Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste, abenduan ekin zion interneteko diru bilketa kanpainari eta maiatza bukaera arteko epea finkatu zuen. Helburuari zenbaki bat jartzerakoan, erronka handia planteatu zuen: 150.000 euro lortzea internet bidezko kanpainan, eta bide honetatik lortutakoa ez da makala: 132.604 euro interneteko plataforman (albiste hau idazteko momentuan). Epe horretan, beste hainbat herritar eta eragilek zuzenean Biolurrera jo du ekarpena egitera eta guztien artean (interneteko plataforma bidez zein zuzenean Biolurren ekarpena eginda), guztira 180.000 euro batu dituzte. Helburua oso goitik gainditu dute, beraz. Amillubi lantaldeak diru kopurua bezainbeste baloratu du proiektuari ekarpena egin dion komunitatearen zabala. Zenbakiak xehe azaldu dituzte.
Guztira 795 diru ekarpen jaso dituzte internetez sei hilabete hauetan eta guztien artean 132.604 euro batu dituzte (albiste hau idazteko momentuan zeuden datuak dira). Ekarpena egin duten horien artean 36 eragile sozial eta ekonomikoak dira eta 759 norbanakoak. Lurraldetasunari begira, %74 Gipuzkoatik egin dira, eta gainontzekoa Euskal Herriko beste 171 herritatik; eta beste 32 ekarpen Espainiako estatuko hainbat lurraldetatik jaso dituzte.
Interneteko diru bilketa Coop57Fundazioaren eskutik egin da, Amillubiko kideek esan dutenez: "Bai kanpaina sustatzeko eta baita ere horrelako ekimen batek eskatzen duen prozedura eta xehetasun guztiak zaindu ahal izateko". Epea beteta, internet bidezko diru biltze kanpaina amaitutzat ematen dute, baina hurrengo bi asteetan azken ekarpenak jaso ahalko dira (hemen) plataforma ixten den bitartean.
Proiektua 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuten Azpeitian, ekitaldi jendetsuan eta hilabete hauetan zehar Euskal Herriko komunikabide nazional eta tokikoetan oihartzun zabala lortu du, horretan Amillubi lantaldeak jarri duen indarrari eta komunikabideekin lotu duten elkarlanari esker. Horrekin batera, hainbat herri eta hirietan 12 aurkezpen egin dituzte herritarrei proiektua aurrez aurre azaltzeko. Gipuzkoan hainbat herritan eta Donostian ere egin dituzte aurkezpenak, eta Amillubiko Talde Eragileak adierazi duenez, Tolosaldea da oraindik proiektua aurkeztu ez duten Gipuzkoako bailara bakarra. Iruñean eta Algortan ere egin dituzte aurkezpenak, eta hurrengo hilabeteetan ere aurkezpenak egiten jarraitzeko asmoa dute.
Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 4 hektarea laborantza lur eta 5 hektarea baso dira, eta 500 metro koadroko baserria. Horiek denak erosteko eta baserria konpontzeko 390.000 euro batu behar ditu Amillubi proiektuak, 2025 urte amaierarako. Azaldu den moduan, diru iturrietako bat internet bidezko kanpaina izan da eta 132.604 euro batu dira oraingoz bertan. Baina Biolur beste diru iturri hauek ere lantzen ari da:
Oraingoz guztira 271.549 euro dira hainbat diru iturritatik batutakoak. Beraz, 118.451 euro dira lortu beharko direnak baserria eta lurrak erosteko eta konpontzeko beharrezkoak diren 390.000 eurotara iristeko.
Eragile eta norbanako batzuek beraien ekarpena ez dute internet bidez egin, Biolurrera jo dute zuzenean. Modu honetara 41.073 euro osatu dituzte. Ekarpen hori egin dutenen artean, 43 norbanakoak dira eta 13 arlo desberdinetako eragileak dira (sozialak, kulturalak, ekonomikoak, sindikalak…).
