“Gu epaitu nahi izan gintuzten baina erregimena bera atera zen epaitua”

  • 1970eko abenduaren 3tik 9ra Burgosko gobernu militarreko justizia aretoan hamasei euskal herritar epaitu zituzten. Akusatuen aulkian eseri zuten Antton Karrera. Tribunal militarrak abenduaren 28an jakinarazi zuen epaia: kartzela zigorrez gainera, heriotza zigor bana ezarri zien hiru auzipeturi eta bina heriotza zigor beste hiruri. Tartean, Jokin Gorostidi tolosarrari.


2020ko abenduaren 07an - 10:28
Antton Karrera Burgosen epaitu zuen tribunal militarrari bizkarra emanez. Argazkia J.M. / Tolosaldeko Ataria.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Burgosko prozesuaren 50. urteurrenaren harira Donostiako EHUren Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoan ikusgai dagoen erakusketan egin du ATARIAk hitzordua Antton Karrera Agirrebarrenarekin (Amezketa, 1943). Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaritza nagusiak antolatu du erakusketa eta Aranzadi zientzia elkarteak prestatu du, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO katedraren laguntzaz. 1970-2020. Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa erakusketa ikusgai izango da urtarrilaren 26ra bitartean. Ikusgai jarri dituzten irudiei begiratu bat botatzea nahikoa izan du Karrerak duela mende erdi gertatutakoa gogoratzeko.

Burgosko prozesua aspaldi gertatutako zerbait bezala gogoratzen duzu?

Bai. Oso aspaldiko kontuak dira. 50 urte asko dira eta gizartea eta bizitzeko era izugarri aldatu dira. Aztertzen badugu nola geunden orduan eta nola gauden orain, aldakuntza handia da. 50 urte gizaldi erdia da eta herri bat denbora horretan aldatzen ez bada, herri hori hilda dagoela esan daiteke. Zorionez, gauzak aldatu dira eta horrek esan nahi du bizirik dagoela herria.

Zein arloetan garatzen zenuen zure militantzia garai horretan?

Sail batzuen ardura nuen. Goierrin, Bergaran, Arrasaten eta Azpeitian taldeak osatuta zeuden eta han hitzaldiak ematen nituen. Giro politikoa borborka zegoen garai hartan. Nik behin ere ez dut legearen aurka dagoen ezer egin. Hitz egin, gauzak azaldu eta horrelako kontuetan jardun dut nire bizitza osoan. Indarkeriarik ez dut erabili inoiz inorekin. Ez diot inori ukabilkada bat ere eman. Beti defendatu dut indarkeria erabiltzea ez dela bidea politikan.

Noiz atxilotu zintuzten zu?

Atxilotu ninduten 1969ko martxoaren 15ean. Garai hartan teknikaria nintzen Euskadiko Kutxan eta kooperatiba batera zuzenduta nuen lana. Egun hartan hitzaldi bat eman behar nuen Donostian zegoen nekazaritza eskola batean. Lehenago atxilotuetako batek nire kotxearen matrikula eman zien poliziei eta bidean nentorrela atxilotu ninduten.

Zer-nolako tratua eman zizuten?

Astebete eman nuen gobernu zibilean, Amaran. Jende asko geunden han eta polizien bulego batean eman nuen han pasatako denbora guztia. Torturatu egin ninduten. Oraindik eskumuturretan baditut zaurien orbainak, eskuburdinak jarrita ematen zizkiguten kolpeen ondorioz. Aurreneko bi egunetan jaso nituen torturak, handik aurrera bakean utzi ninduten. Inork ez zekien han nengoenik eta nire obsesioa etxekoei jakinaraztea zen. Tranpa bat prestatu nien poliziei familiakoek jakin zezaten non nengoen. San Jose egunean laneko bilera batera joatekoa nintzen eta poliziei hara azaltzekoa zen pertsona baten datu fisikoak eman nizkien, hura erakundean nire kontaktua zela sinestaraziz. Atxilotu egin zuten eta nire aurrera ekarri zutenean nahastu egin zirela esan nien, hura nire lankide bat baino ez zela. Libre utzi zuten berehala, eta haren bitartez jakin zuten senideek atxilotuta nindutela.

Handik Martutenera eraman zintuzten.

