Jaietako protokoloak, autodefentsa feminista ekimenak, kontzientziazio kanpainak…, udarekin batera, urte guztian zehar lantzen diren eraso sexisten aurkako kanpainak azaleratzen ari dira aurten ere. Hau ez da bat-batean ernatzen den lorea, urtez urte landatutako eta ondo elikatutako haziaren loratzea baizik.
Tamalez, bortizkeria matxistaren espresio anitzek ez dute etenik. Eta jada gordina den biolentzia honi, komunikabide askotako informazioaren trataera arduragabea gehitzen zaio: emakumeen jokabidea epaitzen, emakumeak biktima irudiarekin erabat lotzen edota morboan sakontzen. Batzuetan, ez dago garbi hainbat tertuliek jendartea sentsibilizatzeko eragina duten, edo beldurraren diskurtsoa indartu eta erasotzaileentzat patroi berriak sortzen dituzten. Zenbat talde bortxaketa gertatu dira estatu mailan Sanferminetako gertakari nazkagarri hartatik?
Testuinguru honetan Euskal Herriko Emakume Mundu Martxatik (EMM) hausnarketarako hainbat ideia eta galdera plazaratu nahi ditugu. Mugimendu Feministaren barruan indarkeria sexistaren aurrean zabaltzen ari diren erantzun moldeen inguruko analisi bat egiteko premia dugu, aurrerantzean tentuz osatu beharko dena kolektiboki.
Feminismoaren mobilizatzeko muskulua argi ikusi dugu aurten. Mugimendu Feministak jendartearen pultsioa mugiarazten dabil aspalditik, neoliberalismo harrapariaren kritika erradikala eginez, sistema patriarkalari maskara erauzi eta artikulazio politikorako duen trebezia erabilita. Zalantzarik gabe, aurtengo Martxoak 8ak, pilatutako amorru kolektibo sakon baten trakzioa jo du, eta borborrean zegoen ezinegon komun bat elkarrekin gorpuztera eraman gaitu. Amildegiaren aurrean, balazta tinko zapaldu genuen greba feministan.
Hala ere, makinaria heteropatriarkal txikitzaileak aurrera darrai, biolentzia matxistaren lanabesaren laguntzarekin. Feminismoak erruz azaldu duenez, bortizkeri hau ezin da isolaturik ematen den tragediatzat irakurri, edo gizon gaiztoen bizkar utzi, oso errotuta dagoen egitura delako. Hau da, biolentzia matxista sistemaren pilare nagusietan birsortzen eta baliotzen da, alegia: estatuan, komunikabideetan, familietan, lan merkatuan etab.
La Manadaren auzia adibide harturik, bost basapiztiak egindako salbuespenezko gertakari moduan aurkeztu zaigun arren, eguneroko ogiaren ogi-puska besterik ez da. Eman zaion erantzuna bai, guztiz aparta izan da. Berdintasunean bizi omen den belaunaldi oso baten iruzurra biluztu baitu Iruñeako portale zein auzitegian gertatutako bortxaketak. Kaleek (fisiko zein birtualek) dar-dar egin dute #HauEzDaJustizia edo #AutodefentsaFeminista garrasiekin.
Uholde honek feminismoan zabaltzen ari diren parte hartze, mobilizazio zein aktibismo joerak aztertzeko elementu interesgarriak eskaintzen ditu: erantzunen bat-batekotasuna, medio eta sare sozialek elikatutako fenomenoak edo bertako Mugimendu Feminista aintzat hartu gabe egiten diren deialdi anonimoak, kasu. Badirudi herritarren suminduratik ateratzen diren iniziatibak, sareen laguntzaz, antolatutako kolektiboen bitartekaritzatik aldentzeko joera dutela. Horrek antolatutako feminismoek egoera aztertu, diskurtsoa zehaztu eta proposamenak egiteko margena murrizten du. Masa gainezkaldi hauek, desartikulatuagoak izanik, erabilgarriagoak ere izan litezke sistemarentzat. Adibidez, Espainiako estatua deriba autoritarioan dagoen une honetan, eta espetxearen lekua indartu nahi duenean, saiatuko da feminismoa xurgatzen jarrera punitibistak errotzeko? Horrek feminismoaren potentzial politikoaren hustea ekar lezake? Adi egon beharko gara.