Horrez gain, Kooperatibek urteko irabazien zati bat gizarteko proiektuetan inbertitzen dute (IPDK gisa ezagutzen dena). Euskal Herriko 6 kooperatibek bideratu dute haien irabaziaren zati bat Amillubi proiektura (interneteko diru biltze kanpainatik kanpo) eta hauen bitartez 74.000 euroko ekarpena jaso dute.
Zozketa bat ere egin dute Amillubiren alde, eta txarteletan 17.592 euro eskuratu dituzte. Gainera, hainbat azoketan bono laguntzak jarri dituzte herritarren eskura, Amillubiri ekarpena egiteko modu gisa: bide horretatik oraingoz 6.280 euro bildu dituzte.
Maiatzean egin berri duten I. Udaberriko Festako diru kontuen itxiera oraindik zehaztu gabe dago baina horrek ere egingo dio ekarpena diru bilketari.
Bada beste diru iturri funtsezko bat: udalekin zein bestelako erakunde publikoekin hitzarmenak lotzea. Bide hori abiatu zuten proiektua martxan jartzean eta Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia eta Azpeitiako udalekin hitzarmena lotu dute. Amillubi eta Elikadura Burujabetza estrategia sustatzeko aurrera begira beste udal batzuk ere batzea espero dute.
Beraz, oraingoz guztira 271.549 euro dira aipatutako diru iturrietatik batutakoak. Beraz, gaur gaurkoz 118.451 euro dira lortu beharko direnak hurrengo hilabeteetan, beharrezkoak diren 390.000 eurotara iristeko.
Amillubiko lantaldea oso pozik dago, orain arte batutako diruarekin 2024ko ordainketa konpromisoei aurre egin ahal izango dielako, eta 2025ean egin beharko dituen ordainketetara iristeko denbora irabazi duelako. Amillubi lantaldeak adierazi du baserria eta lurra saldu dizkion familiak aukera eman diola ordainketa epeka egiteko eta beraz, proiektu hau martxan jartzeko ez dietela bankuei hipotekarik ordainduko, eta "erosketa zorrik gabe gauzatzearen helburua gertuago dagoela. Horrek oinarri egonkor eta sendoagoa eman ahal die" bertan abiatuko diren elikagaien ekoizpen proiektuei.
Asko da orain artean lortutakoa, baina Amillubi lantaldeak inurri lanean jarraitu beharko du, herriz herri eta eragilez eragile proiektua aurkezten eta kide berriak batzen. Orain artean jaso duen babes ekonomikoa bezainbeste baloratzen du proiektura batu den komunitatea, eta bere esker ona adierazi die denei: "Komunitate horren guztiaren lorpen gisa ulertzen dugu lortutakoa, eta kolektiboan, herritik eta herriarentzat posible da ekimenak lantzea. Zorionak denei!".
Era batera zein bestera ekarpen ekonomikoa egin dutenak 993 kide dira: 49 eragileak eta 944 norbanakoak.
Diru ekarpena egiteaz gain, lankidetza adierazpena edo hitzarmena egin dute hainbat eragileekin. Azken hilabeteetan zabaltzen joan da eragileen sare hau eta hurrengo asteetan Amillubiren webgunean jarriko dute ikusgai Amillubiko Komunitatearen sarea.
Kide kopuru zabal eta anitz honek erakusten du Amillubi proiektuak bere sorreratik lortu duen atxikimendua. Amillubi lantaldearen hitzetan, "atxikimendu zabal horrek berresten du estrategikoak direla Amillubi proiektuak bere praktikarekin ezartzen dituen oinarriak: lurra ondasun natural moduan ulertu eta zaintzea, lurra kolektibizatzea, laborantza lurrak laborarien eskura jartzea, ingurumenarekin errespetuzkoa den laborantza egitea eta herritarrekin batera elikadura burujabetzara bidean urratsak ematea".
