Amets Ladislao, EHNE Bizkaia: “Bertokoak diren elikadura-sistemak behar ditugu”

  • Nekazarien eta abeltzainen erreferentziazko sindikatua da Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna. 1976tik lanean daraman elkarte horrek 3.000 afiliatu baino gehiago ditu, eta lehen sektoreak dituen erronkak ez dira nolanahikoak. Egoera horretaz eta etorkizunari buruz sindikatuak duen ikuspegiaz berba egin dugu Amets Ladislao EHNE Bizkaiko kideagaz.

Amets Ladislao EHNE Bizkaia sind ikatuko kidea izateaz gain, Etxaldeko Emakumeak emakume baserritarren kolektiboko kidea ere bada. Hiruka.eus

2024ko azaroaren 20an - 11:32
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hasteko, nolakoa da Uribe Kostako lehen sektorearen egoera gaur-gaurkoz?

Esango nuke, oro har, Bizkaian dagoenaren antzekoa dela, baina oso maila txikian: okelarako behitegi gutxi batzuk daude, baina ia ez dago artzaintzarik ezta esne-behirik ere; gehiena ortugintza da. Bizkaian, behiak gehienbat Enkarterrietan daude, hortik kanpo, nahiko antzekoa da dena: artzaintza eta abeltzaintza ematen dira, baina nekazaritza txikia da nagusi. Horretan, eredu bi nagusitzen dira: Eusko Label egiten dutenak eta eredu txikiagoak eta agroekologikoak dituztenak, saskiak eta horrelakoak egiten dituztenak, hain zuzen.

Nolakoa izan da azken urteotako eboluzioa?

Orokorrean, joera beherakoa izan da. Tendentzia hori Europa osoan ematen ari da, ez da hemengo gauza bakarrik; gero eta jende gutxiago dedikatzen da gure sektorera. Batetik, baldintza ekonomikoak oso prekarioak dira, eta, bestetik, gizarteak gero eta garrantzi gehiago ematen die aisialdia bermatzen duten bestelako lanbideei; horrenbestez, zailtasun handiak daude gazteak sektorera erakartzeko. Hala ere, guk esaten dugu behar-beharrezkoa den sektorea dela, gure elikagaiak ekoizten dituelako; bestela, mendekotasuna izango dugu beste batzuekiko. Bizitzeko behar dugun gauza batez ari gara, hau ez da edozein sektore. Gauzak horrela, beste politika publiko batzuk bultzatu beharko liratekeela uste dugu.

Sektorearen arazoetako bat da lantzeko lurretara sarbidea. Nolakoa da eskualdeko egoera ildo horretan?

"Gaur egun, Uribe Kostan nekazaritza-proiektu bat abiatzea aldez aurretik lursaila izan gabe ezinezkoa dela esango nuke"

Bilbo Handia deritzon horren parte izateaz gain, kostaldean dagoenez, libre dagoen lur apurra nekazaritzarako garestiegia da, eta lurrik hoberenak hartuta daude. Gaur egun, Uribe Kostan nekazaritza-proiektu bat abiatzea aldez aurretik lursaila jabetzan izan gabe ezinezkoa dela esango nuke. Beraz, arazo nagusia da lur gutxi dagoela eskuragarri eta dagoena oso garestia dela, baina hori politika publikoen ondorioa ere bada, horiek lurraren jabetza babesten dutelako, ez jarduera: zenbat eta lursail gehiago eduki, orduan eta laguntza gehiago jasoko ditu jarduera batek. Beraz, borondate politikoa falta da, eta Getxoko HAPO berrian ere hori ikusi dugu: 90eko hamarkadan bezala, lehen nekazaritzarako ziren lursail guztiak etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen jarraitu gura dute. Guretzat lurra babestea nahitaezkoa da; gure ustez, nekazaritzarako lurrak ezingo lirateke erabileraz aldatu. Uribe Kostan zenbat lursail pasatu izan dira nekazaritzatik etxebizitza izatera? Horren eraginez, eskualdean baserritar kultura hori desagertzen joan da eta herritarrak bizimodu horretatik oso urrun bizi dira gaur egun.

