Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren txalo-zaparrada jasotzen ari da. Lukuren gaitasunari Makeako gazteen talentua gehiturik, emaitza ikusgarri bezain loriagarria dugulako oholtza gainean. Azken emanaldia dute, eta Peio Berterretxe taula zuzendariak dioen gisara: "Zauzte, amaturrak direlako". Guztiak dira amaturrak taldean, eta hori ere bada zerbait Ipar Euskal Herriko testuinguru linguistiko-kulturalarentzat.
Antzerki herrikoia plazaratu nahi zenutela irakurri dizut. Zertan da Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda herrikoia?
Antzerki herrikoiaz dudan definizioa frantses antzerki kulturatik dut, Jean Vilar eta bere belaunaldikoena: Parisetik kanpo egiten dena –bo, gu horretaz futitzen gara–, eta sustut ahal bezainbat jenderi mintzo dena –ez da demagogia egin beharrik edo anbizioa ttipitu beharrik denei mintzatu ahal izateko–. Euskal Herrian ez dugu harreman bera literatura eta antzerkiarekin: libertimenduak hor ditugu eta horrek ekuazio guzia zapartarazten digu. Baina, bai, herrikoia denean, antzerkira gutitan doanak gozatu dezake kulturan aditua denak bezainbat –ez da nehor baztertua eta bakoitzak atzematen du jatekoa–. Denek dute momentu eta obra bera bizitzen, baina bakoitzak bere identitatetik eta ikuspundutik. Horrelako antzerki bat egin nahi nuen. Ez dakit lortu dugun, baina ikusiz dugun publikoa, erran nezake baietz.
Eszenografia totalean ere landu dugu: taloak eta edariak izatea da gure baldintza, eta ahalaz txaranga bat ere. Besta bat antolatzea zen nire hastapeneko nahia –jan, edan eta xopatu [norbaitekin bukatu] izpirituan–, baina antzerkiaren bidez. Amesten ditudan Shakespearen garaiko The Globe Theater-ko antzerki emanaldietan oinarritu naiz. Ez zuten orain dugun harremana antzerkiarekin, garaian basagoa zen. Guk antzerki mota hori ezagutzen dugu pixka bat: libertimendua edota maskarada –jendea zutik da, usu eskura dute kafea edo garagardoa, lagunekin goaz eta ikusten duguna komentatzen dugu...–. Libertimenduko kode horiek hartu eta antzerkiari nahasi nahi nituen, ahalaz antzerkian gaur egun diren liturgia eta zeremoniala kenduz. Guretzat ere zaila da. Adibidez, agurrak ez nituen nahi, berehala txarangak segida hartzea nahi nuen, baina taldekoei sobera zitzaien: hainbeste lan egin eta, kitorik, txaloak ditugu paga bakar...
Antton Lukuk duela 25 urte idatzitako antzerkia da. Nola atzeman zenuen? Zergatik pentsatu zenuen taularatu beharrekoa zenutela?
Jostakin elkartearen hogeigarren urtemuga markatzeko testu bat nahi genuen. Hastapen batean Xan ene anaiarekin antzerki bat idatzi nahi genuen, autoreak eta antzerkiak eskas ditugulako gaur egun euskal antzerkigintzan. Baina nik ez dut hizkuntza aski menperatzen, ez naiz prest sentitzen, Xanek aldiz menperatzen du, baina ez daki antzerki bat idazten. Horri gehitu bien denbora eskasa...
Paristik sartu nintzelarik, euskal kulturaz pixka bat urrundurik nintzela, irakurri nituen [Piarres] Larzabalen, Guillaumen [Irigoyen], Sebastien Ihidoien, Mattinen [Irigoyen] eta Anttonen [Luku] obrak. Maite dudan antzerkigintzaren oihartzuna kausitu nuen Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda-n. Berriz irakurri eta “egin nahi dugun antzerkitik aski hurbil da” bururatu zitzaigun. Azken finean, biziki pertinentea iduritzen zitzaigun: lagunak ez dira antzerkilariak, zirtzilak dira, eta Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda proto-libertimendua da.
Erdi Aroko garaian gara, hots, distantzia egokia badu gizartea aipatzeko. Absolutuki nahi nuen gure errealitatetik urrun kokaturiko antzerki bat, distantzia beharrezkoa delako gaia sakonki jorratzeko. Lagunei irakurrarazi eta irriak aski fite etorri ziren. Guretako hori ere elementu inportantea da, irria herrikoia delako, aski federatzailea da.
Historia da, baina aldi berean gaur egungoari egindako begi kliska andanarekin.
