“Ama izatean bizitako zurrunbiloari hitzak jartzen saiatu naiz”

  • Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.


2025eko apirilaren 09an - 07:19
Garazi Basterretxea

Hezur berriak (SUSA, 2025) poesia liburua aurkeztu eta biharamunean elkartu ginen Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazlearekin. Amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak hartu eta lokatz horri guztiari forma emanez osatu du 49 poemako liburua. Garrantzitsua iruditzen zaio amatasunaren ertz askotarikoei heltzea feminismotik, eta, era berean, sistemak eta gizarteak txalotzen eta zigortzen dituen erabakiez eta bizipenez kontziente izan eta horiek iraultzen saiatzea.

Sortzaile lasarte-oriarrak asko maite du hitzak tolestea, bihurritzea eta, hizkuntzaren tripak ezagututa, hitz berriak sortzea, betiere begirada politiko feminista batetik. Horretarako abilezia erakutsi izan du bai oholtzan bai plazaratu izan dituen aurreko sormen lanetan ere: Murmur (Erein, 2024), Barraskiloek baino bat gehiago (Erein, 2023), Erradikalak (SUSA, 2022), Totototo (Elkar, 2021) eta Ezpainetakoa (Erein, 2018). Algara mutilatuak (LISIPE, 2021) saiakeran umorearen gaiari heldu zion ikuspegi feministatik.

Nola sortu zen Hezur berriak?

Maddi Ane Txoperena idazle eta bertsolariak jakin zuenean haurdun nengoela mezu bat idatzi zidan esanez: “Jakin dut hezur berriak dauzkazula”. Ez nekien esamolde hori erabiltzen zela eta esan zidan Lesaka inguruan erabiltzen zutela, gerora jakin dut Bizkaian ere esaten dela. Hortik hartutako izenburua da, gustatu zitzaidan irudikatzen duen hori.

Ni langile autonomoa naiz, azken urteetan sorkuntzari emana bizi naiz eta nolabait uztartzen ditut bi gauza: jendaurrekoa bertsotan, eta idazketa. Erditu eta bi hilabetetara berriz gurpilean nengoen, oholtzetan, plazan. Horri buruz ere hitz egiten dut poema batean: “Jendaurrea”. Nire bikotekideak, gizonak, hartu zituen baimenak. Kuriosoa da edoskitze baimena berak hartu ahal izan zuela eta nik ez. Jendaurrekoa ez nuen batere ondo bizi izan, ez zeukalako gogorik, gehiago zen uste dut beldur batetik egin nuela, esateko: “ama izan naiz, baina hemen jarraitzen dut, ez ahaztu nitaz”. Idaztearekin beste zerbait bizi izan nuen, etxean egin nezakeelako, modu goxoago batean. Idaztekoa hautu bat izan zen gehiago. Esaten dut askotan badagoela egoskorkeria puntu bat, logistikoki eta praktikoki hain erreza ez den une batean saiatzea denbora hartzen idazketan jarraitzeko. Zurrunbilo horren erdian sortutako zerbait da, eta gai hau hautatu nuen iruditzen zitzaidalako nahiko erronka bazela idazteari jarraitzea eta gainera idatzi behar banuen beste zerbaiti buruz ezinezkoa izango zitzaidala. Orduan saiatu nintzen zurrunbilo horri hitzak jartzen.

Eta poesiaren bidez egin duzu. Adriene Richen “Inoren ama izan gabe bizi nintzen lekua zen poesia, neure gisa existitzen nintzen lekua” aipua izan da liburuari hasiera ematerako hautatu dituzun horietako bat. Zer eman dizu poesiak?

