Apustu etxeen aurkako zortzi kolektibok bat egin dute Iruñerrian, mota horretako negozioen aurka ahots bakarrez jarduteko. Nafarroako Gobernuarekin bildu dira eta, asteartean egin zuten agerraldian adierazi dute Legebiltzarrak auzi honi buruz martxan duen ponentzian parte hartu nahi dutela.
Iruñerriko Apustu Etxeen Aurkako Plataformak asteartean aurkeztu ziren jendaurrean, Nafarroako Gobernuarekin bildu ondoren. Iruñerriko auzo eta herri ugaritan sortu diren plataformak biltzen dira bertan eta lokal horien ugaritzearen aurrean dagoen kezkak eraman ditu bat egitera, ahots batez jarduteko. Huarte, San Jorge, Ermitagaña-Mendebaldea, Eguesibar, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea eta San Juango tokiko plataformek osatzen dute, eta plataformak Aralar Nafarroako Ludopaten Elkartearen aholkularitza du.
Asteartean egin zuten bileran Berriozar, Egues, Huarte, Txantrea eta Aralarreko hainbat ordezkarik parte hartu zuten; Nafarroako Gobernua, berriz, Javier Remirez lehen presidenteordeak ordezkatu zuen.
Topaketaren ondoren, Iruñeko Alde Zaharreko Plazara! zentro komunitarioan talde guztietako ordezkariek iragarri zuten Gobernuarekin hasitako hartu-emana. Lehen bilerak utzitako "sentsazio onak" baloratu zituzten, baina "hitzetatik ekintza zehatzetara pasatzeko eta arazo hau konpontzeko" nahia nabarmendu zuten, hala nola "gizartea kontzientziatzea eta negozio hauei zergak igotzea".
Gainera, apustu etxeak tratatzen dituen Nafarroako Parlamentuko lantaldean parte hartzeko nahia adierazi dute. "Ponentzia horretan bai ala bai egon behar dugu, prebentzioari, ordutegiei eta fiskalitateari buruz hitz egin behar da", adierazi dute Hodei Aranguren eta Unai Jimenez bozeramaileek.
Plataformatik beren bi jarduera ildoak zehaztu zituzten, "kontzientziazioa eta negozio horien desagerpena" helburu hartuta. Gainera, "negozio horien aurkako borroka abiatu nahi duen pertsona edo kolektibo orori laguntzeko prest" daudela jakinarazi zuten, "bai Iruñean, baita Nafarroa osoan ere". "Auzo antolatu batek garaipen txikiak lor ditzake, antolatutako auzo askok handi bat lor dezakete", adierazi dute.
Bi bozeramaileek, gainera, mobilizazio egun bat iragarri dute datorren urterako. "Otsailaren 8an Iruñean antolatuko ditugun ekitaldietan parte hartzeko eta mobilizatzeko deia egiten diogu gizarte osoari", adierazi dute, eta datozen egunetan protesta horien inguruko xehetasun gehiago emango dituztela gaineratu dute.
Iruñerrian, Noain izan zen apustu etxeak ugaritzearen aurkako udal ordenantza onartzen lehena. Antsoainek eta Huartek jarraitu zioten, eta orain Berriozar horretan ari da. Beste herri batzuetan, Iruñean eta Eguesibarren, esaterako, luzapenak izan dira.
Urriaren amaieratik, Nafarroako Parlamentuan batzorde bat eratuta dago Foru Erkidegoan apustu etxeen erregulazioa jorratzeko. Izquierda-Ezkerraren ekimenez sortu zen ponentzia, eta Marisa de Simon legebiltzarkidea izan zuen buru. Ludopatia larriak eragiten duen mendekotasunetik eratorritako kalteak ahalik eta gehien mugatzea da organoaren hasierako helburua. Ostiral honetan bertan hasiko dira lehen bilerak, eta urtarrilean kolektibo sozialekin biltzeko asmoa du.
Asteartean bertan, Izquierda-Ezkerrak bi zuzenketa erregistratu zizkien Nafarroako Gobernuak aurkeztutako neurri fiskalen proiektuei, negozio horien gorakadari aurre egiteko. Horietako lehenengoak proposatzen du sozietate zergan kirol apustuak helburu sozial dituzten sozietateei %75eko zerga tasa berri bat sartzea. Bigarren zuzenketak proposatzen du ekitaldi bat aurreratzea (2020ko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era) jokoa sustatzen duten babesletza-kontratuengatiko zerga-kenkariak kentzeko.
Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.
Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.
Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.
Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]
Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.
Abuztuaren 31tik aurrera, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela eta, telebista edota irratiek soilik goizeko 1:00ak eta 5:00ak bitartean emititu ahal izango dituzte enpresa horien iragarkiak. Zuzeneko kirol emanaldietan,... [+]
Hainbat ikerketak ondorioztatu duena berretsi du Bristoleko Unibertsitateak: Auzune pobreenetan askoz ere apustu-etxe gehiago dago zonalde aberatsagoetan baino. Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute menpekotasuna duten 500 gaztek egiten dutela bere buruaz beste urtean.
Ostegun goizean egindako polizia-operazioa salatu eta atxilotutako lagunei babesa eta elkartasuna adierazi diete Sopelan arrastian batutako 200 pertsonak baino gehiagok. Atxilotutako hiru gazteak aske gelditu dira arrastian.
Dirudienez, atxiloketek lotura daukate joko aretoen aurkako jardunarekin. Ostegun arratsaldean mobilizazioa deitu dute, atxiloketak gaitzesteko.
Iruñeko Sanduzelai auzoko ikastetxe publikoko lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleek kalejira egin zuten pasa den ostiralean, apustu etxeen kontrako kolektiboarekin elkarlanean, ludopatiaren arriskuez ohartarazteko. Hainbat guraso eta auzokidek ere parte hartu zuten.
Egun joko areto bakarra dago ibarrean, Sarrigurenen. Aurrerantzean ezinen da halako gunerik ezarri mila biztanlerik beherako herrietan. Aho batez onartu du udalak ordenantza.
Arrigorriko joko-aretoak egin duen hedakuntza dela eta, fenomeno horregaz arduratuta dagoen sopeloztar herritar talde batek erabaki du horien aurkako ekimena antolatzea. Beraien asmoa da herritarrei erakustea areto horien kalteak eta, erabiltzaileak kriminalizatu beharrean,... [+]
Koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren aurrean ezarritako neurrietan, Nafarroako Gobernuak apustu etxeekin izan duen malgutasuna kritikatu dute Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformen koordinakundeak eta Aralar ludopatiaren prebentziorako... [+]
Sopelako Arrigorri joko-aretoak 108,49 metro koadro du gaur egun, eta 229,16 metro koadrora handituko dute, ondoko lokala hartuta, Sopela.net-ek jaso duenez.
Ausazko joko eta kirol-apustuen publizitatea geroz eta mugatuagoa dagoenean, on-line jokoaren kontsumoak gora egin du alarma-egoerak baldintzatutako hilabeteotan.