Gazteak zigortzeko froga nahikorik ez dagoela eta prozedura irregulartasunez josia dagoela salatu dute defentsek. Fiskaltzak zigorrak defendatu ditu Guardia Zibilari gorazarre eginez. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, epaia irmoa izango da.
Auzitegi Nazionalak bi eta hamairu urte arteko espetxe zigorretara kondenatu zituen Altsasuko gazteak, eta haien abokatuek helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Asteazkenean aztertu du Gorenak helegitea, jatorrizko sententziatik hiru urtera.
Gazteen abokatuek epaiketa eta sententzia ez direla justuak izan salatu dute oro har, hainbat zergati argudiatuz. Zigortzeko froga nahikorik ez dagoela esan dute, eta akusatuen errugabetasun presuntzioa ez dela errespetatu. Gazteen identifikazioak bermerik gabeak izan dira defentsen ustez, eta Guardia Zibilaren ikerketa partziala. Auzitegi Nazionalak astungarri bezala onartu zuen Guardia Zibilaren aurkako “diskriminazio ideologikoa” baztertzea ere eskatu dute defentsek. Astungarri horrek urteetan luzatu ditu gazteen aurkako espetxe zigorrak.
Espainia, Erregea, Konstituzioa
Gorenaren fiskal Alvaro Redondok sutsu defendatu du Auzitegi Nazionalaren epaia bere horretan mantentzea. Defentsaren argudio guztien aurka egin du. Astungarri ideologikoa justifikatuz, esan du Guardia Zibilak “Espainia, Erregea eta Konstituzioa” defendatzen dituela eta horregatik egin zietela eraso. Frogei eta identifikazioei dagokienez, defendatu du epaimahaiak lekuko batzuei beste batzuei baino balio handiagoa ematea.
Epaia
Gorenak ez du epaia emateko epe jakinik. Zenbait hedabidek hogei egun inguru barru jakinaraziko duela adierazi dute, iturri juridikoak aipatuta. Gazteak errugabetzea, zigorrak murriztea edo horiek mantentzea erabaki dezake Gorenak.
Gorenaren erabakiarekin epaia irmoa izango da. Praktikan, gazteen zigorrak murrizteko azken aukera da Gorenaren sententzia. Horri helegitea aurkeztu nahi izanez gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionala litzateke hurrengo urratsa. Baina auzitegi horrek auzipetuen eskubide konstituzionalak urratu diren edo ez aztertuko luke, ez egitateak. Ondoren, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegia litzateke azken aukera, baina bere ebazpen bat heltzerako gazteek zigorra beteta lukete.
Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.
Estrasburgoko Auzitegiak onartu egin ditu Altsasuko kasuan kondenatu zituzten zortzi gazteetatik biren defentsek aurkeztu zituzten errekurtsoetako batzuk eta aztertuko du ea epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaien.
Asteartean onartu diete hirugarren gradua Altsasu auzian auziperatutako Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari.
Duela lau urte “batzuek” erabaki zuten lehen lerro politiko eta mediatikora eramatea, azken hamarkadetan Euskal Herriko leku ugaritan gertatu izan diren liskar horietako bat. Zazpi gazte eta herri oso bat deabru bilakatuta. Zurrunbiloaren erdian harrapatu zuen... [+]
Duela lau urte “batzuek” erabaki zuten lehen lerro politiko eta mediatikora eramatea Altsasu, azken hamarkadetan Euskal Herriko leku ugaritan gertatu izan diren liskar horietako bat. Zazpi gazte eta herri oso bat deabru bilakatuta. Zurrunbiloaren erdian harrapatu... [+]
2019ko urriaren 17an, Ertzaintzak 21 gazte atxilotu zituen Altsasuko gazteen eta Kataluniako independentziaren aurkako sententziak salatzeko Ernaik deitutako mobilizazioetan. Atxilotuetako hamabost deklaratzera deitu dituzte orain.
Altsasuko gazteak, haien gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak hedabideen aurrean agertu dira lau urteko ibilbidean gazteen auzian elkartasuna azaldu duten guztiei eskerrak emateko. Etapa bat ixteko garaia dela adierazi dute.
Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegiteak aurkeztu dituzte auzipetuen abokatuek. Tramiterako onartzeko zain daude.
Auzipetuen egoera nabarmen aldatu delako, Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak ostiralero elkarretaratzeak egiteari utziko diote. Kontzentrazioei amaiera emateko ekitaldi berezia antolatu dute ostiralean.
Irteerak egiteko baimenik ez zuten Altsasu auziko bi gazte bakarrak ziren. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintza Epaitegiak hirugarren gradua ukatu die, baina 100.2 artikulua onartu.