Gauzak horrela, zein dira EHNEk dituen lan-lerro nagusiak?

Hasieratik, jardueran hasi nahi dutenei akonpainamendua eta formakuntzak ematen dizkiegu, bai teknikoak zein politikoak ere. Guk beti jorratu dugun eredua lurrari lotutakoa izan da, hau da, agroekologiaren eredua izan da bultzatu duguna. Ikusten ari gara Bizkaian gailentzen den eredu intentsiboak jendea ekonomikoki itotzen duela, ez direla hobeto bizi eta ez dituztela errenta handiagoak lortzen. Eztabaida hori estrategikoa da guretzat. Adibidez, esplotazio hidroponiko asko dago Uribe kostan, eta horretan hasteko inbertsio handia behar da, baina guk defendatzen dituguna da eredu ekologikoko ortu txiki dibertsifikatua. Eredu hori jasangarriagoa da, eta posible da hortik errentak ateratzea. Hemendik 40 urtera izan nahi dugun ereduan pentsatu behar dugu: zer nahi dugu, eredu intentsibo bat, lurra pozoituko duena eta intsumoen mende dagoena, ala nahiago dugu komunitateari lotutako proiektu jasangarri txikiak edukitzea? Guretzat bi eredu kontrajarri daude hor, eta bien arteko bat aukeratu behar dugu. Guk nekazari eta abeltzain guztiak defendatzen ditugu, noski, guztien alde egiten baitugu, baina, instalazio berriak edo politika publikoak diseinatzeko orduan, eredu txiki horien alde egiten dugu; dena den, uste dugu biak ez direla bateragarriak.

Nolakoa da erakunde publikoakaz egiten duzuen elkarrizketa-lana?

"Getxoko HAPO berrian ere ikusi dugu: 90eko hamarkadan bezala, lehen nekazaritzarako ziren lursail guztiak etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen jarraitu gura dute"

Nekazal sindikatu nagusia gara eta elkarrizketarako bide ofizialak ditugu instituzioekin, batez ere, aldundiekin, beraiek direlako gure jarduera gehien arautzen dutenak. Hor erritmoak oso astiro doaz, pazientzia handia behar da, baina bagoaz gure lana egiten, lorpen txikiak eskuratzen. Azkenean, gureak etorkizuna markatzen duela uste dugu, eta sektorea nolabaiteko desesperantza batean egon arren, guk pentsatzen dugu badagoela aukera bat eredua aldatzen baldin badugu. Horretarako, kontsumo eredua, merkaturatzea, politikak... aldatu egin behar dira, eta nik uste dut aldundiak, behintzat, konturatu direla gure proposamenek etorkizunera begiratzen diotela.

Eztabaida honen erdigunean dagoena da gure elikadura, pentsatzen duzu ez zaiola behar bezalako garrantzia ematen?

Zalantza barik. Europan oso konbentzituta gaude janaria bai ala bai edukiko dugula; uste dugu munduaren bizkarrezurra garela, baina COVID-19ak erakutsi zigun gauzak ez direla horrela eta oso zaurgarriak garela. Gure elikagaiak hemen ekoizten ez ditugunez, hegoaldeko herrialdeen menpe gaude. Elikadura burujabetzaz ari gara, baina ikuspegi asko egon daitezke hor: guk ingurumenari eta gizarteari lotutako ikuspuntu batetik abiatu nahi dugu, eta uste dugu herrialde bakoitzak bere elikadura-politikak erabakitzeko eskubidea eduki beharko lukeela. Aitzitik, gaur egun, Munduko Merkataritza Erakundea da erabakitzen duena zer, non eta nola ekoizten den; hau da, elikadura-sistema erabat globalizatuta dago.

