Bertsularien Lagunak Elkarteak jakitera eman ditu I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketaren irabazleak: helduen mailan Ander Fuentes Mujikaren bertso sorta izan da saritua, eta gazteen mailan Nahia Etxeberri Lopepe. Bigarren eta hirugarren saria jaso dute, helduen mailan Elixabet Etxandi eta Urko Egañak, eta gazteen mailan Leina Alkhat eta Kemen Bidegainek. Barruan irakurgai sorta sarituak.
Helduen mailan Ander Fuentes Mujikak Gorostiari jarritako sorta izan da saritua. Kantuz sortu naiz eta (zazpi puntukoa) doinuan daude jarriak:
1
Mendizale batentzat
hain da atsegina
ezpondetan egin ohi
duen ahalegina
materiala behar da
komeni adina
zira, motxila, botak
baditut jakina
baina denetan badut
arrunt lagun mina
gorosti makil eder
gogor bezain fina
oraindik bizi zela
atautxik egina
2
Biderik gogorrena
bihurtuz erraza
eskuekin helduta
ze nolako dantza
pausoa emateko
badaukat zalantza
makilak orekatzen
dit laister balantza
makulu pasatzeko
putzuak, lokatza
badago larra, sasi
iratze, arantza
bidea zabaltzeko
erreminta latza
3
Bide luzea egin
baduzu lehendik
nahiz eta ez espero
hatsa haunditzerik
sumatzen duzu estu
petxua beterik
nekez ez duzunean
pausoa ematerik
ez denean gelditzen
pausa bat besterik
bi besaurreak makil
gainean gorderik
niretzako ez dago
postura hoberik
4
Mendi ibilera da
beti mamitsua
sorpresaz betea da
paisaia itsua
azienda inoizean
da bitxo pisua
berak niregatik nahiz
esan berdintsua
temoso bada parez
pare betizua
makilarekin eman
ezkero abisua
beregana pasatzen
da nire izua
5
Bidez baldin bazara
noizbaiten okertu
pazientzia behar dela
lehenbailehen ulertu
patxadan egon eta
ez zaitez aihertu
ondoren ingurua
makilaz aztertu
altxor txikitxoren bat
igual bada gertu
puntarekin iratze
mordoxka baztertu
eta onddo bat bixtan
hara non agertu
6
Nire oinazeekin
dudan harremana
traba ez dudanean
niretzat da zama
kiropraktikoan dut
denbora emana
fisioterapian
sesio andana
hainbeste aspirina
ere ez da plana
makilak egiten du
niretzako lana
belauneko min hori
arintzen didana
7
Bapatean aurkitu
zuhaitzan aurrean
gereziondo baten
enbor zaharrean
mokadu bat egin nahi
bidenabarrean
beheko fruituak daude
itxura txarrean
goxoenak urruti
goiko adarrean
makila luzatuta
zuzen indarrean
ttak goxoenak hartu
kolpe bakarrean
8
Ikuspegi ugari
mendi panoraman
batzutan galdu bainaiz
nahiz mapa eraman
bapatean murgilduz
abenturan xarman
soinu azkarki daude
euren pentagraman
sarri eroria naiz
bere amaraunan
makila sartu ohi dut
aurreko sakanan
ikusteko errekak
zenbat ur daraman
9
Askok ohitura baitu
mendira joateko
natura nola inoiz
ez dugun kalteko
distantziak haundiak
direla tarteko
jendea ikusten da
urruti antzeko
nola baserritarra
halaxe kaleko
eskutako makila
altxatuta suelto
balio du urrundik
aio esateko
10
Berekin uxatuak
hainbat arerio
bidea aukeratzen
zenbat gomendio
egoera jartzean
itsusi, serio
moldatzen gara bere
laguntza medio
makila mendian maiz
da erremedio
baina pena bat badut
berekin dedio
mandeuliak hiltzeko
ez baitu balio
Gazteen mailan Nahia Etxeberri Lopepek Munduko injustiziak izenburupean jarritako sortak jaso du lehen saria. "Uztailaren 19a" doinuan jarri ditu:
1
Joan den astean ene karrikan
promenatzen nintzelarik
emazte zahar bat ikusi nuen
espaloiean jarririk
esku mehe bat eni luzatuz
eta doi-doia bizirik
ono sekulan ez nuen ukan
holako pena handirik
ohartu bainiz injustizia
gurekin dela oraindik
2
Munduko gauza larrienetan
lehen lerroan da gerla
herri guzietan jende guziek
bizia galtzen horrela
Etxe hautsiak, jende tristeak
gorputz hilak mela-mela
horrengatikan milaka jendek
altxa behar dute bela
Etsaiak ados diren bakarra
da hondamendia dela
3
Munduko gauza hoberena zen,
baina gaur zer da natura?