Bai. Ondo gogoan dauzkat han eman zizkidaten garbantzuak. Nire bizitzan inoiz jan dudan platerik onena izan da. Zazpi egun eman nituen mortadela ogitarteko txiki bat janez, egunean bakarra ematen ziguten. Martutenera iritsi eta munduko jakirik goxoena iruditu zitzaidan garbantzu platera. Sentitu nuen gozamen hori ez zait behin ere burutik kendu eta ez zait kenduko. Gauzak erlatiboak dira eta zauden egoeraren arabera ikuspuntua aldatu egiten da.

Hilabete gutxi eman zenituzten Martutenen, handik Burgosera aldatu zintuztetelako.

Bai. Garai horretan zegoen espetxe gaiztoena zen Espainia osoan. Preso politikoak zigortzeko erabiltzen zen kartzela zen. Ehunka pertsona fusilatu zituzten bertan eta horretarako metrailadorea erabiltzen zuten; guk bertatik bertara ikusi genituen metrailak eragindako zuloak. Hotza ere gogoan dut. Prozesua egin zeneko urte hartako negua gorria izan zen. Kartzela barruko iturri guztiak izoztu egiten ziren. Ateratzen ginen patiora aluminiozko edalontzi batean ura hartzera eta ez genuen ziegara iristea lortzen ura izoztu gabe. Egun batzuetan zero azpitik 20 gradutara iritsi zen termometroa.

1970eko abenduaren 3an abiatu zen epaiketa eta gizartean izugarrizko oihartzuna izan zuen. Auzipetuok jakitun zineten?

Guk dena jakiten genuen, egun berean iristen zitzaizkigun berriak. Informazio ona genuen. Sistemak genituen informazio truke hori bermatzeko, guk barrutik kanpora komunikazioa egiteko eta kanpotik barrura albisteak iristeko. Sare hori ez zen behin ere erori. Beraz, bagenekien diktaduraren aurka ordura arte inoiz ez bezalako mobilizazioak egiten ari zirela kalean. Espainia guztian egon ziren manifestazioak eta baita Europan ere. Parisen, edota Londresen, adibidez.

Baita Katalunian ere.

Bai. Montserrateko monasterioan itxialdia egin zuten, esate baterako. Intelektualak eta artistak bildu ziren bertara, 300 inguru, askatasuna eta autodeterminazio eskubidea eskatzeko.

Epaiketa hasi bezperetan ETAk Eugen Beihl Alemaniako Errepublika Federaleko kontsula bahitu zuen. Gertaera horrek lagundu al zuen epaiketaren oihartzuna nazioartean zabaltzen?

Bahiketa horrek bere esangura izan zuen momentu horretan. Nik garbi daukat intelektualek ez zutela bahiketa hori onartzen eta guk barruan ere ez. Burgosko prozesuan auzipetutako hamasei lagunak epaiketa hasi zen egunean elkartu ginen lehenengo aldiz. 1970eko abenduaren 3. hartan, 06:00etan, kapitania nagusiko sotoetan asanblada bat egin genuen bahiketaren kontu hori eztabaidatzeko, batzuoi iruditzen baitzitzaigun bahiketak epaiketari begira ez zigula batere mesederik egiten. Bozketa egin genuen eta bederatzi boto eman ziren bahiketaren aurka, lau abstenitu egin ziren eta hiruk alde bozkatu zuten.

Burgosko prozesuan epaituetako bi apaizak ziren. Zein jarrera izan zuen elizak? 

Bai, egia da. Burgosko prozesuan epaituak izan ginenok elkarrekin harreman gutxi izan genuen, nik aurretik hiruzpalau baino ez nituen ezagutzen. Kalean arlo ezberdinetan militatutakoak ginen eta Francok prozesu horretan sartu gintuen eskarmentua eta lezio bat eman nahian baina aldrebes atera zitzaion. Publikoki ez bada ere, Aita Santuak esku hartu zuela esateko datuak egon badaude. Azken batean, elizak posizioa hartu behar izan zuen. Beharbada ordura arte ez zituen Francoren sarraskiak behar bezainbeste gaitzetsi baina prozesu honen aurrean iritzia publikoki eman behar izan zuen. Donostiako gotzain Jacinto Argaiak eta Bilboko gotzain Jose Maria Cirardak gutun bat atera zuten azaroan, epaiketa gaitzetsiz.