Horrenbestez, gu elikadura burujabetzaren aldekoak gara, baina ikuspegi internazionalista ere badaukagu. Guk aldarrikatzen dugu bertokoak diren elikadura-sistemak behar ditugula, hemengo ekoizpenari eta kontsumoari begiratuko diotenak. Adibidez, Nafarroako hegoaldean ekoizten den %90 esportaziorako da, baina gero guk inportatu egiten dugu; jaten dugun ia gari edo arto guztia Brasil, Argentina, Afrika edo AEBetan ekoizten da. Merkatuaren menpe dagoen sistema batean bizi gara, eta horri esker sinatzen diren akordioen bidez multinazionalek atera ditzaketen etekinak garrantzitsuagoak dira jendea elikatzea eta lurra zaintzea baino. Hori errotik aldatu behar da, eta gure beste aldarrikapenetako bat da elikagaien merkatuen erregulazio publikoa egon behar dela. Lehen, Europan hori bazegoen, kuota-sistema baten bidez egiten zen, baina hori desagertu da, eta uste dugu horretara bueltatu beharko ginatekeela. Elikadura merkatuen esku uzten badugu, konturatu behar gara mundu erdia zapalatzen ari garela eta etorkizunean horri buelta eman ahal zaiola.

Argazkia: Hiruka.eus

Gurera bueltatuz, lehen sektoreak duen beste arazo nagusietako bat da belaunaldi errelebo faltarena, zer ari zarete egiten arlo horretan?

Bai, gure sektorearen adinaren batezbestekoa 51 urte ingurukoa da, beraz, hamabost urteren buruan, ditugun nekazari eta abeltzain gehienak galduko ditugu. Hori dela eta, lan asko egiten dugu formakuntzan, eta guretzat garrantzitsua da baita erreferente positiboak erakustea eta baserritarren arteko topaketak sustatzea ere, uste dugulako ideiak partekatzea garrantzitsua dela. Jendea badago gauzak beste modu batera egiteko prest: bada jendea eredu mistoan ari dena, lan egin eta ortua duena saski batzuk saltzeko, edo familia-esplotazio eredua alboratu eta komunitate bezala antolatzen dena. Erreferente positiboak ere behar ditugu, dena ez da txarra izango, gure lana ere badelako ilusioa piztea. Europatik esan digute gure Baserritik Mahaira estrategiaren eredua baliagarria dela, beraz, borrokan mantentzeko mila arrazoi ditugu.

Zein da zuek salmentarekiko sustatzen duzuen eredua?

"Elikadura merkatuen esku uzten badugu, konturatu behar gara mundu erdia zapalatzen ari garela eta etorkizunean horri buelta eman ahal zaiola"

Guk salmenta zuzena bultzatzen dugu; horretarako, hainbat eredu daude, eta guk azokak eta baserritarren sareak babesten ditugu. Dena den, ez gara zuzenean inplikatzen, hori jarduera pribatu bat baita. Bai saiatzen garela erreferenteak sortzen, eta esango nuke Bizkaiko ia baserritar txiki guztiak noizbait EHNEko bulegotik pasatu direla, beraz, gure lana erreferentziazko sindikatua izatea da, ez jarduera ekonomikoetan eta pribatuetan sartzea. Neolitikotik daramagu nekazaritza praktikatzen, ez dugu ezer berria asmatuko. Kontua da ea gauzak zein helbururekin bultzatzen ditugun: etikarekin eta zentzuarekin edo dirua irabaztearren. Ildo horretan, mugimendu feminista ere erreferente handi bat da guretzat. Esaten dutenean erdigunetik dirua atera behar dugula bizitzak jartzeko, guk filosofia berdinarekin dihardugu lehen sektorean.

Laburbiltzeko, zuk sektorearekiko ikuspegi optimista duzula esan genezake?

Bai, ni optimista amorratu bat naiz, kar-kar. Kontziente naiz non gauden, eta, oinak lurrean izanda, kolektiboan amesten dugun pertsonak garela esango nuke. Sistema honek apatiko, beldurtuta eta bakarrik nahi gaitu, baina guk horri aurre egin behar diogu, eta ez bakarrik gure sektoretik. Baditugu borrokatzeko eta gauzak aldatzeko hainbat arrazoi, baina horretan jarraitu behar dugu. Gure gaurko bizimodutik abiatuta, arbasoek ondo egiten zutenera bueltatzea da kontua. Guk beti esaten dugu elikadura burujabetzarena proposamen politikoa dela, horrek sistema eraldatzeaz hitz egiten duelako, eta pentsatzen dugu denok biziko garela hobeto hori iraultzea lortzen badugu. Gainera, hori modu holistiko batean ere ulertzen dugu, gauzak aldatuz gero, gu, abereak eta lurra ere hobeto egongo direlako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lehen sektorea
2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]


Arabako Mahastiak sor-markaren kontrako helegitea ontzat jo du Auzitegi Nagusiak

Arabako Errioxako ardogileek euren izendapena izateko bidea judizialki eten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu araultzaileak jarritako helegitea babestu ondoren. Hala, ezin izango dute Arabako Mahastiak sor-marka erregistratu. Nolanahi... [+]


2024-11-07 | Estitxu Eizagirre
Getarian jartzera doazen lehen hegalabur haztegiak zer ekarriko du?

Gipuzkoako Getariako kostatik 3,7 itsas-miliatara (6,6 kilometrora) jartzear dira Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera dute bi kaiolek. Bertako itsas baldintzetara ongi egokitzen badira, 2025eko udan 50 hegalabur edo... [+]


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Zentral fotovoltaiko eta eolikoen olatua
Araba, sakrifikatu nahi duten alaba?

Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]


Sardina europarra
Mugarik gabe, baina ez mugagabe

         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...

Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.


2024-10-25 | Filipe Lascaray
Jaunttoak, lurra eta herritarrak

Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik.  Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]


2024-10-24 | Julene Flamarique
Caparrosoko makroetxaldea salatu zuten Greenpeaceko kideen aurkako epaiketa atzeratu dute

Valle de Odieta etxalde erraldoiaren kontrako ekintza 2021ko martxoan egin zuen Greenpeacek, Nafarroan. Makroetxaldeak 79 txahal gaixotzea leporatzen die ekologistei, orain Greenpeaceren defentsak salaketa ezeztatzen duen albaitaritza-txostena aurkeztu du eta epaiketa atzeratu... [+]


2024-10-14 | Garazi Zabaleta
Larretik
Pirinioetako abeltzainek hiltegi proiektua jarri dute abian, zirkuitua bertan ixteko

Lehen sektorea bultzatzeko eta indartzeko lanean dihardute Nafarroako Pirinioetan azken urteotan, eta lanketa horren baitan sortu zuten Pirinioetako Mahaia. Diagnostikoa ondu dute azken urteotan, eskualdean lehen sektoreari lotuta dituzten hutsuneak identifikatzeko, eta ondorio... [+]


Lantokietako isilpeko doluaz

Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta Ondarroan, Hausnarrean liburua aurkezten.


2024-10-09 | Onintza Enbeita
Xabier Arriaga, 'Txiplas'. Baserritarra
“Gipuzkoako ENBA-k eta EHNE-k nekazaritza eredu bera defendatzeak asko esaten du”

Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.


2024-10-07 | Garazi Zabaleta
Sareko
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea

EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]


Marieneko lurren aldeko hiru atxilotuak aske utzi dituzte, baina otsailean epaituko dituzte

 Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea handitzeko beste saiakera bat

Valle de Odieta enpresak eta bere filialak (HTN) urteak daramatzate instalazioak handitu nahian, administrazioa ezartzen ari den erregulazio guztien aurka. Epai judizial bati esker, abere kopurua gaur egun baimenduta dituzten hainbat adinetako 7.800 bururaino zabaltzea lortu... [+]


Eguneraketa berriak daude