plastiko eta petrolioan
den-dena hondoratu da
liliak ilun, arbola gutti
beltz bilakatu da ura
hau ikustean beldurtua niz
eta sortua zaut duda
Ez da gehiago Lurra planeta
izena du Kutsadura
4
Katalogoak dio jokoak
norentzat diren eginak
saltegiak bitan moztuak dira
arrosak eta urdinak
muttikoentzat helikoptero,
heroiak eta harginak
neskatoentzat sukaldetxoa,
panpina ta erreginak
Baina aurreiritzirik gabe
den denak gira berdinak
5
Migratzaileek barku batean
itsasoa trebeskatu
presidenteek beren herrian
ez dituzte nahi onartu
egoera hau injustua dela
den denak gira ohartu
Eta uste dut noizbait beharko
ginukela esku hartu
Migratzaileak babes ditzagun
ta Macron ur pean sartu
6
Denbora huntan munduan zehar
injustizia da gaia
hori guzia aldarazteko
momentua da oraia
erreka ttipi ainitzetatik
beti sortzen da ibaia
denek erreka izaiteari
eman diezaiogun baia
Mundu hobe bat eraikitzeko
oraindik baita garaia
Hemen argitaratu ditu Bertsularien Lagunak Elkarteak bigarren saria, hirugarrena eta aipamen berezia eskuratu duten sortak.
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna du helburu ekimenak; zortzi bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.
XV. Kopla Txapelketa
Non: Hiruputzu gaztetxean (Zarautz)
Noiz: Abenduaren 22an
Koblakariak: Aner Peritz, Oier Aizpurua, Alaia Martin, Jexux Mari Irazu, Etxahun Lekue, Aitor Bizkarra, Eneritz Artetxe, Maider Arregi, Joanes Illarregi eta Oihana Arana.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]
Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.
EitbNet-eko zuzendaritzako kide baten agindua izan da, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, Euskadi Irratiko Faktoria saioan ostiralean Arzallusek kantatutako bertsoak saretik kentzea; Parot euskal preso askatu berriari buruzkoak ziren. EH Bilduk azalpenak... [+]
Danel Goikolea Arrasateko bertsolaria urtarrilaren 14an joan da. Hil baino ordu batzuk lehenago, bertso sorta kantatu hau zabaldu zuen lagunen artean. Umore handia darabil eta Pablo Milanesen Yolanda kantu ezagunaren hoskidetasunarekin jolasten du: Holanda du izenburu sortak,... [+]
Udazkena bertso saioz josia ukanen dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bertsozaleek. Xilabaren finala Donibane Lohizunen iraganen da azaroaren 13an.
Luis Otamendi Aiako bertsolaria hil da. Azken agurra Zarauzko beilatokian egingo zaio urtarrilaren 4an, goizeko 10:00etan.
Konfinamendu aro hau arintzeko aukera bat izan daiteke bertso zaharrak entzutea, eta horregatik, Xenpelarren "Miseriaren adarrak" bertso sorta berreskuratu eta musikatu egin dugu, nahi duzuenean entzuteko.
Eneko Abasolo “Abarkas”, Nerea Elustondo eta Eneko Fernandez bat-batean aritu dira bertsotan apirilaren 1ean, nor bere etxetik. Saioa hemen dago entzungai.
Azaroan euria bezain maiz entzuten dira bertsoak Iruñean. Bertsoaroa da. Urtez urte, udazkena piztera etorri ohi da ordu aldaketak arratsaldeak ilundutako hirira. Eta egia esan, iruindar euskaldun askoren zita bihurtu da, urtero huts egiten ez duten horietakoa. Berdin da... [+]