Anttonek anakronismoa baliatzen du bere antzerki anitzetan, justuki jendea harrapatzeko eta kontu historiko batzuetan ez galtzeko. Publikoari gogora ekarrarazten dio distantzia ezarria bada ere gure garaiaz doala antzerkia. Testuingurua oroitarazi behar da: duela 25 urte idatzitakoa da Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda, eta garaian jada baziren Iparraldean gaur egun ditugun problematikak, besteak beste, turismoaren ekonomiaren monopolio totala. Anttonek hori aipatzen du antzerkian, baina Erdi Aroan kokatuz, Santiagoko bidea eraikitzen eta marketing-atzen dutenean. Oihartzuna berehala ulertzen dugu. Ospe gosez funtzionatzen duten gobernatzaileak ere gure garaikoak ditugu; emaztearen lekua baztertua, ttipitua eta isildua izatea gure garaiko problema da... Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda gaurko gobernatzaileen kritika da, edo bederen trufa.
Bortizkeriaren behar kasik natural hori du galdekatzen Antton Lukuk antzerki horretan
Hainbat mezu politiko kausitu ditzazkegu, kontatzen duen historiaz eta istorioaz gain. Mezuak pasarazteko tresna dea antzerkia?
Ene iduriko, mezuak pasaraztea izan ezik, beste guzia da antzerkia [irria]. Gure artea pobretzea da mezuen pasarazteko hedabide gisa baliatzea. Mezu bat pasarazi nahi badugu iritzi artikulu bat idazten dugu edo mitin bat antolatzen. Antzerkia galderak pausatzeko da. Nor gara gu antzerkilari gisa erantzunak emateko? Ez da gure eginkizuna. Rol hori hartuz tronpatzen gara eta gainera pixka bat espantukerian erortzen gara. Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda-k galderak pausarazten ditu. Antso ez da kanpotiar bat, bera da diona “ar [aritu] gaitezen euskaraz, denak brantxaturik izateko gisan”, baina eginen dituen hautu politiko guziek dakarte frantses erresumaren eta sinbolikoki frantses hizkuntzaren presentzia. Ondoko galdera pausatzen du antzerki horrek: “Egiten duguna erraiten dugunarekin koherentea dea beti?”. Antzerkia eraikitzeko formaren bidez pasarazten ditugu mezuak. Gurea litzateke: “Antolatu gaitezen gure artean, euskaraz muntatu ditzagun antzerkiak, borroka gaitezen euskararentzat arnas gune batzuk eraikitzeko”.
Antzerkia idazterakoan Bosniako gerla zen, 1212ko Las Navas de Tolosa gudua kontatzen du eta taularatzen duzuela Ukrainan dugu gerla –ahantzi gabe munduan barrena diren beste gerlak–. Gerlari buruzko auzi bat dea antzerki hori?
Ene ustez gehiago da gerla egiten duten gizonen auzia edo gerla egitearen oinarrian dagoenaren auzia –gizon horiek gerla eginez daukaten plazera; boteretsuen zerbitzuko ezarritako tresna politikoa dela gerla–. Bada ere Anttonen nihilismo hori, eta ados naiz berarekin: gizonak badoaz gerlara, baina Aixa etortzen zaio gerla egitea galdetuz: “Etorriko zara nire erresumara nirekin, eta denak xintxikatuko dituzu ene izenean”. Eraikuntza horretatik ateratzeko gai ote gara? Bortizkeriaren behar kasik natural hori du galdekatzen Anttonek emanaldi horretan.
Zu zira zuzendaria. Nola iragan da ariketa?
Hor ditugun aktoreak zirtzilak edo zirtziletik hurbil den joko bat egin ukan dutenak dira. Anttonen testu hori nahi nuen, zeinetan hizkuntza zaila den, eta non aktoreentzat ere ez den erraza testua gogoan atxikitzea. Aldi berean, nahi nuen testua haien jokoarekin elika zezaten. Publikoaren aitzinean ez beldurtzea eta hitza aski librea ukaitea da zirtzilek dituzten bi berezitasun. Joko libre hori behar zuten baina libre ez diren hitzekin. Nola komunikarazi bi mundu horiek? Nola elikatuko zuten elgar? Zirtzila printzipioz ez da artea, badira kode batzuk baina ez da teknikarik.