Haustura epaiketa bat bezala planteatu zenuten eta erregimena bera jarri nahi izan zenuten auzitan. Nola landu zenuten estrategia hori? 

Jendeak horren berri ez daki ondo. Epaiketaren dinamika guztia guk planteatu genuen. Guk abokatuei zer galdetu behar ziguten esaten genien, bakoitzak berea erantzuteko. Abokatuak gure instrumentu izan ziren. Guk erabaki genituen pauso guztiak. Artemio Zarco izan zen nire abokatua. Diktadurak gu epaitu nahi izan gintuen baina azkenean erregimena bera atera zen epaitua. Egozten zitzaizkigun gertakarien inguruko egia jakitea bigarren mailakoa zen, auzi politiko bilakatu nahi izan genuen prozesua. Frankismoa bera eta erregimen horrek eragindako sarraski guztiak agerian utzi nahi genituen. Uste dut estrategia horretan asmatu egin genuela gure mezua toki guztietara zabaldu zelako.

Zuek erabaki zenuten noiz eta nola bukatu epaiketa.

Bai. Mobilizazio oso jendetsuak egiten ari ziren Euskal Herrian, Katalunian, Espainian eta Europako toki askotan. Abenduaren 4an prozesuaren aurka Eibarren egindako manifestazio batean poliziak Roberto Perez Jauregi gaztea balaz zauritu zuen eta lau egunetara hil zen. Errepresio handia zegoen eta guk epaiketa beste hiruzpalau egunetan luzatu genezakeen baina erabaki genuen ez zitzaigula komeni. Jendea kalean protestan ez bazebilen pentsatzen genuen gure hitzek ez zutela balio, kalean egiten zenak sostengatzen zuela gure borroka. Ezinezkoa zen tentsio horri hainbeste denboran eustea. Ia astebete iraun zuen epaiketak eta apurtu egin behar genuela erabaki genuen. Guk abokatuei esan genien: «Hau gaur moztu egin behar dugu, hemen bukatzen da». Nola bukatu behar zuen adostu genuen eta egun hartan Mario Onaindiari egokitzen zitzaionez deklaratzea hark esan zituen hitz ezagun horiek eta horren ondotik denok elkarrekin Eusko gudariak kantatu genuen.

Abenduaren 28an eman zuen epaia auzitegi militarrak. Hiru epaituri bina heriotza zigor eta beste hiruri bana ezarri zizkieten. Zuri berriz, hamabi urteko kartzela zigorra.

Epaiaren berri jaso genuenean ez genuen elkarrekin asko komentatu, batzuentzat oso gogorra zelako. Erregimenak gure zigorrak etsenplu bezala erabili nahi izan zituen diktaduraren aurkako militanteen aurrean. Azkeneraino eraman nahi izan zuten. Presioak egon ziren, ordea, eta jendeak gutxien espero duten pertsonak ere busti ziren gure alde. Biharamunean Francoren ministro kontseiluak heriotza zigorrak kommutatu beste erremediorik ez zuen izan, bizi osorako kartzela zigorrekin ordezkatuz.

Segoviako kartzelan bete zenuten zigorra. Zein oroitzapen duzu espetxealdiaz? 

Epaiketa bukatu eta hurrengo bi edo hiru hilabeteak Burgosen eman nituen eta handik eraman ninduten Segoviara. Oroitzapen asko dauzkat garai hartaz. Gu kartzela barruko mugimendua kontrolatzera iritsi ginen eta ia espetxe zuzendaritzak baino hobeto jakiten genituen barruko kontu guztiak. Funtzionarioen artean militante komunistak zeuden eta nik kontaktua neukan haiekin. Segovian denak preso politikoak ginen eta elkartuta geunden. Poltsa komun bat geneukan eta ekarpena egiten ez zuen presoak, egiten zuenak bezalaxe jaten zuen hartatik. Guk egiten genituen jakien eskaerak eta gu aritzen ginen sukaldean. Badago jendea esaten duena hotelean bezain ondo jaten zela han. Erabat autogestionatzen genuen kartzela. 125 preso inguru ginen eta mugimendu asanblearioa zen.

