Apirilak 6, justizia euskararentzat


2025eko apirilaren 01ean - 12:16

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets Arzallusek: "Iritsi gara, hemen, beste denak bezala, estatuek ondo zapalduta, bortxatuta, eta guk bakarrik sedukzioz egin genezake. Gu munduko jatorrenak izango gara!".

Badirudi, gure eskubideak ahapeka aldarrikatu behar ditugula, ez oso ozen, eta, ahal dela, inor molestatu edo mindu gabe. Badirudi, euskaraz bizitzeko aldarria ez dela zilegi edo ez, behintzat, lehen lerrora ekartzeko eta zalaparta gehiegi ateratzeko modukoa. Badirudi, euskaltzaleon "kapritxo" bat besterik ez dela hau guztia. Erraietaraino sartu dizkigute halako mezuak, paradoxikoki, euren ama-hizkuntzan bizitzeko eskubidea bermatuta dutenek sartuta. Horrela, konplexuz bete nahi gaituzte, baina euskaltzaleok antigorputzak indartsu ditugu eta, iazko Korrikan argi geratu zen modura, euskaldun izateaz harro dagoen herria da Euskal Herria.

Borroka feministak, ekologistak, langileriarenak... zalapartarik edo konfrontaziorik sortu gabe lortu al ditugu egungo eskubideak? Borroka euskaltzalea salbuespena izango da, agian, eta gu oraindik ez gara horretaz ohartu?

Euren arauen, legeen, eginbideen… aurrean jarrera sumisoa eta obedientea hartu dezagun nahi dute espainiar nahiz frantziar estatuek. Zertarako? Euskaldunon gaineko egiturazko zapalkuntza eta bazterketa iraunarazteko. Horregatik, egoera iraultzeko, uste dugu ezinbestekoa dela desobedientzia jarrerak indartzea, Euskararen Errepublikarantz bidea egiten jarraitzea eta bizi dugun zapalkuntza egoera bistaratzea nahiz konfrontatzea. Une oro zapaltzaileen aurrean makurtzeak gure eskubideak eta askatasuna murriztea besterik ez dakar eta horren erakusle dira gaur arte egindako borroken esperientziak. Borroka feministak, LGBTI+ kolektiboarenak, ekologistak, langileriarenak, antimilitaristak... zalapartarik edo konfrontaziorik sortu gabe lortu al ditugu egungo eskubideak? Borroka euskaltzalea salbuespena izango da, agian, eta gu oraindik ez gara horretaz ohartu?

Aldaketak eragin nahi dituena eta ahaldundu nahi duena ahoa zabaltze hutsagatik izango da batzuentzat zalapartatsua eta deserosoa; gehienetan, aldaketarik nahi ez duten horientzat eta euren botere posizioan eroso daudenentzat. Hori dela eta, helburuak eta jomugak ongi zehaztuz, borrokak piztea eta konfrontatzea dagokigu euskaltzaleoi, betiere, arduraz jokatuz eta kolektiboki antolatuz. Isilpeko lana eta zalaparta uztartuz, eta Euskararen Errepublika ipar hartuz, zimendu sendoak jartzen dihardugu. Euskara eta euskaldunak larrialdi egoeran gaude eta horregatik, orain da euskararen aldeko borroka erdigunera ekartzeko eta hainbatetan aipatu dugun olatu berria indartzeko unea. Duela mende erdi pasatxo, egungoa baino zulo ilunagotik ateratzea lortu zuen gure herriak; orain ere, ziur gaude, lortuko dugu!

Abenduaren 3an, Baionako Justiziaren Jauregian, euskararentzat justizia aldarrikatu genuen. Batzuentzat, zalaparta gehiegi sortu dugu, gure hizkuntza eskubideen aldarria urrunegi eraman dugu; "delinkuenteak" gara eta horregatik, apirilaren 11n, epaitu egingo gaituzte. Zapalkuntzaren arduradun eta zapalkuntza bera legitimatzen duten egiturek zer egingo dute bada gurekin? Zigortu eta geldiarazten saiatu, horretarako, tresna oso eraginkorrak dituzte: errepresio poliziala nahiz ekonomikoa eta horrekin guztiarekin eragiten duten beldurra. Obedientziaren izenean zapaldu egin nahi gaituzte, ez diezaiogun zapalkuntzari obedientziaz erantzun!

Apirilaren 11n, ez dituzte bi euskaltzale epaituko soilik, euskararen eta askatasunaren aldeko borrokan ari den herri oso bat baizik. Horrenbestez, eman diezaiegun erantzun kolektiboa bizi dugun zapalkuntzari eta injustiziari eta, apirilaren 6an, bete ditzagun Baionako kaleak euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatzeko.

Haritz Larrageta, Ibon Leibar, Intza Gurrutxaga eta Luken Etxabe, EHEko batzordekideak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


2025-03-24 | Garazi Muguruza
Desioa

Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]


Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]


2025-03-24 | Emun kooperatiba
Gazteak eta euskara: oztopo errealak eta aukera berriak

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]


2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


2025-03-20 | Patxi Azparren
Europa eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa

Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]


2025-03-20 | Iñaki Inorrez
Euskaraldia ez! Euskal Oldarraldia bai!

Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.

Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]


Euskararen zapalkuntza sistematikoa

Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]


2025-03-19 | Gorka Torre
“Bayonne” bukatu da, Libération egunkariak “Baiona” idatziko du

Horra Libération egunkariak berriki argitaratu duen idazkia:

“Bayonne” bukatu da, Libérationek “Baiona” idatziko du

Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen... [+]


Lurraldeko harrapariak eta energia-mendekotasuna dutenak Arabako hegoaldean jarri dira

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Datu Zentroen instalazioei ateak irekitzen dizkiete horiek arautzeko legedia sortu aurretik. Bilbao-Arasur Dantu Zentroarekin, bere lehen fasea gauzatuta, eta instalatzea amesten duen Solariaren Datu Zentroarekin, 110.000 m2... [+]


Otero jaunari

Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan ere, sortu didan egonezinak pisua du. Haserrea ere astuna egiten zait. Ez pentsatu, ordea, dela zenbait... [+]


Eguneraketa berriak daude