Orain arte proiektura batu diren eta ekarpen ekonomikoa egin duten kide guztiei eskerrak eman dizkie Amillubik, eta oraindik batu ez direnei dei egin die haziz doan komunitatera batu daitezen: "Norbanako edo eragile moduan ekarpena egiteko hainbat aukera daude zabalik ere hemendik aurrera, bai kopuru osora iristeko falta diren 118.451 euroak batzeko, eta baita ere Amillubi, Lurra taupaka ibilbidea indartzeko".
- Internet bidez diru ekarpenak egiteko plataforma martxan egongo da ekainaren 10 arte.
- Biolurreko kontu korrontera zuzenean ekarpena eginda: ES37 1550 0001 2400 1666 3726
- Biolurrekin harremanetan jarrita: www.biolur.eus
- Bolondres-sarean izena emanda. Auzolanetan lagundu nahi dutenei edo norberaren ezagutzak elkarbanatuz Amillubiko proiektuari lagundu nahi dutenei dei egin die Amillubi lantaldeak, haiekin harremanetan jartzeko: info@amillubi.eus helbidean edo 943 76 14 47 zenbakira deituta.
- Bonolaguntzak erosita. Azoketan, Biolurreko laborarien mahaietan egoten dira eskuragarri, baita Biolurreko laborarien ekoizpenak saltzen dituzten dendetan ere.
- Amillubi kamixetak erosita: Azoketan, Biolurreko laborarien mahaietan eta Argiaren dendan.
Diru bilketa egitearekin batera, Amillubiko lurra martxan jarri dute: baratzezain ekologikoek porru landarea gertu eskuratu ahal izateko landaketa egin dute Amillubin udaberrian. Horrez gain, hektarea erdi arto eta babarruna erein dute, eta hainbat azpiegitura egin eta hobetu dituzte; besteak beste, ur horniketa sistema berriztu dute eta ur grisak eta beltzak bideratzeko fitodepurazio sistema berria jarri dute martxan.
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
EHNE Bizkaiak bultzatutako azterketaren emaitzek baieztatu dute eredu agroekologikoan ekoiztuak diren tomateek berotegi efektuko gasen isurketan, eta batez ere energia kontsumoan, inpaktu txikiagoa dutela eredu agroindustrialean ekoiztuak diren tomateekin alderatuta. Honetan,... [+]
Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua sortu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute publikoki... [+]
Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.
Hitzordua Noaingo Zentzumenen Parkean izango da. Herritarrak eta ekoizleak elikagai ekologikoen inguruan biltzeko Nafarroako topagune handiena da azoka. Bederatzigarren edizioa da aurtengoa eta laugarren urtez jarraian Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da.
Bigarren urtez segidan hartu du Habelarte baserritarren elkarteak Leitzako festetan, Gaztetxean, afariak emateko ardura. Nafarroako Mendialdeko ekoizle agroekologikoen produktuekin osatu dute eguneroko eskaintza, eta ehunka lagun pasatu dira abuztuaren 10etik 14ra haien... [+]
Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik herritarrak animatu dituzte azoketan erostera eta ekoizleak gertutik ezagutzera. Uztailaren 29an Zigoitian izango dira, eta abuztuaren 23an, Zarautzen. Urriaren 27an amaituko dute udako denboraldia, Villabonan.
Sektoreko beharrak hainbat eragilerekin identifikatu ostean, lurrak ezagutu eta martxan jartzeko aitzakia tarteko erronka zehatz bati ekin zion Amillubik: baratzezainentzat porru landare ekologikoa bertan ekoiztea. Igandean hogei lagun baino gehiago bildu ziren, Amillubiko talde... [+]
Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]
Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]
Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzeko eta bertan elikadura burujabetzari loturiko Amillubi proiektu kolektiboa martxan jartzeko apustua egina du Biolur elkarteak: "Herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak bermatuta izatea izango litzateke mugimendu... [+]