“Une puntualen indarra vs. Eguneroko giharra” tentsioa nabarmena da. Eta biak ala biak behar ditugu. Unekako olatuek aukera ematen digute kolektibitate berriak osatzeko, beto mediatikoa gainditu eta gure lengoai zein ikuskerak jendarteratzeko. Baina sakoneko aldaketak bultzatzeko Mugimendu Feministaren koordinazio eta inurri lan iraunkorra beharrezkoa da ere.
Bitxia da horrelako fenomeno masiboen ondoan, beste biolentzia batzuk nahiko oharkabean mantentzea. Erailketa matxistek, esaterako, Euskal Herriko hiriburuetan 50 lagun bildu ohi dituzte elkarretaratzetan, kasu onenetan. Zergatik da horrela erailketa biolentzia matxistaren muturreko adierazpena baldin bada? Badirudi erailketa matxistak gure egunerokotasunean integratu ditugula eta akatzen dituzten emakumeen zenbakiak ez gaituztela txunditzen. Hau hainbat galdera sortzen zaizkigu, beraz: Feminizidioa normalizatu dugu? Edo, hainbat erantzun molde zaharkitu dira? Sareetako kanpaina biralak talde feministen deialdiak baino gehiago entzuten dira?
Bestalde, mobilizazio grina desberdina izan ei da, erasotua nor den. Orain bi hilabete La Manadaren behin-behineko sententziaren egunetik gutxira, Huelvako marrubi ustiapen landetan langile diren emakume marokoarrak sistematikoki jasaten dituzten irainen, xantaien eta bortxaketen berri izan genuen. Kasu honetan baina, gutxiago mobilizatu ginen. Honek agerian uzten du mugimendu feminista intersekzionalitatea eremu diskurtsiboan aldarrikatu baino gehiago, eremu praktikoan gauzatzeko beharra dugula oraindik. Zein emakumeengatik mugitzen ari da feminismoa? Ze bizitzak inportatzen gaituzte beste batzuk baino gehiago? Galdera hauei erantzuna emateko erronka mahai gainean da, eta horretarako ezinbestekoa da feminista zurien pribilegioen hausnarketa eta errebisio kolektibo bat egitea, feminismo erradikal bat eraikiko badugu.
Parean ditugun desafioei heltzeko prozesua abiatu dugu EMMan. Batetik, indarkeriaren kontzeptua zabaldu dugu eta sistema arteko indarkeriaren marko diskurtsiboa definitzen hasi gara. Emakumeen artean zaurgarritasun maila desberdinak daude indarkeriarekiko eta era desberdinetan adierazten dira gure gorputzetan. Kontzepzio berritu honek, laguntzen gaitu ezberdintasun horiek agertzen, praktika berrien inguruko idei trukeak emateko. Honen harira, lanketa bereziak egiten ari gara kolektibo batzuekin: aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume etorkinak edota emakume gazteekin besteak beste; askotan ikusten ez ditugun bortxa bizipenak jasotzeko.
Horrekin batera, 2013tik EMMek martxan duen erailketa matxisten aurkako protokoloa biziberritzeko (bizi proiektua Euskal Herrian daukan emakume bat erailtzen duten bakoitzean eta 24ordura Euskal Herriko hiri eta herrietan askotan elkarretaratzeak deitzen dituena) eta erantzun moldeak berrikusteko espazioak ireki dira herriz herri. Argi geratu da errutina gainditzeko borroka eredu berriak behar ditugula, emozioei, gorpuzkerari, memoriari eta sormenari bide emango diotenak. Prozesu honek aliantzak indartzeko helburua du ere; askotariko indarkeriei aurre egiteko erantzun anitzak eta artikulatuak behar ditugulako, eta horretarako, elkarlana.
Indarkeria sexistaren aurkako borroka ez da gauetik egunera ernatu den lorea, horregatik EMMtik eskerrak ematen dizkiegu azken hamarkadetan borroka hau eutsi duten talde eta kide feministei, baita borroka hau bere egin duten herri eragile, zein aktore sozial eta politiko guztiei ere. Argi dugu erasoen aurkako borrokan autodefentsa feminista eta Mugimendu Feministaren lidergotza (inoren kooptaziorik onartuko ez duena) bizkar-muina izaten segitzen duela. Gaua luzea da oraindik, baina lorez, antortxaz eta elkartasun sarez argitzen ari gara!!!
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.