“Borrokatzen duena ez da inoiz esklabo izango” mezua eta Angelo Conti “Sigaro” gitarra-jolearen argazkia argitaratu ditu Banda Bassotti talde italiarrak bere sare sozialetan, 62 urteko musikariaren heriotzaren berri emateko. Taldeak harreman estua izan du Euskal Herriarekin.
1980ko hamarkadan eraikuntzako langile ziren musikariek sortu zuten Banda Bassotti taldea Erroman. Ska, punk-oi! eta combat rock estiloak jorratuz eta hitzetan ildo komunista borrokalaria erakutsiz, Italiako giro ezkertiarretan oihartzun handia izan zuen. 1992an eta 1993an hurrenez hurren Figli della stessa rabbia eta Bella ciao diskoak argitaratu zituzten Gridalo Forte diskoetxearekin.
Beren herrialdeko mugak gainditu zituzten, besteak beste, 1994an argitaratutako Avanzo di cantiere diskoarekin, Kaki Arkarazo teknikariarekin grabatu zutena eta Euskal Herrian Esan Ozenki diskoetxeak publikatu zuena nazioarteko musikak zabaltzeko martxan jarri zuen Gora Herriak zigiluaren bidez.
Banda Bassottik lotura estua izan zuen 1990eko hamarkadan Negu Gorriak taldearekin, hainbat kontzertu jo zituzten elkarrekin, adibidez taldeak Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilak jarritako salaketaren epaiketa irabazi ostean Donostiako Belodromoan 2001eko otsailean eman zuena.
Gaixotasun labur baten ondoren hil da “Sigaro” Italiako hedabideetan irakurtzen denez. Haren heriotzaren inguruko zurrumurruak zabaltzen hasiak ziren eta taldeak Facebooken argitaratu duen irudiaren ondoren konfirmatu da albistea.