Kontu praktiko horiengatik hautatu nuen poesia. Aterpetu ninduen eta momentu askotan ihesbide bat bezala zen. Nere beldurretako bat bazen ama horrek irentsi zezala beste guztia eta egia da hasieran zaila dela, lehenengo hilabeteetan hori dena gertatzen delako, baina nik bai nahi nuen segi ahal zen neurrian ni izaten eta ni izate hortan garrantzia handia ematen nion idazketari. Zilegi iruditzen zait ere norbaitek hautua egiten badu ama izan eta dena uztekoa, baina nik ez nuen hori egin nahi, ahal zen neurrian. Lagun batek Jazmina Barreraren Linea nigra (2020) librua gomendatu zidan. Idazle mexikarrak kontatzen ditu haurdunaldia, erditzea eta erditze ostea. Niretzat liburu zoragarria da, ez da poesia, baina zatika dago kontatua. Nik ere poema bat idatzi nuen, “Harlauzak” izenekoa, eta iruditzen zitzaizan ez zegoela beste modurik momentu hortan idazteko, egunerokotasuneko gauza txiki eta xume batzuen bila aritu nintzen.

Ama izatea erabakitzerako orduan normak duen pisua ere izan duzu hizpide.

Bete-betean zeharkatu nau galdera horrek. Ez-amatasunen jardunaldiak egin zirenean Donostian batek aipatzen zuen ama izatea ez zaiola inori ahazten, gizarteak eta sistemak uneoro gogorarazten dizun zerbait da, hori dagokizula. Hori lantzen dudan poemari nahita jarri nion “Sena” izena, zalantzan jarri nahi nuelako instintuarena. Ni ez naiz izan inoiz bereziki umezalea eta ez dut uste senetik hartutako erabaki bat izan zenik, baizik eta bizitzan aurrera zalantza batzuen barruan eta kontraesan batzuen aurrean erabaki nuen zerbait. Errezago egiten zait hori defendatzea eta politizatzea. Baina erdiondoan, adibidez, faltan izan nuen askok kontatzen zidaten edo ustez izan behar den instintu edo sen hori. Denbora asko kostatu zitzaidan umearekin konektatzea, esaten dizute jarriko dizutela umea gainean eta sentituko duzula. Nik ez nuen horrela bizi izan. Erditzea ere oso gogorra izan zelako, edo laktantziaren alde egin neulako, baina oso mingarria izan zelako. Erabakia senezkoa ez izate hori errezago asumitzen nuen, baina benetan ikusi nuenean sen hori ez neukala edo eraiki egin behar nuela nik ere harreman hori denboran zehar umearekin gehiago kostatu zitzaidala hori onartzea.

Amaren “pertzentiletik kanpo” egoteaz, konparazioetan galtzeaz eta lokatzetan sentitzeaz ere aritu zara. Zaila izan zaizu lokatz horri forma emateko helduleku edo ereduak aurkitzea?

Haserre ere sentitu nintzen lehenengo hilabeteetan, esaten nuen: “zergatik ez didate hau lehenago kontatu?”. Hasi nintzenean berbalizatzen sena edo lilura hori ez sentitzea lehenengo hilabeteetan, jende askok esan zidan eurek ere horrela bizi zutela. Laktantziarekin izugarrizko mina pasa nuela ahoskatzean bueltan ere etortzen zitzaidan asko hortik. Bila joanda egia da topatu nituela pila bat liburu, erditze ondoan podcast-ak topatu nituen, lagunengana asko jo nuen. Berez badago, baina igual ez da hain irisgarri edo hain ikusgarri, falta da oraindik lokatz asko ateratzea. Iruditzen zait eman behar zaiola lekua eta amatasun feministei buruz hitz egin, baina aldi berean kontuan eduki behar dugu gizarte edo sistema honetan ama izatean eta, gainera, nire kasuan bezala, harreman hetero baten barruan, egiten duzula nolabait zegokizun hori, eta gizartearen aldetik daukazula begirada konplize pila bat, txaloak, aitortza bat jasotzen duzu, balidatzen du gizarteak zure hautu hori. Lagun bollera batzuek kontatzen dute amatu zirenean sentitu zutela beraien harremana homologatuta zegoela gizartearen begiradatik. Iruditzen zait gatazkatsua dela, aldi berean, “ama” etiketa horrek beste posizio batean kokatzen zaituelako. Bi alde horiek ikusten dizkiot.