Hasi gara irakurketarekin, denen artean zatika analizatzen, motore bat desmuntatzen bagenu bazela. Taula gaineratzea sistema baten deskubritzea da, eta zentzua azaltzea da taula zuzendariaren rola. Behin ulertua dutela, orduan kasik bakarrik aitzinatzen da. Orduan, espazioan kokatzea edo aktore bat blokeatua delarik aterabide batzuk proposatzea da ene lana. Bi oren eta erdiko antzerkia da, baina ez nuen moztu nahi, horretan ere da erradikaltasuna: asumitzen dugu antzerki luze bat eta behar da noiztenka. Emeki-emeki dena eraiki da. Bistan da, haiek esperientzia badutelako eta zirtzilak direlako –pitokeri guziak atzeman dituzte problemarik gabe, nik ez dut deus proposatu [irria]–. Nirekin zentzua landu dugu gehiago: testua nola erran, nola pausatu elementuak, zeri garrantzia eman… Kexua antzezten dut kexu naizelako? Ez, nire rolak bizi duen kexuak dit kexua pizten. Ni formatua izan naiz horretan, baina lagunak ez. Konfiantza egin dautate eta eskertzen ditut, engaiatu dira osoki.
Comédie Française ospetsua eta Paris uzteko erabakia hartu zenuen konfinamenduan, maskarada eta libertimendu giroak erakarririk.
Libertimenduko kodeak hartu eta antzerkiari nahasi nahi nituen
Antzerkian formak nau interesatzen, baita hizkuntzaren formak ere. Ez du nehork Antton Lukuk egindako lana egin azken 30 40 50 urteetan Frantzian: Anttonek forma teatral bat teorizatu du Libertitzeaz liburuan. Ikaragarria da egin duena. Ni Parisen nintzen, antzerki munduan eta loriatzen nintzen, baina Libertitzeaz irakurri, anaiari esker libertimenduak Makean eragiten zuena ikusi…. eta “hor gauza biziki garrantzitsua gertatzen ari da” pentsatu nuen. Ez nuen ondotik pasa nahi. Guk egiten duguna euskal antzerkia da edo euskarazko antzerkia? Hori da ukan behar dugun galdera bat. Egiazko euskal antzerki bat sortzeko parada ekartzen dauku Libertitzeaz liburuarekin, edo behintzat gogoeta pista batzuk. Harroturik eta mila ideia buruan jautsi nintzen Parisetik. Profesionaltasuna uztea erabaki nuen, horkoa ez delako antzerkilari profesionaletatik pasatzen –eta ez da ez direlako gai, ez da hori afera–. Galdu genuen antzerki kultura berriz plazaratu behar dugu, eta ez dut uste profesional gisa lortuko nuenik.
Zer da euskal antzerki herrikoi horretan kausitzen duzuna?
Herri antzerkiak euskal kulturzaleak fabrikatzen ditu, lurraldearen barruan dinamikak sortzen, euskarari ematen dio leku bat ikastoletatik kanpo eta hori biziki inportantea da anitzek ikastola dutelako euskaraz mintzatzeko leku bakar. Antzerki amaturrak dakar ere nonbrea: guk urte batez muntatu dugu, profesionalek muntatu balute hiru urte beharko ziren, bat dirulaguntzak biltzeko, bestea aktoreen egutegia prestatzeko eta azkena antzerkia muntatzeko. Hamabost aktore eta dekorazioa kontuan hartuz gutienez 100.000 euro kostako zuen. Ez dut erraten erraza denik, bakoitzak baditu bere biziak, lanak, eginbeharrak, motibazioak… Bestalde, askatasun anitz ematen du horrela lan egiteak: ez dugu ekoizlerik, “elkar-bizitza” eta “lotura soziala” gisako hitz politik ez dugu ezarri beharrik... plazer egiten zigulako eta bazterrak inarrosteko muntatu genuen Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda.
Amaturra ala profesionala, eztabaida sortzen du gaiak aspaldian Ipar Euskal Herrian.
Eztabaida hori hor dugu euskarak ez duelako koofizialtasunik Iparraldean. Argiki, amaturrok ez badugu egiten, ez da antzerkirik euskaraz plazaratuko. Euskarazko antzerki arras guti plazaratu ziren iaz Donibane Garazin adibidez, Axut-en Amua eta pare bat gehiago. Ez da normala. Sekulako dinamika zen duela 20-30 urte, baina orain! Iparraldean, euskararekin egindako gauza bera egin dugu euskal kulturarekin: Seaskari utzi diogu euskararen kargu guzia, eta Euskal Kultur Erakundea eta profesionalizazioa agertu direlarik, horiei utzi diegu euskal kulturaren kargua. Baina hori ezin da: gure egoera ikusirik, ezin dugu erreakzionatu burges batzuk bezala.
Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]
Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.
-----------------------------------------------------------
Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]
ZORRETAN
Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.
----------------------------------------
Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]
MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.
----------------------------------------------
Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]
Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]
Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.
30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]
Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.
TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)
--------------------------------------------------------
Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]