Fitxa: Lyongo Orkestra Nazionala. Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: Michel Plasson. Orfeoiaren zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro. Bakarlariak: Ana Salaberria eta Paul Armin Edelmann. Egitaraua: Debussy, Bizet, Fauré, Franck eta Ravel-en obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Datak: irailaren 4an eta 5ean.
Musika Hamabostaldiko 70. edizioa amaitu zaigu. Hau da momentua, beraz, balantzeak eta balorazioak egiteko. Baina, aldez aurretik, edizio honetako azken bi egunetan izan dugun orkestraren lana aztertu behar dugu, noski.
Lyongo Orkestra Nazionalak, Michel Plasson beteranoaren zuzendaritzapean, fintasunak oparitu zituen emandako bi kontzertuetan, baina ez batean, ez bestean, ez zuen ez indarrik, ez adorerik erakutsi. Orkestraren jarrera lasai horri esplikazioa emateko esan genezake agian Plasson zuzendariak, bere 76 urteekin, galduak dituela, puntu bateraino, kemena edo bizkortasuna –izan zituenak, dudarik gabe, Toulouse-ko Capitole-ko Orkestra Nazionaleko zuzendari titularra izan zenean-. Baina, gure ustez, eta agian adinaren ondorioz, Michel Plasson-ek obra guztien ikuspuntu gozoa –beharbada gozoegia- erakutsi zion publikoari, nahita.
Musikaltasun izugarria luzitu zuten Lyon-ekoek lehenengo saioan. Fauré-ren Pelléas et Mélisande, op. 80 obrak aukera eman zuen taldeko soka leuna eta haizezko instrumentuen kalitatea dastatzeko. Aipagarria izan zen Siciliana-Allegro molto moderato mugimendua, jariakorra eta malgua erritmoaren aldetik, oso dotorea. César Franck-en Re minorreko Sinfonia-ren bertsioa, aldiz, plano samarra atera zen eta ez zuen interes gehiegirik piztu, zoritxarrez. Baina, kontzertuaren bigarren zatian, Ravel-ekin, berriz hartu zuen Michel Plasson-ek elegantziaren bidea. Valses nobles et sentimentales izeneko suite-an azpimarratu behar dugu zuzendariak egindako rubato fina, orekatua, dotorezia handia eman ziona bertsioari. La valse, berriz, zuzentasunez jo zuten, nahiz eta distira gutxi luzitu.
Bigarren egunean, José Antonio Etxenikek, 31 urtez musika jaialdi honen zuzendaria izan denak, Musika Hamabostaldiko urrezko domina jaso zuen, ondo merezita, berak lortu baitu jaialdi hau onenen artean egotea, eta goi mailako kalitatea mantentzea urtez urte.
Bestalde, kontzertu hau, orain dela hilabete gutxi hil zen Musika Hamabostaldiko arlo artistikoaren arduradun Luis Fernando Rupérez-en oroimenez egin zen. Horrexegatik amaitu zen saioa Fauré-ren Requiem ederrarekin. Obra honetan ere goxotasuna nagusi izan zen uneoro. Goxotasunez aritu zen orkestra, aurreko egunean bezala, eta leuntasunez kantatu zuen Donostiako Orfeoiak. Momentu adoretsuak izan ziren, eta ondo enpastatuak gainera, Sanctus-eko Hosanna bezalakoa. Baina, orokorrean, espiritualtasunez eta delikadeziaz aritu ziren, agian gehiegi. Adibidez In Paradisum bukaerako pasartea pianoegi iritsi zitzaigun, eta monotono samarra. Azpimarragarria izan zen Ana Salaberria sopranoaren aktuazioa, Pie Jesu pasartean, non ahots txikia baina oso ondo afinatua erakutsi zuen. Paul Armin Edelmann baritonoak interpretazio ederra egin zuen Libera Me izeneko zatian. Tinbre biribila du, eta teknika ona ere bai.
Bis bezala, Fauré-ren beste harribitxi bat interpretatu zuten: orkestra eta abesbatzarentzako Cantique de Jean Racine obra, gustu handiz.
Amaitzeko, labur-labur edizio honen balorazio bat egin behar dugu. Esan daiteke orokorrean ‘notable’, oso ongi bat merezi duela hilabete honetan zehar bizi izan dugun jaialdi honek. Baina notable orokor honetan goi mailako uneak izan dira, noski. Orkestren artean, Budapest Festival Orkestra, Ivan Fischer-en zuzendaritzapean, English Baroque Soloists, Eliot Gardiner-ekin, edo Orchestre des Champs-Elysées, Philippe Herreweghe-ren batutapean azpimarratu behar ditugu, benetako kalitate ona eskaini zutelako. Bakarlarien artean, hiru pianista nabarmenduko genituzke: Luis Fernando Pérez, Marta Zabaleta legazpiarra –Albéniz-en Iberia aparta jo zuelako–, eta Judith Jauregi donostiarra.
Hutsak ere egon dira: Carmina Burana, La Fura dels Baus-en muntaketarekin, dezepzio bat izan zen, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak ez zuen izan bere egun onena Victoria Eugenia Antzokian eman zuen kontzertuan.
Hemendik zorte ona opa diogu Musika Hamabostaldiko zuzendari berria den Patrick Alfaya-ri. Ziur gaude hurrengo urterako asko eta ona antolatuko duela.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadiko (EOS) eta Bilboko (BOS) orkestra sinfonikoak fusionatzeko proposamena luzatu dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Bat egiteak "onurak" ekarriko lituzkeela dio Bilbaok, eta "traumarik gabeko... [+]
Fitxa: “Tristan und Isolde”, Wagner. Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Miguel Ángel Gómez Martínez. Bilboko Operako Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszenako zuzendaria: Pierluigi Pier’Alli. Protagonistak: Torsten Kerl... [+]
Isiltasuna izan zen lehenengo. Orkestraren akordeak, gero. Ondoren, sopranoaren ahots zirraragarria Jesus Aranbarriren lana interpretatzen. Miren Urbieta da, kantuan bakarlari.
Duela bi urte ezagutu zintugun hainbatek, 2009ko azaroan, Argiaren 90. urteurrena ospatzeko... [+]
Fitxa: Itoiz Suite. Musika: Juan Carlos Perez. Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Iker Sánchez Silva. Egitaraua: Juan Carlos Perez, Charles Ives eta Jean Sibeliusen obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 25ean.
Denok buruan dauzkagun kanta ezagun... [+]