“Ama izatean eta, gainera, nire kasuan bezala, harreman hetero baten barruan, egiten duzu nolabait zegokizun hori, eta gizartearen aldetik daukazula begirada konplize pila bat, txaloak, aitortza bat jasotzen duzu, balidatzen du gizarteak zure hautu hori”

Arauari kritika eta taldeetan ditugun dinamikei autokritika egin diezu “Ifrentzua” poeman. Saritzen ditugun eta, ondorioz, zigortzen ditugun bizipenak deskribatu dituzu.

Gauza bat saritzen ari zarenean, bestea zigortzen ari zara. Nire kuttunetakoa da poema hau, lagun min batekin izandako elkarrizketa batetik sortu zelako. Asko hitz egin dut lagun horrekin honi buruz, gure inguruan zorionez ezkontza gutxi izan dira, baina ume dexente eta ikusten nuen oparien gai hori. Esaten nuen: “diru kopuru bat jartzen ari gara ume bat datorrelako eta opari egiteko, baina gure lagun talde berdineko norbait langabezian gelditu da eta ez zaigu burutik pasa diru kopuru hori jartzea”. Pixka bat zalantzan jartzea hori eta buelta ematen saiatzea. Hori oso lotuta dago lehen aipatu dudan horrekin: gizartearen aitortza, txaloak, erabaki hori balidatzea.

Indarkeria gineko-obstetrikoa ere deskribatu duzu liburuan. Gipuzkoako finalean, ganbarako ariketan, Oihana Iguaranek eta zuk gai honi heldu zenioten. Gai horri buruz oholtza gainean kantatzen entzuten nuen lehen aldia izan zen eta, gainera, bi aldiz jarraian. Zelan bizi izan zenuen zuk une hori?

Neretzako oso une berezia izan zen. Erditzeari buruzko poemak, “Niri ere bai”, Nahia Alkortaren aipua du, eta idatzia nuen ordurako. Batzuetan jartzen dizute horrelako gai ireki bat eta pizten zaizu gorpuztean zerbait eta hortara zoaz. Nik oso gaizki pasa nuen kantatu bitartean, baztertu nahi izan nuen, oso sentitua zen gai bat zelako eta ikusten nuen holako putzu handi bat bezala, baina aldi berean ezin izan nion ihes egin eta bete-betean sartu nintzen. Momentuan oso gaizki pasa nuen, ia inoiz ez zait gertatu esertzea eta ez jakitea bigarren eta hirugarren bertsotan zer kantatu nuen ere. A posteriori oso pozik nago hori egin izanaz, uste dut plazara ekarri behar den gai bat dela. Gero, Oihana atera zenean eta beste leku batetik gai berari heldu zionean, sentitu nuen nirea ere balidatzen zuela. Justo ni lehenengoa izan nintzen eta bera azkena, nolabait borobiltzen zuen hori. Jende askoren partetik jaso nuen gai hori lehenengo aldiz entzutearen harridura, gizonen partetik batez ere, existitzen zenik ere ez zekiten mundu zati bat oholtzara eraman izana. Ez dakit noizbait kantatu zaion biolentzia obstetrikoari bertsotan. Potentea izan zen. Indarkeria gineko-obstetrikoa ez da bakarrik erditze gelan pairatzen, ez dugu erditu garen emakumeok soilik jasaten, kontakizun asko daude sortzeko. Baina iruditzen zait jarri genuela gure aletxoa eta behintzat zerbait ekarri zuela.

Gorputza jartzeari buruz hausnartzen duzue Beatriz Egizabalek eta zuk Erradikalak gara (2017) eta Erradikalak ginen (2019) antzezlanen ondoren sortutako liburuan. Aipatzen duzu bertan egin zinela kontziente gorputzak oholtzan duen presentziaz. Zein zentzutan?

Iruditzen zait bertsolaritzan feminismotik hitz egin dugula gorputza jartzeaz eta horrek suposatzen duen guztiaz, baina ia atzo arte bertsolaritzan saiakera zen gorputzik ez balego bezala kantatzea: postura estatiko bat, hankadun mikrofono baten atzean eta nolabait gorputza ez da existitu emakumeok oholtzaratzen garen arte. Erradikalak izan da, 4-5 urte oso intentso, 150 emanalditik gora, oso gorputza jartzea bezala izan zen, alde on, neke eta zera guztiekin. Batetik, esango nuke gorputza eta gorputzarekin batera ahotsa altxatzea, ahotsa hartzea, zentroa hartzea. Bestetik, Bea Egizabalekin batera egin nuen eta niretzako Bea oso gorputza da, gorputzetik egiten du, asko ikasi nuen berarekin eta aldi berean zer pentsatu handia ematen zidan bera ondoan neukanean ere gorputzak nola erantzuten zuen edo nola mugitzen nintzen ni. Aldi berean, bere txikian edo bere xumean uste dut puxkatu nuela bertsolaritzan ezarritan dauden arau batzuekin. Lehenengo emanaldian bai hasiera egiten nuen hankadun mikro batekin baina gero mugitzen nintzen oholtzan zehar, kantatu nuen publikoari bizkarra emanda ariketa konkretu batean, mugitzen, puxkatzen zuen zurruntasun edo estatikotasun horrekin eta uste dut horrek berak ere ekartzen duela gorputzaren kontzientzia.

“Ez dakit noizbait kantatu zaion biolentzia obstetrikoari bertsotan. Potentea izan zen. Indarkeria gineko-obstetrikoa ez da bakarrik erditze gelan pairatzen, ez dugu erditu garen emakumeok soilik jasaten, kontakizun asko daude sortzeko”.

Hainbat emakume sortzailek bizitakoari hitzak jarri dizkiozue NGP (neska gazte promesa) terminoaren bidez. Zer mugitzen dizu gorputzean termino horrek?

Niri zegokidanean ez nintzen iritsi inoiz finalera, oso berandu iritsi nintzen Gipuzkoako finalera, orain begiratzen dut eta esaten dut, zorionez, bitarean beste mila gauza egin ditut horri eskerrak. Kristoren zama sortzen du jendeak espero duen maila hori emateko premia horrek. Orain askatu naiz edo askatu naute, beste adin bat daukadalako, guraso izanda ere ez naiz sartzen kategoria hortan. Bertsotan zentratuta ikusten dut despuntatzen duen bertsolari gazte hori gaur egun ere askotan oraindik mutila izaten dela. Gainera, mutil gazte bat ondo dabilenean sentitzen dut izugarrizko hotsa bezala sortzen dela bere inguruan, denbora guztian aipatzen dela ze ondo dabilen, eta badaudela neska gazte asko ere oso ondo dabiltzanak. Eta badagoela nolabaiteko gogo bat mutil gazte horiekiko, batez ere gizon bertsolari zaharragoen aldetik, beharko balute bezala identifikatu mutil gazte horrekin eta ez dira gai neska gazte batekin identifikatzeko. Eta iruditzen zait neska gazte promesaren hortan beti dela osatugabea den zerbait bezala, demostratu duzu hau, baina inoiz ez da nahikoa, beti behar da gehiago.

Nik batez ere kantatzen dut bertsosaio literarioetan, bertsosaio feministetan, beste zirkuito batean, zorionez zirkuito hori ere existitzen da gaur egun. Baina ez da berdin hartzen, ez naiz hain bertsolaria beste plaza horietan arituko banintz bezala. Egongo balitz bezala bertsolaritza eta gero “gure gauzak”. Eta iruditzen zait, alde batetik, zure burua feminista bezala plazaratzea bertsotan txalotzen dela, nik sentitzen dut ireki dizkidala ate pila bat. Baina, beste aldetik, ate batzuk ixten ditu. Plazara feminista bezala ateratzeak eta gauza batzuk argi esateak koste bat ere badauka.

“Iruditzen zait neska gazte promesaren hortan beti dela osatugabea den zerbait bezala, demostratu duzu hau, baina inoiz ez da nahikoa, beti behar da gehiago”.

Lagunekin edo sarean sortzen ikusi zaitugu sarri: bai Erradikalak lanean bai Txakur Gorria kolektiboan, adibidez. Zer eman dizu modu kolektiboan sortzeak?

Feminismotik gatozenok ulertu dugu gauzak egiteko modua kolektiboa dela eta aldiro bilatzen dugu edo, nik behintzat, oso talderakoa naizela sentitzen dut. Txakur Gorria izan zen apostu kolektiboa sormenetik bizitzen saiatzeko. Esango nuke hori dela klabea, bakarka askotan ezin da eta taldean bai. Lehiakide bezala sentiarazi nahi izan gaituzte, bai bertsotan bai bertsotik kanpo. Horrekin puxkatzeko modu bat eman digu feminismoak. Nik orain hartzen dut Hezur berriak eta badakit hau zenbat emakumek irakurri duten prozesuan zehar, eta lagundu didaten. Hor badago jakintzaren transferentzia bat, elkarri laguntzeko nahia: aurkezpenetan elkar babestea, elkarren zirriborroak irakurtzea, elkarren blokeo uneetan elkarrekin egotea… Sareak puxkatzen du bakarrik idazten duen gizon genioaren iruditeriarekin. Nik sorkuntza taldean ulertzen dut, niretzako horrek dauka balioa eta nire liburuak ez lirateke existituko sare hori izan ez banu.

“Lehiakide bezala sentiarazi nahi izan gaituzte, bai bertsotan bai bertsotik kanpo. Horrekin puxkatzeko modu bat eman digu feminismoak”.

Murmur (Erein, 2024) lana argitaratu zenuen iaz, Itzoizko urtegiko uraren azpiko isiltasun eta xuxurlak jasotzeko ariketa. Zer bilatu zenuen lan horretan?

Itoitzen urperatuta geratu ziren herri horien gaia aspalditik neukan buruan. Kontatzen da ama-alaba batzuen arteko harreman, inkomunikazio, esan ezin, isiltasun momentu bat. Ama izan zen Itoitzen urtegia egitearen aurka borrokatu zuenetako bat eta hori ere bazen asmoa, geratu zedila herri honen historiaren zatitxo txiki bat Itoitzen ingurukoa, baina saiatzea beste buelta bat ematen borrokaren iruditeria horri. Protagonistak esaten du une batean gizonezkoak datozkiola burura herri honen borrokak bisualizatzean edo gogoratzean. Eta urarena banekien bai ala bai oso presente egon behar zuela eta saiatu nintzen ura izan zedila nolabait kontakizun guztia blaitzen zuen zerbait. Uste dut badela urezko memoria ariketa bat.

Izenburuan ere badago presente ura: mURmUR. Ederrak dira egiten dituzun jolas horiek eta asmatzen dituzun hitzak: adibidez, Barraskiloek baino bat gehiago (2023) liburuan “barraskilotu” eta “herensugetu”.

Hitzek marabillatu egiten naute, oso gaztetatik. Asko gustatzen zait hitzak materia diren unetik, tolestea, bihurritzea, beste forma bat ematea, berriak asmatzea, ezagutzea hizkuntzaren tripak edo baliabideak eta hortik hitz berriak sortze hori. Idaztean, alde batetik, gozamena bilatzen dut, hizkuntzarekiko lilura horrekin edo hizkuntzarekin jolasten. Eta bestetik, bai esango nuke saiatzen naizela begirada politiko feminista batetik egiten hori, saiatzen naiz abiapuntua edo begirada beti izan dadila hori. Bi horiek identifikatzen ditut nire sorkuntzan, bai bertsotan bai idaztean. Hitzen magia edo jolas hori eta begirada hori, eta begirada hortatik lortzen badut hartzailearengan zerbait sortzea: zirraratik hasi eta galdera bat edo zalantza bat, zerbait sortu badezaket, zoragarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amatasuna
Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


Erloju adimendunak, gurasoen kontrol gosea asetzeko

Udako oporrak gainean, non dagoen uneoro jakiteko erloju adimenduna erosi diozu seme-alabari? Ez duzu bakarrik uzten, arduraz jokatuko ez duen beldurrez? Egungo belaunaldi gaztea inoizko kontrolatuena dela diote The Guardianen, eta dagoeneko adinez nagusi diren heldu... [+]


“Ez ezazu indarkeria obstetrikoa salatu, ez baduzu argi galduko duzula: denbora, dirua eta osasun mentala”

Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatua zigortu du Nahia Alkortak bere lehen erditzean jaso zuen biolentziagatik, baina gobernuek ez dute ebazpena onartu. 'Mi parto robado' liburua idatzi du bizitakoa gizarteratzeko, eta arazo sistemikoa dela azaltzeko.


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Eskolako guraso elkarteetan gizonezkoak hamarretik bi baino ez direla utzi dute agerian Katalunian

Gurean ere agerikoa den errealitatea islatzen dute Kataluniako datuek: guraso elkarteetan, eskolako bilera eta zereginetan, gurasoei zuzendutako tailerretan… emakumeak dira gehiengoa. “Haurrak heztearen funtzioa amek hartzen dute eta sentsazioa dute gainezka... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


2023-11-29 | Saioa Baleztena
Alaine Agirre. Isildutakoa aldarri
“Eraldatu egin naiz amatasuna bilatu eta ezin aurkitzearen prozesuan”

Bertzeen artean, Odol mamituak, X hil da , Bi aldiz erditu zinen nitaz ama, eta Kamisoi zuri zetazkoa eleberrien eta Txoriak etortzen ez diren lekua poema liburuaren idazlea da Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Isildutakoak ekartzen ditu paperera. 2021eko irailean argitaratu zuen... [+]


Gurasotasun baimena hemezortzi astera luzatuko da sektore pribatuan ere, EAEn

Gizarte Segurantzak baimendutako hamasei asteen laguntza osagarri gisa planteatu du Eusko Jaurlaritzak bi asteko luzapena. 2019tik sektore publikoko langileek baimena eskuratzeko aukera dute.


Garazi Abrisketa
“Gure alaba hilik jaio zen, baina familiaren aitortza jaso zuen eta hori garrantzitsua izan da zauriak sendatzeko”

Garazi Abrisketa (Arrankudiaga-Zollo, 1988) ama izan zen maiatzean, baina bere alaba hilik jaio zen. Esperientzia horrek amatasunari, heriotzari eta tabuari buruz luze eta sakon hausnartzera eraman du. Aiaraldea Hemen aldizkarian elkarrizketaren zati bat argitaratu ondoren,... [+]


Hamar neurri proposatu dituzte, amek akademia uztea saihesteko

Ama izan ondoren emakume askok akademia uzten dutela eta, amaz osatutako ikertzaile-talde batek hori ez gertatzeko hamar neurri proposatu ditu, eta PLOS Computational Biology aldizkarian argitaratu ditu.


Nahia Alkorta Elezgarai. Sabeletik mundura
“Indarkeria obstetrikoa aitortu zaigun lehen emakumeak gara munduan”

“Oinarrizko eskubideak aitortzeko egiten dut. Niri ez dit inork nire erditzea itzuliko, ezta bizitutako trauma hori sendatuko ere. Beraz, ondorengoei halakorik ez gertatzeko ari naiz lanean”. Hitz gordinak dira, minetik eginak, eta min horretatik abiaturik,... [+]


Eguneraketa berriak daude