Andoaingo auto pilaketei irtenbidea emateko lotune berri bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

  • A-15 errepideko trafikoa N-I errepidearekin bat egiten duen tokian eraikiko litzateke lotune berria. Andoainen N-I errepidearen "afekzioak murriztu" eta ingurunean "modu hobean" integratuko dela adierazi du aldundiak. Udalak 2011ko eta aurtengo proiektuen arteko azterketa konparatiboa aurkeztu du.


2025eko martxoaren 19an - 07:39
Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako azpiegituraren maketa. Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bazkardo inguruan A-15 eta N-1 errepideen lotura hobetzeko proiektua aurkeztu du. Bi errepide horien arteko elkargunea begizta formako egitura baten bidez berrantolatuko da. Proiektuaren helburua egunero auto-ilarak eragiten dituen bide-korapiloa arintzea da, hiri-eremua baldintzatu gabe. Ohikoa da egunero ibilgailuen ilarak izatea bi errepidek bat egiten duten lekuan. Ibilgailu horietako asko kamioiak dira, Berriak jaso duenez.

Ahaldun Nagusi Eider Mendozak eta Azpiegitura eta Lurralde Estrategia diputatu Felix Urkolak jakinarazi dute proiektu berria. Planteatutako irtenbideak "eragin txikiagoko esku-hartzea" lehenesten duela eta Bazkardoko "auto-ilarekin amaitzea" ahalbidetzen duela adierazi du Mendozak. Azpiegiturak “Gipuzkoako lurralde osoko eguneroko pilaketa-gune handiena” libratzea ekar dezakeela gehitu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hala jaso du proiektua: "Ibilbide berria Atorrasagastiko tunelaren irteeran hasiko da eta bi erreiak mantenduko ditu Lasartetik datorren N-I errepidearekin bat egin arte. A-15 errepidearen enborra N-I errepidearen eta Oria ibaiaren gainetik igaroko da, perpendikularki, 595 metroko luzerako lehen egitura baten bidez. Ondoren, 215 metroko bigarren egitura kurbatu batek N-I errepidea eta Oria ibaia zeharkatuko ditu, eta Tolosa-Lasarte tartean N-I errepidearekin bat egingo du. Galtzadaren azken konfigurazioak 3,5 metroko bi errei, 2 eta 1 metroko bazterbideak eta 0,6 metroko zabalera duten segurtasun-hesiak izango ditu. Gainera, bidezubiaren lehen zatian argiak eta zarataren aurkako pantailak jartzea aurreikusi da, inpaktua murrizteko."

Aldundiak egindako kalkuluen arabera, begiztak 18.500 ibilgailu inguru xurgatuko ditu egunero Astigarragatik (A-15) hegoalderantz datorren trafikotik. Gaur egun, Andoain paretik igarotzen den zatian, 70.000 ibilgailu pasatzen dira.

Azpiegitura berria eraiki arteko obrez mintzatu da Felix Urkola: "Garrantzitsua da nabarmentzea obra egiten den bitartean trafikoan izango duen eragina oso txikia izango dela, jarduketaren zatirik handiena egitura berriak eraikitzea izango delako, egungo zirkulazioari eragin gabe", adierazi du. Obren kostu-estimazioa 43 milioi eurokoa da, eta proiektua idazteko lizitazioa jada onartu da 386.297,93 euroan (BEZa barne). Aurreikusitako egutegiaren arabera, proiektua 2025eko bigarren seihilekoan idatziko da eta obren lizitazioa eta hasiera 2026an gauzatzea espero da, Aldundiak adierazi duenez. 

Udalak gizarteratze prozesua abiatu du 

Andoaingo Udalak A-15 eta N-I errepide zatiaren arazoari irtenbidea emateko prozesu bat abiatu du. 2011an Aldundiak onartutako plana eguneratzeko aukera luzatu die herritarrei. Beraz, orain bi proiektu daude mahai gainean: gaur aurkeztutakoa, eta 2011ko proiektuaren eguneraketa. Martxoaren 25erako antolatu du udalak batzar irekia, eta bertan bi egitasmoen artean dauden desberdintasunak herritarrei azaldu dizkiete. Urriraino luzatuko den gizarteratze prozesua izango da.

Andoaingo Udaleko alkate den Andoni Álvarezek proiektuak gizarteratzearen garrantzia azpimarratu du. "Argi daukagu eskumena aldundiarena dela, baina Andoaini hainbeste eragiten dion egitasmoa izanik, gizarteratze prozesu honetan aterako diren ondorioak aldundiak kontuan har ditzala nahi dugu, Andoainentzat eta andoaindarrentzat onuragarria izango den egitasmoa landu dezan", adierazi dio Alvarezek Berriari. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: A-15 eta N-1 errepideen lotura
Eguneraketa berriak daude