bizitegiaren arazoa ere hor dugu Euskal Herrian, eta lurrak salbatzeko etxebizitzarekin kario erosteko logikan sartzea ere ez da ona.
ELBk parean du FDSEA sindikatua, aurkako laborantza ereduaren sustatzailea. Zer dio FDSEAk Arbonakoari buruz?
FDSEAk ez du deus egiten. Ez zuelako bazterrean egon nahi, egin du alegia zerbait, erosteko lehentasun partziala galdetuz. Hor ageri da ez duela dosiera batere ezagutzen, sindikatu batek ezin duelako erosteko lehentasun partziala erabili! Horrelakoetan ELBk Lurzaindiari galdetzen dio, Lurzaindiak esku hartzen du, beso indartsua gara ELBrentzat, horrelakoetan ELBk sindikatu gisa ezin duelako bide hau erabili. Beraz, astinaldi ttipi bat egin du FDSEAk, baina ez du ondoriorik ekarriko; menturaz gaia ezagutzen ez duenak sinetsiko du, baina bestela, denok badakigu ez duela eraginik. SAFERak ere badaki, ez dio deus erranen lagunak direlako, baina honek ere badaki haizea dela, berehala itzaltzen den gar bat dela.
Beraz, bide bakarra da presioaren bidez erospena ezeztatzea.
Hori negoziatzen da bai. Okupazioaren bidez presioa egin nahi dugu, eta Etxegarai ere errazkiago ariko da presioa baldin badu gibelean. Hautetsien sostengua, sindikatuen eta herritarren presioa... erostuna lotsarazteko manera badugu. Jendea heldu da okupaziora, sostengua badugu, gurutzamen leku bilakatzen ari da, herri ttipi bat montatzen ari da eta hori ere baikorra da. Erostunak eta saltzaileak segitzen dukete mugimendua, ez ditezke urrun. Polizia ere pasatzen da, honen gibelean suprefetura eta prefektura baditezke… Begistatuak gara.
Diozu eroslea eta saltzailea ez direla urrun. Haatik beste planeta batean bizi diren dirudunak dira…
Biziki aberats dira, nahi dutena egitera usatuak, sosarekin kasik dena erosten ahal baita. Hor behar dute gure aitzinean belaunikatu... eta ez da erraza horientzat. Joan den primaderan, Donibane Lohizunen 30 hektarea saldu zituen hamabi milio eurotan! Beste mundu bat da, eta bistan da ez dute maite jende xehea oldartzen zaienean.
Azken hitza: okupaziora jendea deitzen duzuela.
Bai, Arbonako okupaziora etorri behar du jendeak, itzuli bat eginez sostengua adieraztera. Arbonara jin, hurrupa bat egitera, afaltzera… hori guretzat pozgarri da, kuraia ematen digu borrokan segitzeko. Biziki inportantea da sostengu hori erakustea.
Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik. Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]
Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]
Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.
Kanboko Marieniako higiezin proiektuaren kontra bildu dira elkarte eta herritarrak larunbat honetan. Larunbatean, mahai inguru eta tailerren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi izan dituzte Bouygues Immobilier agentziaren proiektuaren desmasiez.
Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]
Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]
Martxoaren 12an izango dute epaiketa Ostia! kolektiboko militante Jeanine Beyrie, Filipe Laskarai, Jakes Bortayrou eta Dominika Daguerre-k, kalteak eragitea leporatuta. Manifestazioa egin dute goizean Baionan atxilotuen askatasuna eskatzeko, eta hitzordua jarri dute... [+]
Asteartean, goizeko lehen orduetan, gutxienez lau pertsona atxilo hartu ditu Frantziako Poliziak. Operazioak Baionan, Itsasun eta Angelun egin dira, eta Baionako polizia-etxean daude atxilotuak. Euskal Irratiek jakitera eman dutenez, 2022ko abenduan Angelun eginiko ekintza baten... [+]
Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]
Frantziako Etxebizitza ministro Patrice Vergrietek aukera hori iragarri du igandean, Intxausetako solasaldietan. 2025etik aurrera jarriko litzateke indarrean.
Senpereko Olha etxearekin espekulatzea eta lurraren erabilera pribatizatzea salatu dituzte, besteak beste. Donibane Lohizuneko geltoki pareko errepidea eta Baionako A63 autobidera ematen duen biribilgunea moztu dituzte. Ostia sarea, ELB, Lurzaindia eta Senperetarren Kolektiboak... [+]
Laborantza herrikoiaren alde eta espekulazioaren aurka lanean dabilen Ipar Euskal Herriko egitura 2013an osatu zuten eta orduz geroztik 35 laborari dabiltza ekoizpenean, Lurzaindiaren lurretan.
Senpereko Olha etxea saldu dute, baina espekulazioaren aurkako borrokak jarraitzen du herri hartan. Asteartean Donibane Lohizuneko Maison Adam denda blokeatu dute, bere jabeek erosi dutelako etxea 1,3 milioi eurotan. Hogeita hamar lagun inguruk hartu dute parte ekintzan.