Elkartasun handia bai, baina eztabaidak ere tamaina berekoak izango zenituzten...

Bai. Behin espetxean sartuta abokatuz aldatu nuen eta Paco Letamendiarekin hasi nintzen. Hark sartzen zizkigun erakundean une horretan ematen ari ziren eztabaiden inguruko dokumentuak. Nik argi adierazi nion hor markatzen zen ildoarekin ez nengoela ados. ETAren VI. asanbladako garaia zen eta orduan eman zen zatiketa horretan nik bestelako bidea hartu nuen. Gerora LKIn militatu nuen eta Madrilen LCR izenarekin alderdia legalizatu zuten sei pertsonetako bat naiz. 

1976ko martxoaren 3an atera zinen espetxetik, Gasteizko sarraskia gertatu zen egun berean. 

Bai. Egun hori ikaragarria izan zen, gauza asko pasa zitzaizkidan. 10:00etan atera nintzen kartzelatik eta zain neuzkan atarian familiakoak. Ia atean nengoela, kartzelako zerbitzu burua aurrez aurre etorri zitzaidan eta esan zidan: «Kafe batera gonbidatu zaitzaket?». Baiezkoa erantzun nion eta horrela despeditu ninduen kartzelatik. Hark ez zekiena zen Segoviako ihesaldiko planoak neramatzala gainean, oinetakoetan ezkutatuta.

Handik hilabete eskasera 29 presok espetxetik ihes egitea lortu zuten. 

Bai. Ni barruan nintzela dagoeneko hasiak ginen ihesaldia prestatzen eta saiakera batzuk egiten. Ni atera nintzen egunean ez nintzen Euskal Herrira bueltatu, zuzenean Madril aldera jo nuen, hara eraman behar bainituen paperak. Oraindik ezin dut esan zeini eman nizkion eskura, ez da komeni. Gaurko egunean, erretiroa hartuta dagoen arren, estatu mailan oso pertsona inportantea da.

Mantentzen al duzue harremana garai hartan elkarrekin Segovian preso egon zinetenok?

Bai. Batzuk dagoeneko hilda daude eta beste batzuk dagoeneko edadetuak. Baina han egondako batzuk urtero elkartzen gara Eibarren bazkari bat egin eta elkarrekin egoteko. Aspaldiko urteetako ohitura da hori, eta aurreneko aldietako batean juntadizo hori Amezketan egin genuen, nire jaiotetxean, Lizeagan.

Zein arrasto utzi du zuregan Burgosko prozesuak?

Gaurko egunean gauzak erabat aldatu dira. Ez dago orduko eskemarekin funtzionatzerik. Garai hartan, epaitua izateak, kartzela zigorrera kondenatua izateak, markatu ninduen, baina ni ez ninduen aldatu. Nik pentsatzen dut nire jokaera aurreragotik zetorrela. Niri tokatu zait baldintza horiek bizitzea eta baldintza horietan pentsatzen dudana esan eta egitea. Serio jardun dudala uste dut. Errealitateak markatzen duena errespetatu egin behar da eta niri hori betetzea ez zait asko kostatzen, batzuentzat horretara makurtzea sufritzea izango da, niretzat ez. Diziplinatua naiz. Pentsatzen dut diziplina gabe ez dagoela ezer bizitzan. Zenbat eta diziplinatuagoa orduan eta emaitza hobeak lortzen dira, toki guztietan. Politikan bezala, orain pandemiaren testuinguru honetan. Begiratu Txinara, adibidez. Nik horretan aita nuen maisua. Hark honakoa esaten zuen: «Lan bat egiten hasterako pentsatu eta antolatu egin behar da».

Modu berezian gogoratuko duzue prozesatuak izan zinetenok 50. urteurreneko data? 

Bai. Ekitaldi bat egin zen ostegunean Eibarren eta bertan izan nintzen, oraindik bizi diren auzipetutako batzuekin eta abokatuekin. Deitzen diguten tokietara joaten gara, ahal dugun neurrian behintzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


Corellako karriketan ikur frankistak azaldu direla salatu du Zurekin Nafarroak

Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


2024-06-12 | Iñaki Murua
Nondik gatoz eta nora goaz?!

Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.

Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude