Amaren baimenik gabe adopzioan emandako Iruñeko haur baten kasuan, Estrasburgok Espainiako auzitegien aurkako epaia eman du

  • Pat Omorefe izeneko emakume nigeriarrak salaketa ezarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean (GEEA), 2015ean kendu zioten haurra berreskuratzeko. Estrasburgok arrazoia eman dio, eta neurriak hartzeko eskatu die Espainiako Estatuko auzitegiei.


2020ko ekainaren 24an - 10:08

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari eskatu dio Iruñean bizi den ama nigeriar baten eta bere semearen arteko harremana berrezartzeko neurri egokiak har ditzala. Haurra amaren baimenik gabe adopzioan eman zutenez, Auzitegiak uste du “arlo pribatuarekiko eta familia-bizitzarekiko errespetua urratu” egin zaiola, Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez.

Iruñeko Probintzia Auzitegiak adingabea adopzioan emateko izapideak 2015ean jarri zituen martxan. Amak 2009ko otsailean eskatu zuen bi hilabete lehenago jaiotako bere semea Nafarroako Gobernuak kudeatutako harrera-zentro batean artatu zezatela, zailtasun pertsonalak eta familiarrak zituela eta.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak dioenez, hilabete geroago, ebaluazio-batzordeak adopzioaren aurretik familia-harrera proposatu zuen, Omorefe “bisita guztietara joan ez zela” eta bere egoera pertsonala “oso desegonkorra zela” argudiatuta. Salatzaileak ez zuen neurri horren aurka egiteko borondaterik adierazi, betiere haurrarekin kontaktua izatea debekatzen ez zioten bitartean.

Hala eta guztiz ere, 2009ko maiatzean, Foru Gobernuaren mendeko Familiako Zuzendaritza Nagusiak bertan behera utzi zituen topaketak, Omorefe "programatutako bisita guztietan egon ez zela” eta haurrarekin lotura emozionala ezartzeko omen zituen “zailtasunak" argudiatuz.

Hasiera batean, Nafarroako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zion Omoreferi, baina 2015eko urrian haurra adopzioan ematea babestu zuen, ama biologikoaren baimenik eza "oztopo ez zela” iritzita. Hori guztia Omorefek kexa-errekurtsoa jarri ondoren gertatu zen, 2014an semea ikustea eskatu zuenean autoritateen erantzunik jaso ez zuelako

Nafarroako Auzitegiko epaileek amaren eskubideen aurretik lehenetsi zituzten haurrak bost urtez bizi izan zen harrerako familiarekin zituen “loturak” eta bere “bilakaera positiboa". Omorefek helegitea aurkeztu zion Espainiako Konstituzio Auzitegiari, baina honek ez zuen babestu. GEEArengana jo behar izan du azkenik.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aurreko epaiekin bat egin, eta Espainiako legedian aurreikusita dauden "neurri leunagoak” lehenetsi ez izana deitoratu du. Hala, Giza Eskubideen Europako Konbentzioaren 46. artikuluari jarraiki, Espainiako auzitegiei eskatu die berriro azter dezatela demandatzailearen eta haren seme adingabearen egoera. Euren arteko harremana berrezartzeko aukera zabaltzea litzateke bidezkoena Estrasburgoren ustez, haurraren “egungo egoera eta interes gorena” ikusita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Derrigortutako adopzioak
Eguneraketa berriak daude